Tsarraren atxiloketa

Tsarraren  atxiloketa

Announcement Date: 9th martxoa 1917

Martxoaren 9an Nikolai Romanov koronela (ofizialki armadaren titulu hori mantentzen zuen) atxilotua izan zen. Martxoaren 2an abdikatu zuenetik, non zegoen ez zen oso ondo jakina Errusian, eta zurrumurru batzuen arabera, Errusiatik ihes ere egin zuen. Martxoaren 3an, Sobietaren ekimenez, tsarra eta bere familiako kide guztiak atxilotzeko agindua ere iritsi izan zen. Hala ere, kontuan izan behar dugu Behin-behineko Gobernuak ez zuela tsarra atxilotu nahi (Richard Pipes historiagilearen arabera, Nikolaik Behin-behineko Gobernuari eskatu zion Krimean bizi nahi izan zuela, eta Lvovek eskaera onartu egin zuen), eta britainiar Gobernuarekin negoziazioak hasi zituen tsarra hara deportatua izan zedin (Nikolaik britainiar erret-familiarekin senidetasuna zuen). Bestetik, martxoaren 6an Britainiar Gobernuak erbesteratze-eskaintza egina bazuen ere, eskaintza hori ez zen oso argia izan. Tsarra gonbidatzearekin batera “hobe herrialde neutral batetara joatea” aholkatu zioten. Gainera, parlamentuan denak ez zeuden gonbidapen horren alde, Alderdi Laborista tsarra gonbidatzearen kontra agertu zen. Gerora Frantziak aterpe eman ziezaion proposamen bat agertu zen, baina ez oso sendoa eta frantziarrak ere ez zeuden Nikolai hartzearen alde. Negoziazio hauetaz jabetu zenean, martxoaren 8an, Sobietak, ez tsarrak ez bere familiako inork Errusia utzi ezin zutela zioen agindu bat eman zuen (momentu horretan Sobietak ez zekien tsarra non zegoen). Sobietak ez zuen nahi tsarra Errusiatik ateratzerik, konplot kontrairaultzaileak animatu zitzakeelako, are elementu batzuek Peio eta Pauloren Gotorlekuan kartzelaratu nahi zuten. Antza denez, tsarra Pskovetik Mogilevera itzuli zen Estatu Nagusiari agur egitera, eta geroago Kieven egun batzuk pasatu zituen, bere ama bisitatu nahi zuela eta. Baina bere familiari bidalitako gutun batean “nire pentsamenduan zegoen gauza bakarra zuekin elkartzea zen”. Tsarskoie Selora iritzi zenean, ez zen bere kontrako atxiloketa ordenaz jakitun.

Martxoaren 8an bertan, Lavr Kornilov Petrogradeko komandantearen aginduz, tsarina ohia, Aleksandra Romanova, eta bost seme-alabak atxilotu zituzten, Tsarskoie Selo herriko tsarraren egoitza pribatuan atxilotu zituztelarik. Kornilovek atxiloketa hau Sobietaren aginduz egin zuen,, baina Pipesen arabera, tsarinari esan zion  “ahal bezain laster, Murmansketik Ingalaterrara aterako zarete” (hau da, Behin-behineko Gobernuak nahi zuen moduan). Tsarra martxoaren 8an iritsi zen Tsarskoie Selora, non tsarina atxilotuta zuten soldaduek bere atxiloketaren berri eman ziotenik. Berria Sobietarengana iritsi zenean, beste 300 bat gizon bidali zituzten tsarra zelatatzera.

Atxilotzeaz gain, tsarrari bere jabetza-ondasunak nazionalizatu eta errusiar herritartasuna kendu zioten.

Tsarra eta bere familia Tsarskoie Selo tsarraren opor-etxaldean egon ziren atxilotuak. Atxilotzeaz gain, eurei bisita egiteko Petrogradeko Sobietaren Ispolkomari baimena eskatu behar zitzaion, eta bere telefono dei eta idatzi eta jasotako gutunak interbenituak izan ziren, hala ere “gutunak idatzi eta bisitak jaso ahal zituzten”, Virginia Cowles historiagilearen arabera: “bizitza mugatu baina lasaia zuten, molestia handirik gabekoa”.  Ironikoki, tsarrak eta bere familiak Behin-behineko Gobernuan izan zuten “kontaktua” edo “laguna”, Gobernu horretako sozialista bakarra izan zen, Aleksandr Kerenski Justizia ministroa (harreman hau Kerenski lehen ministro izan zelarik mantendu egin zen). Atxiloketa-erregimena nahiko lasaia zen, eta horrek Sobietaren aldetik kexak eragin zituen. Tsarraren bizitza Tsarskoie Selon baratzeko lanak egiten, zuhaitzak mozten, seme-alabei heziketa eta klaseekin laguntzen eta irakurtzen oinarritu zen. Abuztuan Tobolsk hirira bidali zuten, non zaintza-erregimena, hasieran Tsarskoie Selon baino lasaiagoa izan zen, tsarraren ihesa prestatu zuten konspirazio batzuk ere egon zirelarik. Hala ere, Urriko Iraultzarekin batera, okertu egin ziren tsarraren bizi-baldintzak, zaintzaileak zorrotzagoak izan zirelarik 1918.eko apiril-maiatzean, Jekaterinburg hirira aldatu zituzten, han Jakov Jurovski eta Filip Golostxiokin boltxebikeen ardurapean geratu zirelarik. Uztailean Jurovski buru zen pelotoi batek tsarra eta familia exekutatu zituen. Ez dago hain argi nork eman zuen tsarra exekutatzeko ordena, Sovnarkomek edo Uraletako Sobietak, bi organoetan zatiketa handia baitzegoen (boltxebikeen lehen asmoa tsarra Moskura eraman eta han epaiketa publiko bat egitea zen; tsarrak, bere autismoan Brest-Litovskeko Ituna sinatu arazi egingo ziotela pentsatu zuen, jakina, azken hau zentzugabekeria bat zen). Ziurtzat jo dezakeguna da Armada Zuria Jekaterinburgera hurbiltzeak tsarraren exekuzioaren erabakia, erabaki hura hartu zuena edonor zelarik, erraztu egin zuela.

(Irudian, tsar ohia Tsarskoie Selon, atxiloaldian).