Sovnarkomen (Herri-Komisarioen Batzordearen) sorrera

Sovnarkomen  (Herri-Komisarioen  Batzordearen)  sorrera

Announcement Date: 26th urria 1917

Urriaren 26tik 27ra doan goizaldeko ordu bi eta erdietan, Gobernu Sobietar berria sortu zen, Herri Komisarioen Batzordea, Sovnarkom (Soviet Narodnikh Kommisarov) laburduraz ezagutua. Sovnarkom hau VTsIKen, Sobieten ordezkarien, menpe zegoen Gobernua zen. Hala gauzatzen zen Estatu proletarioa, Goberna langileen erakundeen pe ezarriz.

Honen bidez, VTsIKek eta Sovnarkomen, botere berriaren administrazioan Milrevkom ordezten dute, botere sobietarra formalizatuz; izan ere Milrevkom izan zen boterea hartzeko erakundea eta botere berria osatu arte hiriaren administrazioaren arduradun izan zena. Urriaren 26an bertan, Milrevkomek, behin-behineko direktorio antzeko bat osatu zuen, ardura ezberdinak banatuz. John Reeden arabera, hauek izan ziren “Gobernu enbrioi” honen kideak: Kanpo Arazoetan, Uritski; Barne Arazoetan eta justizian, Rikov; Finantzetan, Menzhinski; Laguntza Sozialean, Kollontai; Merkataritzan, Riazanov; Itsas-armadan, komite berezi bat; Telegrafoetan, Spiro; Antzeztokietan, Muraviov; Herri-inprimategietan, Derbixev; Petrogradetako komisario gisa Nesterov, eta Iparraldeko Fronterako komisario gisa, Pozern. Hau Sovnarkomen enbrioia izan zen.

Sobieten II Biltzar Nagusian aukeratutako VTsIK zen Sovnarkomaren arduradun

Kamenevek, VTsIKen lehendakari berri gisa (beraz, Estatuburu sobietar berri gisa) irakurri zuen Sovnarkomen osaketa dekretua: “Asanblada Konstituziogilea osatu artean, Langileen eta Baserritarren Behin-behineko Gobernua, Herri-Komisarioen Biltzarra deitutakoa, eratzen dugu. Estatuaren alor ezberdinetako iharduerak komisioen eskuetan geratuko dira, hauek langileen, marinelen, soldaduen, baserritarren eta enplegatuen erakunde zabalekin aliantzan Biltzarraren programa bete behar dutelarik. Gobernu-boterea komisio hauen lehendakarien bazkunean, hau da, Herri-Komisarioen Biltzarrean datza. Herri-Komisarioen Biltzarraren gaineko kontrola Langileen, Baserritarren eta Soldaduen Ordezkarien Sobieten Biltzar Nagusiari eta honen Komite Exekutibo Zentralari dagokio”. Beraz, ikusten dugun bezala, Gobernuaren gainetik Sobietak eta honen Komite Exekutibo Zentrala jartzen dira; baina oraindik ate bat zabalik uzten zioten Asanblada Konstituziogilearen deialdiari. Segituan lehen Sovnarkomen kideen izenak eman ziren.

Lehendakaria: Vladimir Lenin
Ekonomia eta Finantzak: Ivan Skvortsov-Stepanov
Armada eta Itsas-Armada: Vladimir Antonov-Ovseienkok, Pavel Dibenkok eta Nikolai Krilenkok osatutako hirukotea.
Barne Arazoak: Aleksei Rikov
Kanpo Arazoak: Lev Trotski
Nazionalitateak: Josif Stalin
Herri Hezkuntza: Anatoli Lunatxarski
Arazo Sozialak: Aleksandra Kollontai
Lana: Aleksandr Xliapnikov
Justizia: Georgi Oppokov
Nekazaritza: Vladimir Miliutin
Horniketa: Ivan Teodorovitx
Merkataritza eta Industria: Viktor Nogin
Posta eta Telegrafoak: Nikolai Glebov
Trenbideak: Momentuz hutsik.

Sovnarkom sortzea, “Rabotxi i Soldat” egunkari boltxebikean argitaratua.

Laguntza Sozialeko Herri-Komisario postua, bi egun beranduago, urriaren 29an sortu zen eta egun horretan hartu zuen postua Kollontaik. Anatoli Lunatxarskik kontatzen duenaren arabera, hasieran Leninek uko egin zion Sovnarkomen parte hartzeari, “Komite Zentralean lan egingo dut” esan zuelarik, “baina besteok ez genion hori onartu. Erantzukizun nagusiak berak hartu behar zituen”. Hasierako Sovnarkom horretan soilik boltxebikeak zeuden, beste alderdi batzuk (baita ere boltxebikeen aliatu ziren ezkerreko eseristek) bat egiteari uko egin ziotelako. Hala ere, ezkerreko eseristak pixka bat beranduago, abenduan, sartu ziren Sovnarkomen.

(Goiko irdian, leehn Sovnarkomeko kideak. Aleksandra Kolontai falta da, bere Heri-Komisariotza egun bi geroago sortu baitzen).