Manifestua

K17 KOMISIOAREN MANIFESTUA

Osasuna Burkideak!

Aurten komunistok 1917ko Urriko Iraultza Proletario Sozialista Handiaren mendeurrena ospatzen dugu. 1917ko Urriko Iraultza, munduko nazio guztietako proletalgoarentzat XX mendeko gertakaririk garrantzitsuena da; kapitalismoaren errealitate zanpatzaile, esplotatzaile eta kriminalaz bestelako mundu bat posible zela erakutsi baitzuen. 1917an zein egun, ez da kapitalismoari alternatibarik komunismoa eta beronen eraikuntzaren lehen urratsa den sozialismoa baino.

Euskal Herrian, komunista talde batek, 1917ko Urriko Iraultzaren Mendeurrena dela eta, ekitaldi eta iharduera ezberdinak burutu asmoz Komisio bat osatu dugu. Komisio honek, ahalik eta atxikimendu kopuru handiena biltzea du xede, 1917ko prozesu iraultzailea, bere ondorioak, eta Euskal Herriko Mugimendu Komunistaren 2017ko egoera aztertzearen inguruan dinamika unitario bat osatzeko.

Komunismoaren etsaiek 1917aren esanahiari beldurra eta gorrotoa diote. Ez litzateke arraroa izango hauek aurten, Mendeurrenean, komunismoa eta marxismo iraultzailea belztu asmoz gezur errepikakorrak botatzen ikustea. Eta modu berean, ezkerposmodenoko korronteak ere baditugu, bai Euskal Herrian zein beste herrialde batzuetan, 1917ko Urria eta honen ondarea aizuntzen eta bere garrantzia erlatibizatzen saiatuko direnak. Ezker “transbertsal” eta postmaterialista honek, eraldaketaren kontzeptua bahitzen duenak, herri-sektoreen artean duen babesaarriskutsua da oso, langile klasea burgesia-ttipiaren ohiko mespretxuaz tratatuz kapitalismoarekiko alternatiba ukatzearen funtzioa betetzen duelako.

1917ko Iraultza maiuskulaz idatzi beharreko Iraultza da. “Iraultza” hitza maiztasun hustutzailez erabiltzen den garai honetan, halako Iraultza batek izan zuen garrantzia eta hura izan zen alboka-kolpea berriz baloratu behar dugu. Egun, “iraultza” hitza estalki mota berri bat, dantzaleku bat, futbol taktika beri bat, edota politika “konprometituaren” arloan “kontsumo-ohitura” berri bat, performance bat, edo irribarreen politika iragartzeko erabiltzen den honetan; Iraultza hark, benetako Iraultza batek izan zuen itzala oso lurrundua agertzen zaigu.

1917ko Iraultza ez zen izan egun hain modan dauden eta “egunerokotasunean norbanako aldaketa” batetara mugatzen den “mikro-iraultza” horietako bat, historian lehen aldiaz (modu iraunkor eta egonkorrean) Estatu Sozialista bat eraiki zuen Iraultza bat baizik. Nahi ala ez, 1917 XX eta XXI mendeko emantzipazio-mugimendu guztientzat erreferentzia saihestezina izan zen; eredu gisa, inspirazio gisa, edo are “bere akatsak gainditu” nahi zituzten mugimenduentzako anti-eredu gisa. XX eta XXI mendeetan ez da egon neurri handiago edo txikiagoan 1917tik edan ez duen mugimendurik. Honez gain ezin dugu ahaztu 1917ko Iraultzarekin hasitako Estatu Sozialistaren eraikuntzak II Gerra Mundialean nazi-faxismoaren porrota ekarriko zuen oinarriak jarriko zituela. Sobietar herriaren 1945 garaipenak Gizateriaren duintasunarentzat suposatu zuen ekarpen izugarria kontutan izanda esan dezakegu 1917an hasitako prozesu sozialista hura historian zehar egon den gertaera garrantzitsuena litzatekeela.

Horregatik, gure ardura da, gurea, komunistona soilik, Mendeurren honen garrantzia eta esanahia kontutan hartzea eta hausnarketa historizistez eta folkloreaz haratago, galdera hauei erantzuna eman behar diegu: Zein izan zen 1917ko Iraultzaren esanahia? Zein garrantzia du egun? Are gehiago; zergatik da beharrezkoa egun 1917aren mendeurrena ospatzea?

 

2017TIK 1917RA: AUZIA ZENTRATUZ

Euskal Herrian Mugimendu Komunista politikoki, ideologikoki zein antolakuntza-alorrean ahuldade egoeran dagoela begi-bistakoa da. 2008an eztanda egin zuen krisiaren aurrean, ekoizpen-baliabideen jabe diren klaseek kapital-metateka berreskuratzeari ekin diote. Bizi gaituen garaian, kapitalismoaren gainbehera-garaian, posible den era bakarrean: esplotazioa, zapalkuntza eta arpilatze inperialista areagotzen. Orain arte erraza izan zaiena egungo Mugimendu Komunistaren ahuldadeari esker. Hamarkada bat da jada lan- eta gizarte-eskubideen kontrako erasoek, langile klasearen eta herri-klaseen txirotzeak, langabeziak eta prekarizazioak eta banketxe-sektorearen garbitze-politikek nazioarteko finantza-erakundeekin eragindako zorrak Ongizate Estatuen bideragarritasuna ezinezko egin dutela. Desetxeratzeak, mozal legeak, txirotasun-mugaren peko soldatak, autoritarismoaren eta faxismoaren gorakadak, guda inperialistak… eta langile klasea eta herri-sektoreak, zeruertzean alternatiba erreal, eraginkor eta zinez iraultzaile baten ezean, desmobilizazio eta zatiketa politikoaren egoeran.

2017an, krisiak hamarkada bat egingo duen honetan, egin beharreko balorazioa “krisi” batean edo atzerakada ekonomiko baten fasean baino, europar marko inperialistaren testuinguruan kapitalaren balorizazio eredu berri baten ezarketaren aurrean gaudela ondorioztatu behar dugu. Langabezia, prekarietatea eta herri langileen txirotze erlatibo zein absolutua ez dira jada bitxikeria bat, baizik eta “uste oneko ezker” sozialdemokrata horrek kapitalismoari ezarri nahi dizkion itxura aurrerakoiekin ere bateraezina den eredu berri batetako araua.

II Mundu Gerraren ondoren hainbat herrialdetan (Asia, Afrika eta Hego Ameriketako nazio zapalduetako herri langileen pentsutan, beraietako burgesiek eskuratutako gainirabazi inperialistei esker) demokrazia burges ‘aurreratuak’ ezarri ziren. Demokrazia esklabista moderno hauetako hiritarrek, baina, lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari dira. Areago, zuzenbide-estatu liberal burgesak bermatutako askatasun eta eskubide formalak murrizten ari dira ere bai.

Egungo kapitalismo kriminal, esplotatzaile eta zapaltzailea gainditzeko baldintza politiko, ideologiko, organizazio-arloko zein mobilizatzaileak eraikitzea, hots, haustura iraultzailea, kapitalismoak garamatzan itsu-kaleari alternatiba bakarra da. Iraultza bat, iran nahi duen edozein iraultza, Estatu-aparailu bat suntsitzea eta beste batez ordeztea da, deblauki. Zanpatuek aurreko boterearen uzkailtzeak dakarren botere-hutsunea bere botere propioaz ordezten ez badute, zanpatzaileek euren boterea berreraikiko dute. Hau boltxebikeek arras ongi ulertu zuten: Iraultza egiteko beharrezkoa izan zen langileen asanbladak, sobietak, langileriaren boterearen enbrioi bezala ulertzea eta burgesiaren erakundeak ordeztuko dituzten botere-organu bihurtzea. Botere-organu, ez “parte-hartze” edota “hausnarketarako” organu. Hau da, burgesiaren diktadura langileriaren diktaduraz ordeztu zuten (edozein Estatu klase baten diktadura dela dioen egia unibertsala ulertu baitzuten).

Boterea langileek sortutako organuek, langileak, baserritarrak eta soldaduak ordezkatzen zituzten organuek hartu zuten. Beraz, langile-borrokaren erabateko gauzatzea izan zen, hau da, 1917ak klase-borroka proletalgoaren garaipenarekin (eta ez langileria bere egoera “hobetzera” murriztutako menpeko klase egiten duen egoera luzatzearekin) buka daitekeela frogatu zuen. Horrek bermatu zuen langileriaren ordezkaritza-organuak botere proletarioaren organu bihurtzea.

Eta hori dela eta aldarrikatzen dugu guk, komunistok, 1917 haustura iraultzailearen eta langile-boterean oinarritutako botere berria eraikiko duen, emantzipazio sozialista ekarriko duen eta klase menderatzaileak zanpatuko dituen gizarte berri baten erreferente beharrezko erreferente bezala.

 

1917KO URRIA: “BESTELAKO MUNDU BAT” EGON BADAGOENAREN FROGA

Langile-klaseak eta sektore herrikoiek egunerokotasunean bizi dituzten arazoek –langabezia, txirotzea, prekarizatzea, esplotazioa, zapalketa, patriarkatua…- arazo horien inguruko kontzientzia hartzea beharrezko egiten dute, lehen urratsa hau nahiko erraza da. Zailena, arazo hauen konponketaren ondorioak asumitzea da, hau da, “ezker erreformistak” dakartzan erreformekiko, hobekuntzekiko eta “papurrekiko” itxaropena ezabatzea eta arazo hauek sortzen dituen sistema kapitalistarekiko alternatibaz jabetzea. 2017an, 1917an bezala, emantzipazioa ez da bide erraza; 1917an inperialismoaren eta errusiar klase edukitzaileen erantzuna sobietar boterea zapaltzeko asmoz, guda zibila eta esku-sartze militar atzerritarra izan ziren; langileen demokrazia eraikitzeko edozein saiakera burgesiak zer nolako bortizkeriaz erantzuten duen agerian utziz. Modu bertsuan, gurean, egungo zanpaketa eta esplotazio kapitalistako erregimenarekiko alternatibak Europar Batasunarekiko, euroarekiko eta “Troika” delakoarekiko haustura dakar, horrek komunistok konpondu eta argitu beharreko arazo eta arriskuak dakartzalarik.

1917ko Urria Mugimendu Komunistak eraldaketa sozialaren abangoardian jartzeko, taktika eta estrategia egokiarekin duen bloke sozial iraultzaile bat osatzeko eta langile klasea oinarri kontziente eta antolatu gisa sistema politiko, ekonomiko eta ideologiko-kultural berri batera daraman botere berri bat eraikitzekogaitasunaren inguruko ikasgai historiko bat da.

Hau hala gertatu izan bazen, proletalgoak bere botere propioa defendatzeko eta hauxe langileen alde, ekoizpen-indarrak garatuz ekoizpen-mailan itzelezko aurrerajauzi bat emateko eta ekoizpen forma aldatzeko erabiltzeko gaitasuna izan zuelako izan zen.

Hori baita sozialismoa eraikitzea, botere iraultzaileari ukorik egin gabe, klase-borrokaren eta langile klasearen askapen tresna gisa erabiltzea; klase-borroka ez baita bukatzen burgesiaren uzkailtzearekin, burgesiak boterera itzultzeko ahaleginak egiten baititu. Boterea burgesiaren kontra erabiltzeari uzten zaionean, burgesia boterera itzultzeko atea berriz zabaltzen da, hauxe gertatu zen porrot egin zuten esperientzia sozialistetan. Boterea ez da “espazio huts” bat, batena edo bestearena da. Horregatik, sozialismoaren eraikuntzarako proletalgoaren diktadura beharrezkoa da.

Halaber, 1917ko iraultzaileek argi zuten boterea beharrezko tresna bat zela; hau da, botere orok subjektu bat eta objektu bat dituela, eta proletalgoak, edozein subjektu iraultzaile bezala, bere Estatua eraikitzeko boterearen beharra zuela. Egungo “ezker berria” oraindik nahasirik agertzen da honekiko, eta bere politika boterearen nozioa eta boterearen konkista ukatzean edo gaitzestean oinarritzen du bere politika; boterea tresna bat dela ulertu gabe, bere borroka moralerako oztopo balitz bezala. Errusiar iraultzaileek egungo “ezker berriak” jokatzen duen moduan jokatu izan balute, iraultza “uzkailtze” fasean geratuko zatekeen eta sekula ez zuketen sozialismoa eraikiko; edo okerrago, sobietak ez ziratekeen botere-organu bihurtuko.
Argi duguna da “ezker” postmoderno eta mediatikoek ez gaituztela ez langileria ez herri-sektoreak Europar Batasunarekiko hausturatik pasa behar den emantzipaziora eramango.

 

1917KO URRIA: BERE ONDORIOAK

1917ko Urria da berandu hasi zen eta lasterregi, 1991ean hil zen XX mende laburrari hasiera ematen dion mugarria; 1917k kapitalismoaren basakeriari alternatiba egikarigarriak zeuden testuinguru historiko bati hasiera eman zion. SESB munduko lehen Estatu Sozialista gisa eratzearen prozesuan egin zitezkeen akatsez haratago, zuzen egindakoek hainbeste izan ziren ezen kapitalismoak berak 1917ko Urriaren arabera berregitaratu beharra izan zuen. Urriko Iraultza Sozialistak mundua bitan banatu zuen, Iraultzaren aldekoen eta kontrakoen artean, beren itxaropenik handiena bezala ikusten zuten zanpatuen eta zibilizazioa hankaz gora jarriko zuen arrisku bezala ikusten zuten zanpatzaileen artean. “Ongizate Estatua” bera, kapitalismoaren erdiguneek gizarteentzat–ez dezagun ahaztu kapitalismoan badaudela halako errealitatea ezagutu ez zuten formazio ekonomiko-sozial azpigaratuak- ekarri zituen lan eskubideen eta askatasun demokratikoen arloan ekarri zituen hobekuntzak barne, ezinezkoak ziratekeen Urria eta bere ondarea gabe.

SESB, Guda Zibilaren errautsetatik aterata, setio politiko, ekonomiko eta ideologiko bati aurre egin beharrean, ekonomia aurrekapitalista bat zuelarik, 25 urte baino gutxiagoan industrializazio prozesu azkar bat egiteko gai izan zen, ekonomiaren plangintza arrazionalaren eraginkortasuna frogatuz. Ekonomi-modernizatzearen prozesu hau legegintza berri batez lagundua izan zen, eskubide sozial eta laboralen eta emakumearen emantzipazioaren arloan Estatu kapitalistarik aurreratuenetako eskubideak txiki utziz. Analfabetismoa nagusi zen eta kultura klase edukitzaileen esku urrietan zegoen herrialde batean, sozialismoaren garapenak hezkuntzaren demokratizazioa eta garapen tekniko-teknologiko eta zientifikoa ekarri zituen.
Iraultzak hartutako lehen erabakien artean aurreko errusiar Gobernuek (tsaristek zein liberalek) beste Estatu batzuekin hirugarren Estatuen kontura eginiko itun inperialista-espantsionistak argitaratzea eta salatzea izan zen. Hala, interes inperialista konkretuak (Errusiarenak zein Estatu aliatuenak: Frantziarenak eta Ingalaterrarenak) salatu zituzten eta kanpo politikan ordena berri bati ekin zioten.

Horrez gain, Errusiar Iraultzak uzkaili berri zuen Errusiar Inperioak zanpatutako nazioen askapena ekarri zuen eta nazio dene arteko erabateko berdintasuna aintzatestea ekarri zuen, nazio hauen garapen kulturala osatu zuen, beren hizkuntzak ofizial egin zituen eta Errepublika bideragarri bihurtu zituen; eta eredu horri jarraituz, beste Estatuetako Alderdi Komunistek autodeterminazioaren defentsa bere egin zuten. Horrez gain, III Internazionalak, bere sortzetik, AEBren eta europar potentzien kolonien askapena helburu politiko bihurtu zuen.

Asko ziren Errusian iraultza sozialistarik egitea ezinezko zeritzoten erreformistak, Errusia “herrialde atzeratua” zenez “baldintza objektiboen falta” zegoela zeritzotenak. Leninek eta boltxebikeek planteamendu hau hautsi zuten, batez ere bi baldintza aintzatetsiz: une hartako errusiar mugimendu iraultzailearen garapena eta analisi konkretua. Errusiaren egoera kontutan izanik, “iraultzak herrialde garatu batean izan behar du” esaten zuten dogmatikoen kontra, “Errusia egun inperialismoaren katearen katebegi ahula da” zioen analisia aplikatu zuten eta han egin zuten iraultza, “baldintzak” berez sortu gabe, borroka ideologiko eta politikoaz sortu beharra daudela frogatuz.

 

1917KO URRIA: BERE UNIBERTSALTASUNA

1917ko Urrian, ezbairik gabe, “errusiar” testuinguruko zenbait ezaugarri propio izan ziren. Hala ere, “berezia” edo konkretua dena ezin dugu edozein prozesu iraultzailetan dagoen ezaugarri zentralarengandik bereizi: hau aurretikako erregimen politikoa uzkaili beharra eta masa zanpatuen botere armatuan oinarritutako botere berri bat eraikitzeko beharra da. Urriko Iraultzaren esperientziaren garrantzia parerik gabekoa da, eta etorkizuneko edozein irautlza-esperientzia Urriko esperientzia aztertzera eta berorengandik irakaspenak ateratzera derrigortua dago.

Marko kapitalista barruan ez dago emantzipazio-alternatibarik, proletalgoak haustura iraultzailea gidatzen ez badu ez da alternatiba sozialistarik. Aitzitik, klase-borrokaren dinamika konkretua, beharrezko aliantzak edo sozialismoa eraikitzeko modua beste auzi bat da. Zergatik hartu zuten hainbeste herrialdetako mugimendu ezberdinek eredu gisa 1917ko Iraultza eta ez beste edozein iraultza? 1917an (beste edozein tokitan errepika izango ez duten) tokiko berezitasunek ekin bazuten ere, bere oinarria unibertsala da: klase borrokaren ondorio delako (eta klase-borroka errealitate unibertsala da), burgesia uzkaili zuelako (beharrizan unibertsala) eta erreformismoaren aitzakien aurrean, burgesiaren diktadura kriminalaren aurka langile boterea eraikitzea eta proletalgoaren gidaritzapean eraldaketa soziala egitea posible dela erakutsi zuelako (politikaren egia unibertsal bat).

Haustura iraultzaile batek izaera holistiko globala du. Hain zuzen haustura da kontzeptu-gakoa, klase-borrokaren arlo guztiak klase edukitzaileen boterearen kontrako guda politiko eta ideologiko bihurtzen zituena.

Euskal Herritik, emantzipaziorako eta kapitalismoa gainditzeko alternatiba bakarra sozialismoa, nazioen arteko batasunerako ikurra internazionalismo proletarioa, eta gida teorikoa marxismo iraultzailea direla berresten dugu. Sozialismoa bat eta bakara baita, betiere tokiko errealitateetara moldatzen den arren. 1917ko Urria, eraldaketa soziala langile-botereak bultzatu zuenaren esperientzia gisa, emantzipaziorako bide unibertsal gisa, ehun urte ondoren ere indarrean dago.

 

1917KO URRIA: AKATSAK IKASGAIEN PARTE DIRA

Ez 1917ko Urria ez bere ondarea ez dira orbangabeak: kontrakoa uste izatea boltxebikeek gizatasunaz harainoko kualitatean zituztela uste izatea da, eta eurek ere ez zuten halakorik onartuko. Klase-borrokak, iraultzaren ostean ere, jarraitu egin zuen. Endekatze burokratikoa eta zurmintze politiko, ideologiko eta ekonomikoa, barne-indar atzerakoien berrantolaketaren emaitza da, eta botere sozialistaren oinarria higatu zuten, higatze honek 80.ko hamarkada bukaeran eta 90.eko hamarkada hasieran hondamendira eraman zuelarik. Egungo Mugimendu Komunistak, bere berregituraketa prozesuan, elementu hauek aintzat hartu behar ditu.

 

BERRESKURA DEZAGUN 1917!

Langileok ezin dugu utzi guretzat esanahi hain garrantzitsua duen zerbait etsaiek edo “lagunek” mespretxatzerik. Hemen azaldu dugu 1917ko Iraultzak langile klasearentzat erabateko garrantzia zian zuela; langile klasearen garaipenik handiena izan zela. Europan zehar zebilen mamua benetakoa zela erakutsi zuen.

Batzuen aburuz, Estatu Sozialisten porrotak 1917 akats bat izan zela frogatzen du. Honela langile klasea politikoki garaitu edota “subjektu berriez” ordeztu nahi dute. 1917ko Iraultzaren mendeurrena ospatzen den honetan, Euskal Herriko langileok ezin dugu utzi data hau besterik gabe iragan dadin edota bazter utziko gaituzten ospakizun interesatu edo desitxuratuak egin daitezen. Hau ahalbidetzea langile klasearen porrota onartzea litzateke, norbere ondarea lagatzea litzateke. Hala ulertuta, K-17k, lan-komisio zabal eta anitza denak, helburu bakarra du: 1917 BERRESKURATZEA.