Sobieten II Biltzar Nagusia, atzeratua

Sobieten  II  Biltzar  Nagusia,  atzeratua

Announcement Date: 17th urria 1917

Urriaren 20aren data, irailaren bukaeran, hau da, Konferentzia Demokratikoa bukatzerakoan ezarri zen. Petrogradeko Sobieta izan zen Errusia Osoko Langileen Sobieten Biltzar Nagusi berri batetarako ideia eman zuen lehena, irailaren 21ean deitzeko eskatu zuelarik. VTsIKk, irailaren 23an (22an Trotskiren bertsioaren arabera) erabaki zuen bilera urriaren 20an izan zedin; boltxebikeek, lehenago “bi astetan gehienez” deitua izan zedin nahi bazuten ere (eta euren aldetik deitzea mehatxatu zuten, agian VTsIK konboka zezan presionatzeko egin zuten mehatxu hori). Hala ere, kontziliatzaileek ez zuten deitu nahi, irailaren 26an Fiodor Dan mentxebikeak jada atzerapen bat eskatu zuen. Trotskik, bere bertsioaren arabera, erantzun zion Biltzarra nahitaez bilduko zela “Bide konstituzionaletik ez bada, bide iraultzailetik”.

Trotskiren ustez, VTsIKen gehiengo kontziliatzaileak Biltzar Nagusia “saboteatu” egin nahi izan zuen. Egia esan VTsIKek ez zuen Biltzar Nagusi hori deitu nahi, jakin bazekielako gehiengoa aldatu egingo zela (Sobiet gehienak boltxebikeen eta aliatuen kontrolpean zeuden). Reeden arabera, “Armadako eta Itsas-Armadako komite zentralak, sindikatu batzuk, Baserritar Sobieten Komite Exekutiboa eta VTsIK gogor saiatu ziren II Biltzarra dei ez zedin”. Hasiera batean, Biltzar Horren ilegaltasuna “frogatzen saiatu” ziren. Gero, Biltzarra “alferrikakoa” eta are “arriskutsua” zela esan zuten, adibidez Dielo Naroda (“Herriaren Kausa”) egunkari eseristaren arabera, “Biltzarrak, boterearen auziarekiko, ez du batere garrantzirik izango. Kerenskiren Gobernuak ez du amore emango” esan zuen. Petrogradeko Sobietaren sekzio militarra ere ez zegoen kongresua deitzeaz oso konbentzituta. John Reeden arabera, adierazpen hauek urrutiago joan zitezkeen: VTsIKen Izvestia egunkariak, “Sobietek euren lana bete dute” esan zuen eta “laster” desegin egingo zituztela iradoki zuen. Reeden arabera, Volia Naroda (“Herriaren Borondatea”) egunkari eserista eta Golos Soldata (“Soldaduaren Ahotsa”) soldaduen Sobieten egunkaria ere II Biltzarraren aurka ageri ziren. OskarAnweiler historiagilearen arabera, Sobieten Biltzar Nagusiaren kontra zeuden alderdi sozialistak, “Asanblada Konstituziogilearen aldekoa apustua” egin zutelako izan zuten posizio hori.

Maniobra horren aurrean, boltxebikeek eta hauek kontrolatutako Sobietek (Errusiako gehiengoa kontrolatzen zituztenek) II Biltzar Nagusia den zedin aldeko kanpaina hasi zuten, behar bazen euren kabuz deitzera prest agertu zirelarik. Irailaren 27anReval (Tallinn) hiriko Sobieta agertu zen II Biltzarraren alde, geroago Moskukoa, geroago Novgorodekoa, urriaren 11n Iparraldeko eskualdeko Sobieten Biltzarrak “Sobieten boterearen alde” hitz egin zuen (eta bertan Petrograd, Kronstadt, Viborg, Riga, Helsingfors (Helsinki), Reval eta abar zeuden ordezkatuak), urriaren 15ean Kievekoak II Biltzar Nagusia “botere burujabe” aldarrikatzeko deia egin zuen eta urriaren16an Ipar-Mendebaldeko Sobietek (Minskekoa buru) II Biltzarrerako ordezkariak bidaltzeko deia egin zuen (hurrengo egunetan, Uraletako eskualdeko Sobietak, Ivanovokoa eta abar gehitu ziren). Honen aurrean, Fiodor Danek “917 Sobietetik soilik 50ek adostu zutela ordezkariak bidaltzea, gogo handirik gabe adostu ere” esan zuen, baina ikusten denez, datu hauek faltsuak ziren. Oskar Anweilerren arabera, egun horietan telegramen lehia bat izan zen gehiengo boltxebikedun eta gehiengo antiboltxebikedun Sobieten artean.

Errusia Osoko Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak, eskuineko eseristak nagusi zirela, ordez ez zuen Biltzar Nagusi hori aintzatetsi, beraz, urriaren 25ean Langileen eta Soldaduen Sobieten II Biltzar Nagusia deitu zen (baserritarren Sobietik gabe). Erakunde honek II Biltzarrera ordezkaririk ez bidaltzea eskatu zuen, eta Biltzar Nagusia, egitekotan, “Asanblada Konstituziogilearen ostean” egin behar omen zen. Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak azaroaren30erako bere II Biltzarra deitu zuen, Reeden arabera, Langileen Sobieten Biltzar Nagusiaren aurkako kontraboterea egiteko asmoz.

Azkenean, Kongresua, VTsIKk azken orduan atzeratu bezala, urriaren 25ean izan zen. Reeden arabera, boltxebikeek 20an egin nahi zuten arren “egun horretan ez zen quoruma osatzeko adina jende bildu”. Reeden arabera, mentxebikeak eta eseristak azken momentua arte saiatu ziren Biltzarra saboteatzean, euren prentsak azken unea arte Kongresua burutuko ez zela zioten berri faltsuak zabaldu zituzten, eta VTsIKk kontrolatzen zituen Akten Komisioa aukeratutako ordezkariak baliozkotzeari uko egin zion sistematikoki.

(Irudian, mentxebikeek eta eseristek osatutako SObietaren orduko zuzendaritza).