Lehen dekretuak: Lurraren gaineko dekretua eta Bakearen gaineko dekretua

Lehen  dekretuak:  Lurraren  gaineko  dekretua  eta  Bakearen  gaineko  dekretua

Announcement Date: 26th urria 1917

Lehen egunetan, Gobernu Sobietar berriak zenbait dekretu atera zituen, lehena Bakearen gainekoa eta bigarrena Lurraren gainekoa zirelarik. Urriaren 26an, goizez, Leninek, Sobieten ordezkarien aurrean lehen aldiz agertu agertu eta txalo zaparrada batean hartu zutelarik, “Eraiki dezagun oraindik aurrera ordena sozialista!” esan zuen. Ordutik, lege berriak ateratzen hasi zuren.

Bakearen gaineko dekretua, Sobieten “Izvestia” egunkarian argitaratua.

Leninek azaldu zuen lehen dekretua Bakearen gaineko Dekretua izan zen. Bakearen Dekretu hori, urriaren 26an, gaueko hamar eta erdietan onartu zuten. Dekretu honen arabera, boltxebikeek bake demokratikoa, “anexiorik eta konpentsaziorik gabe” eta autodeterminazio eskubidearen oinarrian sinatzea eskatzen zuten. “Urriaren 24-25eko Iraultzak sortutako Gobernu langile eta baserritarrak, Langileen, Soldaduen eta Baserritarren Sobietetan oinarritutakoak, herri gudukatzaile denei eta beren gobernuei bake justu eta demokratiko bat sinatzea proposatzen die (…) Gobernu honek, anexiorik eta konpentsaziorik gabeko bake demokratiko bat herri gudukatzaile guztietako langile klaseen interesekoa dela uste du (…) Gobernu honek, orokorrean demokraziaren, eta batez ere langile klaseen kontzientzia juridikoa kontuan hartuz, anexioa (…) Estatu handi edo boteretsu batek nazionalitate txiki edo ahul bat azken honen baimen edo baiezkorik gabe inkorporatzea dela dio (…) nazio hori Europan edo itsasoaz haratago dagoen kontuan hartu gabe. (…) Nazio bat beste baten mugen barruan indarren baldin  badago, eta bere nahien kontrata bozka-eskubiderik onartzen ez bazaio (…) hori anexioa edo indarrezko konkista da. (…) Gobernuak guda hau gizateriaren kontrako krimenik handiena dela dio, eta aipatutako baldintzetan berehalako bakea sinatzera deitzen du. (…) Gobernu honek aipatutako baldintzak ez ditu ultimatum bezala hartzen, beste baldintza batzuk proposatuz gero, hauek aztertzeko konpromezua hartzen du, baldintza hauek publikoki, inolako sekreturik gabe, argiki, inolako aldebiko esanahirik gabe, eta arintasunez bidaltzen baldin badira. (…) Gobernu honek diplomazia sekretua amaitutzat jotzen du (…) eta aurreko Gobernuek egindako itun sekretu guztiak argitaratzeko konpromezua hartzen du. (…) Gobernu honek herri eta gobernu gudukatzaile denak berehalako sueten bat sinatzera gonbidatzen ditu. (…) Biltzarrari deialdi hau onartzera eta berrestera proposatzen diogu. (…) Suetena hiru hilabetetakoa izango dela diogu, herriei gudaz atsedena hartzeko aukera emateko (…) Gobernu inperialista batzuek ezetz esango diote gure bake proposamenari, ilusiorik ez dugu egiten. Baina laster herri gudukatzaile guztietan Iraultza piztuko denaren uste osoa dugu”.

Azken esaldiak erakusten duen bezala, Leninek eta Gobernu Sobietarrak erabateko konfidantza zuten Errusiar Iraultzaren nazioartekotzearengan. Momentu horretan Iraultza proletarioa herrialde ezberdinetan hedatuko zela uste nahiko konpartitua zen errusiar iraultzaileen artean. Dekretu hau bai ezkerreko eseristek (nahiz eta Vladimir Karelin euren ordezkaria “emendakinik aurkezteko aukerarik ez izanaz” kexatu, eta “hizkuntza moderatua” arbuiatu) zein Errusiako herri txikietako alderdi sozialisten ordezkariek bozkatu zuten, hau da bertan zeuden alderdi guztiek (Reeden arabera, “ordezkari baten kontra bozkatzeko keinua egin zuen, baina hainbesterakoa izan zen bere kontrako haserrea ezen besoa jaitsi egin zuen”). Leninek esan zuen “guk bake justu bat nahi dugu, baina guda iraultzailerako prest gaude, beste Estatuek aurkezten duten baldintzak bidegabeak direla baderitzogu”. Dekretu honen onarpena ereserki iraultzaileak, Internazionala eta Iraultzaren Hileta-Martxa, abestuz ospatu zuten ordezkariek.

Onartu behar izan zen hurrengo dekretua Lurraren gaineko Dekretua izan zen. Luraren gaineko Dekretua, Bakearen gaineko Dekretuaren ostean onartu zuten, lan-saio berdinean, jada urriaren 27ko goizaldeko ordu biak zirenean. Honela zioen testuak:

Lurraren gaineko Dekretua, Sobieten “Izvestia” egunkarian argitaratua.

“1. Lurjabeen jabetza konpentsaziorik gabe abolitzen dugu.
2. Lurjabeen etxarteak, Koroaren lurrak zein elizarenak eta monastegienak, beren abere eta lantresnekin batera, Asanblada Konstituziogilea bildu artean Baserritarren Sobieten eta nekazal komiteen eskuetara pasatzen dira.
3. Hemendik aurrera herriaren jabetzako diren ondasun hauen kontrako edozein kaltetze delitu larritzat joko da eta epaitegi iraultzaileek epaituko dute. Baserritarren Sobietek beharrezko neurriak hartuko dituzte etxalde hauen konfiskatzeak modurik zehatzenean erregistratzeko (…)
4. Asanblada Konstituziogilea bildu atean, nekazaritzako eraldaketa handiak burutzeko, hurrengo nekazal agindua indarrean egongo da: Baserritarren Sobietek 242 tokiko aginduren oinarrian 1917ko abuztuaren 19an atera zutena.
5. Kosako xumeen eta baserritar xumeen lurrak ez dira nazionalizatuko.”

Leninek berak onartu zuen testu hau ez zela Alderdi Boltxebikearen proiektua, Alderdi Eseristarena baino (lurraren birbanatzea eskatzen baitzuen, ez nazionaltzea). Dekretu honek ez zuen lurraren gaineko jabetza pribatua, kontzeptu oso gisa, erasotzen. Ezberdintasuna boltxebikeak hau betetzeko erakutsi zuten borondatean zetzan, hura bermatu zezakeen Gobernu bat ezarri baitzuten, eta eseristek ordea ez. Dekretu hau urriaren 26tik 27ra doan goizaldeko ordu bietan bozkatu zen, eta Reeden arabera “ordezkari denek, batek ezik, alde bozkatu zuten”. Hurrengo egunetan, eseristek boltxebikeei “gure programa lapurtzea” leporatu zieten.

Urriaren 27an Leninek Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak azaroaren 12an egingo zirela berresten zuen beste dekretu bat atera zuen, baina kasu honetan, hauteskundeak garbi antola zitezen ardura Sobietengan ezarri zuen. Urriaren 28an, Sovnarkomek Prentsaren Araudia (matxino antiboltxebikeen alde agertzen zen prentsa debekatzen zuena), Alokairuen Ordainketa-epea Luzatzeko Dekretua eta Langile Milizia eratzeko Dekretua aurrera atera ziren. Hurrengo egunetan, Etxebizitzen gaineko Kontrolaren Dekretua, Segurtasun Sozialaren gaineko Dekretua, Langile Kontrolaren gaineko Dekretua, Hezkuntzaren gaineko Dekretua eta Herrien Eskubideen eta Autodeterminazioaren gaineko Dekretua.

(Goiko irudian, Lurraren gaineko dekretua).