Moskuko Estatu-konferentzia

Moskuko  Estatu-konferentzia

Announcement Date: 12th abuztua 1917

Abuztuaren 12an Moskun konbokatu zuen Kerenskiren Gobernuak, bere politikaren alde Estatuaren sektore ezberdinak azal zitezen. Hala ere, bertaratu ziren sektore gehienak antzinako erregimenaren aldekoak (militarrak, lurjabeak eta abar, burgesak (kadeteak, bankariak), edota Sobieteko “ofizialistak” (Gobernuaren aldekoak) izan ziren. Sukhanoven arabera, “eskuina eta ezkerra, aristokrazia eta demokrazia oso  banatuta azaldu ziren (…) gu, ezker muturrekoak, gutxiengo bat ginen”. Izan ere boltxebikeak ez zeuden ordezkatuta, ez zituzten gonbidatu (boltxebike batzuk ageri izan ziren, sindikatuen ordezkari gisa).

Moskuko greben irudi bat

Moskuko boltxebikeek greba orokor batekin hartu zuten Moskuko Konferentzia zabaltzea: Stalinen arabera, 400.000 moskutarren hartu zuten parte greba horretan. Orlando Figesen arabera, baita ere tranbiak zein Konferentzia burutu behar zen jauregiko pertsonala greban jarri zen, beraz ordezkariek oinez joan behar zuten, eta jauregiko tabernan euren kabuz atera behar izan zituzten edariak.

Praktikan, konferentzia horrek, burgesiaren aldean, Kerenskiren itzaltzea eta Korniloven goratzea ekarri zuen. Kerenski berak izendatutako armadaburua,  Moskuko tren-geltokitik jaitsi zenetik, altxatuta eraman zuten Konferentzia ospatzen zen tokira, “salba ezazu Errusia!” oihuen artean. Konferentziako alderdirik eskuindarrenak iraultza zanpatzeko eta ordena berrezartzeko programa bat aurkeztu zuen. Kerenskik, beldurturik ezin izan zion bereari eutsi eta eskuinarekin bat egin zuen, “matxinatutako elementuak (boltxebikeak)” zanpatuko zituenaren hitza emanez.

Stalinek, abuztuaren 12an bertan Rabotxi i Soldat egunkarian deitu zuen Konferentzia boikotatzera, “Moskuko Konferentziaren aurka” artikuluan. Bertan, “kontrairaultzaileek iraultza garaitu eta zanpatu nahi dute, baina ez zaie nahikoa horrekin, gainera “herriak”; “Nazioak” zanpatze hori “hobetsi” dezan nahi dute” esan zuen; eta baita “badakite Asanblada Konstituziogilean (gogoratu uztailean Behin-Behineko Gobernuak Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak atzeratu egin zutela) errusiar herriak ez diola kontrairaultzaren politikari babesik emango, beraz halako “ordezko” bat bilatu nahi dute politika hori egiteko”. Stalinek “Kontrairaultzaren parlamentu” deitu zuen Moskuko Konferentzia. Abuztuaren 13an Proletari egunkarian ateratako beste artikulu batean, Stalinek Konferentzia Moskun eta ez Petrograden, hiriburuan, egitea salatu zuen, Mosku “lasaia”, Petrograd “ustela” baino “komenigarriagoa zaielako” (hala ere, Moskuko langileen grebaren erantzuna azpimarratu zuen Stalinek). Artikulu horretan, Konferentziak, aukeratu gabeko parlamentu bat osatu nahi zuela salatu zuen Stalinek.

Lehen egunean, Kerenskik hitz egin zuen, eta boltxebikeak (aipatu gabe) “matxinadan ari direnak gogor zanpatzeko hitza eman” zuen. Gobernuko kideek burgesia lasaitzeko hitzak erabili zituzten: barne ministro Avksentievek “komisario mugikorrak” proposatu zituen, Ogasun ministroak goiko klaseei zergak jaistea, Nekazal ministro Txernovi ez zioten hitzik hartzerik ere utzi. Tseretelik ordea ere, oso inpresio txarra eman zuen, izan ere, bere burua (eta gehiengo sozialista moderatuarena) “Estatuaren salbatzaile” bezala aurkeztu nahi izan zion eskuinari, eskuineko ordezkariek sinetsi ez ziotelarik.

Eskuin-aldearen hizlari nagusiak Pavel Miliukov kadetea eta Aleksei Kaledin kosakoa izan ziren. Miliukovek, kadeteen alderdiko lehendakariak, “demokrazia iraultzailearen” akatsak zerrendatu zituen, adibidez internazionalismoarekiko (ia-ia, eskuinarentzat traizioa zena) tolerantzia, Txernov bera erasoz, nazionalitate txikiekiko tolerantzia eta “Armadaren demokratizazioa” (beraz, Sobiet mentxebike-eseristaren lege garrantzitsu bat, “Lehen Ordena” ezabatu nahi izan zuen). Miliukovek eskatu zuen, eta “Lehen Gobernura”, martxo eta apiril arteko gobernura itzultzea eskatu zuen. Kaledinek Sobietak deuseztea eta Errepublika (Sobietik gabekoa) aldarrikatzea proposatu zuen. Bestetik, Alekseiev jeneralak (armadaburu ohiak), Armada berrezartzeko “diziplina osoa berrezartzea” eskatu zuen, hau da, Sobiete boterea desegitea, “guda bukatu arte”. Konferentziak heriotz-zigorra berrezartzea onartu zuen.

Honela hartu zuten Kornilov Moskuko tren-geltokian

Abuztuaren 14an, Kornilov heldu zen, eskuin-aldekoek txalo-zaparradaz hartu zutelarik. Honek ekarri zuen giroa, eta praktikoki Estatuaren pendulua eskuinera mugitzea edo eskuinera mugitu zela nabarmentzea. Kerenski berak ere Kornilov “errusiar herriaren batasunaren aitzindari” bezala aurkeztu zuen. Lavr Kornilov jeneralak “Lehen Ordena” ezabatzeko eskaera egin zuen, eta bere programa aurkeztu zuen: Sobieten kontrakoa, soldaduen eskubideak eraistearen aldekoa eta ordena berrezartzearen  aldekoa, “Bestela armada eta Estatua galduak dira”. Korniloven hitzaldia ez zen oso ona izan, Figesen arabera “hitz egitea ez zen bere bertuterik handiena”, baina bere borondateak Konferentziaren eskuin-aldean “hainbesterako zirrara sortu zuen eta hain txalotua izan zen, hauek kohesionatzeko eta berriz indar bezala aurkezteko aukera eman zuela”. Honen aurrean, Gobernuaren (teorian sozialisten eta liberalen arteko koalizio-Gobernuaren) ordezkariek ez zuten jakin euren posizioa defendatzen, Tseretelik adibidez, Sobietak koalizio-Gobernua eratzeko “ahalegina” goratu zuen eta Gobernuaz eta Sobietez arituz “Nork defenditu zuen Estatua matxinada eta anarkiaren aurka?” galdetu zuen, “Meritu” hori Gobernuaren esku jarri nahi zuelarik (hau da, Sobieten eta Behin-Behineko Gobernuaren “boltxebikeen aurkako papera” aldarrikatu nahi zuelarik) eta eskuineko ordezkari batek “Kosakoek eta junkerrek!” erantzun zuen. Tseretelik jakin izan zuen bakarra, burgesiari bere alderdiak eta bere Sobietek egindako “lanak” aurkeztea izan zen: “salbuespen-lege bat” onartu zutela, edota “hasieran, ezkerretik zetorren anarkiaren aurka borrokatzen ez genekiela” esan zuen.

Itxierako hitzaldian, Kerenskik ordea, itxura patetikoa eman zuen, Figesen arabera “itxura patetikoa , eman zuen bere onean egongo ez balitz bezala, (…) momentu batean penaz edo txalotu zuten, eta ez zioten hitzaldia bukatzerik utzi”. Bat etorri zen Miliukov “nekazal-eskualdeetako ordezkari askok Kerenski lehen aldiz ikusi zuten, eta atsekabeturik joan ziren (…) beldurra mehatxuak puztuz “ito” nahi zituen gizon horrek pena soilik ematen zuen”.

Abuztuaren 17an, Stalinek, “Moskuko Konferentziaren emaitzak” artikulua atera zuen Proletari aldizkarian. Bertan, kadeteak nagusi atera zirela azpimarratzen du, eta mentxebike eta eseristek (Tseretelik eta Kerenskik), kadeteen programa jarraitzen zutela aldarrikatu behar izan zutela. Stalinen ustez, “kadeteak eta jeneralak” indartuta atera ziren Moskuko Konferentziatik, eta galtzaile gisa “demokrazia iraultzailea” atera zen, lehenengoen “eranskin” bihurtu zelako. Trotskik Konferentzia hau “burgesiaren ametsetako argazkia” bezala definitu zuen “langileek molestatu gabe, burgesiak nahiko zukeen iraultzaren argazki ideiala”.