Traizioa Alderdi barruan? Kamenevek eta Zinovievek Alderdia salatzen dute

Traizioa  Alderdi  barruan?  Kamenevek  eta  Zinovievek  Alderdia  salatzen  dute

Announcement Date: 18th urria 1917

Urriaren 18an, mentxebikeen ezker ildoarekiko hurbilekoa zen Novaia Zhizn egunkarian Kamenevek sinatutako gutun bat argitaratu zuten, honen eta Zinovieven izenean Alderdiak matxinada prestatzeko hartu zuen erabakiaren aurka protestatuz. Kamenev momentu horretan ez zen Komite Zentraleko kide (urriaren 16an dimisioa eman zuen) baina bai Alderdiaren kide.

Idatzi horretan, boltxebikeen erabakia, matxinada, “desesperazio ekintza” bezala deskribatzen zuen Kamenevek. “Une honetan, Sobietaren Biltzarraren aurretik eta honen bizkar matxinada armatu batetara deitzea proletalgoarentzat eta Iraultzarentzat onartezina eta are hondatzeko moduko kaltegarria den urrats bat izan daiteke”. Kamenevek idatzi horretan “ez soilik nire eta Zinovieven izenean, baizik eta hala pentsatzen duten beste burkide askoren izenean” hitz egiten zuela esan zuen, burkide horiek identifikatu ez bazituen ere.

Leninek Burkideei gutuna deitutakoa idatzi zuen urriaren 18ko goizean bertan, Kameneven eta Zinovieven argudioei erantzunez. Bion argudioak “ahulak, boltxebismoaren eta internazionalismo proletario iraultzailearen ideia guztien apurketa suposatzen dutenak” zirela esan zuen. Leninek matxinaden boterea gutxiestea (nekazal matxinadek Gobernuaren aldetik lurraren banaketaren promesak lortu zituztela esan zuen, Asanblada Konstituziogilean fede gehiegi izatea (burgesia Sobietak garaitzeko gai bazen, Asanblada hori ere garaituko zuela zioen Leninek), Alderdia eta Sobietak “presio-lanera” mugatzea, burgesiak Petrograd lagatzearen arriskua gutxiestea (arrisku hori matxinada aurreratzeko argudio bat zen), ekimen politikoari uko egitea (kontrairaultzari erantzutera mugatzea), nazioartean iraultzaren alde zeuden indarrak gutxiestea, masen erradikalizazioa ez balioestea eta beraz boltxebikeen isolamendua handiestea eta matxinada konspiraziora mugatzea eta beraz Errusian gertatzen ari zen intsurrekzioa, Sobietetan boltxebikeek zuten gehiengoa eta masen nahiak kontutan ez hartzea leporatu zien Zinovievi eta Kamenevi (euren izenak aipatu gabe). Beraz, goizez idatzitako gutun hau ez zen publikatzekoa, “Alderdiaren barruan, burkideekin eztabaidatzekoa” baino, baina Leninek idatzi eta berehala Novaia Zhiznek “Bi boltxebike esanguratsuk berehalako ekintzaren kontra idatzitako gutun bat” argitaratuko zuela jakin zuenean, “egia bada, gutun hau berehala argitaratzeko” agindua eman zuen.

Arratsaldez, gutunaz jabetu zenean, are gogorrago mintzatu zen: “alderdi barneko eskirolak” eta euren “traizio larria” gaitzetsi zituelarik. Leninek bi burkideek irailetik, eztabaida hasi zenetik, matxinadaren kontra ezer ez esan (urriaren 10eko bileran izan ezik) eta jada ordu erabakigarria gerturatzen ari zenean publikoki hura publikatzea deitoratu zien. Leninek esan zuenez “lotsagarria izango zatekeen nire partetik, iraganean izandako harremanengatik bi burkide hauek deitoratuko ez banitu (…) Hemendik aurrera ez ditut burkidetzat hartzen, eta bai Alderdiaren barnean zein Komite Zentralean alderditik kanporatuak izan zitezen gogor borrokatuko dut”. Leninek esan zuenez “Oraindik ezin dut esan zenbaterainoko mina egin duen honek, baina min handia denaz ziur nago”. Urriaren 19an Komite Zentralari bidalitako beste gutun batean, Kameneven gutunean agertzen ziren zenbait argudio ihardetsi zituen Leninek. Leninen arabera, ez da egia erabakia “aldez aurretik hartua” zegoenik, ez eta urriaren 10eko Komite Zentraleko bilerak gehiengoa ordezkatzen ez zuenik (21etitk 12 kide agertu baitziren) “Kamenevek jakin baitzekien agertu ez ziren denak ez zeudela berarekin ados”. Zinovievi buruz, honen “Leninek ere erabakiak hartu aurretik bere gutunak bidaltzen zituen” argudioari erantzunez, Leninek “lehenago bai, baina behin erabakia hartuta, honen kontra agitatzea eskirolarena egitea da”. Beste alde batetik, bai Kamenevek zein Zinovievek esaten zutena “Alderdiaren etorkizuna ezin dute hamar pertsonek erabaki “ (hamar ziren urraren 10ean matxinadaren alde bozkatu zutenak), Leninek esan zuen biek bazekitela eta hala onartu zutela, ilera hori erabakigarria zela. Bigarren gutun horretan, Leninek Kamenevena eta Zinovievena “erabat eskirolarena egitea” eta “krimena” zela esan zuen.

Leninek Kamenev eta Zinoviev alderditik kanporatuak izan zitezen eskatu zuen, baina halakorik ez zen gertatu. Stalin zein Trotski urak baretzen saiatu ziren: Trotskik Petrogradeko Sobietak matxinadaren aldeko erabakiri hartu ez zuela esan zuen  (egian esan, hau distrakzio maniobra bat zen, izan ere Petrogradeko Sobieta ez zegoen auzitan, erabakia Alderdiak hartu baitzuen). Trotskiren gutuna Kamenevi krisia areagotu ez zedin herskari bat eskaintzea izan zen, eta Kamenevek heldu egin zion, “adierazpen honekin ados nago” esanez; eta Zinovievek gauza bera esanez gutun bat idatzi zuen. Halere, Trotskik hau ez zuen ondo ikusi, “jokaldi zikin” bezala deskribatu zuen: “nik, formula defentsibo honekin politika ofentsibo bat kamuflatu nahi nuen, eta Kamenevek bere aldeko politikarekin identifikatu nahi ninduen”. Leninek ere gauza bera esan zuen “Kamenev Trotskirekin ados dagoeneko hori iruzurra besterik ez da, Trotskik zegoen tokian, etsaia entzuten ari zelarik, ezin baitzuen besterik esan”. Stalinek, urriaren 20, “Kameneven eta Zinoveiven asken adierazpenek egoera baretzeko balio izango dutenarengan itxaropena dugu. Leninen doinu mikatzak ez du esan nahi guztiok bat ez gaudenik” (gutun hori, Carren arabera, ez da Stalinen Lan Osoen bilduman agertzen, agian sinatu gabe zihoalako, baina “Stalinek idatzi zuenaren inguruan ez dago zalantzarik”). Urriaren 20an egin zen Komite Zentralaren bilera batean (Lenin ez zen joan) Kameneven dimisioa bost botoz hirurren kontra onartu zuten; eta Komite Zentralak Kamenevi eta Zinovievi alderdiaren erabaki edota ebazpenen kontrako adierazpen berririk egin ez zezaten eskatu zien; hala ere, Leninen eskaera, biak Alderditik botatzekoa, ez zen onartua izan.

(Goiko irudian, ZInnoviev (ezk.) eta Kamenev (esk.))