Sobieten boltxebizazioa

Sobieten  boltxebizazioa

Announcement Date: 31st abuztua 1917

1917ko abuztu-irailean, pixkanaka, boltxebikeak tokiko Sobietetan gehiengoa lortzen hasi ziren. Prozesu honen ikurra (nahiz eta ez izan prozesu honen hastapena), irailaren 9an Lev Trotskik Petrogradeko Sobietean Nikoloz Txkheidze ordeztea izan zen (Richard Pipes britainiar historiagileak abuztuan kokatzen du masen erradikalizazioaren hasiera). Kontuan izan behar dugu, batez ere 1917ko lehen erdian Sobiet ia denak Errusia Osoko Sobieten Komite Exekutibo Zentralarekin (hau da, mentxebikeekin eta eseristekin) bat eginda zeudela, eta oso gutxi (Kronstadtekoa kasu) zeudela boltxebikeekin edota ezkerreko beste fakzioekin lerratuta; eta gainera, uztailetik aurrera, Sobietak, botere gabe zeudela, eragina galtzen ahi zirela, beraz, Sobieten kontrola boltxebikeek hartzeak, erakunde hauek indartu ere egin zituen.

Sobieten boltxebizazioa, hirietan, lehenik Sobietetarako langile ordezkarien artean gehiengoa lortuz eman zen (batez ere sindikatuetan eta lantegietako komiteetan boltxebikeak jada lehen alderdia zirelako), eta gero prozesu hori soldaduen aldera pasa zen. Baserritarren artean, boltxebizazioa askoz ere berantiarragoa izan zen, baserritarren  Sobietek Urriko Iraultza Sozialista babestea batez ere ezkerreko eseristen eraginagatik gertatu zen. Prozesu honenhedapena (boltxebikeak langileen artean zalantzarik gabe eta distantzia handiz lehen indarra bihurtzea ekarri baitzuen) hau ezin da ulertu Korniloven Estatu-kolpearen aurrean boltxebikeak abangoardian jartzerik gabe. Honek eman zien boltxebikeei indarra, izan ere klandestinitatetik atera eta Alderdia armatua geratu zen; eta are gehiago, tarteko espaziorik ez zegoenaren tesia baieztatu zuen, hala ere, egile batzuen arabera, abuztuaren erdialdetik aurrera boltxebikeen aldeko joera ikusten zen, sindikatuen eta fabriketako komiteen kontrola lortu zutelarik. Sobietak, aldi berean, uztail-abuztuan, sozialista ofizialisten menpe baina botererik gabe zeudelarik, boltxebikeen pe jartzearekin batera euren indarra berreskuratu zuten (Sobietek uztail-abuztuan zuten indarraren faltaren adibidez gisa, abuztuan, Moskun egin ziren greba batzuetan, Sobietak kontrako iritzia eman zuen) Hala ere, Trotskik azaltzen duen moduan, uztailetik aurrera, “hiri batzuetan, Ivanonon, Lugansken, Khersonen, Tsaritsinen (Stalingrad), Tomsken edo Vladivostoken; Sobietak jada tokiko Gobernu bezala funtzionatzen zuten (…) Uraletan epaile lanak ere egiten zuten”. Honi jarraituz, esan genezake Behin-behineko Gobernuaren autoritatea ez zela Errusiako toki guztietara (modu efektiboan) iristen, eta toki askotan Sobietek, boltxebikeen eraginagatik edo are gabe “boterea izatea” barneratuta zutela.

Petrogradeko Sobietaren lan-saio bat.

Sobieten boltxebizazioaren ikurra, Petrogradeko Sobietaren kontrola lortzea izan zen. Abuztuaren 31n, boltxebikeen ordezkariek, Petrogradeko Sobietean Botereari buruz deitutako mozioa aurkeztu zuten, mozioa onartua izan zelarik. Mozio horretan botere osoa Sobieten eskuetara pasatzea eskatu zuten boltxebikeek. Hala, beste fenomeno bat atzeman behar dugu hemen, hau da, “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna, Uztaileko Egunen ostean alde batera geratu zena, berriz bere egin zuten boltxebikeek. Irailaren 1ean Leninek Konpromezuei buruz deitutako artikuluan, berriz onartu zuen Sobietetan oinarritutako Gobernu baten eraketa, eta mentxebikeak eta eseristak ideia horretarako konbentzitzearen itxaropenak erakutsi zituen Itxaropen hauek, Konferentzia Demokratikoan parte hartzera bultzatu zituen boltxebikeak, “iraultzaren garapen baketsurako azken aukera” zelakoan, batez ere Korniloven Estatu-kolpearen porrotak halako giroa piztu zuen. Itxaropen hauek, mentxebikeen eta eseristen jarrera ikusita antzu suertatu ziren, eta beraz Leninen ustez Sobietek boterea boltxebikeen pe soilik hartu ahal zutela uste izatera pasa zen, boterea Sobieten bidez hartuko zutelarik. Irailaren 12 eta 14 artean idatzi zuen “Boltxebikeek boterea hartu behar dute” deitutako artikuluan Leninek boterea hartzeko “aparailu bat egon badagoela: Sobietak” esan zuen. Leninek, garrantzia handia ematen zion prozesu honi: Komite Zentralari eta Moskuko zein Petrogradeko Komite Boltxebikeei idatzitako gutun batean, “bi hiri handietako Sobietak kontrolatzeak, boltxebikeek boterea har dezaketela esan nahi du” idatzi zuen. Urriaren 8an idatzi zuen txosten batean, Leninek “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna berreskuratzeaz gain, Sobietak matxinadarako organo bihurtzea proposatu zuen. Stalinek irailaren 17an izenburu horrekin (“Botere osoa Sobietentzat!”) deitutako artikulu batean azaldu zuen hori: “Mugimendu berriaren kontsigna horixe da (…) Ia hilda zeuden Sobietak berriz berpizten ari dira (…) Sobietak burgesiarekin haustearen aldekoak dira (…) Bi botere hauen atean, burgesia inperialistaren eta Sobieten artean dago borroka berria”, eta “kontziliatzaileen aroa bukatu dela” ondorioztatu zuen (artikulu horretan Stalinek Kerenskiren eta kornilovisten arteko kidetza salatzen zuen, eta gobernua kontrairaultzaren pare jartzen zuen). Kontuan izan behar dugu ere garai horretan idatzi (baina ez argitaratu) zuela Leninek Estatua eta Iraultza bere lana, Estatu sozialista, langileek beren organuen bidez administratutako proletalgoaren diktadura gisa irudikatzen zuelarik.

Abuztuaren 31an Petrogradeko Sobietak boltxebikeek aurkeztutako Botereari buruz mozioa onartu ostean (esan bezala mozio honek Sobietek boterea hartu behar zutela aldarrikatzen zuen), irailaren 5ean Petrogradeko Sobietaren Ispolkomek dimititu egin zuen, eta irailaren 9an, Petrogradeko Sobietak lehendakari berri bat aukeratu zuen, Lev Trotski boltxebikea (egun gutxi batzuk lehenago atera zen Kresti kartzelatik, Kollontai, Kamenev eta Lunatxarskirekin batera). Irailaren Irailaren 25ean, Komite Exekutibo Zentral bat aukeratu zuten, Sobiet berri honetan ordezkari kopuru handiena boltxebikeek izan zuten, 230. Eseristen eta mentxebikeen arteko blokeak 156 ordezkari izan zituen. Ispolkomen ere gehiengo berria islatu zen: 22 boltxebike, 16 eserista eta 6 mentxebike. Urriaren bukaerarako ordezkarien %90 boltxebikeak ziren, horren arrazoia, Trotskiren arabera “gehiengoa guk lortu ostean (…) ministro demokratikoen lagunak, idazle erdi-sozialistak, ofizial erradikalak… Sobietetik desagertzea izan zen (…) Sobieta inoiz baino gehiago langileena bihurtu zen”.

Boltxebizazio honek, ez soilik Petrograden, baizik eta Errusia osoan Alderdia masa-mugimendu handi egin zuen, eta hala, alderdikidez gain, bestelako langileengan ere eragin handia izatera pasa zen, Errusiako Sobiet gehienak eskuratuz joan zelarik. John Reedek kontatzen duen bezala, “irailaren bukaeran boltxebikeek Petrogradeko Sobietean gehiengoa lortu zuten, eta laster, Moskukoan, Kievekoan, Odessakoan eta beste hainbat hirietako Sobietetan”. Batez ere langile Sobietak boltxebizatu ziren lehenik, eta geroago, soldaduen Sobietak. 1917ko irailaren 24an, Viktor Nogin boltxebikeak Liev Khintxuk mentxebikea ordeztu zuen Moskuko Sobietaren lehendakaritzan, eta urriaren 5ean Moskuko Sobietak baita, Sobieten boterea aldarrikatu zuen (Moskuko Sobietaren Komite exekutibo berrian 48 boltxebike, 26 eserista eta 25 mentxebike zeuden, Oskar Anweilerren arabera). Varvara Jakovlevak prozesu hori hala deskribatu zuen: “Irailaren bigarren hamabostaldian, Moskuko Alderdi Boltxebikearen bulegoak gainezka zeuden, militante izan nahi zuten pertsonak etortzen ziren, are herri txikietan zelula boltxebikeak eratzen hasi ziren”.

80 bat hiri nagusietako Sobietak boltxebikeen edota beste ezkerreko fakzioen alde kokatu ziren, eta Baltikoko Flotako Sobietaren Komite Exekutiboa ere kontrolatzen zuten (honek irailaren 8an bandera gorriak altxatu ziten eta “langile boterearen” aldeko mozioa onartu zuen honen Sobietak). Finlandian ere, delegatuen gehiengoa, Finlandiako Alderdi Sozialistaren adar “Boltxebikezalearen” alde jarri zen, bai Helsingfors (Helsinki) hiriburuko zein Viborgeko Sobietak kontrolatuz. Urriaren 13an Jekaterinburgeko Sobietak boltxebikeen botere sobietarraren aldeko mozioa onartu zuen, eta urriaren 16an Saratovekoak eta Urriaren 6-18an Siberiako Eskualdeko Sobieten Kongresuak baita. Kieven, Minsken, Estonian (Tallin zein Tartu hirietan), Vladimir, Riazan eta Tver hirietan boltxebikeak ere nagusi ziren. Urriaren bukaerarako, Errusia osoan zeuden 974 Sobietetatik, 600 baino gehiago Behin-behineko Gobernuaren aurka lerratu ziren. Sobieten boltxebizazioarekin batera, Alderdi Boltxebikea bera hazi zen, 80.000 kide izatetik 240.000 kide izatera pasa zen (Trotskiren arabera, Alderdiaren hazkundea Sobieten boltxebizazioa baino lehenagokoa zen: abuztuaren erdialdean ikusi zen alderdia hazten ari zela). Hala ere, Sobiet guztiak ez ziren boltxebike egin, Oskar Anweiler historialariaren arabera, adibidez Novgorod, Nizhni Novgorod, Tula, Penza edo Kaukasoko hiri batzuetako (Tbilisi, adibidez) Sobietek ez zuten gehiengo boltxebikerik, edo boltxebikeen botere sobietarrari buruzko mozioak ez zituzten onartu (hauetako Sobiet batzuk Urriko Iraultza Sozialistaren ostean boltxebizatu ziren). Donbassen inguruan Oskar Anweilerren arabera, hango Sobietetan oraindik ofizialistak gehiengoa zuten, Trotskiren arabera, irailean boltxebizatu egin ziren.

Soldaduen Sobietak, geroago boltxebizatu ziren (kontuan izan behar dugu, hiri handietako adibidez Petrograd edo Moskuko Sobietak boltxebizatzerakoan, batez ere langile sekzioetan gehiengoa lortzeari esker boltxebizatu zirela). Soldaduen Sobieten boltxebizazioa behetik gorako prozesu bat izan zen, lehenik unitate eta erregimentuen Sobietak boltxebizatu ziren, fronteetako edo armadetako Sobietak gehiengo ofizialistaren pe jarraitzen zutelarik. Izan ere, uztailetik aurrera, propaganda politikoa egitea debekatua zegoenez (eta are gehiago Alderdia klandestinitatean zegoelarik), han bi hilabetez boltxebikeek ezin izan zuten lan politikorik egin. Hala ere, Korniloven kolpearen ostean, soldaduek ofizialistengan euren konfidantza galdu zuten, eta hizlari boltxebikeak ekartzea eskatzen zuten (ofizialki debekua indarrean bazegoen ere), Jevgenija Boxek bere memorietan adierazten duen moduan. Soldaduen Sobieten boltxebizazioak, tropen artean bakearen agitazioa handitzea ekarri zuen.

Manifestazio bat “Botere osoa Sobietentzat!” leloaren pean.

Beraz, kasu honetan, lehen aldiz, Sobietak, Behin-behineko Gobernuarekiko kontrabotere bezala ezartzen ziren. Kasu honetan, “botere bikoitzaren forma klasikoa” aurkitzen dugu, izan ere botere bat eta kontrabotere bat aurkitzen baititugu (martxoa eta uztaila artean izan zen botere bikoitzaren aroa, “errusiar formulazio originala” izan zen, botere bikoizketa ez baitzen bi botereen arteko lehiaren emaitza zen behin-behineko egoera bezala hartzen, baizik eta bi botereen akordio bezala). Kasu honetan “Botere osoa Sobietentzat!” kontsignak beste zentzu bat izan zuen, izan ere, martxo-uztailean gertatzen ez zen bezala, orain Sobietek boterea hartu nahi zuten; jada ezin zen esan Sobietek botererik hartu nahi ez zutenik. Hala ere, prozesu hau ez zen Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusira eraman urriaren bukaera arte, mentxebikeek eta eseristek kontrolatutako VTsIKak ez baitzuen deitu nahi, gehiengoa galduko zutela bazekitelako (Urriko Iraultza Sozialistarekin bat etorri zen Biltzar Nagusi hori).

Prozesu hau, Udal-Dumetarako hauteskunde berrietan boltxebikeak bozken gehiengoa lortzearen parean zebilen. Abuztuaren 20an, Petrogradeko Udal hauteskundeetan boltxebikeek bozken %50 lortu zituzten (Trotskiren arabera, 200.000 boto, bozen %33 lortu zuten, baina ez dirudi datu hori zuzena denik). Leninen datuen arabera, iraileko Moskuko Dumarako  bozken %47 eta 52 artean lortu zituzten (198.000 boto), eseristak eta mentxebikeek soilik %18 lortu zituztelarik, 70.000 bien artean. (arreko hauteskundeetan %70 lortu zituzten). Kadeteek %30 lortu zituzten, 101.000 boto (aurreko hauteskundeetan soilik %17 lortu zuten).

(Goiko irudia: Petrogradeko Sobietaren Ispolkom berria, boltxebikeen gehiengoarekin)