Leninen “urrutiko gutunak”

Leninen  “urrutiko  gutunak”

Announcement Date: 7th martxoa 1917

Leninek idatzi zituen gutun hauetan, ahal izan zuen moduan (Zurichera iristen zitzaion informazioa tantakakoa zen), Errusian otsaileko iraultzan zehar eta hurrengo egunetan gertatu ziren jazokizunen inguruko balorazioa ematen digu. Lau gutun idatzi zituen guztira, bosgarrena bukatu gabe utzi zituen. Aurretik martxoaren 4an, Tesien zirriborroa idatzi zuen. Zurichetik Petrogradera Oslo bitartez bidaltzen zituen Leninek gutunok, eta martxoaren 7aren eta 12aren artean idatzi zituen. Lehen gutuna Lehen iraultzaren lehen etapa deitutakoa, martxoaren 21 eta 22 artean argitaratu zuen Pravda egunkariak. Gainontzekoak ez ziren 1917an argitaratu, nahiz eta geroagoko lan batzuetan, adibidez, Taktikari buruzko gutunak eta Proletalgoaren eginkizunak gure iraultzan lanetan eragina izan zuten.

Nahiz eta gutun hauek idazterakoan Leninek informazio osorik ez izan, gutun hauetan hurrengo hilabeteetan Alderdi Boltxebikeak izan zuen taktikaren zantzuak azaltzen dira, behin Errusiara itzuli zenean, Apirileko Tesiak lanean laburbilduko zuena. Leninek gutun hauetan gudaren izaera inperialista eta Errusia “demokratiko” berriak guda honetan jarraitzea deitoratu zuen, aldi berean, sozialisten artetik “guda jada inperialista ez dela” zioten iritziak zuen hazteko joeraren kontra azaldu zen. Lehen gutunean (martxoaren 7an), guda eta honekiko jarrera ardatzik garrantzitsuena zela esan zuen, beraz, gudaren alde zeuden “sozialtxobinisten” eta guda kapitalismoa uzkaili gabe “akordio baketsuz” buka zitekeen “sozialpazifisten” aurka agertu zen. Guda jarraitzeak, espiral inperialistan murgilduta jarraitzea esan nahi zuela esan zuen Leninek, otsaileko iraultzaren barruan, ingelesek eta liberalek zuzendutako konplot izaera ere bazegoela (batez ere Gobernu berriaren izenetan) salatzen zuelarik. Leninen arabera, Gobernu berria jarraipeneko Gobernu bat zen, eta langileek ezin zioten Gobernu honi babesik eman, are gutxiago “iraultza burgesa deneko” aitzakiapean. Leninek itun sekretuak salatuko zituen bakearen alde egin zuen.

Bigarren gutunean (martxoaren 9an), Leninek antolatutako indar bakarra eta praktikan iraultza egin zuen indar bakarra proletalgoa zela konstatatzen zuen, beraz, burgesiak soilik Sobietetako elementu batzuen laguntzaz botereari eutsi ziezaiokeela zioen. Leninek “defentsismo iraultzailearekin” edo “errepublikanoarekin” batasun “politikoan” aritzea egitea ezinezkotzat jotzen zuen. Leninek Sobietak Gobernu burgesa babestea “Iraultzari traizio” bezala kalifikatu zuen. Beste alde batetik, Behin-Behineko Gobernua “kontrolatzeko” sortutako “Zelatatze Komitea” (hau da, Loturetarako Komisioa) sortzea txalotu zuen, baina “benetan iraultzailea” izan zedin, bere indarrekin jokatu eta “parlamentarismora ez mugatu” egin behar zuela zioen.

Hirugarren gutunean (martxoaren 10ean), Petrogradeko Sobietaren eta honen lehendakari Txkehidzeren “Gobernuan parte hartzeko” deialdia deitoratu zuen, Gobernu hau uzkaili nahi ez izanagatik. Beste alde batetik (Skobelev mentxebikearen adierazpen batzuetan oinarrituta), “bigarren iraultza” (proletarioa) etortzear dagoela ondorioztatzen du. Bestetik, Errusia osoan Sobietak sortu beharreko premiaz, hauek “matxinada” eta “Botere” organu bihurtu beharraz (beraz, 1917ko Urriko Iraultzaren eskemaz) eta baserrian “nekazari pobreen Sobietak” sortu beharraz (1918an boltxebikeek egin zuten politika aurreratuz) hitz egin zuen. Otsaileko iraulta “Iraultzaren lehen etapa” zela errepikatu zuen (beraz, bete gabeko iraultza), eta bere botere propioa eraiki behar zuela, bere armamentu propioarekin.

Laugarren gutunean (martxoaren 12an), gudaren eta bakearen aferara itzultzen da Lenin, eta gutun honetan dioenez,ezinezkoa da “Gobernu honek” bakea egin zezan, beraz alferrikakoa da horretan ilusioa ezartzea. Leninek berriz dio Sobietak itun sekretu guztiak salatu eta argitaratu behar dituela, eta bakea kolonia guztien eta azpiratutako herri guztien askatasunarekin lotzen ditu.

(Argazkian: Leninek bidalitako bigarren “urrutitikako gutuna”, 1917ko martxoaren 9koa)