Petrogradeko Emakume Langileen Lehen Konferentzia

Petrogradeko  Emakume  Langileen  Lehen  Konferentzia

Announcement Date: 12th azaroa 1917

1917ko azaroaren 12an eman zitzaion hasiera Emakumeen Konferentzia honi; hala ere, Urriko Iraultzaren aurretik, Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) emakume boltxebikeen argitalpenaren inguruan jada emakumezko langileen biltzar bat deitzeko ideia bazegoen, urriaren 6an deitu zuten halako konferentzia batetara Pravdaren hemerotekaren arabera (Alexander Rabinowitch historiagileak “Urriko iraultzaren aurretik” ideia hau bazegoela esan zuen). Bertan, emakumezko langileen kezkak azaleratzea zen helburu, baina kontuan izanik zein datetan burutu zen, Asanblada Konstituziogilerako hauteskunde-kanpainak eztabaidaren parte handi bat hartu zuen (Natalija Puxkarievaren arabera, hauteskunde horietan kadeteen hautagaietako %12, boltxebikeen %10 eta eseristen %7 emakumeak ziren. Gainera, Eskubideen Berdintasunerako Emakumeen Ligak ere hautagaitza propioa aurkeztu zuen). Batez ere bi ikuspegi lehiatu ziren: alde batetik boltxebikeena, eta beste batetik Eskubideen Berdintasunaren Emakumeen Ligarena (martxoaren 19an emakumeen boto-eskubidearen alde manifestazio handia deitu zuen erakundearena). Konferentziaren lehendakari gisa Klavdija Nikolaieva boltxebikea aritu zen.

Nikolaieva boltxebikearen hitzaldiak aurreko bi gai horiek bilbatu zituen, Hauteskundeetan, emakumezko langileek boltxebikeen hautagaitza bozkatu behar zutenaz hitz egin zuen, eta batez ere Eskubideen Berdintasunerako Emakumeen Liga “kadetearen” hautagaitzari botorik eman behar ez ziotela. Nikolaievak zioenez, boltxebikeek lorpen iraultzaileak bermatuko zituzten, eta Emakumeen Ligak ordea, emakumezko langileen botoa eskatzen bazuen ere, soilik “emakume pribilegiatuak” ordezkatzen zituen (kadeteek eta Emakumeen Ligak aparteko zerrendak zituztela esan behar da, baina egia da Ligako zenbait zuzendari kadeteen hurbilekoak izan zirela). Nikolaievaren arabera, “klase kontzientziadun emakumeok badakigu ez dagoela emakume guztien interes amankomunik, badakigu ez dela emakumeen antolakunde bereizirik behar (…) sozialismoaren aldeko elkartasun proletarioan batuta soilik indartsu garela badakigu”.

Emakumeen Eskubideen Berdintasunaren Ligaren partetik Lidija Doroxevskaiak hitz egin zuen, hain zuzen ere, martxoko emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazioan hizlari bezala aritu zen batek. Langile askok ez zuten emakume honek, “burgesiaren ordezkariak”, hitz egin zezanik, baina Aleksandra Kollontaik bere hitz egiteko eskubidearen alde egin zuen (Natalija Puxkarievaren arabera, Kollontaik Doroxevskaiari hitza emateko arrazoia, “emakumezko langileek beren etsaia ezagutu zezatela” izan zen). Doroxevskaiaren arabera, Eskubideen Berdintasunerako Emakumeen Liga zen emakumeen borrokaren aitzindari. Doroxevskaiak, bere hitzaldian, emakume guztien batasuna defendatu zuen, eta emakumeak gizonek zuzendutako mugimenduengan konfidantzarik izan behar ez zutela esan zuen.

Doroxevskaiaren hitzaldiari txistu egin zioten bildutako langileek eta askok ea bere etxeko enplegatuek eta hark interes amankomunak ote zituzten galdetu zioten (Doroxevskaia zientzialaria zen). Beste batzuek, Emakumeen Ligak fabriketan hamalau orduz lan egin eta haurdun geratzerakoan kaleratuak ziren emakumeen alde zer egiten ote zuen itaundu zioten. Aleksandra Kollontaik ere hitzaldia bota zuen Doroxevskaiari erantzunez.

Alexander Rabinowitch historiagilearen arabera, Doroxevskaiaren eta Emakumeen Ligaren aurkako eztabaidak, emakume boltxebikearen barneko beste eztabaida bat ezkutatu zuen: Alderdiaren barruan emakumezkoen antolakunde edo adar bereziak behar ote zirenaren ingurukoa. Kollontai antolakunde hauen aldekoa zen; Nikolaieva eta Konkordija Samoilova ordea, aurkakoak.

Emakume boltxebikeen Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) argitalpenak Konferentzia hau gertutik jarraitu zuen; Samoilovak editorial oso bat idatzi zuen Konferentziari eta hurrengo hauteskundeei buruz. Samoilovaren arabera, soilik boltxebikeek defendatzen zituzten emakumezko langileen eskubideak, bai lanaren inguruko legeekin eta baita ere emakumeen lana babesteko aukeratutako emakumezko ikuskarien organu bat sortzea proposatuz. Samoilovaren arabera, Iraultzak emakumeentzat lortutako eskubideak, emakumezko langileek gizonezko langileekin batera eramandako borrokari esker lortu zituzten.

Bilera honen atzetik, 1918an, Errusia Osoko Emakume Langileen Lehen Biltzar Nagusia burutu zen.

(Goiko irudian, Emakume Langileen Konferentzia hau antolatu zuen Rabotnitsa aldizkariaren 1917ko erredakzioa).