Vikzhel sindikatuak bultzatutako negoziazioak

Vikzhel  sindikatuak  bultzatutako  negoziazioak

Announcement Date: 27th urria 1917

Petrograden boltxebikeek boterea lortu eta egun gutxitara, inguruan matxinada kontrairaultzaileak zirelarik, eta Moskun ere borrokak ematen zirelarik; Trenbideen Sindikatuaren (Vikzhel) bultzadaz alderdi sozialista ezberdinen arteko negoziazioak hasi ziren. Negoziazio hauen helburua, borrokak geldiaraztea eta alderdi sozialista anitzez osatutako Gobernu bat eratzea zen; hau da, edo boltxebikeek eserista eta mentxebikeei Sovnarkomen sartzeko atea irekitzea, edo bestelako Gobernu sozialista “plural” bat sortzea. Aldi berean, kontuan izan behar dugu elkarrizketa honetan parte hartzen zituzten alderdiek ez zituztela ikuspegi homogeneorik erakutsi, eta baita ere, “aldibereko gertaeren” (Kerenski-Krasnov matxinadaren) arabera mugitzen zirela elkarrizketak eta bertan aurkeztutako proposamenak eta kontraproposamenak (Vikzhelen helburuetako bat borrokak gelditzea zen, baina ez zuen lortu). Azkenean, alderdi ezberdinen posizioa oso ezberdinak (mahaian eseri aurretik ere bazituztenak), eta denek elkarrizketa hauek “bigarren mailako gertaera” bezala tratatzeak, negoziazioak zapuztu zituzten.

Kontuan izan behar dugu, nahiz eta Vikzhel neutral agertu, momentu berean Administrazio berria arriskuan jartzen zuen enplegatu publikoen greba batekin zetorrela bere deialdia. Hala ere, urriaren 26an Vikzhelek “Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitearekin” bat egin zuela kontatzen du Reedek. Gainera, Vikzhelen leloa “koaliziozko Gobernu sozialista bat”; Petrogradeko goarnizioan boltxebikeen aurkakoek erabili zuten, goarnizioak boltxebikeak kontrairaultzaren kontra babes ez zitzan saiatuz. Egun hauetako ezaugarri tipikoa zen hauxe, gertaerak bata bestearen atzetik gertatzen ziren, eta antzeko helburuak zituztenen artean lotura organikoa, koordinazioa eta elkarri laguntzearen arteko muga non zegoen ez zegoen garbi.

Vikzhelek, urriaren 26an, trenbideetako blokeo orokor bat deitu zuen, borrokan ari ziren bi aldeak hornitzeari uko eginez. Hau izan zen Vikzhelek egindako apelazioa, telegrama bidez: “Trenbideetako Sindikatuen Konferentziak, elkar-ulertze bat nahi duten borrokan ari diren aldetako eta erakundeetako kide ezberdinekin batera, guda zibilean, batez ere demokrazia iraultzailearen barruan, izu politikoaren tresna erabiltzea erabat ukatuz, momentu honetan bietako alde batek bestearen kontra izua erabiltzeak negoziazioen izaera eta helburua kaltetzen dituela adierazten du (…)”.

Loiuse Bryant estatubatuar kazetariak egindako errusiar alderdi ezberdinen inguruko eskema.

Ez zen negoziazioa edota koalizioa bilatzen zuen erakunde bakarra, hasieratik irtenbide honen aldeko proposamenak entzun ziren. Urriaren 25ean zenbait ahots entzun ziren halako negoziazio baten alde. John Reeden arabera, Kapelinski mentxebike internazionalistak, Sobieten II Biltzarrean bertan, “alde ezberdinen arteko eztabaida baketsua” proposatu zuen, momentu horretan boltxebikeek ukatu egin zutelarik. Urriaren 26an Novaia Zhizn egunkariak boltxebikeen matxinada txalotu gabe, eseristen eta mentxebikeen jarrera gaitzetsi zuen eta “burgesiarekin koaliziorako itxaropen guztiak alferrik dira” esaten zuen (beraz, nolabait, alderdi sozialista guztien arteko koalizio-Gobernua eskatzen zuen). Urriaren 27ko goizean, II Biltzar Nagusia itxi aurretik, Avilov ezkerreko mentxebikeak berriz koalizio-Gobernua eskatu zuen: “Aurreko Gobernua ez da zuen indarragatik erori, baizik eta herriari honek eskatutakoa ematean huts egin zuelako (…) Zuek ahal izango duzue herriak eskatutakoa ase? Lortzen ez baduzue zuek ere eroriko zarete (…) Baina inork ez du zuen bake-proposamena aintzatetsiko eta Mendebaldean iraultza urrun dago (…) soilik Sobieten Biltzarrean oinarritutako koalizio sozialista baten oinarrian eratutako Gobernu batek eman diezaioke herriari honek nahi duena”. Karelin ezkerreko eseristak ere antzeko alokuzioa egin zuen: “Gu ez gara Gobernuan sartuko, sartzeari uko egin dioten iraultzaileen aldearekin zubiak hautsi nahi ez ditugulako. Hausten badugu ezin izango dugu boltxebikeen eta beste talde demokratikoen artean bitartekaritza lanik egin. Ezin dugu koalizio sozialistarena ez den beste Gobernurik babestu (…) zuek isolatuak zaudete”. Trotskiren erantzuna izan zen “Koalizio bakarra langileen eta baserritarren artekoa da (…) guk ez dugu gure aurka oldartu zirenekin, proletalgoarengandik lekutu direnekin, koaliziorik eratuko”. Bakea ezin sinatzearen inguruan Trotskik “Errusia iraultzailea hil egingo da Europan burgesia inperialistak agintzen jarraitzen badu. Edo Europan mugimendu proletario iraultzaile bat eratzen da edo europar potentziek Errusiar Iraultza itoko dute” esan zuen. Hemen Trotskiren oinarrizko kontzepzio bat ere ikusten dugu, 20. hamarkadako eztabaidetan defendatuko zuena: Errusiar Iraultzak bakarrik iraun ezin zezakeenaren ustea. Ezkerreko eseristak izan ziren oposizioko alderdietan Sobieten II Biltzarra onartzearen eta boltxebikeekin elkarlana egitearen aldekoenak, baina beste alderdirik gabe ez zuten Gobernu “alderdikoi” batean sartu nahi. Bestalde eskuineko eseristak eta mentxebike batzuk “Aberriaren eta Iraultzaren Salbazio Komitean” zeuden, eta ez zuten boltxebikeekin inolako adostasunik nahi. Negoziazio hauen aldekoenak ezkerreko eseristak, mentxebike internazionalistak eta eskuineko boltxebikeak (Kamenevek zuzendutako ildoa) izan ziren. Beste arazo bat, akordioaren markoa izan zen: Urriko Iraultza Sozialistaren ondorengoa, beraz honen ondotik osatutako instituzioak (Sovnarkom, VTsIK berria) eta Estatu sobietarra onartuz, edo Iraultzaren aurretikoa, Urriko Iraultzak sortutako instituzioak ukatuz.

Urriaren 27an bertan, Vikzhelen ordezkariak II Biltzar Nagusi horren aurrean hitz egin zuen: “Errusiako erakunderik indartsuenaren izenean hitz egiten dut (…) Gure Komite Zentralak ez dio babesik emango Gobernu honi boltxebikeek jarrera honekin jarraitzen badute (…) Guk ez dugu Biltzar Nagusi honen legaltasuna aintzatesten, eta mentxebikeek eta eseristek alde egin ostean ez dago quorumik. Guk VTsIK zaharra onartzen dugu, ez berria (…) Vikzhelek aldi berean tropa kontrairaultzaileak Petrogradera bidatzea oztopatuko du eta Errusiako trenbide-sare osoaren ardura hartzen du”. Bertan zegoen John Reeden arabera, “oso kolpe gogorra” izan zen hau, eta Kamenevek “Biltzarraren legezkotasuna ezin daiteke zalantzan jarri” erantzun zuen. Vikzhelen erabaki honek, 26an deitutako grebarekin batera, Petrograd gainontzeko hirietatik isolatu egin zuen. Izan ere, Vikzhelen greba ezin dugu Petrograden mentxebikeen eta eseristen enplegatuen artean deitu zuten grebarengandik bereizi; Vikzhelen ordezkariak urriaren 27an enplegatuen greba aurrera eramaten zutenekin bildu baitziren Petrogradeko Udalean.Hala ere, Vikzhelek “alderdi sozialista denen arteko Gobernu bat” eratu nahi zuelarik, enplegatuen grebaren bultzatzaileengandik lekutu zen, hauek boltxebikeak kanpoan utzi nahi baitzuten. Vikzhelek nolabaiteko babesa izan zuen, batez ere Petrogradeko Obukhovski lantegiko langileen artean, eta soldaduen artean, zeintzuek, Figesen arabera, ez zuten alderdi-borrokengatik fisikoki borrokatu nahi.

Urriaren 28an Vikzhelek trenbideetako greba osoarekin (hirietarako horniketa barne) mehatxatu zuen negoziaketak hasten ez baziren, baina egun horretan “antza zenez” boltxebikeak negoziatzera hurbildu ziren (izan ere, Petrograd ogirik gabe gera zitekeen Vikzhelek ogia garraiotzea ere debekatzen bazuen). 29an, Vikzhelek Kerenskiren tropei mehatxu berdina luzatu zien: negoziatzera esertzen ez baziren, ez zituzten euren tropak garraiatuko. Momentu honetan, Michael Melancon historiagilearen arabera, boltxebike batzuek, eskuin ildokoak nagusiki, Riazanoven ahotik, negoziazioak zabaltzearen alde agertu ziren. Egun hartan Novaia Zhizn egunkari filomentxebikeak koalizio sozialistako Gobernuaren aldeko editoriala atera zuen, eta eseristak (Dielo Naroda egunkaria) ere alde agertu ziren “ez boltxebikerik, ez kadeterik ez bazegoen”. Aberriaren eta Iraultzaren Salbazio Komiteak ere eseristen antzeko postura izan zuen: gobernu sozialista bai, boltxebikerik gabe. Alexander Rabinowitch historiagilearen arabera, mentxebikeen posizioa berdina izan zen.

Urriaren 29an alderdien arteko elkarrizketak hasi ziren, alderdi sozialista ezberdinetako 26 ordezkarirekin, boltxebikeen ordezkari Kamenev eta Sokolnikov zirelarik. Hala ere, Vikzhelek ez zuen lortu suetenik aldarrikatzerik: Juri Felxtinski eta Alexander Rabinowitchen arabera, eseristek oraindik boltxebikeak Gobernutik at uztea defendatzen zutelako. Boltxebikeen Komite Zentralak negoziazioak hastea onartu zuen: beste alderdiak Gobernuan sartzearen alde agertu ziren, Sobieten II Biltzar Nagusian lortu zuten proportzioaren arabera (hala ere, Rabinowitchen arabera, Komite Zentralak baimen hori eman zuen bileran ez Lenin, ez Trotski, ez Zinoviev ez zeuden; Robert Danielsen arabera, bilera militar batean zeuden). Orlando Figesek beste modu batean interpretatzen ditu boltxebikeen asmoak, bere ustez egun horretan Kerenski Gatxinaraino hurbildu izana, eta Moskun oraindik boltxebikeek kontrola lortu ez izana izan ziren boltxebikeak elkarrizketen mahaira ekartzeko gakoa. Robert Danielsen arabera, Kamenev prest egon zen Lenin eta Trotski gabeko koalizio-Gobernu bat osatzeko, eta VTsIKen mentxebikeak eta eseristak sartzeko. Egun horretan posturak hurbildu egin ziren: mentxebikeek adibidez, “irabazlerik eta galtzailerik gabeko akordio bat” proposatu zuten “Iraultza berbideratzeko”; neurri errepresiboak gelditzea, eta Sovnarkomen alderdi sozialista denak sartzea eskatu zuten Felxtinski eta Vladimir Brovkinen arabera. Eseristak zatituta agertu ziren: Hendelmann ados zegoen “Gobernu berri bat” eratzearekin, baina boltxebikerik gabe eta hauen porrota baldintza bezala jarriz; beraz, VTsIK berria eta Sovnarkom onartu gabe. Egun honetan argi geratu ziren negoziazioaren gaineko posturak eta arazoak: alderdien barne-zatiketa eta Urriko Iraultzaren ondoren sortutako instituzioek jokatu beharreko papera. Hala ere, negoziazio hauek nolabaiteko arrakasta izan zuten Moskun, non urriaren 30ean suetena aldarrikatu zen, baina ez zuen askorik iraun.

Urriaren 30ean, negoziazioak, Juri Felxtinskiren arabera, laburrak izan ziren: eseristak jada boltxebikeak koalizio Gobernu batean onartzearen alde agertu ziren, Rakitnikov eseristak zioenez, “Boltxebike batzuk Gobernuan sar zitezkeen” (Lenin eta Trotski gabe, Kamenevek John Reedi esan zion moduan eta Isaac Deutscherrek dioen moduan), betiere akordioa Urriko Iraultzak sortutako instituzioen oinarrian ez bazen. Rakitnikovek, Oliver Radkeyren arabera, Gobernu berriaren oinarrian Aurre-parlamentuaren berrezarkuntza behar zen. Kameneven ustez “garaipena lortu dugulako” izan zen posizio aldaketa hori (kontuan izan behar da egun honetarako arlo militarrean egoera boltxebikeentzat hobea zela). Antza denez, Gobernu sozialista bat osatzeko akordio bat Kerenskiren saiakeraren aurka posizionatzeko baldintzarekin lortu omen zen. Egun berean Kerenskik suetena dekretatu zuen.

Urriaren 31ean akordioa gertu zegoen, bai mahaian zeuden boltxebikeek (Kamenevek zuzenduta, eskuin ildoko boltxebikeak zirenak), zein beste alderdiek, arlo juridikoan adostasuna lortzeko urratsak eman zituzten: VTsIK zaharraren zein berriaren kide kopuru berdinez (gehi Baserritarren Sobieten kide batzuez, gehi alderdi sozialista ezberdinek izendatutako kide batzuez) osatu behar zuten “Kontseilu Herrikoi” bat eratzea adostu zuten, honek Gobernu berria aukeratu behar zuelarik; hala ere (Vladimir Brovkinen arabera), Gobernu akordioa eginda zegoen, Txernov izango zen Gobernuburua, eta ez Lenin ez Trotski ez ziren Gobernu berrian egongo. Kamenevek, ministroen gehiengoa boltxebikea izateko baldintza erretiratu zuen (Rabinowitchen arabera). Akordio honen alde, bai mahaian zeuden boltxebikeak, zein eseristak (eskuinekoak zein ezkerrekoak) zein mentxebike internazionalistak (Martoven ildokoak) agertu ziren, baina Vladimir Brovkinen arabera, mentxebikeen zuzendaritzak zalantzak agertu zituen.

Hala ere, akordio hori ez zen gauzatu; bai sinatzaileek (eskuineko boltxebikeek eta ezkerreko eseristek batez ere) euren alderdietan gehiengoa ez zutelako eta bai Kerenskiren saiakerak porrot egin zuelako, beraz boltxebikeek ez zuten ikusten mahaian esertzeko arrazoirik ikusten (beste alderdiek ere uste zuten botere boltxebikea segituan erori behar zela). Urriaren 31n bertan, VTsIKk koalizio-Gobernu baten gaineko akordio batetarako bere baldintzak atera zituen: a) Sobietar Gobernuaren programa (Bakearen Lurraren eta Langile Kontrolaren gaineko Dekretuak barne) onartzea; b) Kontrairaultzaren kontrako borrokaren beharra onartzea; d) Errusia Osoko Sobieten II Biltzar Nagusia botere-iturri bakar gisa onartzea; e) Gobernu berria VTsIKren menpe egotea; eta f) Gobernuan Sobieten araberako ordezkaritza proportzionala izatea.

Azaroaren 1ean bertan, gauez, Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralean egindako bilera batean, gehiengoaren postura akordio hori ez aintzatestea izan zen, Langile eta Soldaduen II Sobieten Biltzarrak Gobernu boltxebike bat onartu zuenaren, eta beraz beste alderdiekin akordio bat Biltzar Nagusi honetatik eratorritako organoetatik kanpo erabakitzea traizioa zatekeenaren argudioarekin. Zuzendaritza boltxebikearen arabera, “Kontseilu Herrikoiak” Sobietek aukeratutako VTsIKi eta uzkailitako aurreko VTsiKi ordezkari kopuru bera ematea, II Biltzarraren erabakiak eta Sobieten subirautasuna urratzea zatekeen. Boltxebikeek ziotenez, posible zen alderdi berriak Gobernuan sartzea alderdi horiek Sobieten II Biltzar Nagusia eta bertako akordioak zein konposaketa onartzen bazuten, eta beste alderdiek Botere Sobietarra, VTsIK berria eta Sovnarkom onartzen bazuten. Orlando Figesen arabera, Trotskik, Gobernu berrian, koaliziozkoa balitz, ministroen %75ak boltxebikeak izan behar zuten. Kontuan izan behar da beste alde batetik, azaroaren 1ean, guda frontean boltxebikeentzat gauzek hobera egin zutela; bai Moskun eta bai Petrogradeko aldirietan Kerenskiren kontra. Bestetik, boltxebikeek ezin zuten Lenin eta Trotskiren kontrako betorik onartu. Alexander Rabinowitchen arabera, Kameneven alde Lunatxarski, Riazanov eta Viktor Nogin jarri ziren: Lunatxarskiren arabera, Udaletako Dumak sufragio unibertsalez aukeratuak zirenez, Estatuaren egunerokotasuna bermatzeko egokiak ziren eta haiekin akordio bat lortu behar zen, Noginen arabera, akordioak hausteak, hurbileko alderdiak ere (ezkerreko eseristak, kasu) lekutzea esan nahiko zukeen.

Historiagile batzuek (Orlando Figesek, adibidez), negoziazioen apurketaren ardura boltxebikeengan ezarri badute ere, beste alderdiak ez ziren ere oso akordiozaleak (gogora dezagun hasieran boltxebikeak Gobernuan ez sartzearen aldekoak zirela, eta urriaren 29an junkerren matxinada ere prestatu zutela). Oliver Radkeyren arabera, eskuineko eseristak ere ez ziren izan akordioen zale, baizik eta Vikzhelen presioak eserarazi zituzten mahaian. Radkeyren arabera, euren intrantsigentziazko jarrera aldatu egin zuten behin frontean galtzen zihoazela ikusita. Vladimir Brovkinen arabera, mentxebikeen artean ere zatiketa ia erabatekoa zen negoziazioekin jarraitu ala ez erabakitzeko orduan, eta praktikan mahaian eseri ziren mentxebikeek ez zuten indarrik alderdiaren izenean akordio oso bat sinatzeko. Mentxebikeek, azaroaren 1ean ere baldintza berriak aurkeztu zituzten, akordioak Udal-Dumak sartzearen alde eta Kerenskirekin suetena sinatzearen alde (hots, mahaian aurkeztutakoa baino posizio antiboltxebikeago bat ekarri zuten, ziurrenik mentxebike defentsisten presioz).

Hurrengo egunetan, elkarrizketek jarraitu egin zuten, baina ia akordioa lortzeko itxaropenik gabe. Eskuineko eseristak erretiratu egin ziren. Juri Felxtinskiren arabera, ezkerreko eseristek bat egin zuten hein handi batean boltxebikeekin, euren postura beste alderdiekiko “adiskidantzazkoagoa” bazen ere. Kamenevek azaroaren 3an saiakera bat egin zuen mentxebikeekin berriz akordio bat lortzeko. Proposamen berri horren arabera, ganbara legegile berrian ordezkarien erdia boltxebikea izango zen, baina Udal-dumei eta Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboari ere tokia egin behar zitzaion. Gobernua koalizioazkoa izango zen, baina Leninen eta Trotskiren kontrako betorik gabe, eta Lanaren, Barne Arazoen eta Kanpo Arazoen ministerioak boltxebikeen eskuetan egongo ziren. Baina proposamen horrek ez zuen Alderdiaren ez honen Komite Zentralaren babesik izan, eta Alderdia zatiketara eraman zezakeen: Leninek, Alderdiaren eskuineko ildokoek, atzera egin zezaten edo bestela Alderdiaren barruan boterea har zezaten eskatu zuen, bere eta Kameneven posizioak bateraezinak zirelakoan. Komite Zentralak ohizkanpoko biltzar nagusi bat deitzearen keinua ere egin zuen. Mentxebikeen artean ere ez zegoen Kameneven proposamenaren inguruko adostasunik.

Azaroaren 4an, negoziazioak hautsi ostean, boltxebike batzuek dimisioa eman zuten, adibidez hiru Herri-Komisariok (Noginek, Rikovek eta Miliutinek), Komite Zentraleko bost kidek (Kamenevek, Rikovek, Miliutinek, Zinovievek eta Noginek) eta baita ere Kamenev Estatubruak (VTsIKeko lehendakariak). Beste ondorioetako bat, ezkerreko eseristek ere Milrevkom uztea izan zen, nahiz eta azaroaren 11n, mitin handi batean, boltxebikeak ezkerreko eseristak Gobernuan sartzearen alde agertu. Azaroaren 5eko negoziaziora, soilik mentxebikeak eta eseristak agertu ziren, Alexander Rabinowitchen arabera “itunik lortzeko asmorik gabe”: historiagile honen arabera, boltxebikeen artek dimisioek Alderdi Boltxebikearen desegiketaren itxaropena eman zien. Azaroaren 6an, Vikzhelek bultzatutako negoziazio mahaia disolbatu egin zen.

Negoziazio hauen porrotean, alderdi ezberdinen arteko desadostasuna, barne desadostasunak, negoziazioak bestelako gertaeren (gertaera militarren) menpe egon izana, eta hori zela eta posizioak aldatzen joan izana, alderdiak gertaera militar hauei garrantzia handiagoa eman izana eta baita ere Vikzhelek trenbideetako langileen artean zioen indarra ez izatea zetzaten (Trotskik esan zuen jada trenbideetako langile asko irailetik ez zeudela Vikzhelen zuzendaritzarekin oso ados “sindikatu honen balantzak zirela eta”). Izan ere, trenbideetako langile guztiek ez zuten onartzen Gobernu boltxebike berria kontrairaultzaren pare jartzerik, eta ezta ere “parekatze” honetan oinarritutako konponbide edo negoziaziorik. VTsIK berriak azaroaren 2an, abenduaren 1erako Errusia Osoko Trenbide-Langileen Biltzar Nagusia deitu zuen, Vikzhelek bi aste beranduagorako deitu zuelarik. Azaroaren 3an Vikzhelek jada VTsIKen bere postuak onartu behar izan zuten. Abenduaren 1ean, Errusia Osoko Trenbide-Langileen Biltzar Nagusia burutzen ari zelarik, Vikzhelek Sovnarkomen Trenbideetarako Herri-komisariotza hartu zuen.

(Goiko irudian Vikzhelek bultzatutako negoziazioen inguruko karikatura).