Sobieten II Biltzar Nagusiaren hasiera

Sobieten  II  Biltzar  Nagusiaren  hasiera

Announcement Date: 25th urria 1917

Errusia Osoko Langileen eta Soldaduen Sobieten II Biltzar Nagusia Petrograden hasi zen urriaren 25ean. Biltzar honetan soilik soldaduen eta langileen Sobietak egon ziren, izan ere, Errusia Osoko Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak, eskuineko eseristek zuzendutakoak, ez zuen biltzar nagusi hau aintzatetsi eta ordezkariak bidaltzeari uko egin zion; jakinik, langile Sobiet gehienak boltxebikeak izanik, ziurrenik Biltzar Nagusi honen ere gehiengo boltxebike bat emanen zuela (Baserritarren Sobietek azaroaren 30erako deitu zuten euren biltzar nagusia). Indarrean zegoen Langile eta Soldaduen Sobieten Komite Exekutiboak ere ez zuen Biltzar hau ditu nahi, eta hainbat aldiz atzeratu ondoren, honen menpeko Akten Komisioa, aukeratutako hainbat ordezkariren kredentzialak ukatzen saiatu zen, John Reed kazetariak dioen moduan. Urriaren 19an, VTsIKen (orduan mentxebikeen hegemonia) menpe zegoen Sobieten Izvestia egunkariak esan zuenez, “soilik Errusia Osoko Sobieten Komite Exekutiboak du Sobieten Biltzar Nagusi bat deitzeko autoritatea (…) Biltzar Nagusi hau Iparraldeko Sobieten Biltzar Nagusiak deitu du, arauak hautsiz”. Reeden arabera, mentxebikeek eta VTsIK are Sobeitak “Gobernu-erakundeetan disolbatzea” ere iradoki zuten oraingoan. Hala ere, azkenean, VTsIKk men egin zion Sobieten Biltzar Nagusia deitzeko asmoari. Reeden arabera, urriaren 20rako “Petrograden ez zen quoruma bildu (…) baina Biltzar Nagusia egingo zenaz zalantzarik ez zegoenez gero, taktikaz aldatu zuten: telegrama uholde bat bidali zieten probintzietako erakundeei, ahalik eta ordezkari sozialista moderatu gehien bidal zezaten”. Oskar Anweilerren arabera, “Biltzar Nagusi hau ez zen ekaineko I Biltzar Nagusia bezain ordezkatzailea, Sobiet multzo bat Biltzarraren kontra egon zenez ordezkaririk bidali ez zuelako”. Biltzar hau Gobernuaren eta honen aldeko erakundeen oniritzirik gabe bildu zenez gero, balizko arriskuaren kontra babesteko Kronstadteko marinelak ekarri zituzten Biltzarra babestera.

Sobieten II Biltzarreko ordezkarien irudi bat

Urriaren 25ean hasi zen biltzarra, hamaikak hogei gutxiagotan, Orlando Figesen zein Trotskiren arabera. Guztira 402 Sobiet bildu ziren: Langile eta Soldaduen 195, Langile Soldadu eta Baserritarren  119, Langileen 46, Soldadu eta Marinelen 22, Baserritarren 19 eta Kosakoen 1 (ikusten den moduan, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak Biltzar hau boikotatu zuen arren, Baserritarren Sobiet batzuek ordezkariak bidali zituzten). Ordezkariek euren filiazioari buruz erantzun zuten galdeketa baten arabera, 648 ordezkaritatik 338 boltxebike, 186 eserista (horietatik 93 ezkerrekoak) 71 mentxebike (horietatik 36 “ofizialistak” eta 35 internazionalistak), Novaia Zhizn taldearen aldeko 16, 4 ukrainar eserista eta bestelako 35 ordezkari zeuden. Alderdiek emandako datuen arabera, 390 boltxebike, 160 eserista (fakzioen artean bereizi gabe), 72 mentxebike, Novaia Zhiznen aldeko 14, 7 ukrainar eserista eta 6 mentxebike internazionalista izan ziren. Viktor Serge kazetari eta historiagile boltxebikeak ematen dituen datuen arabera: 382 boltxebike, 31 “boltxebikeen aldeko independente”, 70 ezkerreko eserista, 52 eserista, 21 mentxebike, 15 mentxebike internazionalista, 3 ukrainar eserista, beste gutxiengo nazionaletako 7 sozialista eta bost anarkista zeuden. Datu zehatzak aldatzen badira, boltxebikeen edo asko jota, boltxebikeen eta ezkerreko eseristen arteko gehiengoa zalantzarik gabekoa da.

Indarrean zegoen VTsIKen aldetik ez zeuden ez Txkheidze lehendakaria ez Tsereteli mentxebikeen burua, biak Georgian zeuden gaixo. Aleksandr Kerenski lehen ministroa ere ez zegoen, ihes eginda baitzegoen. Fiodor Dan izan zen, gutxi-gora-behera lehengo gehiengoaren “ordezkari” papera hartu zuena. Biltzar Nagusi hau hasi zenerako, boltxebikeek militarki Petrograd kontrolatzen zuten. Anweilerren arabera, ordezkatuta zeuden 366 Sobietetatik “255 (%69,6) “Botere osoa Sobietentzat!” leloaren alde atera ziren, 81 (%22,1) “botere osoa demokraziarentzat” edo “kadeterik gabeko koalizio baten alde” leloen alde, eta 30 (%8,3) zalantzarekin”. Kotelnikovek ordezkarien araberako zifrak ematen ditu: 505 ordezkari (%75) “Botere osoa Sobietentzat!” leloaren alde, 86 ordezkari (%13) “botere osoa demokraziarentzat” leloaren alde, 58 ordezkari (%8,6) “koalizio-Gobernu baten alde”, 21 ordezkari (%3) “demokrazia osoaren ale, kadeterik gabe”, eta 3k (%0,4k) ez zuen erantzun (Trotskik antzeko datuak ematen ditu). Esan beharra dago, eskuineko eseristek eta mentxebikeek alde egin ostean, ordezkari berriez ordeztu zituztela; hurrengo egunetako osaketa 390 boltxebike, 178 ezkerreko eserista, 35 Novaia Zhiznen aldeko, eta 21 ukrainar eserista izan zela.

Lehenik, Biltzarraren zuzendaritza-mahaia aukeratu zuten, Reeden arabera “14 boltxebikeek, 7 ezkerreko eseristek, 3 mentxebikek eta Gorkiren Novaia Zhizneko kide batek osatuta (…) geroago Ukrainako eseristen ordezkariek posturen bat eskatu zuten eta eman egin zitzaien”. Eskuineko eseristek, Hendelmannen ahotik, eta mentxebikeek, Khintxuken ahotik Biltzarraren mahaian berrian sartzeari uko egin zioten, eta mentxebike internazionalistek ere “zalantzak” agerrarazi zituzten. Biltzarraren mahaiko lehendakari berri moduan Lev Kamenev boltxebikea aukeratu zuten. Une honetatik aurrera, sozialista moderatuen aldetik protestak eta Biltzar Nagusi hau ilegal moduan hartzeko saiakerak etengabekoak izna ziren: VTsIK zaharrak Biltzar Nagusia legala ez zela esan zuen eta bertan hartzen ziren erabakiak “aukerazkoak” zirela ere esan zuen.

Sobieten II Biltzarreko ordezkariak

Martovek orduan “hastear zegoen guda zibila” deitoratu zuen, eta “alderdi iraultzaile baten konplot militarra” gaitzetsi zuen, eta “botere demokratiko batua” (hau da, alderdi sozialista ezberdinen koaliziozko Gobernua) proposatu zuen, ezkerreko eseristen zein Novaia Zhiznen babesarekin. Martoven alde, Mstislavski ezkerreko eserista agertu zen. Boltxebikeak hasiera batean proposamen hori onartzekotan egon ziren, Lunatxarski izan boltxebikeen izenean “guk proposamen horren aurka ez dugu arazorik” esan zuena. John Reeden arabera, hamar eta erdiak inguru izan ziren eztabaida hau hasi zenean, eta orduan hasi ziren Neguko Jauregiaren kontrako kanoikadak, eta kanoikada horiek hasterakoan, Behin-behineko Gobernuaren aldeko alderdiak –eseristak, mentxebikeak eta Bund- atera egin ziren (atera baino lehenago, mentxebikeek Sobietek eta Behin-behineko Gobernuaren arteko “Negoziazioak” planteatu zituzten, proposamen hau ukatua izan zen). Burgesiarekin koalizioa egitearen aldekoek “abentura honenparte ez dugu izan nahi” edo “armadaren kontrako traizioa” errepikatzen zuten. Figesek, nahiz eta Reedek ematen duen orduekin ados ez egon (Figesen arabera, hamaikak hogei gutxitan hasi zen Biltzarra, beraz, eztabaida hau eman zenerako hamaikak pasatxo izan behar ziren), oro har, bere kontakizunarekin bat egiten du: Martoven proposamena onartzear zegoen, eseristek eta mentxebikeek (edo hauek sektore ofizialistek) boltxebikeen “abentura kriminala” deitoratu eta Biltzarra utzi zutenean. Erakunde hauek, erretiratzerakoan, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboarekin batera, boltxebikeen kontrako lehen oposizioko taldea sortu zuten: “Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea”. Figesen arabera, mugimendu hau eserista eta mentxebikeentzat, eurentzat, kaltegarria izan zen “Biltzarra eta honek ematen duen zilegitasuna boltxebikeen esku utzi zutelako”, eta berak aipatzen zuenez, Nikolai Sukhanov mentxebikeak ere iritzi hori plazaratu zuen 1921ean. Mentxebike internazionalistak geroago (John Reeden arabera, Neguko Jauregia hartu ostean), atera ziren Biltzarretik, euren ordezkari Kapelinski eta Martovek koalizio-Gobernu bat proposatu eta proposamen hori ukatua izan zelarik (boltxebikeen arabera, hauen irteera “aldez aurretik prestatua zegoen” eta dena eseristen eta mentxebikeen jarrera zuritzeko mugimendu bat izan zen). Jada, bi alderdik Biltzarra utzi ondoren, ez zegoen koaliziorako girorik, boltxebikeen arabera eurek aurrez Martoven proposamena onartu zuten eta beraz kontziliatzaileak (eskuineko eseristak eta eskuineko mentxebikeak) ziren akordioa oztopatu eta Sobietekin apurtu zutenak. Orduan bota zien Trotskik ezaguna egingo zen esaldia: “Zoazte historiaren zakarrontzira!”.

Istilu horrez ostean, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboaren ordezkari batek (beraz eskuineko eserista), Biltzar Nagusian zeuden baserritarren ordezkariei “Biltzar ilegala uzteko” eskatu zien, efektu handirik gabe. Ezkerreko eserista Boris Kamkovek bere alderdiak “biltzarra utziko ez zuela” esan zuen, hala ere “alderdi sozialisten aldeko koalizioaren aldekoa zela eta (…) boltxebikeen doinu bortitza apaltzeko” eskatu zuen. Honek joera bat markatuko du, hurrengo egunetan, ezkerreko eseristena, boltxebikeei gertukoen zaien alderdia, eta are gertuko zaien alderdi bakarra, izango baita. Honen ostean, goizeko ordu biak zirelarik, saioa atsedenaldirako eten egin zen.

Urriaren 25eko gauean, Petrogradeko Udaletxean bildurik, eseristek eta mentxebikeek (eta baita VTsIK zaharrak) Biltzar Nagusi hau legez kanpokoa zela esan zuten, eta Ptrogradeko Udaletxean bildurik, Udalak antolatutako Segurtasun Publikorako Komitearen menpe jarri ziren. Horietako batzuek, Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea sortu zuten, erakunde antiboltxebike batu gisa: hurrengo egunetan erakunde hau boltxebikeen kontrako talde guztien oposizio-zentru bihurtu zen.

Saioa berria hasterakoan, jada Neguko Jauregia harturik, hirurak aldera, Kamenevek Biltzarrari Behin-behineko Gobernuaren atxiloketa komunikatu zion. Ondoren, Lunatxarskik, Leninek idatzitako (ziurrenik Vladimir Bontx-Bruievitxen laguntzarekin) adierazpena irakurri zuen, non boterea Sobieten esku uzten zela aldarrikatzen zen.

Urriaren 26tik 27ra doan saioan Sobieten Biltzar Nagusiak bere lehen dekretuak onartu zituen: Bakearen gaineko Dekretua (gaueko 22:30etan), eta Lurraren gaineko Dekretua (Goizaldeko ordu bietan). Egun horretan, Gobernu Sobietarra (Sovnarkom) eratu zuten, Lenin honen lehendakaria zelarik. Goizalde hartan, mentxebike internazionalistek (Aviloven ahotik) zein ezkerreko eseristek (Karelinen ahotik) Gobernuan sartzeari uko egin zioten berriz “benetako koaliziozko Gobernu bat osatu arte”. Geroago, Trenbideen Sindikatuak, “Biltzar Nagusi honen legezkotasuna onartzen ez zuela” eta “Gobernu boltxebikea babesten ez zuela”  esan zuen. Egunsentia hurbiltzen ari zelarik, Sovnarkom berretsi eta VTsIK berria aukeratu zuten (aurreko egunean aukeratutako VTsIK indarrik gabe geratu zen, talde batzuk Biltzarra utzi zutelako): Reeden arabera “100 kideetatik 70 boltxebike” zeuden, Viktor Sergeren arabera “62 boltxebike, 20 ezkerreko eserista eta beste talde txikiagoetako ordezkari batzuk” eta Oskar Anweilerren arabera “69 boltxebike, 26 ezkerreko eserista eta beste 10 sozialista”; baina toki huts batzuk utzi zituzten Biltzarretik erretiratutako alderdiak itzultzen baziren eta Baserritarren Sobietek bat egiten bazuten. VTsIKeko lehendakari gisa, Lev Kamenev aukeratu zuten, Biltzarreko mahaiko lehendakaria ere bazena, beraz, Sobietar Errepublikako Estatuburu berria zen (ironikoki Sobieten matxinadaren kontra azaldu zen). Urriaren 27an bertan, goizeko zazpietan,  VTsIK berria berretsia eta Sovnarkom aukeratua, Errusia Osoko Langileen eta Soldaduen Ordezkarien II Biltzar Nagusia bukatutzat eman zen.

Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak, urriaren 28an publikoki esan zuen “ez zuela Sobieten II Biltzar Nagusi hau onartzen” eta “boltxebikeek Baserritarren Sobieten izena zilegitasunik gabe darabiltela”. Honen erantzuna, boltxebikeen eta ezkerreko eseristen artean (Gobernuan sartu gabe zeuden, baina botere iraultzailea aintzatesten zuten) Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusia azaroaren 30erako deitzea izan zen. Novaia Zhizn egunkaria ere kontra agertu zen, euren arabera “boterea, gertatutako jazokizun bezala euren eskuetan jartzean, Sobieten II Biltzarrari honen inguruan erabakitzeko aukera kendu zitzaion (…) Gobernua ez zuen Biltzarrak erabaki, Milrevkomek baizik (…) honekin batera demokrazia iraultzailearen parlamentua Komite Zentral Boltxebikearen erabakiak zigiluz sinatzeko mugatzeko aukera zabal-zabalik dago”.

(Goiko irudian, Sobieten II Biltzar Nagusiaren leehndakaritza-mahaia. Erdian Lev Kamenev, eta irudian honen ezkerretara, Lev Trotski).