Mikhail Romanovek tronuari uko

Mikhail  Romanovek  tronuari  uko

Announcement Date: 3rd martxoa 1917

Martxoaren 3an, Nikolai IIaren abdikazioaren biharamunean, Behin-Behineko Gobernuak Mikhail Romanov Duke Handiaren estatusa zein izango zen zehaztu behar zuen, Nikolaik berarengan abdikatu baitzuen. Hala ere, liberalak, Gobernu berrian monarkiaren aldekotasun handiena zutenak, jada ez zeuden monarkiaren iraupenaren bideragarritasunaz konbentzituta, aurreko egunean masek argi erakutsi baitzuten euren iritzia (goizean masek txistu egin zioten Miliukovi monarkia konstituzionala iragartzean eta gauez langile batzuek ia-ia Gutxkov jo zuten arrazoi bera zela eta).

Mikhail Nikolairen anaia zen, Orlando Figesen arabera “Mikhail gizon apala zen, baina bere anaiak baino are inteligentzia txikiagoa zuen, eta ez zen politikaz interesatzen. Egoera normala izango balitz, Ingalaterrako George Varen antzeko errege konstituzional on baina ergel bat izango zatekeen. Baina aurreko egunetako istiluek ez zioten prezeski botere-goserik eman”. Beste batzuen arabera, ordea, monarkia konstituzional baten aldekoa genuen. Mikhail, otsaileko egunetan, saiatu zen tsarrak Dumarekiko ardura izango zuen Gobernu konstituzional bat onar zezan, bainabere bitartekaritza-lana alferrik izan zen Nikolairen ukoen aurrean; eta Rodziankoren arabera, “berak ez zuen botere arduratsu bat osatzeko erabakimen-ahalmenik erakutsi” (hala ere, Rosemary Crawford eta Donald Crawford historiagileen arabera, “hauxe Rodziankoren bertsio interesatua izan zen, bere zalantzak estaltzeko”). Otsaileko egunetan, Mikhail neurri errepresiboen aldekoegia ez bazen ere, bere ustez, edozein emakida Nikolai II tsarrak eman behar zuen, zin zen tsarraren gainetik emakidarik egin. Horregatik, tsarra konbentzitzen saiatu zen, emaitzarik lortu gabe. Otsailaren 28 eta martxoaren 1 artean, liberalek Mikhail tsar edo errege-orde konstituzional bezala ezartzea nahi zuten, baina monarkiak zuen prestigio txikia kontuan izanik, Mikhailek paper txikia izan zezan saiatu ziren. Crawfordtarren arabera, “Mikhail Gobernu konstituzional baten aldekoa izan zen (…) baina Rodizankok esan zion moduan gertakariak berak lagun zezakeena baino haratago joan ziren”;.

Otsailaren 2an, Nikolaik bi dimisio eman zitenez (lehen bere izenean, koroa semeari pasaz, eta bigarrena bere eta semearen izenean, koroa Mikhaili pasaz), hasiera batean, Mikhail errege-orde izango zela uste zen Petrograden, hala ere, laster gauzak aldatu egin ziren, masek monarkiaren jarraipena onartezin gisa hartzen zutelarik. Nikolaik dimisioa eman eta hurrengo egunean, matxoaren 3an, ordezkaritza bat joan zen Mikhailengana. Georgi Lvov Lehen Ministroa, Pavel Miliukov Kanpo Arazoetarako Ministroa, Aleksandr Kerenski Justizia Ministroa, Mikhailo Terextxenko Finantza-ministroa, Aleksandr Gutxkov, Vasili Xulgin eta Mikhail Rodzianko Dumako lehendakaria joan ziren Gobernuaren ordezkaritzan Mikhailengana (Rosemary Crawford eta Donald Crawforden arabera, batzar hau Dumako Behin-behineko Komiteak antolatu zuen, Sobietak ezer ere jakin gabe). Ordezkariek aurreko egunean Nikolaik sinatutako abdikazio manifestua eman zioten, eta Figesen arabera “Mikhail haserre zegoen Nikolairekin, berari ezer esan gabe ardura guztia eta tronuaren pisua berarengan ezarri baitzuen”. Crawfordtarren arabera “egun batzuk lehenago Nikolaik ez zuen Mikhail errege-orde izaterik nahi eta orain tsar izatea nahi zuen”. Lvovek eta Kerenskik Mikhailen dimisioaren alde egin zuten, bestela masek matxinada bortitza egingo zutela esan zioten. Miliukovek (Gutxkoven laguntzaz) ordea kontrakoa defendatu zuen: monarkia beharrezkoa omen zen erregimen aldaketari zilegitasuna emateko. Mikhailek azkenean Rodziankorekin buruz-buru hitz egitea eskatu zuen, eta bakarka bildu zirenean tsar izateko prest zegoela esan zuen “baldin eta Dumak bere segurtasuna bermatuko balu”. Rodziankok adierazi zion Dumak ezin ziola berme hori eman.

Orduan Mikhail Romanovek (legearen arabera Nikolaik berarengan abdikatzeko eskubidea ote zuen ere zalantzan zegoen), praktikan, batez ere giroa zein zen ikusita, ukoa izango zen adierazpen aldebiko bat, edo “onarpen baldintzatu bat” egitea erabaki zuen: tsar kargua onartuko zuen baldin eta “bozka unibertsal, zuzen, parekide eta sekretuz bozkatutako Asanblada Konstituziogileak (…) ahalik eta eperik laburrenean deitu beharrekoak, halaxe eskatzen bazion”, artean Behin-behineko Gobernua babestera deitzen zuelarik. Hala ere, praktikan hori ukoa zen, giro hartan errusiar herriak Asanbladarako monarkiaren aldeko alderdiak bozkatzea ezinezkoa baitzen. Erabakia besteei komunikatu zienean, Kerenskik “nobleziaz eta abertzale baten moduan jokatu duzu. Hemendik aurrera ni neu arduratuko naiz zure portaera jakinarazteaz eta zu defendatzeaz”. Hala ere, azken momentuko arazo bat agertu zen, “abdikazio” hitzarena (hain zuzen, jada eliza batzuetan “Mikhail enperadoreagatik” otoitzak egin ziren, eta unitate militar batzuek “tsar berriaren izenean” hitza eman zuten, kargua ofizialki hartu ez bazuen ere). Batzuen arabera, ukoa “abdikazio” moduan agertu behar zen; hau da Mikhailek tronua hartu eta segituan uko egin balio moduan, honela “erregimen aldaketak (eta Behin-behineko Gobernuak) zilegitasun handiagoa izango zukeelako” (eta agian monarkia berrezartzea erraztuko zukeelako). Hala ere, beste batzuk ez zeuden oso ados, izan ere hain zuzen, horrek monarkiari “iraultzaren zilegiztatzaile” papera emango ziolako (eta alde legaletik ere arazo bat sortu zen: izan ere Nikolaik bere semearen gainetik Mikhailengan abdikatzea teknikoki ilegala zen, beraz, nola justifikatu une batez bada ere Mikhailek tronua hartu zuela?). Mikhail berak esan zuen ez zuela “abdikazio” hitza onartzen, bera ez zen ezta une batez ere tsar izan (Mikhail Romanoven arrazoien artean beste bat egon zitekeen: abdikatzen bazuen, tronurako zerrendatik at geratuko zen, beraz etorkizun batean Errusian monarkia berrezartzen bazen, bera kanpoan egongo zen. Hau ez zen arazo txikia, monarkikoek ere Mikhail beste hautagairik ez baitzuten planteatzen, eta “abdikazio” hitza agertzen bazen deskartatua geratzen zen). Vladimir Nabokov (izen bereko idazlearen aita) eta Nolde juristek, arazo juridiko hauek denak saihesteko saiakera eginez, adierazpen manifestua idatzi zuten, eta arratsaldeko seietan Mikhail Romanovek sinatu egin zuen.

Honela bukatu zen monarkia Errusian, eta ordutik aurrera errepublika moduan gobernatu zen Errusia. Hala ere, Mikhail Romanoven “onarpen (edo uko) baldintzatua” zela eta, Behin-behineko Gobernuak auzi hau ez zuen berehalakoan bukatu eta ez zuen Errusiako Estatua Errepublika bezala izendatu, auzia “linboan” ezarriz. Ofizialki, Errepublika 1917ko irailaren 1ean aldarrikatu zen (ordurako Mikhail atxilotua zen).