Valtalaki (Finlandiako burujabetza adierazpena)

Valtalaki  (Finlandiako  burujabetza  adierazpena)

Announcement Date: 23rd ekaina 1917

1917ko ekainaren 23an, Finlandiako parlamentuak (Sejm), 1905etik indarrean eta sufragio unibertsalez aukeratua zenak –Finlandiak Errusiar Inperio barnean oso autonomia zabala izan ohi zuen- Finlandiaren burujabetza aldarrikatu zuen. Finlandiako barne politika, 1916tik aurrera Finlandiako Alderdi Sozialistan nagusipean zegoen (alderdi marxista batek legebiltzar-gehiengoa lortzen zuen lehen herrialdea), eta 1917ko Otsaileko iraultzak, Errusiar Inperioaren instituzio batzuk birrinduz, finlandiar sozialistei euren boterea indartzeko eta sendotzeko aukera eman zien. Gainera, hemen arazo juridiko bat zegoen, izan ere, finlandiarren arabera, Finlandia Errusiari tsarraren aginte pertsonalaren bidez lotutako Dukerri Handi bat zen, beraz, Behin-behineko Gobernuaren agintea ez zuten aintzatesten. Hala ere, finlandiar sozialistek ildo moderatua jarraitu zuten, liberalekin koalizio bat eginez (boltxebikeekin lerratutako finlandiarrek “batasun nazional” politika hau traizio bezala ikusten zuten). Garain horietan, Finlandiako barne-politika oso egoera nahasian zegoen: Alderdi Sozialista bere barne-tendentzien borroka batean zegoen, alderdi burgesek honen politika oztopatu nahi zuten, eta bestetik alderdiaren ezker muturrak (“boltxebikeek”) Finlandia sozialismorantz berehala zuzendu nahi zuten; eta gainera, une horietan burutzen zen Sobieten Kongresuak Behin-Behineko Kongresuari guda bukatu ostean Finlandiarekin honen autodeterminazioa negoziatzera deitzen zuen ebazpen bat onartu zuen. Oreka-joko horretan, Oskari Tokoi sozialista moderatuak gidatutako Gobernuak “Valtalaki” (Boterearen Legea) aldarrikatu zuen, Finlandia burujabe bihurtuz (kanpo politika eta politika militarra ezik beste eskumen guztiak); eskuinaren oposizioarekin, honek independentzia azkar bat sozialismoranzko aurrerapausua zatekeela uste baitzuen. Finlandiako Sejmak “Errusiako alderdi-ahaideei” valtalaki babesteko deia egin zien, izan ere, orduan burutzen ari zen Errusia Osoko Sobieten Lehen Biltzarrak “Behin-Behineko Gobernuari guda bukatzerakoan Finlandiarekin burujabetza itun bat egitera” deitzen zuen ebazpen bat onartu zuen. Hala ere, “alderdi ahaideengan” izandako itxaropenak antzuek suertatu ziren.

Ez Sobietek –orduan mentxebikeen eta eseristen gidaritzapean- ez Georgi Lvovek zuzendutako Behin-behineko Gobernuak ez zuten Valtalaki onartu: adibidez,  mentxebikeen arabera, Finlandiaren autonomia-auzia “Finlandiako Dietaren eta Asanblada Konstituziogilearen arteko  akordio baten ostean soilik” konpon zitekeen. Lukomski jeneralak Finlandiako hiriak suntsitzeko mehatxua egin zuen. Leninen arabera, auziaren askaera akordio batetara baldintzatzea, Finlandiaren autodeterminazio-eskubidea urratzea eta anexionismoari bide egitea zen (ez baitzen Finlandiaren parekotasuna nartzen). 1917ko uztailaren 21ean, Aleksandr Kerenskik zuzendutako Behin-Behineko Gobernuak Finlandiako Parlamentua itxi egin zuen, Finlandiako liberal zein kontserbakorren babesa jaso zuelarik (Stalinek hau Errusiako bizitza politikoan kontrairaultzak Sobieten gainetik hartu zuen indarraren erakusle ikusi zuen, eta Ukrainaren autonomia arriskuan zegoenaz ohartarazi zuen). Finlandiako Sobieten Biltzarrak “Sejmaren kontrako edozein ekintza, kontrairaultzailetzat jo” zuen, eta honen kontra borrokatzeko deia egin zuen, baina zuzendari sozialistak ez zeuden matxinadaren alde (eta honekin sozialistek aukera bat galdu zuten). Sejm itxi ostean, hauteskunde berriak egin ziren, finlandiar kontserbakorrek irabazi zituztelarik (sozialistek iruzurra salatu zuten). Ondorio bezala, finlandiar sozialisten “boltxebizazioa” eman zen (boltxebikeena izan zelako Finlandiaren independentzia babestu zuen errusiar alderdi bakarra).

Finlandiak independentzia 1918an lortu suen, paradoxikoki bi Gobernu antagonikoren eskutik, Finlandiako lehendakari Pehr Svinhufvud kontserbakorra zelarik eta Errusian Gobernu Sobietarra indarrean zelarik. 1918ko urtarrila eta maiatza artean Finlandia guda zibilean murgildu zen: burgesiak iraultza ekiditeko Suediaren eta Alemaniaren laguntza izan zuen, eta kasu honetan Finlandiako langileek errusiar langileak euren alde izan zituzten (hala ere, hauek eman ahal zieten laguntza oso mugatua zen).