Petrogradeko Sobietaren birsorkuntza

Petrogradeko  Sobietaren  birsorkuntza

Announcement Date: 27th otsaila 1917

Otsailaren 27an birsortu zen Petrogradeko Sobieta hau, arean Errusiako hiriburuan botere-hutsunea zegoen artean (dirudienez, birsorkuntzaren proposamena otsailaren 25an entzun zen lehen aldiz, baina Oskar Anweiler historialariaren arabera, “lekuko batzuek” ziotenez, otsailaren 24an jada eratu beharreko Sobiet batetarako ordezkariak aukeratu zituzten lantegi batzuetan), egun horretan bertan Peio eta Paulo Gotorlekuaren asaltoan askatu zituzten intelektual erradikal batzuen, batez ere mentxebikeen, ideiari jarraiki. Hasiera batean, Petroadeko Sobietak langileak soilik biltzen zituen, martxoaren 1ean soldaduei ere tokia egin zietelarik. Hasieran, Sobieta ez zen aukeratutako erakunde bat izan, hurrengo egunetan egin ziren lehen hauteskundeak. Beraz, Sobietaren lehen exekutiba “behin-behinekoa” ez zen aukeratua izan, praktikoki Dumako kide mentxebikeek (Txkheidze, Skobelev…) eta  Otsaileko egunetan zehar mentxebike batzuek ad hoc sortu zuten “Langileen Ordezkaritza-Taldeko” kide batzeuk (Bogdanov, Gvodzev) sortutako organo bat izan zen (otsailaren 27ko bilera horretan 50 kide izan zituen gehienez, otsailaren 28ko eta martxoaren 1eko hauteskundeen ostean, 3.000 bat; soldaduak gehienak). Sobieta berehala Izvestia (“Berriak”) egunkaria argitaratzen hasi zen, ekainetik aurrera egunkari hau Errusia Osoko Sobieten egunkari izan zen (eta Urriaren ostean, kolore boltxebikedun Sobieten egunkaria izan zen).

Otsailaren 27an bertan, Sobietaren Komite Exekutiboa (Ispolkom) handitu egin zen, bederatzi kide izan zituelarik, ia denak mentxebikeak edo hauen aldekoak, beraz, alderdi honek “jazotako gertakizun” bezala gehiengoa izan zuen, nahiz eta alderdi ezberdinetako kide bina gonbidatu (boltxebikeen ordezkariak hasieran Aleksandr Xliapnikov eta Vladimir Bontx-Bruievitx izan ziren, gero Stalin batu zitzaien, hau atxilo-alditik bueltatzean). Martxoaren 18an alderdi sozialista bakoitzak hiru kide izan ahal zituela erabaki zuten. Praktikoki Ispolkomeko kideak, alderdiek (eta ez langileen tokiko edo lantegietako ordezkaritzek) aukeratuak izan zirelarik, alderdien interesak ordezkatzen zituzten, ez langileenak, honek Ispolkom hau langile masarengandik “Independizatu” eta bere politika propioa (kontziliatzailea) egitera bultzatu zuelarik. Martxoan Ispolkomek bere “lehendakaritza” sortu zuen, zazpi pertsonarekin. Ispolkomen langile gutxi zegoen, gehienak intelektualak izan ziren.

Otsailaren 28an “Petrogradeko eta Errusia Osoko populazioari deialdia” egin zuen “tokiko auzi guztiak bere eskuetan hartzen zituela” esan zuelarik.  Hala ere, gutxi iraun zuen horrek, Martxoaren 1 eta 2 artean, Sobietak “Erakundeekin eta Norbanakoekin Harremanak Arautzeko eta Hiriburuan Ordena Berrezartzeko Dumako Kideen Komitearekin “ (Dumako kide liberal burgesek eratutako “itzalpeko Gobernu” mota bat) adostasuna sinatu zuen, Behin-behineko Gobernua eratzeko. Momentu horretan hasi zen praktikoki Errusian “Botere bikoitzaren” aroa. Hasiera batean, Petrogradeko Sobietak Sobietetako kideek, ezta hau babesten zuten alderdietako kideek ezin zuten Gobernu honen kide izan.Hala ere, Sobietaren Exekutibako kide batek, Aleksandr Kerenski eseristak, Gobernuan postu bat onartu zuen, Justizia ministro gisa.

Petrogradeko Sobieta, nahiz eta tokiko organo bat izan, “Errusiako demokrazia iraultzailearen” ordezkaritza-organo naturala izan zen, harik eta maiatzean Errusia Osoko Baserritarren Sobieten Biltzar Nagusia eta ekainean Errusia Osoko Langile eta Soldaduen Sobieten Biltzar Nagusia deitu ziren arte.

Sobietak, martxoaren 1ean “Lehen zenbakidun dekretua” edo “Lehen dekretua” ezarri zuen, zeinak Armadan (eta hedatuz, gizartearen sektore askotan) aldaketa batzuk ekarri zituen: soldadu komiteak eratu zituen, Sobietak izango zuen etorkizunean egin behar ziren leku-aldaketa guztietan azken hitza eta trataera-ezberdintasunak ezabatu zituen, pertsona denei “hiritar” titulua emanez. Sobietak, beste gauza batzuen artean, preso politikoen amnistia dekretatu zuen, eta antzineko erregimeneko zuzendariak atxilotu zituen.

Martxoaren 8an, Sobietak “Lotura-Komisioa” sortu zuen, Behin-behineko Gobernuarekin harremanak hobetzeko eta Gobernuak, adostutako programa beteko zuela bermatzeko. Apirilean Petrogradeko Sobietak “Sobiet Txikia” eratu zuen, 600 kiderekin (gutxi gora behera), Sobietarren funtzionamendua agilizatzeko, nahiz eta Ispolkom Komite Exekutiboak nagusitasuna mantendu.