Ukrainaren autonomia onartzea eta kadeteek Gobernutik dimititzea

Ukrainaren  autonomia  onartzea  eta  kadeteek  Gobernutik  dimititzea

Announcement Date: 2nd uztaila 1917

Ukrainako egoera, ekainean Ukrainako Radak lehen unibertsalaren bidez modu aldebakarrean autonomia aldarrikatu zuenetik eta Behin-Behineko Gobernuak onartu ez zuenetik, indefinizio egoeran zegoen (honen posizioa, Asanblada Konstituziogilea deitu arte, ez zegoela autonomia onartzerik zen). Ukrainarren asmoak ikusirik, Behin-Behineko Gobernuak negoziatzea erabaki zuen, eta honen hiru kide, Tsereteli, Kerenski eta Terextxenko (ukrainarra azken hau) bidali zituen Radarekin hitz egitera. Uztailaren 2an Behin-Behineko Gobernuak Ukrainaren autonomia onartu zuen, eta ekainean sortu zen Radaren Idazkaritza Ukrainako Gobernu autonomo bezala onartu zuen, Volodimir Vinnitxenko buru zela (hortik gutxira dimititu zuen, Dmitro Doroxenkok ordezkatu zuelarik). Uztailaren 3an, Ukrainako Radak Bigarren Unibertsala argitaratu zuen, akordioaren berri emanez.

Alta, Ukrainaren autonomiaren onarpenak ez zituen denak pozik utzi. Kieveko errusiar nazionalistek, Vasili Xulginen jarraitzailek biolentziaz erantzun zioten onarpen honi, eta Kieven istiluak eta borrokak izan ziren. Bestetik, kadeteek Behin-Behineko Gobernutik dimisioa eman zuten, Lehen Ministro Georgi Lvovek eta Garraio Ministro Nikolai Nekrasovek izan ezik (Kanpo Ministro Terextxenko ukrainarrak, kadeteekin lerrokatutakoak ere ez zuen dimititu, baina bera ez zen alderdikidea, “aldekoa” baizik). Lvovek gogor hitz egin zuen euren alderdien kontra, “eskuin muturreko gaizkile okerrenak bezala portatu dira” esanez. Leninek, kadeteen dimisioa, “burgesiak burgesia tiipiari bidalidako ultimatum” bat bezala irakurri zuen. Gobernu-krisi honek lotura zuzena izan zuen “uztaileko krisia” zeritzona piztearekin.

Ukrainako Radaren eta Behin-behineko Gobernuaren arteko harremanek abuztuan okerrera egin zuten: abuztuaren 4an Behin-behineko Gobernuak “Ukrainako autonomiarekiko Behin-behineko Gobernuaren araudia” eman zion Radako ordezkaritza bati. Radaren arabera, araudi horrek Ukrainako instituzio autonomoak oso menpeko posizioan ezartzen zituen, gehiago autonomia adminsitratibo soil moduan, izaera federaleko harreman baten partaide moduan baino. Bestetik, Ukrainako eskualde autonomoa bost probintziatara mugatzen zuen: Kiev, Podilia, Poltava, Volinia eta Txernihiv probintzietara (Radak Kherson, Taurida, Kharkov eta Jekaterinoslav ere Ukrainako eskualde autonomoan sartzea aldarrikatzen zuen). Ukrainako alderdiak Araudi honen kontra ageri ziren, hala ere, azkenean onartu egin zuten, Behin-behineko Gobernuaren kontra aritzeko nahikoa indarez zutelako, eta baita, behintzat Araudiak Ukrainako autonomia garatzeko legezko marko bat ezartzen zuelako. Ukrainar ordezkari batzuen arabera, “Araudi hau hain zehazgabea da, ezen irakurketa oso malguak ere egin daitezkeen” (Araudi hau atera zenerako kadeteak berriz Behin-behiuneko Gobernuan zeuden, eta baliteke Araudia bera Gobernuko sozialistek, uztailean autonomia onartu zutenek, orduan kontra agertu ziren kadeteei egindako emakida bat izatea).

(Argazkian: Radaren Idazkaritza, Ukrainako Gobernu autonomoa. Beheko ilaran, erdian, Idazkaritzaren lehendakari Volodimir Vinnitxenko. Behean eskuinetik lehena, Simon Petliura, Afera Militarretarako idazkaria, Guda Zibilean paper garrantzitsua izango zuena).