Struve, Piotr

Errusiar filosofo, ekonomialari eta idazlea, bere karrera Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren (marxista) sortzaileen taldean hasi bazuen ere, liberal bezala egin zen ezagun, eta bukaeran, Armada Zuriaren buru politikoen artean bukatu zuen.

Etnikoki alemaniarra zen familia batean jaio zen, goi-mailako politikari baten semea (Struveren aita gobernadorea zen). Gaztetan mugimendu iraultzailearekin bat egini zuen, lehenbizi populistekin, eta gerora marxistekin. 1890an zirkulu marxista bat fundatu zuen, han Mikhail Tugan-Baranovski ekonomialari famatua izango zenarekin bat egin zuen. Robert Serviceren arabera, 1894an bertan Vladimir Ulianov, geroago Lenin izan zena ezagutu zuen, eta hor jada bien arteko ezberdintasunak ikusi ziren: Struveren arabera, Ulianovek Errusiaren garapen-maila kapitalista handizkatzen zuen “atzerrian egon ez zelako”, eta bestetik Marxekiko leialtasun “erlijiosoa” erakusten zuen. Struverentzat, marxismoa, gida politikoa baino, “joerak azaltzeko modu bat” zen. Ulianoven arabera, Struvek klase-borroka gutxiesten zuen. Mamiari jarraki, Ulianoventzat, Errusian kapitalismoa funtsean ezarrria zen, beraz klase borroka egin beharra zegoen burgesiaren aurka; Struverentzat oraindik ez (Europako “garapen-maila altuarekin” ezberdintasunak zeuden), beraz burgesiari lan horretan lagundu egin behar zitzaion.

1895an Zuzenbide karrera bukatu zuen. Struve jada, marxisten artean, bide legalak erabiltzearen aldekoa zen, beraz laster “marxismo legal deitu zitzaion bere ildoari”. Berak azaltzen zuen moduan “Liberala konbentzimenduz eta pasioz egin nintzen, sozialista soilik konbentzimenduz. Ez nuen sozialismoarekiko pasiorik. Sozialista egin nintzen soilik uste nuelako aurrerapen historikoaren ondorio saihestezina zela. Honela usteari utzi nionean, sozialista izateari utzi nion (…) Sozialismoa soilik askatasun politikoak lortzeko tresna moduan interesatzen zitzaidan”. 1894an lehen liburua atera zuen Errusiar garapen kapitalistaren inguruko ohar kritikoak, modu legalean ateratakoa, gainera (honek geroago Struveren inguruko korrontea zein ezaugarriren oinarrian gorpuztu zen erakusten dugu: legalitatea onartzearen inguruan). Marxisten artean izen bat egin zuen eta alemaniar sozialisten prentsan populisten kontrako artikuluak ateratzen hasi zen, bere ekonomiako lehen lanean (1895) Errusian kapitalismoa ezarri egingo zen, eta ez zuen zentzurik prozesu hau oztopatzen saiatzeak. 1896an II Internazionalaren Biltzar Nagusian ordezkari izan zen.

1898an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu zuen taldean egon zen, eta are alderdi berriaren manifestua idatzi zuen. Aldi batean, 1900 aldera, Iskra aldizkarian ere kolaboratu zuen. Mende aldaketa artean, bere iritziak alde batera, mugimendu marxistaren diziplina barruan egon zen, erbesteko eta Errusia barneko marxisten artean lotura lana eginez. Baina laster alderdi horren gutxiengoaren ildoan izan zen, “marxista legalen” ildoan (Natxalo (“Kanpaia”) egunkaria ateratzeari ekin zion), eta alderditik kanpo geratu zen. “Marxista legalen” arabera, langileek ez zuten botere politikogatik borrokatu behar, baizik eta hobekuntza ekonomikoengatik; politika arloan, absolutismoa uzkailtzeko programa minimoa eta “askatasun politikoak” ardatz, beste indar “demokratikoekin” bat egin behar omen zutelarik. Izan ere, Struveren arabera, marxismoa, langileak boterera eramateko tresna baino, “kapitalismoarentzako justifikazio” teoriko bat izanen zen, Errusia “Mendebaldartzeko” justifikazio bat. Struverentzat kapitalismoaren hedapena ongarria zen, baina garai horretan uste zuenaren arabera, “burgesia koldarregia da Errusian liberalismoaren alde egiteko”, beraz beste indar batzuen laguntza behar zuen aurrerapen historiko-ekonomiko liberalak. Struveren eragina argi ikusi zen berak idatzi zuen Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren manifestuan, lehen parrafoan “burgesiak askatasunaren kausari traizio egitea” aipatzen baitzen, eta proletalgoaren lehen eginkizun bezala “askatasun politikoa” lortzea (samuel Baronen arabera, Plekhanovek lehenago adierazi zuen ikuspuntu hori, hala ere, hasiera honetan behintzat, Plekhanov ez zihoan Struve bezain urruti). Struveren arabera, marxismoaren funtsa kosmobisio neokantiarraren bidez ulertzen zuen, aurrerapen linealaren bidez, eta Struvek ulertzen zuen moduan, Errusian kapitalistak eta langileak aliatu izan behar ziren. Noski, ikuspen horrek klase borroka eta hau sostengatzen zuten teoriak gutxiestea edo erlatibizatzea zekarren (Struvek dialektikaren kontzeptua ikatzen zuen). Struveren teoria politikoak eta Marxen teoria ekonomikoari egin zizkion errebisioak (adibidez, balioaren teoriaren zientziazko izaera ukatzen zuen, eta metafisikotzat jotzen zuen) marxistek oso kritikatuak izan ziren: Rosa Luxemburgek adibidez polemika handia izan zuen Struverekin (Kapitalismoaren, modernizazioaren eta indar produktiboen garapenaren arteko lotura Struverengan hain indartsua zen, ezen itzal handia utzi zuen. 20. hamarkadan, Sobietar Batasunean eman ziren eztabaida ekonomikoetan, NEP garatzearen aldekoei “struvista” deitzen zieten arerioek; merkatuak indar produktiboak garatzeko moduko tresna ideologiaren gainetik ezartzen zutelako).

1901an atxilotua izan zen, eta barne-deportazioko zigorra ezarri zioten, baina abenduan erbestera joateko baimena lortu zuen. 1902an jada, liberalismo hutserako biratzea hasi zuen. 1903an Askapenaren Batasuna taldea sortu zuen, marxismoaren eta liberalismoaren arteko zubi-lana egin nahi zuen talde bat. Talde horretan, bere antzeko joerak zituen Nikolai Berdiaiev filosofoarekin bat egin zuen, biak lagun handiak izan ziren aurrerantzean. Liberalismoranzko trantsizioa 1905ean bukatu zuen, bera (eta Askapenaren Batasuneko kide ia denak) Alderdi Demokrata Konstituzionalistako kide egin zirenean (Struve alderdi horretako zuzendaritzaren aprte izan zen 1905etik 1915ra). Urte horretako urriko amnistiaren ostean Errusiara itzuli zen. 1906an sortu zen  kadeteen Russkaia Misl (“Errusiar Pentsamoldea”) aldizkariaren editore izan zen. 1906an Dumako diputatu aukeratu zuten, eta urte horretan bertan San Petersburgeko Unibertsitatean hasi zen irakasle bezala lan egiten, 1917 arte Ekonomia Departamenduko buru izan zelarik.

Guda inperialista hasi zenean, Piotr Struve honen alde kokatu zen, eta Armada eta Estatua laguntzeko hainbat komite “profesionaletan” parte-hartu zuen, beste liberal batzuekin batera. Hainbestekoa izan zen Struveren gerrazaletasuna, ezen 1916an Alderdi Kadetea utzi egin zuen, “guda-politiken aurkakoegia” zelakoan. Otsaileko Iraultzaren ondoren, Struve Ekonomia ministerioaren goi-mailako aholkularia izan zen. 1917an bertan Errusiako Zientzia Akademiako kide aukeratu zuten.

Urriko iraultzaren oso haurka agertu zen Struve. 1917ko azken hilabeteetan, Petrograden “Eskuineko Zentrua” deitutako erakunde klandestino baten aritu zen, kolpe kontrairaultzaile bat ematea helburu zuelarik. 1917ko abenduaren 26an Don Eskualdera egin zuen kadeteen buru Pavel Miliukovekin batera, han Armada Zuriaren nukleo bat osatzen ari zelarik. Struvek Kornilov eta Alekseiev jeneralen arteko bitartekaritza lana egin zuen Armada Zuriaren batasuna mantentzeko, lan honek zurien artean, ordezkari politiko baliotsu bezala har zezaten eraman zuen. 1918an Moskura itzuli zen ilegalki, han beste zentro klandestino antikomunista bat eratuz. Zentro horrek Nikolai Judenitx jeneralarekin kontaktua egin zuen, honek Finlandiatik eta Baltikoktik Petrograd erasotzeko beste fronte bat zabal zezan. 1919an Londresera joan zen, han zurien aldeko propaganda egitera, eta alaituak Errusian gorien kontra interbenitu zezaten bultzatzen saiatzera. Bere ekintzek 1919an Errusiako Errepublika Sobietarrak in absentia epaitzera heriotza-zigorra jartzea ekarri zuen. 1919an Errusiara, zuriek kontrolatutako hegoaldera itzuli zen. Armada Zuriaren buru politikoetako bat zelarik; bai Anton Denikinen zein Piotr Wrangelen Gobernuetako kide izan zen; azken honekin Kanpo Ministro izan zen (Frantziak soilik aintzatetsi zuen Struve).

Zuriak garaituak izan ostean erbestera egin zuen ihes, lehenbizi Bulgariara eta gerora Txekoslovakiara, Alemaniara, Frantziara eta azkenik Jugoslaviara. Erbestean politikoki aktibo izaten jarraitu zuen, erbesteko talde zurietan, “Errusiar Komite Nazionala” ere eratu zuen. Erbestean eskuinera are gehiago egin zuen, adibidez Nikolai II “iraultzaileekin bigunegia” izatearren kritikatu zuen, bere ustez “iraultzaileak suntsitu” egin behar izan zituen. Gerora berriz Frantziara itzuli zen. 1941an naziek Paris okupatzerakoan atxilotu egin zuten, baina hiri hilabetetara askatu egin zuten. 1944an Frantzian hil zen.

(Anekdota: Cambridgeko Unibertsitateak Ekonomian ohorezko doktoretza eman zion)