Lenin dimisiotik gertu?

Lenin  dimisiotik  gertu?

Announcement Date: 29th iraila 1917

Irailaren 29an, Leninek Komite Zentralari bidali zion gutun batean Komite Zentral Boltxebiketik dimisioa emango zuela iragarri zuen eta “Alderdiaren antolakundeetan eta Biltzar Nagusian agitazioa egiteko askatasuna niretzat gordetzen dudala” adierazi zuen.

Leninen haserrea, bere ustez Alderdiak matxinada berehalakoan prestatu beharra zeukanaren ustea Alderdiaren sektore askok ez partekatzean zetzan: batzuk, Kamenev eta Zinoviev esaterako, matxinada horren kontra zeuden; eta beste askok Sobieten Biltzar Nagusiak matxinada “zilegiztatu” edo “galdatu” behar zuela uste zuten, asko jota, boltxebikeek matxinada Sobieten Biltzar Nagusia burutzen zen datetan egin behar zela uste zuten. Zinovievek berak, abuztuaren 30ean Egin behar ez dena deitutako artikulu bat atera zuen matxinada prestatzearen aurka.

Leninek, matxinada berehalakoan egitearen lehen usteak, irailaren 12-14 artean idatzi zuen gutun batetan aurkitzen ditugu, gutun hori Boltxebikeek boterea hartu behar dute zienarekin ezaguna egin zen. Gutun horretan Konferentzia Demokratikoarengandik ezer ere espero ezin daitekeela esan zuen eta “Matxinada iraultzailea eguneko ordenan” jarri behar zela. Irailaren

Irailaren 15ean bidalitako gutun batean, Marxismoa eta matxinada izenarekin ezaguna egingo zenean adierazi zituen. Gutun horretan Uztaileko Egunetan zegoen egoera-ezberdintasuna deskribatzen zuen Leninek, bere ustez orain langileriaren eta nekazarien gehienak bai jarraitzen zutela Alderdi Boltxebikea, uztailean ez bezala (gainera, Gobernuaren alde indar gutxiago zeudela esaten zuen). Gutun hauek Alderdian ez ziren ongietorriak izan. Orduan Alderdiaren gehiena ez zegoen matxinadaren alde, Kameneven ildoa jarraitzen ari baitzen, eta Alderdia Konferentzia Demokratikoan parte hartzearen alde zegoen. Alderdiaren Komite Zentralak kartak suntsitzeko erabakia hartu zuen, kopia bat ezik (Stalinek, Sverdlovek, Bubnovek eta Dzerzhinskik gutunak gordetzearen aldeko bozka eman zuten).

Irailaren 29an Krisia heldu da idatziarekin ezaguna egin zen Alderdiari bidalitako gutunean adierazi zuen Leninek dimititzeko asmoa. Leninek ideia bera azaldu zuen: Iraultza berehalakoan prestatu beharra zegoen “ezin zen Errusia osoko Sobieten II Biltzar Nagusiari itxaron”, huraxe “internazionalismoari traizio egitea” izango baitzen, Iraultzaren aukera betirako atzeratzeko arriskua baitzekarren.  Beraz, hemen lehen aldiz ideia berri bat agertzen da, ez soilik Konferentzia Demokratikoak erabakitzen zuenari, baizik eta Sobieten II Biltzar Nagusiari ere ezin zitzaion itxaron (Alderdiaren beste fakzio batek hori eskatzen baitzuen). Leninen ustez, Errusian zegoen egoeran “egunak eta asteak” itxarotea, arrisku handia hartzea zen. Leninek ideia bera adierazi zuen irailaren 30ean idatzitako Langileei, baserritarrei eta soldaduei idatzian (ez zen berehalakoan argitaratu): botereak Sobieten eskuetara berehala pasatu behar zen, “ezin zen beste egunen bat itxaron” (Sobieten Biltzar Nagusia orduan urriaren 20rako zegoen deitua).

Leninen matxinada berehalakoan prestatzeko arrazoiak bi ziren: alde batetik, ez itxarotea, hau da, horretarako zeuden baldintza onak alferrik ez galtzea. Izan ere, egun horietan Gobernuak Petrograd ebakuatzeko asmoak zituenaren zurrumurruak gero eta handiagoak ziren. Gainera, Gobernuak iraultzaren aurkako tropak ere kontzentratu zitzakeen. Beste arrazoi bat ere bazegoen: Sobieten Biltzar Nagusia bazen Gobernua erabakitzekoa, azkenean, polarizazioaren leuntze baten arriskua bazegoen, eta ordura arte kontziliatzaileak izan ziren fakzioak (mentxebikeak eta eseristak, batez ere hauen zuzendaritza-fakzioak), oportunismoagatik bederen, posizio aldaketa batekin, negoziazioak bideratzeko aukera egin zezaketelako, eta negoziazioen logikaz betean iraultzailea ez zen Gobernu bat (adibidez “Sobieten botere osoarengan” oinarritutako Estatu sobietarraren ordez, marko politiko berean Gobernu sobietar soil bat) inposa zezaketelako.

Alderdiaren jarrera zalantzatia ikusta, Leninek bere ildoarekiko itxaropenak Iparraldeko Eskualdeko Sobieten Biltzar Nagusian (urriaren bigarren astean burutu behar zena). Leninek urriaren 1ean artikulu berri bat atera zuen Novaia Zhizn aldizkariaren argudioei erantzunez. Urriaren 1ean baita, Petrogradeko Konferentzian irakurri beharreko Tesiak bidali zituen, eta hor ez zuen dimititzeaz hitzik egiten, baina ideia bera mantentzen zuen: Alderdiak matxinada iraultzailea Sobieten Kongresua bildu baino lehen prestatu behar du. Geroago Petrogradeko eta Moskuko Komite Boltxebikeei gutun bat idatzi zien Komite Zentraletik pasa gabe. Hala ere bere egoera linbo batean zegoen, izan ere, Komite Zentral berri bat aukeratzeko modurik ez zegoen; beraz, praktikoki Leninek adierazpen horrekin, dimititu baino, Komite Zentralarekiko bere burua “askatasunean” kokatu zuen. Urriaren 10ean Komite Zentralaren bileran parte hartu zuen.

Aste honetan, eta gertatutako eztabaidetan, Leninek posizioa zehaztu zuen: matxinada iraultzailea gertatu behar zen, eta Sobieten II Biltzar Nagusiaren aurretik izan behar zen.