Alekseiev, Mikhail

Errusiar militar kontrairaultzailea, Errusiako Armadaren armadaburua de facto izan zen, eta geroago Armada Zuriaren buruetako bat ere bai. Tradizio militarreko familia batean jaioa izanik, gaztetan karrera militarra hasi zuen, Moskuko Eskola Militarrean.

1877.ean, hogei urterekin Turkiaren kontrako gudan parte hartu zuen eta zauritua izan zen. Gudaren ostean, 1881ean lotinant kargua lortu zuen, 1883an kapitain kargua eta geroago Estatu Nagusiko Nikolaiev Eskolan sartu zen, eta XIX eta XX mendeen artean, San Petersburgon Eskola Militarretan irakasle izan zen. Errusiar-Japoniar Gudan jeneral izendatu zuten eta Hirugarren Armadaren Estatu Nagusiko komandantea izan zen, eta han bere lehen domina militarrak irabazi zituen. Guda bukatuta, Estatu Nagusiko direktoriaren zuzendari izan zen, 1908.ean Kieveko indarren komandante izendatu zuten eta 1912.ean 13. armadako buru izendatu zuten baita.

Monarkiaren, eta are gehiago, tsarraren oso zalea zen. Orlando Figesen arabera, leialtasun horri zor zion bere karrera militarrean gora egitea, Parisen Aleksei Duke Handia egoera oso lotsagarri batetatik ateratzeari hain zuzen. Januxkevitx jeneralak Barne Ministro izan zen Sukhomlinovi idatzi zion gutun baten arabera, Alekseiev Lehen Mundu Gudan igo zuten “errusiar abizeneko jeneral bat bilatzen genuelako, alemaniarrak (etnikoki alemaniarrak, esan nahi du) traidoreak izan baitaitezke. Horietan Alekseiev dugu onena”. Bateagatik edo bestagatik, egia da tsarraren estimu handia zuela Alekseievek (eta funtzionarioekiko estimua ez zen tsarraren bertute bat), adibidez 1915-16 artean, tsarraren hurbilekoen pertsona izan zen, eta oso harreman estua izan zen bien artean, profesionaltasunaz haratago.

I Mundu Gudaren hasieran Hego-mendebaldeko fronteko komandante izan zen (Hirugarren, Laugarren, Bosgarren eta Zortzigarren armadak batuz). Postu horretan, Galitziako kanpaina burutu zuen, Lviv hartuz. Richard Pipesen arabera, “Alekseievek uste zuen austrohungariarrak ahulagoak zirela, eta hauek garaitu ostean, Alemaniak bakea sinatu beharko zuela”. 1915ko martxoan, Ipar-Mendebaldeko frontearen desastrea konpontzeko fronte desakreditatu horren postura aldatu zuten, baina gutxi iraun zuen postu horretan, berriz igo baitzuten: abuztuan tsarrak Armadaren burutza hartu zuenean (bere osaba Nikolai Duke Handia kargutik kenduz), Alekseiev Estatu Nagusiko buru izendatu zuen. 1915.eko udazkenean Erretiratze Handia, desastre bat izan zena zuzendu behar izan zuen. De facto armadaburu izan zen, tsarrak ezer gutxi baitzekien kargu horretan egoteko, eta Alekseieven esku uzten zituen erabakiak (Figesen arabera, tsarraren erabakia sinbolikoa izan zen, soldaduen morala igotzeko). Urte hartan, Alekseievek txosten bat idatzi zuen armadaren egoera txarraren inguruan. Alekseieven gaitasunaren gaineko buruzko iritziak ez datoz bat. Figesen arabera, Alekseiev Estatu Nagusira heldu zenean “oraindik gudaren artean erabat ezjakina zen”, baina geroago “estratega gaitsua” bezala definitzen du. Boris Gerua militarraren arabera “Alekseiev oso estratega ona zen, eta gudan hori frogatu zuen”. Nelipovitx historiagilearen arabera “Alekseievek trebetasun handia zuen bai operazio taktikoetan, zein estrategikoetan”. Richard Pipesen arabera, “Errusiako estrategarik hoberentzat hartua zen”.

Hala ere, ematen duenez, adostasun bat badago Alekseiev estratega militar bezala kontserbakor eta tradizionalista (hau da, aldaketa modernizatzaileekiko mesfidati) bezala definitzean. Orlando Figesen arabera, 1916.ean Brusilovek Hegoaldean austrohungariarren kontra erasoaldi arrakastatsua egin zuenean , “erasoaldiak ez zuen jarraipenik izan, iparraldeko fronteek jarraipenik eman ez ziotelako. Izan ere Alekseievek fronte horietako Evert eta Kuropatkin ez zituen erasotzera behartu nahi, iraganean euren menpeko bezala borrokatu zuelako”.

1916 urtea bukatzerakoan, Alekseiev jada “kolpe bigunaren” planetan sartua zegoen, sistema salbatzeko Gobernua aldatzeko plan horietan hain zuzen, Figes, Pipes eta Khrustalev historiagileen arabera, Lvov liberalarekin batu zen: tsarina atxilotu eta tsarra Konstituzio bat sinatzera eta Lvov lehen ministro izendatzera behartu nahi zuten, azken momentuan atzera egin zutelarik. Historiagile ezberdinen artean ez dago adostasunik halako planetan Alekseievek zuen inplikazio mailaren inguruan (Tsvetkov, Aleksandrov eta Krutxinin historiagileek diote ez dagoela haren frogarik), baina ziurra da zeozer entzun zuela, Katkov historiagileak esan zuen moduan “azkenean militarrek erakunde publikoetako eta armada laguntzeko erakundeetako buruekin, gehienak Gobernuarekiko kritikoak zirenak, sarritan egiten zuten hitz, eta hauen kritika-inertziara ohituak izaten ziren”. Aleksandr Gutxkov, “Kolpe bigunaren” aldekoetako batek esan zuen Alekseievi bidalitako gutunetan atzegoardiaren egoera kaxkarraz kexatzen zitzaiola, aldaketa bat zeharka iradokiz, baina antza Alekseievek ez entzunarena egin zuen (tsarrari ere ez zion ezer ere komunikatu). Egia da geroago liberal batzuekin elkartu zela, Rodziankorekin adibidez tsarra erreformak egiteko konbentzitzeko asmoz, baina orduan bere usteak tsarrari komunikatu zizkion (entzuna izan gabe). Aleksandrov eta Tsvetkov historiagileen arabera, Alekseievek tsarrari iraultza bat ekiditeko neurri batzuk proposatu zizkion, tsarrak uko egin bazuen ere (hala ere, horrek ez du frogatzen baina ezta ere gezurtatzen “kolpe bigunerako” planetan ari zenik, Alekseievek proposatutako neurri hauek kaleko iraultza baten aurkakoak baitziren).

1917ko Otsaileko Iraultzaren egunetan, Alekseieven papera, bere gogoen kontra, erabakigarria izan zen. Mikhail Alekseiev Nikolai IIak Gobernu konstituzional bat onar zezan saiatu zen, hori eskatu zion otsailaren 27an. Zenbaiten arabera, otsailaren 28an, trenbideek funtzionamendua errazteko (bere arabera “armadaren kalterik txikiena egiteko”) Aleksandr Bublikov, iraultzaren aldekoa jarri zuen. Zenbait historiagileen arabera, halako ekintzek eta ordenak hartzeko presa txikiak, iraultza lagundu edo behintzat iraultzari bidea egin ziola zuela frogatzen dute. Martxoaren 1ean, jada Behin-behineko Gobernua osatuta zegoela eta hau Dumako liberalek eta ez Sobieteko sozialistek osatzen zutela jakin zuenean, tsarrak Petrogradera Nikolai Ivanov jenerala buru bidalitako espedizio militarra kantzelatzeko agindua eman zuen, tsarrak Gobernu hura onar zezan. Martxoaren 2aren goizean, jada abdikazioaren alde egin zuen. Historiagile batzuen arabera, militarrek eta batez ere Alekseievek (pertsonalki tsarrarekin lotura eta leialtasun handia zuenak) tsarrari dimisioa eskatzea erabakigarria izan zen honek erabaki hau har zezan, tsarrak Dumaren aurrean sekula ezin zezakeelako dimititu, baina bai militarren aurrean. Hala ere, interpretazio zehatzagoen arabera, Alekseieven ekintzak ez ziren tsarraren abdikazioa behartzeko asmoak gidatutakoak, eta ezta ere konstituzionalismoarekiko atxikimendu ideologikoak bultzatutakoak. Alekseievek ez zuen tsarrak dimititzerik nahi, hauxe “bere gogoz kontra salbatzea baizik”: Mikhail Alekseievek bazekien otsaileko egunetan monarkiak liberalismoa eta konstituzioa onartzea beste biderik ez zuela iraun egin nahi bazuen, eta tsarrari hori erakusten saiatu zen lehenengo, eta gero (martxoaren 1ean) tsarra egoera behartzen saiatu zen. Alferrikakoa zela konturatu zenean, martxoaren 2an, tsarraren abdikazioa eskatzera asa zen, beste tsar batekin monarkia salbatzeko esperantza zuelakoan. Katkoven arabera, “otsailaren 28an, Alekseiev jada ez zen tsarraren zerbitzari leial bat, bi alderen arteko bitartekaria baino”, hala ere Georgi Katkovek esaten duen moduan “sekula ez zuen monarkia uzkailtzerik nahi izan”. Aleksandrov eta Katkov bezalako historiagileen eta Lukomski jenerala bezalako lekukoen arabera, Alekseiev gero martxoaren 2an tsarraren abdikazioa eskatzeaz damutu zen, “informazio okerra” zuela eta “norbaitek manipulatu zuela” eta (Sobietak Alekseievek uste zuena baino indar gehiago ahrtu zuelako). Tsarraren dimisioa efektiboa egin zenaren. Alekseievek bere anaia Mikhail Romanovek kargua har zezanaren alde egin zuen, alferrik.

Otsaileko Iraultzaren ostean, armadaburu de iure izan zen (baieztapen ofiziala apirilaren 2an iritsi zen). Paper “apolitiko” bat izaten saiatu zen, Alekseievek bazekien kolpe kontrairaultzaile bat kaltegarria eta ezinezkoa izango zatekeela, eta iraultza liberalak Errusian kontsentsu handia zuela; hala ere, Sobieten paper geroz eta handiagoa, eta hauek inposatutako Armadaren demokratiazioa (Lehen Ordena, petrogradeko tropak Sobietaren agindupean jartzen zituena, komisarioak eta ordezkariak aukeratzeko eskubidea eta abar) desatseginez ikusten zituen. Martxoan, bere izaera kontserbakorrari jarraiki erasoaldi berri bat hasteko frantziarren eskaera ukatu egin zuen. Hala ere, apirileko krisiaren ostena Aleksandr Gutxkov Gudako ministroak dimititu ostean, eta kargu horretan Aleksandr Kerenskik ordezterakoan, honek Aleksei Brusilov jeneralaz ordeztu zuen, hauxe antzinako armada-tradizioez urruntzen zen eta “izpiritu demokratikoaz” Alekseiev baino gehiago zipriztindutako gizon bat zen. Hala ere, Brusilov izendatu zutenean, Alekseievek honen erasoaldi berri bat hasteko ideiak babestu zituen, baldin eta erasoaldia hegoaldeko frontetik hasten bazuten.

1917ko abuztuan, Korniloven kolpea  gertatzen zen artean, Aleksandr Kerenskik armadaburu izatea proposatu zion, baina Alekseievek ezetz esan zuen, izan ere, Estatu-kolpe hartan Alekseieven armalagun  asko atxilotuak izan baitziren, eta gainera Alekseievek Kerenskik militarrak manipulatu eta tronpatu zituela uste zuen, Armada desantolatuz (“Kerenski pailazo ezdeus hitzontzi bat da” esan omen zuen). Halere, abuztuaren 29an, Armadaren Estatu Nagusiko buru izatea onartu zuen, “guda zibila ekiditeko”. Irailaren 1ean Estatu Nagusiaren kontrol fisikoa bereganatu zuen, Kornilov atxilotuz eta (auto)kolpeari amaiera emanez. Korniloven Estatu-kolpe saiakera itzalita, bere postutik dimititu egin zuen.

Armada Zuriaren nukleoaren fundatzaileetako bat izan zen. Berak fundatutako “Alekseiev Antolakundeak” Urriko Iraultzaren kontrako ofizialak bildu nahi zituen, iraultza hedatu gabeko lur bat base gisa bezala hartuz armada berri bat osatzeko (egia esan, Alekseiev Antolakundea Urriko iraultza baino lehenago sortu zuen Alekseievek, “Errusiar Armadaren desegitearen aurrean, ofizial patriotikoak biltzeko asmoz”). Don Eskualdean lortu zuen base, hara joan zen Alekseiev bere jarraitzaileekin (urriaren 30ean iritsi zen), han, gerturatutako beste ofizial eta soldaduekin “Boluntarioen Armada” osatuz; izan ere Don Eskualdean Kaledin atamanaren Gobernua zegoen, Iraultzaren kontroletik kanpo (egia esan, Iraultzaren aurretik ere, Behin-behineko Gobernuaren kontroletik kanpo zegoen). Kaledinek hasieran ez zuen oso begi onez ikusi Alekseieven eta bere antolakundearen presentzia; kontrairaultzailea bazen ere, mesfidati zen Armada ofizialeko militarrek kosakoen gain agintzearekiko eta “Errusia Osoko” guda zibil batean borrokatzearekiko. Hala ere, laster zurien zentru bilakatu zen Don: Eskualdeko Novotxerkassk hiritik Alekseievek Armadaren Estatu Nagusiarekin kontaktatu zuen, handik militar “leialak” bidal ziezazkioten. Azaro-abendurako jada milaka soldadu zuri zeuden Don Eskualdean, Boluntarioen Armada osatzeko prest (Alekseievek politikari eta enpresari antiiraultzaileen babesa eta finantzaketa ere lortu zuen). Kaledinek ere, Dongo Armada Kosakoaren eta Eskualdearen diruaren %25 Alekseievi ematea adostu zuen abenduan.

Hala ere, oso harreman txarrak zituen beste buruarekin, Lavr Kornilovekin (Kornilov abenduaren 6an iritsi zen), gogoan izan behar dugu 1917ko abuztu-irailean Alekseievek Kornilov atxilotu zuela. Jarraitu beharreko taktika militarraren inguruko ezberdintasunak ere baziren: Alekseiev, noski, Kornilov baino zuhurragoa eta kontserbakorragoa zen. Politikoki ere, nahiz eta biek Asanblada Konstituziogilearen alde egin, Alekseiev aurreko Gobernuko politikariekin ondo eramatearen aldekoa zen, Kornilov ordea militarista gogorragoa zen (eta bi munduren arteko lehia ere bazen, Alekseiev ofizial zaharren mundutik zetorren, Kornilovek ordea, antzinako erregimenean igotzea zail izango zuten, eta otsaileko iraultzak nabarmendutako ofizial populista gazteen belaunaldia ordezkatzen zuen).

Alekseievek eta Kornilovek zuzentzen zuten Boluntarioen Armadak 1917-18ko neguan Donen borrokatu zuen gorrien aurka, baina 1918ko otsailean, garaiturik, Kubanerantz erretiratu behar izan ziren “Izotzaren martxa” edo “Kubango Lehen Kanpaina” zelakoan, Bai Kornilov borrokan, zein Kaledin bere buruaz beste eginda hil zirenean, Alekseiev geratu zen Armada Zuriko buru bakar gisa (Hegoaldean, 1918.eko maiatzean Siberian beste fronte zuri bat ireki baitzen). Udaberrian Armada Zuria eta Alekseiev Kubandik Don Eskualdera itzuli ziren, bai kosakoen matxinada antisobietar baten laguntzaz, eta baita alemaniarren laguntzaz, zeinek Rostov hirira iritsi ziren, hura Dongo kosakoen Krasnov atamanaren esku utziz. Alekseiev armadaburua bazen ere, bere adina eta gaixotasunak zirela eta, Anton Denikin jeneralarekin, azken honek ardura militarra hartzea eta Alekseiev “Kontseilu Bereziaren” (zurien para-Gobernuaren) buru politiko agertzea akordatu zuen. Biek, Hegoalderanzko (Kuban, Terek eta Ipar Kaukaso) erasoa burutu zuten, Anton Denikinen laguntzaz. Alekseievek eta Denikinek atzegoardia hori ziurtatu nahi zuten, Piotr Krasnov buru kosakoak Ipar-ekialdera, Volgara, ekialdeko Armada Zuria zegoen tokira bideratu nahi zuelarik. Denikin eta Alekseieven taktika kontserbakorra erabaki zuten zuriek, udan, “Kubango Bigarren Kanpaina” zeritzonean Errusiako Hegoaldea konkistatuz (baina beste armada zuriekin bat egiteko aukerari, egongo balitz, muzin eginez). Ofentsiba horren ostean, Alekseiev Armada Zuriko buru politiko bezala kontsolidatu zen, hala ere, jada oso gaixo zegoen, eta bere ardurak gero eta gehiago Anton Denikinen eskuetan uzten hasi zen. 1918ko irailean hil zen Jekaterinodar hirian (Kuban eskualdeko hiriburuan), bihotzekoak jota.