Konferentzia Demokratikoa deitzen dute

Konferentzia  Demokratikoa  deitzen  dute

Announcement Date: 14th iraila 1917

Konferentzia Demokratikoa Langileen Sobieten Komite Exekutiboak eta Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak deitu zuten organo “ordezkatzaile” bat izan zen. Konferentzia Demokratikoak irailaren 14an hasi zituen lanak eta irailaren 22raino egin zituen. Helburua “Errusia iraultzaile osoa batzea” eta Gobernu beri bat osatzea zen; hala ere Konferentzian bertan “organo ordezkatzaile iraunkor” bat osatzeaz ere htiz egin zuten (hau da, Aurre-parlamentua). Bi Komite Exekutibo sobietarrak Konferentzia ez-sobietar bat deitzeko (Sobieten Biltzar Nagusia deitu ordez) ados jartzeak kritika handiak eragin zituen.

Oskar Anweilerren arabera, bertan, Sobieten 460 kide (erdia langile eta soldaduenak, eta beste erdia nekazarienak), Udal-Dumetako 300 kide, zemstvoetako 200 kide, sindikatuen 100 kide, Armadaren 83 ordezkari eta beste talde profesionalen ordezkari batzuk izan ziren. Alexander Rabinowitchen arabera 1198 ordezkari zeuden, horietatik 360 bat eseristak, 240 bat mentxebikeak eta 110 boltxebikeak (Leninek 136 ordezkari boltxebikeren zifra eman zuen, baliteke denak ez izatea Alderdiaren zienean ordezkari, batzuk sindikatuen eta abarren ordezkari izatea); hala ere, Izvestia egunkariak 1.582 ordezkariko kopurua eman zituen: 532 eserista, 172 mentxebike, 136 boltxebike, 55 enesista, 23 ukrainar eserista, 15 bundista, beste gutxiengo etnikoen 28 ordezkari eta alderdirik gabeko 400 ordezkari. Stalinen arabera (Konferentzia Demokratikoaren aurrean artikulua), VTsIKk iruzur egiten zuen, Sobieten Biltzar Nagusi bat deitu ordez “elementu burgesak barnebiltzen dituen konferentzia bat deitzen duelako (…) Langileen eta Soldaduen Sobiet askori ahotsa eta bozka-eskubidea kenduz”. John Reed kazetariak ere antzeko ikuspegi bat izan zuen: “eseristek eta mentxebikeek ordezkaritza-ordena aldatu zuten kooperatibei eta gainontzeko erakunde kontserbakorrei ordezkaritza-ahalmen gehiago emateko”. Leninek ere hura salatu zuen: “Langileak eta nekazariak eurei emandako ordezkaritza urriaz, proportzionaltasun faltaz kexu ziren”. Lehen egunean Avksentivek eta Txkheidzek hitz egin zuten, eta gero Kerenskik boltxebikeak boterea berriz hartzen saiatzen baziren errepresio gogorragoarekin mehatxatu zituelarik.

Konferentzia Demokratikoan eztabaidatu beharreko oinarrizko puntu  bat burgesiarekin koaliziozko Gobernu bat egin ote behar zenaren araberakoa izan zen (orduan Errusia bost kideko Direktorio batek gobernatzen zuen). Orlando Figesen arabera, hiru fakzio nabarmendu ziren: eskuinekoek koalizioa-Gobernuaren alde egiten zuten, “zentruko” fakzioak baita, baina kadeteak kanpoan uzteko baldintzareino, eta ezkerreko fakzioak soilik alderdi sozialistek osatutako Gobernu baten alde egin zuen. Stalinen arabera (Bi ildo, irailak 16ko artikulua), bi fakzio zeuden, “bata mentxebike eta eserista kontziliatzaileena, burgesiarekin eta kadeteekin akordio bat egitearen aldekoa, Tseretelik defendatutakoa” (Tsereteliz gain Keresnkik eta Txkahidzek ere defendatu zuten) eta “bestea apurketa erradikalaren aldekoa, gure Alderdiak eta eserista eta mentxebike internazionalistek defendatutakoa, Kamenevek defendatutakoa”. Stalinek “tarteko fakzio” bat aipatu zuen, “Txernovek zuzendutakoa, kapitalisten koalizioaren alde baina kadeteen kontra” dagoena (…) koherentziarik gabeko fakzioa”. Hala ere, Stalinen arabera “fakzio hau Tseretelirenaren antzekoa da, baina posizio hori ezkutuan defendatuz”. Irailaren 19an egin zen gai honi buruzko bozkaketa: hasiera batean, koaliziozko Gobernua onartua izan zen (Figesen arabera, 766 bozka 688ren kontra), baina ondorengo bi emendakinek kadeteak eta “Korniloven kolpean inplikatutako alderdiak” kanpo uzten zituzten. Honek eskuindarrak haserrarazi zituen, beraz hauek ezkerrarekin bat egin zuten zentroaren proposamena (burgesiarekin bai, baina ez Alderdi Kadetearekin) atzera botatzeko, 813 bozka 183ren kontra. Honek gaia itxi gabe utzi zuen, eta hurrengo egunean, irailaren 20an Tseretelik Gobernuaren osaketaren gaia Aurre-parlamentura eramatea proposatu zuen  (proposamena onartua izan zen).

Beraz, gerora, kadeteekin bat koalizioa bat osatu zuten, John Reeden arabera, Kerenskiren dimititzeko mehatxuaren ostean Konferentzia Demokratikoak erabaki hau onartu zuen, irailaren 24an Gobernu-krisia konpontzeko komisio bat osatu zelarik, mentxebikeen eta eseristen zuzendaritzako kideek (bi alderdien eskuin ildoko ordezkariek) osaturik. Irailaren 23an, oraindik Konferentziak Boterea “aurre-parlamentuan” zegoela zioen, baina hala ere Gobernua eratu egin zen, eta gobernu hura ez zuen Konferentzia Demokratikoak berretsi, Aurre-parlamentuak baino. Orlando Figesen arabera, “gertatutakoa fartsa bat izan zen”. Stalinen arabera (irailaren 24ko Kateak kateatuz artikulua): “Demokrazia iraultzailearen borondatea aizundu zuten Sobieten Biltzarra deitu ordez Konferentzia hau deituz, beraz zergatik ez dute orain Konferentziaren borondatea aizunduko?”. 1917an zehar sozialista moderatuen nagusigopeko hainbat erakundeetan gertatu zena errepikatu zen: erakundeko ordezkarien izenean, erakunde hauetako lehendakaritzak erabaki zuen.

Beraz, Gobernu berri bat osatzeko baimena eman zitzaion Kerenskiri, baina horrek ez du esan nahi Gobernu berria Konferentzia Demokratikoaren edo honengatik sortutako Aurre-parlamentuaren menpe egongo zelarik, sozialistek hala nahi izan arren (kadeteen eskaera bat izan zen aurre-parlamentutik “Independentea” izan zedin). Kerenski berak esan zuen: “Behin-behineko Gobernuak ez du Konferentzia honen aurrean erantzungo” eta “ez Konferentzia Demokratikoa ez Aurre-parlamentua ez dira parlamentuak izango”.

Konferentzia Demokratikoan zehar, Kerenskik Leninen atxiloketa agindu zuen.

Konferentzia Demokratikoan eseristen alderdiaren banaketa nabarmen egin zen: Marija Spiridonovak zuzentzen zuen ezkerreko ildoak ez zuen alderdiaren zuzendaritzarekin bat bozkatu, eta alderdi propio bezala agertu zen. Orlando Figesen arabera, “ezkerreko eseristen hiru eskaera nagusiak; Sobietetan oinarritutako Gobernu sozialista bat, nobleziaren lurrak konfiskatzea eta banatzea eta gudaren bukaera, ezin egokiagoak ziren eseristen basearentzat”. Beste alderdiek ere nabaritu zituzten eseristen barneko arrakalak: Stalinek adibidez Fronte iraultzailearen inguruan artikuluan, “Kerenskiren ildoa” eta “Taxkenteko Sobietaren ildoa” (Taxkenteko Sobietak, bertako eseristen babesaz, “Botere iraultzailea” aldarrikatu zuen) bereizi zituen.

Boltxebikeen postura nahiko bikoitza izan zen. Alde batetik Kameneven aldeko eskuin ildoak, Konferentzia demokratikoa, bere proiektu zaharra, alderdi sozialisten arteko fronte bat egikaritzeko aukera bezala kusi zuen. Leninek, kasu honetan, hasiera batean, boltxebikeak Sobietetan gehiengoak lortzen ari zirenez gero, Kamenevekin bat egin zuen eta “Iraultzaren garapen baketsurako” (Leninen arabera iraultzen historian salbuespeneko kasua dena), hau da, alderdi sozialisten akordio batetarako aukera profitatu zitekeela uste zuen; gogoan izan behar dugu Sobietek Korniloven kolpea garaitu ondoko garaian zeudela eta gainera Sobietak boltxebizazio prozesuan zeuden, beraz, akordio batean oinarritutako nagusigo boltxebikedun Gobernu sobietar bat posible zen. Irailaren lehen hamabostaldian (beraz Konferentzia hasteko edo hasi zela) idatzitako Iraultzaren eginkizunak lanean, Leninek “orain iraultza modu baketsuan garatzeko aukera bat sortu da (…) horretarako Sobietek boterea hartu behar dute (…) aukera hau galtzen badugu burgesiaren eta proletalgoaren arteko guda zibila saihestezina izango da”. Irailaren 12-14 artean idatzi zuen Boltxebikeek boterea hartu dute idatzian Konferentzia Demokratikoarekiko mesfidantza agertu zuen “herriaren gehiengoa gure alde dago (…) Konferentziak ez du herri iraultzailea ordezkatzen, honen elite burges-ttipia baizik (..) hauteskundeen emaitzak gora-behera, ez dira berdin Petrograd eta Moskuko Udal-hauteskundeak eta Sobietetarako hauteskundeak (…) Konferentzia Demokratikoak baserritarrak tronpatzen ditu, ez die ez lurrik ez bakerik emango”; baina hala ere parte-hartzeko deia egin zuen “Konferentzia Demokratikoan gaude bildurik, eta biltzar honek iraultzaren etorkizuna erabaki behar du”; aldi berean matxinadarako deia egiten zuelarik. Stalinek irailaren 14an Konferentzia iruzur bat zela salatu zuen, hala ere, ez zuen boikotatzeko deirik egin: “Konferentzia Demokratikoa “Botere iraultzailea antolatzeko” deitu dute, baina inork ere ezin zu ez duen ezer ere antolatu (…) Boterea Kerenskiren eskuetan kontzentratzen denez (…) Konferentzia Demokratikoak boterea hartzen ez badu hitzontzikeriarako organo bat da”. Stalinen arabera, “Konferentzia Demokratikoa, soilik koaliziozko Gobernu berri bat zilegiztateko da (…) botere iraultzailea Konferentziatik at soilik antola daiteke, Sobiet iraultzaileen bidez”. Hala ere, ez zuen parte-hartzea ukatu: “Konferentziak botere hau berretsi dezake, edo Kerenskiren tresna bihurtuko da”: Hau da, Konferentzia hasi zen egunean, oraindik Konferentzia tresna bezala erabiltzeko nahia zen nagusi boltxebikeen artean. Hala ere, hurrengo egunetan postura hori aldatzen joan zen, Orlando Figesen arabera, koalizio sozialista bat osatzeko aukerak desagertu zirenean, boltxebikeen iritzia aldatu egin zen.

Hala ere, gerora, eszeptizismoa nagusitzen joan zen Leninen eta Alderdiaren ildo nagusiaren artean. Izan ere, proposamen boltxebikea, alderdi sozialisten arteko koalizio sobietarra, beste alderdiek ukatu izanak aldaketa hau ekarri zuen. Irailaren 15ean Alderdi Boltxebikeari bidalitako gutun batean (Marxismoa eta matxinada izenarekin ezagun egon zena), Leninek matxinada prestatzeko aholkua eman zuen, eta zera esan zuen Konferentzia Demokratikoaz: “alferrik da Konferentzia honek oraindik gure proposamena onar zezakeela pentsatzea (…) Beste alderdiek ukatu egin dute (…) Konferentzia ez da herri iraultzailearen gehiengoaren ordezkari (…) Akatsa da Konferentzia Demokratikoa legebiltzar baten antzera ikustea”. Gutun hau nahiko polemikoa izan zen, eta Alderdiaren Komite Zentraleko gehienak ez publikatzea erabaki zuten (Stalin, Sverdlov, Bubnov eta Dzerzhinskiren aurkako botoarekin). Konferentzia bukatu berri, Iruzurraren aitzindariak eta boltxebikeen akatsak deitutako artikuluan, Konferentzia “komedia” eta “iruzur” bezala deskribatu zuen, bigarren kalifikatibo hau VTsIKk “aukeratu duten Sobietei kontuak eman ordez, Sobietez kanpoko beste erakunde bat deitu zuelako, bere eskuduntzatik kanpoko ordezkariak gonbidatuz, hau bonapartismo hutsa da”. Boltxebikeen parte-hartzeari buruz Leninek egin zuen balorazioa jada ez zen hain positiboa “Boltxebikek erakunde iruzurti nazkagarri horretan parte hartu zuten III Duman parte hartu zuten arrazoi berarengatik: zerri-korta batean ere beren posizioak defendatu behar dituztelako (…) Hala ere ezberdintasun bat zegoen: III Duman parte hartu genuenean iraultzaren zikloa beheranzkoa zen, orain ordea goranzkoa da”. Leninek zioenez “boltxebikeek ez zuten hitzontzikeria horietan parte hartu beharrik, ez zuten utzi behar herriaren arreta distraitzerik. 136 ordezkaritik bizpahiru utzi “lotura-lanetan” eta beste guztiek protesta moduan alde egin behar zuten”. Hurrengo egunetan Publizista baten egunkaritik deitutako iruzkinean “zenbat eta gehiago aztertu gure Konferentzia Demokratikoko parte-hartzea, geroz eta konbentzimendu handiagoa dago akats bat izan zela”, eta horrenbestez, Konferentzia Demokratikotik sortu berri zen Aurre-parlamentuari boikota egitea ere gomendatu zuen.

Boltxebikeen barneko eztabaida hauek euren jarraipena izan zuten Aurre-parlamentuan parte-hartzearen inguruko eztabaidetan, Kamenevek parte-hartzearen alde egin baitzuen, eta Leninek kontra. Hasiera batean, parte-hartzearen jarrera nagusitu zen, nahiz eta 1917ko urriaren 7an oreka aldatu eta boltxebikeek Aurre-parlamentua uztea erabaki. Azaroaren 29an Komite Zentralari idatzi zion gutun batean (Krisia heldu da deitutakoan, hasieran zatika argitaratu zena) Leninek, iraultzaren ziklo gorakorra ebaluatuz, matxinada prestatzea, hain zuzen Sobieten Biltzarraren aurretik prestatzea gomendatu zuen, eta Konferentzia demokratikoa eta Aurre-parlamentua “aizun” bezala tratatu zituen.

(Goiko irudian, KOnferentzia Demokratikoko lehendakaritza-mahaia)