Petrogradeko Udal-dumetarako hauteskundeak

Petrogradeko  Udal-dumetarako  hauteskundeak

Announcement Date: 29th maiatza 1917

Maiatz bukaeran egin ziren hauteskundeak, hasiera batean Petrograden soilik (Moskun ekainean egin ziren). Hauteskunde hauetan, auzoka, zinegotziak aukeratzen ziren, ez ordea hiri osorako Udal-talde bat, ezta alkatea ere. Hala ere, urria arte, Udal-duma hauek, sufragio unibertsal eta parekidez osatutako instituzio bakarrak izan ziren (kontuan izan behar dugu Errusian ez zela Parlamenturik eta Behin-Behineko Gobernua ere ez zela hauteskundeetan aukeratua). Hauteskunde hauek oso garrantzitsuak izan ez baziren ere, alderdi ezberdinen aliantzei so eginez, alderdien posizio ezberdinak igartzeko baliagarriak izan ziren (are gehiago kanpainan Udal-gaiak aipatu baino gehiago politika orokorreko gaiak aipatu zirelako). Kasu honetan, boltxebikeak, Petrograden adibidez, zenbait auzotan, mentxebike internazionalistekin, Mezhraionka taldearekin, edo ezkerreko eseristekin batera aurkeztu ziren; beste alde batetik, mentxebikeen eta eseristen gehiengo “ofizialistak” (eskuin-ildokoak) elkarrekin aurkeztu ziren; eta hirugarren blokea kadeteek zerrendek osatu zuten. Stalinek emandako datuen arabera, %70ko parte-hartzea izan zen. Garaipena alderdi kontziliatzaileentzat izan zen, 400.000 botorekin, boltxebikeek (eta aliatuek) 160.000 boto lortu zituzten, eta kadeteek beste 160.000 bat. Boltxebikeek Petrogradeko auzorik proletarioenean, Viborgen, irabazi zuten. Ekainean Moskun egin ziren Udal-dumetarako hauteskundeetan eseristek irabazi zuten, Trotskiren datuen arabera, botoen %60 lortuta. Orlando Figesen datuen arabera, Moskun eseristek botuen %56 lortu zuten, kadeteek %17, mentxebikeek %12 eta boltxebikeek %11.

Hauteskunde hauetan, soilik gizonek har zezaketen parte, Lvov lehen ministroak martxoaren 19an, manifestazio feminista baten ordezkariei emakumeen boto-eskubideaz hitz baikorrak esan bazien ere, ez zuen eskubide hori garatzeko legerik egin. Anastasija Vitiazeva kazetariaren arabera, zenbait istilu egon ziren herri batzuetan emakumeek euren bozka eskubidea gauzatu nahi zutenean eta gizonezkoek hura galerazten saiatu zirenean.

(Argazkian: Petrogradeko Dumaren erakinaren irudi bat, mende hasieran).