Neguko Jauregiaren gaineko erasoa

Neguko  Jauregiaren  gaineko  erasoa

Announcement Date: 25th urria 1917

Neguko Jauregia hartzea Urriko Iraultza Sozialistaren ikurra izan zen gertakaria zian zen, Iraultzaren irudi sinbolikoa. Egun, Iraultza hori “Neguko Jauregia hartzea” aipatzen da. Finean, sinbolismo aldetik, Frantziako Iraultzan Bastilla hartzearen pareko ekintza bat izan zen. Egun, ia-ia, “Neguko Jauregia hartzea” “iraultza egitearen” sinonimo metaforiko bezala hartzen da. Hala ere, bertan Behin-behineko Gobernuko kide batzuk atxilotu bazituzten ere, hartze hau ez zen egun hartako ekintzarik garrantzitsuena, ez erabakigarriena, ez “bulkada” bat izan: Petrogradeko azken eraikinetako bat izan zen, eta Sobieten II Biltzar Nagusiak zuzendaritza boltxebike berria jada erabakita zuen. Iturri gehienen arabera, Antonov-Ovseienko izan zen asaltoan parte hartu zuten tropa boltxebikeen buru, baina Trotskik esan zuen moduan, Antonov-Ovseienkok (bera zian zen Behin-behineko Gobernuko ministroei atxiloketa hori komunikatu ziena), Podvoiskik eta Txudnovskik osatutako hirukote bat zen buru (Viktor Sergeren arabera, hirukote hori Podvoiski, Antonov-Ovseienko eta Laxevitx ziren). Alexander Rabinowitchen arabera, setioa ixten, Jauregiaren iparraldera Pavlovski erregimentua eta hegoaldera Kexholm erregimendua ezarri ziren. Eguerdian, Kronstadteko marinelak etorri ziren hainbat ontzitan (tartean, Avrora ontzian, zeinak Nikolaievski zubian atrakatu zuen).

Neguko Jauregira zuzentzen ziren tropa gorriak.

Neguko Jauregia hartzeko plana, Orlando Figesen arabera, asko atzeratu egin zen. Figesek dioenez, lehenbizi arratsaldeko hiruetan egin beharra zegoen, gero seietara atzeratu zen, eta azkenean ultimatuma zazpietan bota zuten. Figesen arabera, planteamendua Neguko Jauregia Sobieten II Biltzarra hasi aurretik hartzea zen, baina akatsen batzuen erruz atzeratu zen, eta honek Leninen biziki haserrarazi zuen. Trotskik ere atzerapen horiek aipatzen ditu, bere ustez “asaltoaren gaineko tropen hierarkia oso konplexua” zelako.  Viktor Sergek beste bertsio bat ematen du, bere ustez “ultimatumerako ordua gaueko bederatziak ziren, baina Leninek ordu hori aurreratu nahi zuen”. Sergek zioenez, Leninek Podvoiski jotzen zuen erasoaren atzerapenen errudun.

Petrogradeko Emakumeen Lehen Batailoiak eta junkerek defendatu zuten Neguko Jauregia.

Barruan, Behin-behineko Gobernua zegoen, Aleksandr Kerenski lehen ministro ohia izan ezik, honek AEBtako enbaxadaren kotxe batean ihes egin baitzuen. Richard Pipesen arabera, goizeko bederatziak ziren ihes egin zuenean. Kerenski fronteko tropekin kontaktatzea joan zen, baina bere integritate fisikoarekin zerikusia duten arrazoiak ere ezin dira alde batera utzi (Trotskiren arabera, Kerenskiren egoera hiriburuan oso desesperatua zen, eta tropak eskatzen zituen bakoitzean ez zitzaizkion iristen, eta horregatik bera joan zen tropak bilatzera). John Reed kazetariaren arabera, “Neguko Jauregia inguratua bazegoen ere, ministroek frontearekin komunikazioa zuten, eta tropak Petrogradera dei zitzaketen”.  Gobernuaren aldetik, Neguko Jauregia defendatzeko oso tropa gutxi izan ziren, junkerren (ofizial gazteen) hiru konpainia eta Petrogradeko Emakumeen Lehen Batailoia; Figesen arabera “hiru mila bat soldadu”, Piotr Paltxinski ingeniari eta ministroaren ordenen pean (Trotskiren arabera, Vladimir Kixkin lehen ministro-ordea izan zen). John Reedek, asalto hau barrutik bizi izan zuenak, kontatzen duenaren arabera, “jauregi osoa kuartel bat zen”. Figesek dioenez, defentsa desastre bat izan zen, “ez zuten ezta plano bat ere aurkitu (…) Behin-behineko Gobernuak ez zuen Jauregia zehatz ezagutzen, eta alboko ate bat aske utzi zuten (…) handik espioi boltxebikeak sartu eta irten ibili ziren arratsalde osoan”. Soldaduen morala nahiko baxua omen zen: Reeden arabera, soldadu asko ez ziren jauregia defendatzen benetan saiatu, “asko etzanda zeudela” deskribatzen du, eta Figesek “ez zutela ezta denei afaltzen emateko moduko janaririk (…) iluntzerako soldadu gehienek Jauregia utzi egin zuten”. Pipesen arabera “babesa agindu zitzaien eta ez zieten eman. Hori dela eta, defendatzaile askok Jauregia utzi egin zuten”. Trotskiren arabera, hainbestek ez zuten utzi: “hasierako 1.500 edo 2.000 soldadutatik 1.000 geratu ziren”. Defentsa tropen buru Stankievitx komisarioa zegoela ere badio Reedek. Orlando Figesen arabera “Neguko Jauregia edozein momentutan har zezaketen boltxebikeek, ia defentsarik ez baitzuen”. Gauerdi aldera, Reedek politikari mentxebike eta eserista batzuk ikusi zituen Neguko Jauregian sartzen saiatzen zirelarik, hura “defendatzeko” asmoz.

Neguko Jauregiaren inguruko plaza tropa gorriek hartuta.

Reeden arabera, gauez izan zen Neguko Jauregiaren kontrako asaltoa; “Oinezkorik ez zegoenean eta tranbiek ere zirkulatzen ez zutenean”. Jada ordurako kalea boltxebikez harturik zegoen (“Nevski etorbidea jendez beterik zegoen”), eta hiri osoa boltxebikeen kontrolpean zegoen (“gaueko egunkariek preso boltxebike askapena eta iraultza proletarioaren garaipena zekarten”). Are, Sobieten II Biltzar Nagusiak biltzarraren mahai berria (boltxebikeen gehiengoarekin) aukeratu zuen asaltoa hasi aurretik. Hamarretan hasi ziren erasoak Avrora ontzitik eta Peio eta Pauloren Gotorlekutik (hemendikako erasoa Blagonravovek gidatuta) hasi zuten erasoa. Ultimatuma Antonov-Ovseienkok sinatu zuen, baina setiatutakoek ez zuten erantzun.

David Riazanov boltxebikeak Sobieten II Biltzar Nagusian esan zuenez, “ordezkaritza bat bili genuen Neguko Jauregira hau modu baketsuan entregatzeko (…) beraz, guk, boltxebikeok, odola isuri ez dadin ahalegin guztiak egin ditugu”. Hala ere, kontuan izan behar da adierazpen horiek beste alderdiek Sobieta uzten ari zirelarik egin zituela, eta Riazanov boltxebikeen eskuineko ildokoa izanik (beraz beste alderdiekin koalizioa osatzearen aldeko ildokoa), pentsatzekoa da adierazpen horiek alderdi horiekiko zubi bat egiteko saiakera bezala ulertzea.

Gauerdia pasata, Reeden arabera, Neguko Jauregia Milrevkomen tropen esku zegoen, zuzenago esanda, Goardia Gorrien esku. Gerora goardia gorri batek esan zionez “gaueko hamaikak aldera jauregian ez zen junkerrik geratzen” (Reedek ez zuen asaltoa zuzenean ikusi, une batez Sobieten II Biltzar Nagusia jarraitzera joan baitzen). Goardia gorri honen arabera, erasoa egin zuten boltxebikeak ez zeuden armatuta “oso fusil gutxi genituen”. Reedek zioenez, borroka armatua oso txikia izan behar zuen, Gobernuaren aldeko tropek postuak utzi baitzituzten: “ehundaka fusil, junkerrek lagatakoa, ikusi genituen”. Pipesen arabera, borrokarik ez zen batere egon, boltxebikeak Hermitage museoaren aldetik sartu ziren jauregian (Trotskiren arabera, barruan zeuden kosako batzuek zabaldu zieten bidea iraultzaileei). Hala ere, atxilotutako junker gehienak aske utzi zituzten (urriaren 27 eta 28 artean), hauek armak herriaren kontra berriz erabiliko ez zituztenaren hitza eman ondoren (hala ere,hurrengo egunetan junkerrak boltxebikeen kontra matxinatu ziren). Emakume soldaduak, atxilotu ondoren askatu egin zituzten eta Finlandiako tren-geltokira bidali zituzten, handik Levaxovo herrira, kanpalekua zuten tokira bidaliz. Orlando Figesen arabera, Jauregiaren hartzea beranduago izan zen, goizaldeko ordu biak aldera, orduan komunikatu zien tropa gorrien buru Antonov-Oveseinkok Behin-behineko Gobernuko ministroei euren atxiloketa.

Ministro gehienak izan ziren atxilotuak: Terextxenko Kanpo Arazoetarako ministroa, Konovalov, Kixkin, Rutenberg, Nikitin, Maslov, Salazkin, Maliantovitx… Prokopovitx ministroa ez zen jauregian atxilotua izan, kalean baizik (eta egin berean aske utzi zuten). Preso hauek Peio eta Pauloren Gotorlekura eskoltatuak izan behar ziren, masa boltxebikeek jipoitu ez zitzaten. Atxilotuen artean ez zegoen Kerenski lehen ministroa, esan dugunez, ihes egin baitzuen. Ministro hauetako sozialistak urriaren 27an aske uzten hasi ziren, besteak, egun batzuk geroago.

Behin Jauregia hartuta, iturri antiboltxebikeen arabera, goardia gorriek Gobernuaren aldeko emakume soldaduak erail edota bortxatu eta jauregia arpilatu egin zuten. Lehenaren inguruan, Ariadna Tirkova feminista liberalak zuzendutako komisio baten ikerketa baten arabera, ez zen emakumeen kontrako hilketarik izan, eta sexu-krimenak, larriak hauek, oso gutxi izan ziren. Tirkovaren arabera, emakume gehienak hasieran Pavlovskeko kanpalekura bidali zituzten, eta hor batzuk tratu txarrak jaso zituzten, baina gerora etxebizitza pribatuetara edo Levaxovora bidali zituzten, azken kanpaleku horretan tratu txarrik jaso ez zutelarik. Emakume bakarrak egin zuen bere buruaz beste. Arpilatzearen inguruan, kasu batzuk eman ziren, baina Reed kazetariak ikusi zuenagatik, komisarioak arpilatzea gelditzen saiatu ziren “Hau herriaren jabetzakoa da!” oihukatuz eta sarreran jarritako goardiek ateratzen ziren goardia gorri oro erregistratuz. Jauregia defendatzen zuten junkerrek ere lapurreta kasuak egin zituzten. John Reedek esaten duenaren arabera “ez dut esango Neguko Jauregian lapurretarik egon ez zenik, baina han gauza asko lapurtu ziren hurrengo egunetan eta batia ere aurreko egunetan (…) Beratan zeuden artelanik onenak Moskura eraman zituzten irailean. Boltxebikeek jauregia hartu eta hamar egun beranduago itzuli nintzen eta dena oso ondo zaindua zegoen (…) Hala ere, egia da zenbait herritarrek, bertara sartzea libre zutelarik, guztira 50.000 errublo balio zituzten gauzak lapurtu zituztela”. Hurrengo egunetan Gobernu sobietarrak lapurtutako objektuak lokalizatzezko eta itzultzeko deiak egin zizkion herriari, eta lapurtutako objektuen erdia itzultzea lortu zuen. Azaroaren 3an, Neguko Jauregia museo bilakatu zuten.

(Goiko irudian, Sergei Eisensteinek Urria filmerako egin zuen Neguko Irudiaren erasoaren errekreazioa. Ez da irudi historikoa, baina bat sinbolismo handikoa, horregatik aukeratu dugu).