Siberian deportatuak itzultzen hasi dira

Siberian  deportatuak  itzultzen  hasi  dira

Announcement Date: 12th martxoa 1917

Behin-behineko Gobernuaren osaketarako negoziatutako programan tsarismoaren pe zigortutako preso politikoen amnistia azaltzen zen. Amnistia ematen zuen legea martxoaren 7an sinatu zuten. Askatutakoen artean, delitu politiko mota ezberdinak egindakoak zeuden: manifestazioak eta grebak antolatzearren zigortutakoak, atentatuak egitearren zigortutakoak, nekazal matxinadak prestatu edo horietan “jabetzaren kontrako delituak” egindakoak eta baita ere alderdi politiko jakin batetako militante politiko izate soilagatik atxilotutakoak ere. Guztira 80.000 bat preso politiko aske geratu zirela kalkulatzen da. Lehen deportatuak amnistia legea sinatu zen astean itzuli ziren. Aske utzi zituztenen artean, Stalin, Sverdlov eta Kamenev boltxebikeak, Tsereteli mentxebikea, Spiridonova, Kaplan eta Gots eseristak edo Nestor Makhno anarkista genituen. Are zailagoa izan zen erbesteratuak itzuli ahal izatea, izan ere, askok gudan zeuden herrialdeetatik pasatu behar zuten Errusiara heltzeko, eta Estatu asko ez zeuden horretarako prest.

Amnistia aplikatzen ez zen hain erraza izan, izan ere, ez zegoen nahikoa baliabide ekonomiko preso guztien euren herrirako etorrera antolatzeko, eta zenbait kasutan, presoek dirua eskatu behar izan zuten garraio publiko arruntean etortzeko. Etorreran kolaboratu zuten zenbait boluntario ere egon baziren. Presoak, normalean, kartzelako edo erbesteko herritik Errusiako erdialdeko hirira eramaten zituzten trenak geltoki orotan geldituak izaten ziren, masek militante iraultzaileak, liderrak izateko itxaropenak eurengan jarri zituztenak, ezagutu nahi zituztelako. Askotan, mitinak eta musika-jotzeak izaten ziren tren geltokietan.

Boltxebikeen artean, Stalinek eta Kamenevek, Matvei Muraviovek lagundurik, martxoaren 7an bertan Krasnoiarsken trena hartu zuten Moskura joateko eta handik, 12an, Petrogradera iristeko. Itzuli eta gutxira, martxoaren 15ean, Stalin baina Errusiar Buroko (hau da, Errusia barneko zuzendariak biltzen zituen komite zentralaren zatiko) “ordezko kide” soilik aukeratu zuten. Matvei Muranov Errusiar Buroko kide aukeratu zuten. Kamenev ordea kanpoan utzi zuten eta Pravdaren laguntzaile soilik aukeratu zuten, 1915ko epaiketa batean bere zigorra txikiagotzeko alderdiaz distantziatu zelako. Hala ere, martxoaren 15ean hirurak Errusiar Buroko kide aukeratu zituzten, eta gainera, Stalin Petrogradeko Komite Boltxebikearen buru izendatu zuten.

Mentxebikeen artean, martxoaren 19an, Duman diputatuak izan zirenak itzuli ziren Petrogradera. Horietan ezagunena Irakli Tsereteli izan zen, zeina laster Alderdi Mentxebikearen buruan izango zen, eta praktikoki Sobietaren buru ere izan zen. Tseretelirekin batera, beste sei mentxebike bueltatu ziren: Makharadze, Nagikh, Anikin, Anisimov, Lopatin eta Vinogradov. Catherine Merridaleren arabera “Tsereteli itzuli zen lehen izar handia izan zen” (izan ere, bere arabera, Stalin eta Kamenev ez ziren hain ezagunak). Tsereteliren itzulerak mentxebikeak Gobernuarekin eta burgesiarekiko koalizioarekin are gehiago konprometitu zituen, eta “defentsismo demokratikoari” indarra eman zion Alderdi Mentxebikearen barruan. Tsereteli, Irkutsketik zetorrena, martxoaren 18an iritsi zen Petrogradera.

Eseristen artean, batzuk ere itzuli egin ziren. Horietatik agian ezagunena, prentsan oso ezaguna baitzen, Marija Spiridonova, borroka armatuko militante beteranoa izan zen. Spiridonova, itzuli bezain pronto, bere alderdiaren zuzendaritza ofizialistaren kontra ezari zen, eseristen barneko ildo ezkertiarreko buru izan zelarik. Spiridonova, kartzelan zegoen Txita hiriiko alkatesa aukeratu zutela diote iturri batzuek, hori guztiz frogatuta ez badago ere.

(Irudian, amnistiatutako preso politikoen talde bat)