Petrograd iraultzaileen kontrolpean

Petrograd  iraultzaileen  kontrolpean

Announcement Date: 27th otsaila 1917

Otsailaren 27an protestak are handiagoak izan ziren Petrograden eta egun horren bukaeran, Petrograd osoa jada iraultzaileen eskuetan zegoen, Peio eta Paulo Gotorlekua (kartzela zena), Neguko Jauregia, Estatu Nagusiaren Egoitza eta Almirantegoaren egoitza izan ezik (azken honetan ezkutatu ziren Sergei Khabalov gobernadore militarra eta honen aldeko tropak). Aleksandr Balk gobernadore zibilak esan zuenez, “27rako, aginte osoa galdu genuen Petrograden”. Richard Pipesen arabera, “hau zian zen otsaileko iraultzaren eguna”.

Egun honetan, jada soldadu asko herritarren aldera pasatu ziren (Pavlovski, Volinski, Mosku, Preobrazhenski eta Lituania erregimentuak altxatu ziren), eta honen bestez, masak nolabaiteko “pentsamendu militarraren jabe” zirelarik, “protesta” egin baino, hiria okupatzera atera ziren, lehenbizi, puntu estrategikoak okupatuz (aurreko gauean soldadu matxinatu batzuek zubi batzuetan kontrolak egiten hasi ziren). Pipessen arabera “Petrograden zeuden 160.000 inguru soldadutatik erdiak istiluetan parte hartu zuen, eta beste erdiak “neutraltasunez” begiratu zituen”. Lehenbizi, armategiak eta arma-fabrikak okupatu zituzten, eta gero tren-geltokiak, telefonoen egoitza eta Artilleriaren egoitza. Masen izaera ere aldatu zuen, 27an “herritar arrunt” askok (grebalaria edo soldadua ez ziren herritar askok) ere parte hartu zuten istiluetan lehen aldiz, askotan bigarren lerroan bazen ere (jaigiro moduan, espektakulu baten parte-hartzaile bailiran).

Bestetik, kaleetan poliziak eraikinetatik frankotiratzaileen gisa egiten zuen tiro masen kontra, biktima asko eragin zituztelarik. Honek masak poliziaren kontra gogor oldartzea ekarri zuen: polizia uniformea zeraman edonor jipoitu egiten zuten (polizia asko mozorrotu behar izan ziren Petrogradetik ateratzeko) eta poliziaren komisaldegiak eta ere Kronverski kaleko egoitza nagusia asaltatu egin zuten (Viktor Xklovski idazleak egun horretan poliziaren kontra langile batzuk gidatu zituen).

Arratsalde-gauean, Justizia Jauregia eta kartzelak ere asaltatu zituzten, preso guztiak askatuz, eta kartzela-eraikinei su emanez. Hala ere, egun horretan, kartzelarik sinbolikoenak, Peio eta Pauloren Gotorlekuak, ez ziren askatuak izan, hurrengo egunean baizik. 8.000 bat preso, bai politikoak zein sozialak, kalera atera ziren.

Otsailaren 27ko manifestazioetan, Orlando Figes historiagilearen arabera, gainontzeko egunetan baino bortizkeria handiagoa izan zen, ez soilik poliziaren kontra edota istiluen testuinguru batean, baizik eta baita ere manifestazioetan parte hartzen ez zuen jendearen kontra, aberats itxurako pertsonen kontra, denden kontra eta abar. Iraultzaileek Petrogradeko automobil (ia) denak konfiskatu zituzten manifestazioetan erabiltzeko (Figesen arabera nahiko zorte txarrarekin, askok ez baitzekiten gidatzen). Figesen arabera, “Otsaileko Iraultza bortizkeriarik gabeko iraultza herrikoi bat izan zeneko hori, mito liberal bat besterik ez da (…) Urriko Iraultzan zehar askoz jende gutxiago hil zen”. Figesek esaten duenez, kartzelatik presoak askatzeak ekarri zuen bortizkeriaren handitzea. Hala ere, hura erlatibizatu beharra dago, agian bortizkeria handiena eman ziren tokiak Hensigfors (egun, Helsinki) eta Kronstadt izan ziren, hor preso ohien ordez marinelak protagonista izan zirelarik.

Egun honetan hasi ez bazen ere, nabarmen egin zen beste aldaketa bat: hasierako egunetako (batez ere Emakumeen Nazioarteko Eguneko) doinu pazifistaren eta gudaren kontrako leloen ordez, doinu nazionalista esplizitua agertzeaz ari gara. Masen bortizkeria “alemaniarren” kontra zuzendu zen: bai benetako alemaniarren kontra (hau da, alemaniar denden, saltokien edo produktuen kontra), zein alemaniar etniako errusiarren kontra (asko nobleak ziren) zein “ustezko alemaniarraren” kontra (burgesen, aberatsen edo “traidoreen” kontra). Denaren gainetik “herriaren etsai alemaniarraren” irudia Aleksandra Romanova tsarinak betetzen zuen, zein alemaniarra zen, eta masek, berak eta ministro askok (alemaniar etniakoak batzuk) errusiar armada saltzen ibili zirela uste zuten. Otsaileko iraultzaren hasierako egunetan autokraziak “guda madarikatu honekin errusiar herria miseriara eraman” zuela uste bazuten, 27rako ustea beste bat zen: “autokraziak, armada eta Estatua alemaniarrei salduz  errusiar herria miseriara eraman” zuela. Sentimendu nahiko konpartitua izan zen “etxean jada alemaniarrei irabazi diegu, orain gudan irabaziko diegu” zioena. Nikolai Sukhanov gudaren kontra lerratu zen mentxebiekak komentatzen zuenez, “egun hartan gudaren kontrako pankartak zeramatzanak, saritan, manifestazioetatik botatzen zituzten”. (Richard Pipesen arabera, alajaina, lehen lelo nazionalistak otsailaren 25ean entzun ziren).

Otsailaren 27an, goizean iraultzaren botere paraleloak sortu ziren: alde batetik Dumako Kideen Behin- behineko Komitea, eta bestetik Petrogradeko Sobieta. Hasiera batean bi organoak, arrazoi ezberdinengatik boterea hartzearekiko mesfidati ziren; baina 27ko arratsalde aldean Gobernu tsaristak dimisioa eman izanak Dumako Kideen Komitea boterea hartzera bultzatu zuen. Dumako Komiteak hartutako lehen neurrien artean, ministro tsaristen atxiloketa-agindua izan zen.

Egun horretan, tsarrak, berriz ere, Dumarekin Gobernu bat adosteari uko egin zion, nahiz eta kasu honetan bere gertuko pertsona batzuek (Mikhail Alekseiev armadaburuak edo Mikhail Romanov bere anaiak) eskatu. Gobernuaren eskaera onartuz,frontetik tropak bidaltzea ebatzi zuen. Tropa horiek Nikolai Ivanov jeneralaren menpe abiatu behar ziren, frontetik Tsarskoie Selo herrira (tsarraren familia zegoen tokira) eta handik Petrogradera joateko aginduarekin. Ivanovek Petrograden Khabalov ordezteko agindua eta ordena berrezartzeko botere osoa zuen. Hala ere bien arteko komunikazioetan argi geratu zen ezinezkoa zela, izan ere Ivanovek Khabalovekin kontaktatu zionean, honek “hiri osoa dago iraultzaileen pe (…) guk ez dugu batere troparik” erantzun zion. Bestalde, tsarrak berak, frontetik Tsarskoie Selora eta gero Petrogradera joateko erabakia hartu zuen.

(Argazkian: Litovski kartzela, otsailaren 27an langileek askatu ostean)