Mentxebikeen “batasun-kongresua”

Announcement Date: 18th abuztua 1917

Abuztuaren 18an hasi zen Petrograden, eta abuztuaren 26an bukatu. Ziva Galili historiagilearen arabera, 195 erakunde eta 200.000 militante ordezkatzen zituzten 220 ordezkarik hartu zuten parte. Biltzar Nagusi honen helburua talde mentxebike ezberdinak (zuzendaritza defentsistaren aldekoak –Tsereteli, Txkheidze eta abar-, Martoven internazionalisten ezker-ildoa eta Plekhanoven eskuin-eskuineko Jedinstvo ildoa) birbatzea izan zen helburua. Novaia Zhizn aldizkariak ere Kongresuan parte hartu zuen.

Kongresu honetan, Tseretelik zuzendutako ildo ofizialistaren tesiak nagusitu ziren: Martovek burgesiarekin koaliziozko Gobernua babesteari uztea eskatzen zuen mozioa garaitua izan zen, 117 boto kontra eta 79 alde izan zituelarik. Errusiak gudan jarraitzearen aldeko apustua ere onartu zen Kongresuak (Tseretelik eta ofizialistek defendatutako aukera), Martoven guda uztearen aldeko apustuaren aurrean.

Kongresuak ez zituen bere helburuak bete, izan ere, Jedinstvo, organikoki bere aldetik zebilena, organkoki integratzea ez baitzuen lortu eta Martoven ildoak formalki alderdiaren baitan jarraitu bazuen ere (ez ordea Novaia Zhizn aldizkaria, bere “ez-alderdikoitasuna” mantendu nahi zuen aldizkari honek), ildo bateratu eta adostu bat inposatzen kale egin baitzuen. Lenin bere Konpromezuei buruz artikuluan aritu izan zen Alderdi Mentxebikearen barneko zatiketaz.

Kongresu honek Petrograden mentxebikeek izan zuten beherakada islatu zuen, izan ere, Abraham Ascher historiagileak dioenez, 1917ko iraultzaren egunetan hiriburuan 10.000 bat militante bazituzten, Kongresu horren ostean Petrogradeko erakunde mentxebikea desagertzeko zorian izan zen. Novaia Zhiznek esan zuen Petrogradeko mentxebikeen  antolakundea bildu ere ezin zela egin “quorum falta zela eta”. Sukhanoven arabera, abuztuko Udal-Dumetarako hauteskundeetan, mentxebikeek 23.000 bozka baino ez zituzten lortu. Kongresuaren ostean etorri zen Korniloven kolpeak, eta ondorioz izan zen Kerenskiren zilegitasun galerak, alderdi mentxebikearen barruan Martoven ildoaren tesiak indartu zituen, eta Tsereteliren argudioak (burgesiarekin koaliziozko Gobernua) ahuldu.