Ukrainako Radaren adierazpen antisobietarra

Ukrainako  Radaren  adierazpen  antisobietarra

Announcement Date: 7th azaroa 1917

Ukrainako Radak, 1917ko azaroaren 7an bere Hirugarren Unibertsala atera zuen, Ukrainako Errepublika Nazionala “Errusiari lotura federalez atxikitako Estatu gisa” aintzatetsiz. Radak, bere burua (eta ez Sobietak, ukrainar Sobietak) “Ukrainako botere bakar” bezala aldarrikatu zuen. Urriko Iraultzaren egunetan zehar Radak Kieven botere-organo bakar bezala ezartzea lortu zuen Sobieten eta Radaren matxinada konbinatu batean ostean, baina boterea Radaren eskuetan ezarri izan zuena Kieveko errusiar goarnizioa –Behin-behineko errusiar Gobernuaren tropak- izan zen, honek, galtzen zegoen boterea Radari laga ziolako, ez Sobietei. Ukrainako Radaren arabera, Ukrainako Errepublika Nazionala bederatzi probintziatan zegoen ezarria: Kiev, Volinia, Podilia, Txernihiv, Poltava, Jekaterinoslav, Kharkov, Kherson eta Taurida (Krimea gabe); Kursk eta Voronezh errusiar probintzietan eta Kholm poloniar probintzian etorkizunean erreferendum bat egitea eskatzen zuelarik (Voronezhen eta Kholmen gutxiengo bielorrusiar indartsu bat ere bazegoen). Ordura arte, aitzitik, ukrainar autonomia bost probintzietan soilik (aipatutako zerrendako lehen bostetan soilik) aplikatzen zen.

Ukrainako Rada Hirugarren Unibertsala iragartzen. Podiumean “1” zenbakiaz markatua, Simon Petliura, Radaren Arazo Militarretarako Idazkaria, eta “2” zenbakiaz markatuta, Mikhailo Hruxevski, Radaren lehendakaria.

Radaren testuan zenbait neurri demokratiko eta are “sozialista” agertzen ziren; adibidez, prentsa eta adierazpen askatasuna, tokiko autogobernua, heriotza-zigorraren abolizioa, 8 orduko laneguna, eta lurraren gaineko jabetza pribatuaren abolizioa, lurra “herriaren jabetzako” aldarrikatuz. Aldi berean, presoentzako amnistia ezartzen zuen eta baita ere Ukrainar Asanblada Konstituziogile batetarako hauteskundeen data jartzen zuen. Hala ere, Hirugarren Unibertsal horrek oso kutsu antisobietar indartsua zuen, eta ez soilik Ukrainako boterea ukrainar Sobieten eskuetan utzi ez zuelako. Radak, Ukraina autonomia bat izatetik unitate federal bat izatera justifikatu zuen “Errusian jada Gobernurik ez dagoelako”, beraz Errusiako Gobernu Sobietarra (Sovnarkom) ez zuten Gobernu gisa aintzatesten. Radaren arabera, Ukrainan guda zibila saihesteko “Errusiatik lekutu behar gara (…) hala Errusia hobeto lagunduko dugu demokratikoa izaten eta herri askeen federazio bihurtzen”. III Unibertsalean Alemaniarekin bake-negoziazioak hasteko asmoa agertzen zen.

Esan beharra dago, jada Radak urriaren 26an Urriko iraultza gaitzetsi zuen “Langileen eta Soldaduen Sobietak, demokrazia iraultzailearen parte bat direlarik, ez dute demokrazia iraultzaile osoaren izenean hitz egiteko ezta boterea hartzeko eskubiderik” esanez. Beraz, Radarentzat, Errusian ez zegoen zilegizko botererik, eta arrazoi horrek (“botere ezak”, edo hobe esanda Errusian botere boltxebikea izateak) aintzatesten zuen Rada Ukraina Errusiatik lekutzera. Radaren arabera, Errusia osoan, behin federalizatuta, “Gobernu sozialista homogeneo” bat ezarri behar zen, hau da, “alderdi sozialista guztien arteko koalizioa”; eta postura hori, Petrograden boltxebikeen kontrakoek zeramaten. Juryj Borys historiagile nazionalistaren arabera, “Radaren politika, honenbestez, mentxebikeekin eta eseristekin lerratu zen”. Mironenko ukrainar historiagilearen arabera, federalismoa eta ez independentzia aldarrikatzearen arrazoia, “boltxebikeak Errusian laster garaituak izango zirenaren ustea” izan zen (kontuan izan behar dugu Radak “Errusiako politikan” jokatzeko nahia izan zuela hurrengo asteetan: adibidez Asanblada Konstituziogilea biltzeko Kiev eskaini zuen).

III Unibertsala “Rada Txikian” (Radaren batzar iraunkor baten antzekoa) izna zen bozkatua, aldeko 42 boto, kontrako bat ere ez, eta 5 abstentzio jaso zituelarik. Radako alderdi nagusiek (Ukrainako Alderdi Sozial-Federalistak, Ukrainako Alderdi Sozialdemokratak eta Ukrainako Alderdi Sozialista Iraultzaileak –ukrainar eseristek-) Hirugarren Unibertsala izaera federalistako testu bezala interpretatu zuten, Juryj Borys historiagile nazionalistak azpimarratzen duen moduan. Borysen arabera, sozial-federalistek “Hirugarren Unibertsalak, Errusiako beste herriekin elkarlanean, Ukrainaren berreraikuntza nazional eta sozialerako aukera ematen du”. Eserista ukrainarren arabera, Hirugarren Unibertsalak “Ukraina eta errusiar iraultza salbatuko” zituen “baldin eta Ukrainaren, eta Errusiako herrien, anarkiak konkistatu gabekoek eta autodefentsarako gai direnen, elkarlana ona bada” (testu honen doinu antiboltxebikea nabaria da, “anarkia” botere sobietarrarekin identifikatzen baitzen). Ukrainar eseristen beste testu batean “Mendeetako ukrainar ametsa egi bihurtu da (…) ukrainar Estatuaren tradizioa berrezarri egin da”, ahal ere ñabartuz, “Estatua bera ez da gure azken helburua, ez da beste edozer ideia haren menpean jartzeko ideia gorena (…) beste herriekin lotura federalak behar ditugu, federalismoa, antolakuntza-sistema gisa, Estatu bereiziak baino hobea delako”. Ukrainako Alderdi Sozialdemokratak ere doinu berean hitz egiten zuen, alderdi honentzat Hirugarren Unibertsala federazioa eta Errusiako herrien arteko batasuna indartzeko modu bat zen: “Federaziorako bidea urratu behar dugu (…) honela, Errusia osoko proletalgoaren batasuna eta errusiar iraultzaren indarra bermatuko ditugu (…) Federalismorik ez badago, Errusiaren desagerpena izango da”. Beraz, ikusten dugun moduan, momentuz independentzia aldarrikatzeko asmorik ez zegoen ukrainar nazionalisten artean.

Ukrainako gutxiengo nazionalak Hirugarren Unibertsalaren aurka azaldu ziren. Borysen arabera (honen  bertsioa Hirugarren Unibertsalaren eta Radaren aldekoa da), gutxiengo nazionalek ez zuten hainbeste gaitzesten Ukrainaren autodeterminazioa, baizik eta eurei bermerik ez ematea (poloniarren kasuan) edota Errusiako fronte iraultzailea ahultzea (Bund judutarrak eta errusiar mentxebikeek). III Unibertsalak jaso zituen abstentzioak, alderdi hauenak ziren.

Boltxebikeak, bai ukrainarrak zein errusiarrak, Hirugarren Unibertsalaren aurka azaldu ziren. Ukrainar boltxebikeek Radari gaztigatzen zioten Petrogradeko Gobernu Sobietarra ez aintzatestea, eta Hirugarren Unibertsalak Gobernu hori gaitzestea, honen kontrako mugimendu bat bezala irakurriz. Ukrainar boltxebikeen arabera, Hirugarren Unibertsala nekazariak eta langileak “tronpatzeko modu bat da, emakida batzuk emanez lurjabeen boterea, erretolikan ez bada ere, erasotzen ez duelako”.

Ukrainako Errepublika Nazionaleko Idazkaritzak (Gobernuak), hasiera batetik, oso postura antisobietarra hartu zuen. Haatik, lehen erabakietako bat, frontean zeuden errusiar tropa pro-boltxebikeei, zurien guneetara, Donera eta Kubanera borrokara joatea galarazi zien (Juryj Borys historiagilearen arabera, are tropa sobietarrak ddesarmatu egiten zituen Radak), eta aldi berean bertatik Don eta Kubanera bertako Gobernu kosako kontrairaultzaileen alde zihoazen tropei ordea pasatzen uzten zien. Sovnarkomek abenduaren 5ean Radari bidalitako ultimatumean hori salatzen du eta Stalinek 1917ko abenduaren 12an horixe bera salatzen du (interesgarria da jakitea, Hirugarren Unibertsala argitaratu ostean, Radak “Errusiako gobernu guztiei” federalismoaren aldeko telegrama bat bidali ziela, eta Dongo kosakoen Gobernuak soilik erantzun zuela). Ukrainako Gobernuaren argudioen arabera, “Munduko beste edozein herrialdeetako Gobernuk ez du bere herrialdetik atzerriko tropak pasatzerik uzten”. Hala ere, argudio hau hainbat arrazoirengatik ez da guztiz zuzena: lehenik eta behin, Hirugarren Unibertsala aldarrikatu baino lehen, Ukraina eta errusiar tropak Estatu berekoak ziren, azken tropa hauek edozein frontetan zeudelarik (etorkizunean Ukraina independentea izango zela pentsatu gabe). Hori dela eta tropa hauek fronte osoa nahasita zeuden, ordura arte atzerrian ez baitzeuden: momentu batean estatuko parte batek independentzia aldarrikatzen badu, mugen demarkazio berria ezartzen da, eta Estatu berri horren fronte zatian dauden tropekiko negoziazioa hasi beharko litzateke, asko “Estatu zaharrekoak” baitira. Bigarrenik, Ukrainako Errepublika Nazionalak errusiar tropa sobietarrei galarazten zien gauza bera egiten zuelako: frontearen “errusiar zonaldeetan” (Ukrainatik at) zeuden ukrainar tropak Ukrainara ekarri. Izan ere, Arazo Militarretarako idazkari Simon Petliurak, lehen momentu batetatik, “armadako ukrainar unitateak” Kieven kontzentratzea erabaki zuen, frontea irekitzeko arriskua hartuz. Kasu horretan tropa horiek Ukrainarako bidean ere, atzerrian zeuden eta euren garraioa ere galarazi zezakeen Errusia Sobietarrak. Azkenik, kontutan hartu behar dugu Hirugarren Unibertsalaren arabera ere, Ukraina ez zela Estatu independente bat, baizik eta unitate federal bat. Haatik, Radak, Gobernu boltxebikeak Errusiako Asanblada Konstituziogileari (eseristei garaipena eman zien hauteskundeetan aukeratutakoari) biltzen debekatzen bazion, Asanblada hori Kieven bil zitekeela adierazi zuen, beraz, “independente” baino, Errusiako oposizioarekin lerratuta zegoela argi ikusten dugu.

Abenduaren 5ean, Sovnarkomek Radari ultimatuma bidali zion, ultimatum hau batez ere Leninek idatzi eta Stalinek zuzendu zuelarik. Ultimatum honetan, Radari “frontea desantolatzen uzteko”, militarrak pasatzen uzteko, Dongo kontrairaultzaileen kontrako borroka laguntzeko eta Sobietak desarmatzen uzteko eskatzen zitzaion. Radak ez zuen erantzun garbirik eman, Sovnarkomek “erantzun” hori aintzatetsi ez zuelarik. Hori dela eta Errusiako Errepublika Sobietarra eta Rada-Ukrainako Errepublika Nazionala bi potentzia etsai bilakatu ziren. (Juryj Borysen arabera, ultimatum honek ukrainar boltxebikeen artean nolabaiteko ikamika piztu zuen, batzuk, Jevgenija Box edo Juri Piatakov alde zeudelarik, beste batzuk, Volodimir Zatonski eta Vasil Xakhrai adibidez kontra zeuden, Rada maite ez zutelarik “etsai bezala tratatu ordez, barrutik bere osaketa aldatzearen alde zirelako”; Rada etsai gisa tratatzeak boltxebikeak ukrainar askapen nazionalaren kontrako gisa hartuak izatera eraman zezakeelako).

Bakearen politikari dagokionez, Hirugarren Unibertsalak, Errusiako Gobernu antibelizista berriarekin haustura bat suposatzen zuelarik, potentzia inperialistak Ukrainara erakarri zituen. Frantziarrek eta ingelesek Ukrainara euren ordezkaritzak bidali zituzten, moduren batean Kieveko Gobernuarekin komunikazio mota bat zabalduz (Petrogradeko guztiz hautsita zutenean). Jakina, bi potentzia hauen interesa Ekialdeko frontea mantentzea zen, Errusiarekin ez bazen, Ukrainako Errepublika Nazionalarekin saiatu ahal ziren. Alemaniak, ordea, Ukraina bere aldera ekartzeko asmoa zuen. Abenduaren 11n Radak bake-negoziazioetara bere ordezkaritza propioa eramatea erabaki zuen, eta Gobernu Sobietarrarekin sinatutako itun orok Ukrainan efekturik ez zuela esan zuen.

(Goiko irudian, Hirugarren Unibertsalaren testua).