Urriaren 16ko Komite Zentral Boltxebikearen bilera

Urriaren  16ko  Komite  Zentral  Boltxebikearen  bilera

Announcement Date: 16th urria 1917

1917ko urriaren 16an, Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralak beste bilera bat egin zuen; Robert Service historiagilearen arabera “hiriburuaren iparraldeko auzo batean, Lesnoi izenekoan, izan zen”. Bilera horretan urriaren 10eko erabakiak berrestea eta iraultzaren data konfirmatzea ziren helburuak, eta Komite Zentraleko kideez gain “Petrogradeko Komiteko, Moskuko Komiteko eta Erakunde Militar Boltxebikeko kideak agertu ziren”.

Bileraren aktak mentxebikeekin eta eseristekin konpromezu bat egitearen aukera zabalik uzten zuen “baldin eta alderdi hauek kontziliazionismoarekin puskatzen badute”. Matxinada prestatzea beharrezkoa zela argudiatu zuen Komite Zentralak: masek boltxebikeengan euren konfidantza ezarri zutelako, eta Alemanian ere (“Europan iraultza egitea gure herrialdean baino zailagoa izanik”) itsas-armada matxinatu egin zelako. Leninek esaten zuenez “ezin gara gehiago atzeratu, edo Korniloven diktadura edo langileriaren diktadura (…) masen animo egoera aldakorra da eta ezin da guztizko zehaztasunaz ebaluatu, momentu honetan nola dagoen objektiboki analizatu baizik eta hori iraultzaren helburuekin harremanean jarri (…) Masek boltxebikeengan jarri dute konfiantza, eta eurengandik zerbait espero dute, ez hitzak soilik”.

Serviceren arabera, “bilera hartan Kamenev eta Zinovieven alde ager zitezkeenak zeuden, baina gauak aurrera egin ahala sektore hori desegiten joan zen”. Trotskik berak esan zuen “urriaren 10ean Kamenev eta Zinoviev bakarrik geratu ziren, baina horrek ez zuen esan nahi Alderdian bakarrik zeudenik, euren aldeko askok ez baitzuten etortzerik izan: Rikov eta Nogin ditugu horietako batzuk, eta Miliutin ez zegoen hoiengandik oso urrun”.  Antza denez, bilera horretanKamenev eta Zinovievez gain, Miliutin eta Xotman izan ziren ezkorrenak: “tropen kontra Alderdiak indarrik izango ote zuen galdegiten zuten”. Beste batzuk ere agertu ziren nolabaiteko tentuz, Mikola Krilenkoren arabera “goarnizioan soldaduak ez daude eurak erasotzeko asmoarekin (…) pizgarriren bat behar dute, goarnizioa desegingo duten mehatxua edo halako zerbait”. Aleksandr Xliapnikoven arabera, bera buru zen metalurgia sindikatuan “Boltxebikeen matxinada baten ideia ez da oso ondo hartua, beldurrez hartua baino”. Moisei Volodarski Petrogradeko Sobietaren ordezkariaren arabera “langileak ez daude kalera ateratzeko prest, baina Sobietak deituz gero, aterako ziratekeen”. Kamenev, eskuineko ildoaren buruak, zera ondorioztatu zuen “uriaren 20a baino lehenago hasi behar dugunaren frogarik ez dugu”. Hala ere, oposizio eta zalantza hauek desagertuz joan ziren, Leninek bere posizioaren alde gogor borrokatu baitzuen. Leninen arabera, “borroka ez zen tropak langileen aurka izango, tropen artean ere borrokak emango ziren” eta “iraultzarako baldintza objektiboak ez daudela esateko, ekonomikoki egoera nahasia ez dela eta Europan egoera lasaia dela frogatu beharko zatekeen”. Bere ustez “matxinadarako baldintzak heldu direnean, matxinada ez da konspirazioa, artea baizik”. Zinovievek “botere osoa Sobietentzat!” kontsigna erretiratu eta “Gobernua presionatzea” proposatu zuen.

Bileraren ebazpenak Komite Zentralaren urriaren 10eko ebazpena (matxinada prestatzearena) berretsi zuen, eta Alderdiaren erakunde guztiei, langileei eta soldaduei hura prestatzeko dei egin zien, 19 botoz biren kontra, “Komite Zentralak hortarako sortu duen erakunde berezia (Komite Militar Iraultzailea, pentsa daiteke) babesteko dei eginez”. Hala ere, data zehatzik adostu gabe geratu ziren, “Komite Zentralak eta Sobietak matxinadarako une zehatza aukeratuko dutenaren gainean segurtasun osoa dugu” zioen ebazpenak. Esan beharra dago, E. H. Carren arabera, azken momentuan Zinovievek egindako proposamenak, matxinada Sobieten II Biltzar Nagusiarekin bat ekartzearen aldekoak (ordura arte Trotskik defendatutako ikuspuntua), aldeko sei bozka izan zituela eta kontrako hamabost (beraz, denek ez zuten han argi Leninen “iraultza Sobieten Biltzarraren aurretik” zioen proposamena).

Biltzar honetan, Alderdiak “Zentru Militar Iraultzaile” bat osatzea erabaki zuen; Bubnov, Dzerzhinski, Stalin, Sverdlov eta Uritski bertako kide izango zirelarik. Hala ere, Zentru honetako kideak Komite Militar Iraultzaileko kide ere baziren (eta beraz, Komite horrek gehiengo boltxebikea zuenez, eta Komite horretan lan egingo zutenez, Zentruak ez zuen bere bidezko bizitzarik izan).

Urriaren 16an bertan Kamenevek Komite Zentraletik dimititzen zuela adierazi zuen.

(Goiko irudian, Leninen urriaren 16ko bilerako oharrak).