Krisia Alderdi eta Gobernu boltxebikean: dimisioak

Krisia  Alderdi  eta  Gobernu  boltxebikean:  dimisioak

Announcement Date: 4th azaroa 1917

Alderdiaren barruan, 1917an zehar bi ildo nagusiren arteko krisia izan bazen ere, Vikzhelek bultzatutako negoziazioek pott egiteak, nolabaiteko krisia azaleratu zuen; eskuineko ildoaren jarraitzaile garrantzitsu askok dimisioa eman baitzuten.

Jada urriaren 26an, John Reeden arabera, egon baziren boltxebikeen artean nolabaiteko zalantzak, “Kamenev eta Riazanov” aipatzen ditu zalantzagile moduan. Hauek orduan jada “ez gara nahikoa, indar gehiegi daude gure kontra” esaten zuten, eta beste alderdi sozialistak Gobernuan sartzearen alde agertu ziren.

Azaroaren 4an gertatu zen Alderdiko zuzendari hauen dimisioa, formalki Komite Zentralak eseristekin eta mentxebikeekin Gobernua osatzeko negoziazioak haustea, edo zehatzago esateko, negoziazioak jarraitzeko Kameneven proposamena ez onartzea izan zen arrazoia. Dimisioa eman zutenen artean, Alderdi Boltxebikearen Komite Zentraleko bost kide (Kamenev, Zinoviev, Miliutin, Rikov eta Nogin) zeuden. Hala mintzatu ziren: “Gure ustez Sobieten aldeko alderdi guztiek osatutako Gobernu bat beharrezkoa da odol gehiago isuri ez dadin, goseak jende gehiago hil ez zezan, kaledinistek Iraultza garaitu ez dezaten eta Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak ezarritako datan burutu daitezen. Ezin gara Komite Zentralaren hondamendizko politika honen gaizkide izan, odol-isurketa geratu nahi duten eta demokrazia nahi duten proletalgoaren gehiengoaren eta soldadu gehienen nahiaren kontrakoa baita. Beraz, langile eta soldaduen masei garbi hitz egiteko Komite Zentraleko kidetza-tituluari uko egiten diogu (…) Ezin dugu lasaitasunez ikusi nola Komite Zentralaren zuzendaritza-taldea proletalgoak lortutako garaipena nola alferrik galtzen ari den”. Baita ere bost herri-komisario: Rikov (Barne Arazoena), Xliapnikov (Lanarena), Nogin (Merkataritza eta Industriarena), Miliutin (Nekazaritzarena) eta Teodorovitx (Horniketarena). Herri-komisarioak hala mintzatu ziren: “guk uste dugu Sobietetan ordezkatuak dauden alderdi guztien arteko koalizio-Gobernu bat osatu behar dela (…) Sovnarkomek beste bide bat aukeratu du: Gobernu osoki boltxebikea izu politikoaren bidez sostengatzea (…) Ez da hori gure bidea, ezin dugu politika horren erantzukizunik hartu eta berez, dimisioa aurkezten dugu”. Ikusten dugun moduan, hiru, Rikov, Nogin eta Miliutin, bai Herri-Komisarioak zein Komite Zentraleko kideak ziren. Gainera Lev Kamenev, VTsIKeko burua zen, hau da, Errepublika Sobietarraren lehendakaria; eta Zinoviev Petrogradeko Sobieteko burua, hots, Petrogradeko alkatea. Beste boltxebike garrantzitsu batzuek ere dimititu zuten: David Raizanovek, Goardia Gorriko buru Jurenevek, Prentsa departamentuko Derbixevek, Dekretuen prestakuntzan lan egiten zuen Larinek edo Lanerako Herri-Komisariotzan lan egiten zuen Fiodorovek.

Alderdiak dimisioa hauek gaitzetsi zituen: “Sobieten II Biltzar Nagusiak Alderdi Boltxebikeari eman dio gehiengoa. Beraz, soilik Alderdi honek osatutako Gobernu bat da Gobernu sobietar bat. Gobernu berria osatu aurretik ezkerreko eseristak Gobernuaren parte izatera gonbidatu genituen (…) eta ezetz esan zuten. Langileen aldeko bezala, euren ezetza onartezina zaigu. Gu ezkerreko eseristak Gobernuan sartzeko prest gaude, baina Sobietetan gehiengo garen alderdi gisa, Gobernua osatzeko eskubidea eta betebeharra dugu. Orian gure Alderdiaren Komite Zentraleko kide batzuek eta Herri-Komisarioen Biltzarreko kide batzuek dimisioa eman dute. Joan diren burkideak desertore moduan portatu dira ez baitute soilik euren konfidantzan lagatako postuak utzi, baizik eta Komite Zentralaren akordioak saboteatu dituzte (…) Guk desertzio hau gaitzesten dugu (…) eta desertoreetako bi, Kamenev eta Zinoviev, Petrogradeko matxinadaren aurretik jada desertore eta eskirol moduan portatu zirela gogorarazten dugu (…)”. Gerora beste idatzi bat ere agertu zen, Komite Zentraleko hainbat kidek sinatutakoa: “Zatiketa bat hondamendia da, baina beti da hobe aurrez-aurre aurkeztutako zatiketa bat, azpilanaren ondorio den zatiketa baino, gure erabakiak ez aplikatzea baino (…) Minutu batez ere ez dugu izan gure ezberdintasunak langile eta baserritar iraultzaileen aurrean aurkeztuko bagenitu hauen babesa jasoko genukeenaren inguruko zalantzarik”. Gutxi barru,dimititutako bi herri-komisariok, Teodorovitxek eta Xliapnikovek, atzera egin zuten eta aurkeztutako dimisioa atzera bota zuten. Berdin egin zuen Zinovievek (hala ere, modu ezberdin batean: bera ez zen damutzen “alderdi sozialista guztien arteko koalizioa” osatu nahiaz, baina mentxebikeen eta eseristen ukoan ezartzen zuen errua, eta “baldintzak aldatu egin direla” esanda, dimisioa erretiratu zuen) eta Komite Zentralean berriz ezarri zuten, Petrogradeko Sobieteko lehendakari izango zelarik.

Dimititutakoen postuetan aldaketak eman ziren: Jakov Sverdlovek Lev Kamenev ordeztu zuen VTsIKeko lehendakari eta Estatuburu bezala. Azaroaren 17an Hrihori Petrovskik Aleksei Rikov ordeztu zuen Barne Arazoetarako Herri-Komisario gisa. Azaroaren 19an, Xliapnikovek Merkataritzarako Herri-Komisariotza hartu zuen (Lanerako Herri-Komisario ere bazelarik), Viktor Noginen ordez. Nekazaritzako Herri-Komisariotzaren burutza aste batzuez hutsik geratu zen ezkerreko eseristak sartu eta azaroaren 24an Andrei Kolegaievek postu hori hartu zuen arte. Beste aldaketa batzuk eman ziren, baina ez dimisio hauekin lotutakoak: Justiziako Herri-Komisariotzan Peteris Stuckak Georgi Lomov-Oppokov ordeztu zuen (hau VSNKh erakunde ekonomikora lan egitera joan zen), eta Ekonomi eta Finantzen Herri-Komisariotzan Viatxeslav Menzhinskik Ivan Skvortsov-Stepanov ordeztu zuen. Armada eta Itsas-Armadako Komitera Mikola Podvoiski gehitu zen.

John Reeden arabera, Moskun, dimisioen berri jakin eta berehala, Viktor Nogin txistukatu zuten langile boltxebikeek bilera batean parte hartzen ari zenean.

Anatoli Lunatxarski azaroaren 2an dimisioa aurkeztear egon zen, baina kasu honetan Moskun emandako ustezko suntsiketengatik izan zen (berriak faltsuak ziren, Kremlineko eraikinen bat izan zen kaltetua, baina ez zen balio handiena izan zuen). Isaac Deutscherren arabera, Lunatxarski ere akordioaren aldekoa zen. hala ere, ez batagatik ez besteagatik, azkenean ez zuen dimisiorik eman.

Azaroaren 3 eta 4 arean, ezkerreko eseristek ere Milrevkom eta “gainontzeko ardura-erakundeak” uztea erabaki zuten. Hala ere, azaroaren 11n burututako mitin handi batean, ezkerreko eseristak Gobernuan sartzearen aldeko mitin handi bat egin zen.

(Irudian Zinoviev Maksim Gorki idazlearekin. Biak, bakoitza bere aldetik, “alderdi sozialista guztien koaliziozko Gobernu” baten aldekoak ziren).