Kornilov, armadaren buru izendatua

Kornilov,  armadaren  buru  izendatua

Announcement Date: 19th uztaila 1917

Uztailaren 19an, Kerenskik Aleksei Brusilov jenerala armadaren goi-kargu bezala (eta Kerenski Guda-ministro zenean izendatua izan zena, eta Kerenski Ofentsiban armadaburu izan zena) Lavr Kornilov jeneralaz ordeztea erabaki zuen.

Ofentsiba haren porrotaren errudun gisa bere burua ikusten zuen Brusilovek, eta atsekabeturik kargua utzi zuen. Gainera, kontuan izan behar da Brusilov beste jeneralek ez zutela ondo ikusten, soldaduekiko hurbilekoegia zela eta gainera otsaileko egunetan onartutako erreforma militar demokratikoak (Sobietak onartutakoak, eta militarren arabera armadaren desegituraketa zekartenak) ondo ikusten zituela edo behintzat, onartu egiten zituela eta.

Lavr Kornilov militarra ez zen orduan jeneral handien artean egon, baina bere profil sozialak arrazoi handia izan zen bera aukeratua izateko. Alde batetik, kosakoa izan zen, familia umil baten semea. Bere ama turkiar etniakoa zen, eta berak ere turkiar hizkuntzak jaki izan zituen; beraz, jatorri “ez-aristokratiko” batetakoa zen, “otsaileko izpirituaren” araberakoa. Gainera, bera izan zen otsailaren 28an Dumako Kideen Komiteak Sergei Khabalov tsaristaren ordez Petrogradeko komandante militar izendatu zuena, eta Aleksandra Romanova tsarina berak atxilotu zuen 1917ko martxoaren 8an (mitoaren kontra, Kornilov ez zen tsarista). Maiatzaren 1eko ospakizunetara ere joan zen. Baina beste alde batetik, Kornilov, armadaren barruan diziplina ezartzearen eta soldaduen komiteen eta soldaduen Sobieten eskubideak murriztearen (eta are komite hauek deuseztearen aldekoa zen). 1917an borroka-gunetik alde egiten zuten soldaduen kontra tiro egiteko agintzearren ezaguna egin zen, eta uztailaren 12an Gobernuak Armadan, zenbait delitu larriren kasuan, heriotza-zigorra berriz ezarri zuen Kornilov horretan tematu ostean. Gainera epika bere alde zuen: 1915ean austriarrek atxilotua eta 1916an preso-eremu batetik ihes egindakoa baikenuen. Beraz, guzti honen arabera, Kornilov, iraultzaren etapa honetan Kerenskiren eta Behin-Behineko Gobernuaren aliatu izan zitekeela zen Gobernuaren ustea, ez soilik frontean boltxebikeen bakearen aldeko agitazioaren kontra, baizik eta behar balitz baita ere “etxean”; Sobietaren aurka. Hots, Brusilov (jatorri elitista, baina pentsaera demokratikoa) iraultza burgesaren lehen aldietarako, hau da, Gobernuaren eta Sobietaren “eztei-aldirako” egokia bazen, Kornilov (jatorri “demokratikoak” edo “meritukratikoak”, baina jarrera gogorra eta hertsitzailea), iraultza burgesaren bigarren aldirako, hau da, burgesia eta langileriaren konfrontazio aldirako egokia zen.

Behin aukeratua izan zelarik, Kornilovek, uztailaren 21ean, bere “erreforma plana” aurreratu zuen: Armadan heriotza-zigorra berriz ezartzea, ofizialen autoritatea soldaduen komiteen gainetik ezartzea, soldaduen asanbladak debekatzea, agitazio politikoa egiten zuten soldaduak atxilotzeko eta epaitzeko eskubidea, frontean egunkariak debekatzea eta ezker iraultzailearen aldeko joera erakutsi zuten unitate militarrek disolbatzea (programa hau, antza denez, bere laguntzaile eta Guda ministro-orde Boris Savinkovek idatzi zuen). Erreforma-plan hori otsailean onartutako “Lehen Ordenaren” (eta berez Sobietaren, mentxebike-eseristen gehiengodun Sobietaren) aurkakoa zen erabat. Hori zela eta, eskuineko zirkuluek, “Uztaileko egunen” ostean euren jarrera asko gogortu zutenek, Kornilov euren itxaropen berri bezala hartu zuten Kornilov, eta laster Kerenskik baino popularitate handiagoa hartu zuen Sobietaren kontrako zirkuluen artean, hau bigunegi bezala ikusten baitzuten.

(Argazkian, erdian, Lavr Kornilov armadaburu gisa. Ezkerretara, bere laguntzaile Boris Savinkov).