Tropen altxamenduak eman dira Petrograden

Tropen  altxamenduak  eman  dira  Petrograden

Announcement Date: 26th otsaila 1917

Otsailaren 26an, errusiar Estatu tsaristaren krisia nabarmen ageri izan zen, batez ere Petrograden. (Richard Pipes historiagilearen arabera “krisia soilik Petrogradera mugatu zen (…) soldaduen altxamendu bat soilik izan zen”. Hala ere, historiagile denen arabera, 26an krisia oso handia zen, eta errepresioaren bidezko “Konponketa” perspektibetarako atzera-buelta bat izan zen). Goizak lasai ematen zuen: igandea zen eta jendea ez zen lantegietara joan, beraz, Trotskiren arabera “Langileak manifestazioan joateko antolatzea zailagoa izan zen” (nahiz eta zerbitzuak geratuta egon). Bestetik Gobernuak, aurreko bileran erabakitakoari jarraiki, manifestarien kontra tiro egiteko erabakia hartua zuen eta ametrailagailuak jarri zituen. Goizena Petrogradeko Komite Boltxebikea eta beste sozialista batzuk atxilotu zituen poliziak. Baian goiza bukatzen ari zela, 300.000 bat langile zeuden manifestazioan, Errusiako Historia Entziklopediaren arabera.

Poliziak, frankotiratzaileen moduan tiro egin zuen masen kontra, baina egun honetan soldaduek ere tiro egin zuten. Aurreko gaueko Gobernuaren bileraren aginduak jarraiki, goizean tropek manifestarien aurka tiro egin zuten: Semionovski erregimentuak (Nevski eta Vladimir etorbideen gurutzebidean), Pavlovski erregimentuak (Nevski etorbidean, merkatutik gertu) eta Volinski erregimentuak (Znamenskaia enparantzan) hain zuzen. Azken horretan 50 bat pertsona hil zituzten. Hala ere, bonek masak beldurtu ordez harrotu egin zituen, eta soldaduak zalantzez josi. Trotskiren arabera, masek ez zuten soldaduak bereganatzeko itxaropenik galdu, poliziarekin gertatu ez bezala (beraz, bi gorputzen arteko pertzepzio-bereizketak bere hartan jarraitzen zuen).

Lehenik Pavlovski erregimentuaren koartelera sartu ziren masak, eta oihuka, erregimentu horretako IV konpainia matxina zedin lortu zuten. Oraindik Gobernuaren alde zeuden tropek matxinada hau kontrolatzea eta matxinatuak atxilotzea lortu zuten. Baina matxinadarik gogorrena Volinski erregimentuaren koartelean hasi zen (Znamenskaia enparantzako sarraskia burutu zuen erregimentuan), Sergei Kirpitxnikov buru izan zela. Komandantea hil zuten koartelean bertan (honek masen kontra berriz oldartzeko agindua eman eta alde egin ondoren) eta geroago, beste erregimentu batzuek altxatu ziren: Finlandiakoa (Fiodor Linde agitatzaileen buru), Lituaniakoa, Ingeniariena, Moskukoa eta Preobrazhenski (Viktor Xklovski idazlea buru). Soldaduak kalera atera ziren herriarekin bat egitera eta armategiak hartu zituzten. Egun honetatik aurrera, iraultza diziplinatu eta militarizatu egin zen, hau da, Orlando Figesen hitzetan: “iraultzaileek antolaketa maila handiago bat izan zuten; zubiak kontrolatuz, kontrolak ezarri, telefonoak kontrolatuz…)”. Eguna bukatzerakoan 150 bat hildako izan zirela kalkulatzen da.

Tsarrak egun honetan erakutsi zian zuen itsukeria berarentzako eta monarkiarentzako kaltegarria izan zen: gauean Dumako lehendakari Mikhail Rodziankok telegrama bat bidali zion Dumarekin adostasunez Gobernu bat osatzeko eta tsarrak ez zion erantzun. Gainera Rodzianko mespretxuz tratatu zuen bere laguntzaileen artean. Horrez gain, Gobernuak Duma disolbatu zuen. Erabaki horiekin, liberalekin zubi guztiak hautsi zituen eta hauek iraultzara, edo hobeto esanda, iraultzaren zutarriengan babesa bilatzera eta iraultza bere burura (langile boterera) irits ez zedin euren kabuz jokatzera (euren boterea aldarrikatzera) bultzatu zituen: Hau da, langileek “emaniko” botererako plataforma hartzera eta “zilegitasun berriaren arabera jokatzera” bultzatu zituen.

(Argazkian: Langilean Znamenskaia plazan).