Sobieten Biltzar Nagusiaren adierazpena, Botere Sobietarraren aldarrikapena

Sobieten  Biltzar  Nagusiaren  adierazpena,  Botere  Sobietarraren  aldarrikapena

Announcement Date: 25th urria 1917

Urriaren 25 eta 26 arteko goizeko bostak eta laurden aldera, jada Petrograd osoa iraultzaileen eskuetan zegoelarik; Sobieten Biltzar Nagusiak egun hartako azken adierazpena egin zuen. Anatoli Lunatxarskik idatzi zuen manifestua, baina Leninek eta ziurrenik Bontx-Bruievitxek irakurri zuten:

Langileei soldaduei eta baserritarrei!

Errusia Osoko Langileen eta Soldaduen Sobieten II Biltzar Nagusiak bere lanak hasi ditu. Bertan Sobieten gehiengo handi-handi bat ordezkatua dago. Langile, soldadu eta baserritarren gehiengoaren borondatean eta langileen eta Petrogradeko goarnizioaren matxinadan oinarriturik, Biltzar Nagusi honek botere bere eskuetan hartzen du, eta hala adierazten du.

Behin-behineko Gobernua uzkailia izan da eta bere kide ia gehienak atxilotuak izan dira.

Sobieten botereak berehalako bake demokratiko bat proposatuko die herri guztiei eta berehala fronte guztietan suetena proposatzen du. Lurjabeen, Koroaren eta komentuen lurrak baserritarren komiteei konpentsaziorik gabe pasatzea proposatzen du; soldaduen eskubideak defendatuko ditu Armadaren erabateko demokratizazioa gauzatuz; ekoizpenaren gaineko langile kontrola ezarriko du, Asanblada Konstituziogilea dagokion datan deituko du, hiriak ogiz eta nekazalgunea beharrezko dituzten produktuz hornituko ditu eta Errusiako herri ezberdinei autodeterminazio-eskubidea bermatuko die.

Biltzarrak zera adostu du: Herri eta hiri guztietan boterea Langile, Soldadu eta Baserritarren Sobieten eskuetara pasatzea, benetako ordena iraultzailea bermatuz.

Biltzarrak lubakietan dauden soldaduei diziplina eta tinkotasuna galdatzen die. Sobieten Biltzarra ziur da Gobernu berriak herri guztiei proposatuko dien benetako bake demokratiko bat lortzen ez duen artean, Armada iraultzaileak Iraultza inperialismoaren erasoen aurrean defendatzen jakingo duela. Gobernu berriak neurri guztiak hartuko ditu klase edukitzaileen gaineko errekisa eta inposizioa kanpaina baten bidez Armada iraultzailea hornitua izan dadin, eta soldaduen senitartekoen egoera ere hobetuko du.

Kornilovistak –Kerenski, Kaledin eta beste- Petrogradera tropak bidaltzen saiatzen ari dira. Kerenskik tronpatuta bidali dituen destakamendu batzuk matxinatutako herriaren aldera pasa dira.

Soldaduok! Jar iezaiozue erresistentzia aktiboa Kerenski kornilovistari! Argi ibili!

Trenbideetako langileok! Gelditu itzazue Kerenskik Petrograderen kontra bidalitako tren guztiak!

Soldaduek, langileok, beharginok, Iraultzaren eta bake demokratikoaren patua zuon eskuetan dago!

Gora Iraultza!

Errusia Osoko Langileen eta Soldaduen Ordezkarien Sobieten II Biltzar Nagusia”.

Botere Sobietarra aldarrikatzen zuen manifestazio bat, Urriko Iraultzaren egunetan.

Honela aldarrikatu zen Estatu Sobietarra Errusian. Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak (eskuineko eseristak nagusi zirelarik) ez zuen Biltzar Nagusi honetan parterik hartu, beraz, sinaduran ez dira agertzen “Baserritarren Ordezkarien Sobietak”. Alta, geroago baserritarren ordezkari batzuk bildu ziren, eta sinadurari esaldi hauxe batu zitzaion: “Baserritarren Sobieten ordezkariak”. Ebazpen horretan, nahiz eta Estatu berri bat fundatu, paradoxikoki Estatu berriaren izena ez zen finkatu: “Errusiako Errepublika Sobietarra” ofizialki 1918ko urtarrilean, Sobieten III Biltzar Nagusian deitu zitzaion (eta ekainean “Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa” izenagatik aldatu). Sobieten III Biltzar Nagusiak erabaki hori hartu arte, informalki “Errusia Sobietarra”, “Sobieten Errusia”, “Langile eta Baserritarren Errusia” edo “Errusia Gorria” bezalako adierazpideak erabiltzen ziren.

Hala ere, kontuan harturik talde batzuek ez zutela II Biltzar Nagusi hau onartu (kadeteek, mentxebikeek, eseristek, enesistek, Petrogradeko Udalak, VTsIK zaharrak, fronte batzuek, sindikatu batzuek, unitate militar batzuek…); egun horietan oposizio talde batzuk sortu ziren boltxebikeen kontra. Lehen egun horietan, Petrograden bertan, behintzat hiru oposizio nukleo sortu ziren:

1) Kerenski eta bere tropak: Ihes egitea lortu zuen lehen ministroa frontera iritsi zen, eta bertako tropa batzuekin batera Petrograd berriz hartzen saiatu zen.
2) Petrogradeko Udala eta honek bultzatutako komite ezberdinak: Segurtasun Publikorako Komitea eta Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea. Talde hauetan boltxebikeen kontrako talde eta instituzio “demokrata” guztiak zeuden, kadeteetatik hasi eta mentxebikeetan bukatuta. Hauen helburua, Sobieten II Biltzarraren aurreko legalitatea berrezartzea izan zen, hau da, liberalen eta sozialisten arteko Behin-behineko Gobernua eta Aurre-parlamentua berriz ezartzea (hasiera batean, Kerenskiren izena proposatzen ez bazuten ere). Talde hau biltzen zuena, Sobieten II Bitzarraren zilegitasuna ukatzea zen. Giro honetatik atera ziren bai urriaren 26an hasi zen enplegatu publikoen greba (kasu honetan agindu garbirik edo koordinazio garbirik egon ez bazen ere) eta bai urriaren 29ko junkerren matxinada.
3) Vikzhel edo trenbideen sindikatua: Trenbidearen sindikatuak borrokan ari ziren alde ezberdinen arteko negoziaketak bultzatu nahi zituen, eta helburu horretarako trenbideak geldiarazi nahi zituen. Vikzhelen helburua, negoziazioen ostean, alderdi sozialista ezberdinen arteko koalizio Gobernu bat osatzea zen, sobietar Gobernu bat, baina ez Estatu sobietar bat.

Hiru organoen artean nolabaiteko lotura izan zen; egun horietan gertakariak hain azkar bata bestearen atzean etortzerakoan, askotan asmoak batera etorri ziren, beraz, hiru nukleoen artean muga argiak jartzea ez da hain erraza (adibidez 29an Petrograd barruan Salbaziorako Komiteak bultzatu zuen junkerren matxinadak Kerenskiren matxinadaren komunikatzen zuen, Vikzhelek Salbazio Komitearen bilera batzuetan parte hartu zuen eta abar). Lehen egun horietan Petrograd isolatzea lortu zuten, eta borroka latzak izan ziren.

(Goiko irudian, Rabotxi i Soldat egunkari boltxebikearen azala, Sobietar Boterea aldarrikatzen zuen Sobieten Biltzarraren aldarrikapenarekin)