Tsarraren dimisioa

Tsarraren  dimisioa

Announcement Date: 2nd martxoa 1917

Romanov dinastiaren 300 urte pasatxo eta Errusiar monarkiaren historia bukatu zuen dimisioa martxoaren 2an izan zen.

Egun gutxitan tsarrak bere aldeko babes guztia galdu zuen, batez ere bera gertakarien neurrira egon ez zelako, eta praktikan, otsaileko Egunetan zehar, ia-ia iritzi publikoaren sektore guztiak, aldekoenak baita, bere abdikazioa irteera bakarra zenaz konbentzitzen joan zirelako. Eta ez bakarrik berekiko babesa, baizik eta dinastiarekikoa eta monarkiaren ideiarekikoa baita. Egia baldin bada, Petrogradeko langileek, batez ere Otsailaren 23tik 27ra greban eta manifestazioan egon zirenek oihu eta eskaera antitsaristak egin zituztela, kontuan izan behar dugu horiek alderdi sozialisten aldekoak zirela, hau da, orduko Errusiar Estatutik at zeuden sektoreak, berez tsarrak entzuten ez zituen eta bere botere-oinarriaren parte ez ziren sektoreak. Beste alde batetik, egia da baita ere, tsarra edo “Gobernua”, behintzat ordura arteko Gobernua, masaren parte handi batentzat inpopularra zela, batez ere soldaduentzat; sektore hauek euren kabuz agian ekimena hasteko ezgai ziren, baina Gobernua eroriz gero ondo hartuko zuten. Baina 1917ko urtarrilean, Estatu-egiturako pertsonek, guztiak ez esatearren, ez zuten tsarraren abdikazioan pentsatzen (eta Estatu ez-demokratiko batetan, agintari baten popularitate neurria eta patua hauek erabakitzen dute masek baino gehiago). Bada, abdikatu aurretik azken sektore horien babesa ere galdu zuen tsarrak.

Egia da aurreko hilabete eta asteetan “Estatu-kolpe bigun” batez hitz egiten zela, batez ere, tsarra eta bere familia (tsarina eta Rasputin, nagusiki) eta nare “bere ingurua” liberalentzat nahiko inpopularra bihurtzen ari zelako (batez ere, sektore tradizionalista atzerakoiei hertsita, Armadan beharrezko erreformak egitea oztopatzen zutelako, eta Alemaniarekin bakea sinatzeko susmagarriak zirelako). Gudan zehar gero eta argiago egiten ari zen tsarraren (edota bere laguntzaile hurbilekoen, tsarra frontean zegoenean) agintea oso traketsa eta pattala zela. Hala ere, 1917ko otsaila arte, “Estatu-kolpe bigun” horien plan gehienetan, ez zen tsarra kargugabetzea aurreikusten, gehienez bere politika baldintzatzea edo asko jota Konstituzio bat inposatzea (ea ikusi behar da plan hauek, 1916an Rasputin erailtzeko planaz beste, benetan egikaritzeko zorian zeuden ala hizketa besterik ez al ziren). Baina azken puntu hori, hau da, absolutismoa modu batean edo bestean mugatzea, tsarrarentzat anatema zen, eta horrek liberalekiko eta azken momentuan bere hurbileko jeneralekiko zubiak apurtzea ere ekarri zion. Aurretik aipatutako “Estatu-kole bigun” horietako planak benetakoak ala hizketa edo “animo egoera” bat soilik baziren ez dago guztiz frogatuta; baina hizketa edo “animo egoera” izateko kasuan, 1917an benetakoak bihurtu ziren, edo egoerak benetako bihurtu zituen. Bestetik, hain manifestazio handien aurrean, errepresio hutsaren aldeko apustuak, Petrogradeko goarnizioko tropen babesa galtzea ere ekarri zion.

Otsailaren 23 eta 24ko istiluen aurrean tsarrak ez zuen batere erreakziorik izan, are gehiago, otsailaren 24an Protopopov Barne Ministroak “istiluak bukatu dira” esan zuen, eta are Gutxkovek bitartekaritzarako egin zuen proposamena ukatu zuen Gobernuak (kosakoek ordenen kontra manifestazioak disolbatzeari uko egin bazioten ere). Otsailaren 25ean, protesten neurriaren berri izan zuenean, bere lehen erreakzioa, manifestazioak berez zanpatzea (ordenaren tropa batzuek uko egiten bazuten ere) izan zen, hauekin (edo Dumako liberalekin) konpromezu bat bilatu ordez. Petrogradeko gobernadore militar Khabalov jeneralak jada bazekien horrela ezin izango zuela ordena berrezarri, baina tsarrak ez zuen beste biderik onartu. Otsailaren 26an, Khabaloven tropen unitate batzuk altxatu ziren egunean, tsarrari ez zitzaion Duma disolbatzea besterik bururatu (ordura arte, Dumak eta bere kideek protestetan izan zuten papera hutsaren hurrena izan zen). Oraindik otsailaren 26an Dumako lehendakari Mikhail Rodziankok tsarrari telegrama bidali zion honek Gobernua Dumako politikariez osatutako Gobernu batez ordeztu zezan eskatuz: Tsarrak uko egin zion eskaera horri, eta gainera Rodzianko mespretxatu zuen, beraz liberalekin zubi guztiak hautsi zituen. Otsailaren 27an, jada Petrograd hiri osoa iraultzaileen esku zegoelarik; tsarraren Gobernu osoak dimisioa eman zuen, eta Dumako Kideen Behin-Behineko Komitea sortu zen, praktikan de facto Gobernu bezala. Otsailaren 27an Khabalovek tsarrari aurretik zekiena komunikatu zion: ezin zuela bere ordena, matxinada besterik gabe zapaltzekoa bete. Egun horretan, tsarraren gertuko pertsonek ere Dumako Komitearekin negozia zezan eskatzen zioten, tartean bere anaia Mikhail duke handiak eta Mikhail Alekseiev armadaburuak, baina tsarrak oraindik ezezkoa ematen zuen: bere erantzun bakarra arratsaldez Nikolai Ivanov jenerala frontetik Petrogradera matxinada zapaltzera  bidaltzea izan zen, Gobernuak dimititu aurretik eskatu zion moduan (Khabalovek Ivanovi esan zion ezinezkoa zela). 27an tsarrak Petrogradera itzultzeko erabakia hartu zuen, Tsarskoie Selotik pasatuta.

Hurrengo egunean, otsailaren 28an, Ivanovekin zihoazen tropa batzuek ere uko egin zioten alde batean edo bestean borrokatzeari, eta jada matxinada Moskura, Baltikora eta Kronstadtera zabaldu zen. Khabalovek Ivanovekin komunikatzea lortu zuenean esan zion ez zuela ia troparik bere agindupean gehienak iraultzaileen aldera pasa zirelako, eta hiri osoa iraultzaileen esku zegoela. Beraz ez zeuden tropa nahikoa ezta ere Peotrgrad zanpatzeko. Bestetik, tsarraren trena ezin izan zen Tsarskoie Selora iritsi, trenbidea iraultzaileek hartu zutelako, eta beraz, Malaia Vixeran gelditu eta handik Pskovera egin behar izan zuen, otsailaren 28ko gauean heldu zelarik. Pskoven, tsarra Nikolai Ruzski jeneralak hartu zuen, Ruzskik tsarrari dimititzeko aholkatu zion, hori egiten zuen lehen militarra izan zelarik. Bestetik, Mikhail Alekseiev armadaburuak ere, tsarraren dimisioa eskatu ez bazuen arren, Dumaren peko (eta ez tsarraren peko) Gobernu monarkiko konstituzional bat sortzea gomendatu zuen. Tsarra jeneralen artean babesa galtzen ere hasi zen.

Martxoaren 1ean Petrograden Behin-Behineko Gobernu berri bat osatu zuten, Dumako Kideen Komiteak eta Sobietak babestuta, eta iritzi publikoaren aintzatespenarekin. Behin-behineko Gobernu horren asmoetan ez zegoen Nikolai IIak Estatuburu bezala jarraitzerik. Martxoaren 1ean bertan, Dumako Komiteak Gobernu berria burges liberalez eta ez Sobieteko sozialistez osatua egongo zela baieztatu zionean, Mikhail Alekseiev armadaburuak Ivanov jeneralari Petrograd hartzen ez saiatzeko eta zigor-espedizioa bertan-behera uzteko eskatu zion. Goizaldean Ruzski jeneralak Rodziankorekin teletipoz hitz egin zuen. Ruzskik esan zuenez, tsarra ados egongo zatekeen Dumaren peko Gobernu bat eratzearekin, baina Rodziankoren arabera, “jada berandu da”.

Martxoaren 2aren goizaldean, Alekseievek bere posizioa finkatu zuen, eta tsarraren abdikazioan pentsatzera pasa zen, fronte ezberdinetako jeneralei komunikatuz. Aleksei Brusilov jeneralak, 1916an errusiar ofentsiba arrakastatsua burutu zuenak eta jeneralen artean soldaduen begietan ospe handikoena zenak, segituan babestu zuen; eta gerora beste jeneral-komandanteek (Aleksei Evertek, Vladimir Sakharovek, Nepenin almiranteak eta Nikolai Nikolaievitx Duke Handiak). Nikolai IIak, Nikolai Ruzskirekin bildurik eta honek Armadaren eta Dumaren posizioa zein zen komunikatu zioenean, Aleksei semearengan abdikatzeko erabakia hartu zuen. Dumako Komiteko kideak ziren Aleksandr Gutxkov (Guda-ministro berria) eta Vasili Xulgin tsarrarengana abdikazioaz konbentzitzera iritsi zirenerako, jada erabakia hartua zuen tsarrak. Egoera segituan komunikatu zuten Petrogradera (Miliukovek martxoaren 2an Gobernu berria jendeaurrean aurkeztu zuenean, Aleksei tsar oinordekoa izango zela komunikatu zuen). Hala ere, gerora, Fiodorov doktoreak tsarrari esan zion bere seme Alekseik oso aukera gutxi zituela hemofilia-gaixotasuna gainditzeko, eta gainera, ziur aski, Aleksei tsar berria izango balitz, Nikolai berarengandik apartatu beharko zela. Nikolaik, bere “aitatasun-sentimenduak” aipatuz, bere semearengandik urrundu ezin zela argudiatu zuen, eta beraz, abdikazio-manifestu berri bat idatzi zuen, bere eta bere seme Alekseiren izenean abdikatuz, eta tronuarekiko eskubide guztiak bere anai Mikhail Aleksandrovitx Romanov Duke Handiari pasatuz. Behin-behineko Gobernuaren ordezkariek abdikazio bikoitza onartu zuten (Petrogradera bueltan, langile batzuek ia-ia Gutxkov jo egin zuten honek berri ematerakoan, hitzaldia “gora Mikhail enperadorea!” oihuarekin bukatu zuenean).

Zenbait monarkikok, batez ere juristek eta antzekoek, argudiatu zuten tsarraren dimisioa teknikoki ilegala izan zela, tsarrak eskubidea izan bazuen abdikatzeko, baina ez bere seme Alekseiren ordez abdikatzeko. Beste argudio baten arabera, Nikolaik goizean jada Alekseirengan abdikatu zuenez gero, jada ez zuen gauean ondorengotza aldatzeko eskubiderik. Beraz, tsarista horien argudiaketaren arabera, ondorengo erregimena legez kanpokoa litzateke. Hala ere, momentu hartan tsarraren ondoan zeuden bostetatik inork ere ez (denak monarkikoak izanda) argudiatu zuen abdikazio bikoitzaren kontra.

Martxoaren 9an Sobietak tsar ohia eta bere familia atxilotu egin zituen.

(Argazkian, lehen lerroan ezkerretik hasita, Vladimir Fredericks, Nikolai Ruzski, Vasili Xulgin, Aleksandr Gutxkov eta Nikolai II. Honen atzean Narixkin jenerala).