Ukrainaren autonomia adierazpena

Ukrainaren  autonomia  adierazpena

Announcement Date: 12th ekaina 1917

Ukrainako Radaren Idazkaritzak (hau da, batzorde exekutiboak), ekainaren 11n, Radaren Lehen Adierazpen Unibertsala egin zuen, Ukrainaren autonomia aldarrikatuz, “Errusiarengandik banandu gabe, ukrainar herriak bere lurrean bere bizitzaren inguruan erabakitzeko eskubidea” aldarrikatuz. Rada, “Ukrainako parlamentu” moduan, martxoaren 4an sortu zen (aintzatespenik gabe), Mikhailo Hruxevski historiagilearen zuzendaritzapean, eta batez ere ukrainar alderdi nazionalista burges eta burges-ttipien (are sozialista moderatuen) koalizio bat zen. Maiatzean, Radaren ordezkaritza bat, Vinnitxenkok zuzendutakoa, Petrogradera joan zen, Behin-behineko Gobernuari eskaerak planteatzera. Eskaerok oso apalak ziren: autonomia, Errusiar Armadan ukrainar unitateak sortzea, ukrainar bake-negoziaketetan ukrainar ordezkari bat egotea, Errusiar Gobernuan ukrainarrek bozkatutako ordezkari bat egotea eta ukrainar funtzionario kopurua handitzea. Hala ere, maiatzean Radaren delegazio hori indiferentziaz hartua izan zen, “Asanblada Konstituziogileak arazo hau konponduko du” esanez. Ez ordea ekaineko Autonomi-Adierazpena, zeina Gobernuaren inguruko alderdiek gogor hartu zuten: Behin-behineko Gobernuaren eta kadeteen postura, berehalako autonomiaren kontrakoa zen guda eta frontearen egoera aitzakiatzat jarrita (behin-behineko Gobernuak data horietan burutzen ari zen Ukrainako Kongresu Militarra debekatu zuen, kongresu hau azkenean burutu bazen ere). Eseristen arabera, Behin-behineko Gobernuaren posizioa “Ukrainaren autonomiaren kontra ez egotea” beharko zatekeen, baina “Asanblada Konstituziogilea deitu arte” ukrainar autonomia indarrean jartzearen kontra zeuden. Mentxebikeen arabera, ukrainar autonomia onargarria bazen, aldebakartasunez ezartzea onartezina zen. Leninen eta boltxebikeen arabera, Ukrainako Radaren eskaerak berehalakoan onartu behar ziren, baita ere Radak independentziarako eskubidea aldarrikatzen bazuen ere (ekainean ez zuen halakorik egin), hori baitzen nazio bien parekidetasun eta elkarren arteko ahaidetasun-konfiantzarako bidea. Hala ere, kontuan hartu behar da Rada ukrainar alderdi nazionalista burgesek osatua zela, Errusiako Behin-Behineko Gobernuan zeuden alderdien antzeko ideologia zutenek osatua, beraz ez zuten Gobernu honekin kontraesan handirik probokatu nahi. Ekainaren 13an, Ukrainako Radak “Idazkaritza Nagusia” eratu zuen, Ukraina autonomoaren Gobernu gisa, Volodimir Vinnitxenko buru (Lehen Adierazpen Unibertsala idatzi zuen pertsona), eta bandera hori-urdina ezarri zuen bandera gisa. Ekainaren 16an Errusiako Gobernuak Ukrainari “autogobernua tokiko erakundeen bidez gauzatzea eskaini zien”. Ekainaren 28an Behin-Behineko hiru ministro joan ziren Ukrainara negoziatzera: Kerenski, Tsereteli eta Terextxenko (ukrainarra berau). Uztailaren 3an Errusiako behin-behineko Gobernuak Ukrainaren autonomia onartu zuen, eta Ukrainako Radak Bigarren Adierazpen Unibertsala egin zuen, Ukrainako Gobernu autonomo legalaren izaera aitortuz.

(Argazkian: Ukainako Radako ordezkariak, Lehen Unibertsala aldarrikatzen, 1917ko ekainaren 12an, Kieven. Unibertsala irakurtzen, Mikola Kovalevski. Ezkerretara, bizar zuri luzearekin, Radaren lehendakari Mikhailo Hruxevski).