Komite Zentral Boltxebikearen bilera erabakigarria

Komite  Zentral  Boltxebikearen  bilera  erabakigarria

Announcement Date: 10th urria 1917

1917ko urriaren 10ean, Petrogradeko Viborg auzoak, Alderdi Boltxebikearen historiako bilerarik garrantzitsuena burutu zen. Bilera Galina Flakserman militante boltxebikearen etxean egin zen, hain zuzen ere, etxe hori nahiko handia zelako. Jakov Sverdlovek kontaktatu zuen Flaksermanekin, honen etxea bilera egiteko aproposa zelakoan. Flaksermanek, bileraren aurretik, bere bizikide denak, tartean bere senar Nikolai Sukhanov zuzendari mentxebikea “despistatu” behar izan zituen. Eguraldia oso txarra zen egun horretan, eta bere bizikide batzuei “bueltan ez etortzeko” “gomendatu” zien.

Bilera hori garrantzitsua zela anekdota batek markatzen digu: Lenin berak bertan egon nahi zuen. Urriaren 9an, aurreko egunean iritsi zen Petrogradera, Margarita Fofanova langile boltxebikearen etxean geratu zelarik. Komite Zentral Boltxebikearen 21 kidetatik 12 gerturatu ziren bilera horretara, alfabetikoki: Bubnov, Dzerzhinski, Kamenev, Kollontai, Lenin, Oppokov, Sokolnikov, Stalin, Sverdlov, Trotski, Uritski eta Zinoviev. Horiez gain, Varvara Jakovleva batzarraren akta jasotzera joan zen (Alexander Rabinowitchen arabera, Jakovleva batzarraren parte izan zen eta Sverdlov ez, baina ez dirudi hala zenik: Jakovleva ez zen Komite Zentraleko kide garai hartan). Pisuan zegoen beste pertsona Galina Flakserman, bileraren “antolatzailea” izan zen. Bileraren erdian Flaksermanen neba, Juri Flakserman iritsi zen, bildutakoei ezusteko handi bate emanaz, baina hau ere boltxebikea zen.

Aurreko egunetan Leninek esandakoa kontuan harturik, Alderdiaren barruan matxinadaren alde egiten zutenen artean, bi ideia zeuden: bata matxinada iraultzailea berehala egitearen aldekoa (Lenin zen bozeramaile), eta bestea Sobieten Biltzar Nagusiari itxarotearen aldekoa Trotski zen fakzio honen bozeramaile).

Bilerak hamar bat ordu iraun zituen. Bilera batez ere Leninen eta eskuineko ildoaren bi liderren ateko eztabaidan oinarrituz zen: beste bi kideak Leninen alde jarri zirelarik. Hamar kidek botere osoa Sobieten esku uzteko asmoa zuen matxinada iraultzailearen alde bozkatu zuten, eta bik kontra: eskuineko ildoaren bi liderrek, Kamenevek eta Zinovievek, hain zuzen. Ebazpenak hau zioen “Komite Zentralak, errusiar iraultzaren egungo egoera, ikuspegi internazionala zein militarra kontuan izanik, baserritarren etengabeko matxinadan eta gure Alderdiarekiko herri konfidantza orokorrean oinarritzen dela kontuan izanik (…) matxinada armatua eguneko ordenean jartzen du. Alderdiaren erakunde guztiei honen arabera aritzera gonbidatzen die”. Hala ere, bilera honetan ez zen Leninen erabateko garaipena izan, izan ere, ez zen matxinadaren data zehatzik xehatu (orduan, Sobieten II Bilera Nagusia urriaren 20an izango zela uste zuten). Horretarako ez dago oso arrazoi argrik.

Alde batetik, nahiz eta bileraren emaitza borobila zela uste, eskuineko ildoak nolabaiteko indarra zuen: bilerara joan ezin ziren Miliutin, Rikov, Nogin eta Riazanov eurengandik gertu egon zitezkeen, Volodarskik argi utzi zuen Kamenev eta Zinovieven alde zegoela, Mikhail Kalininek ere data ez zuen zehaztu nahi (Kalininen arabera “ebazpen hori alderdiaren historiako ebazpenik onenetako bat da, baina ez dakigu noiz jarriko dugun indarrean, urtebete edo bi urte barru izan daiteke”). Erakunde Militarrean ere, denek ez zuten uste matxinada berehala presta zitekeenik (Krilenkok eta Nevskik adibidez). Hala ere, ebazpen honek garrantzia handia izan zuen, izan ere, alderdiaren oinarrian matxinadaren alde zeuden sektore zabalei “zilegitasun” handia eman zien, eta honela, oinarri militante boltxebikean gero eta ausartago entzuten ziren matxinadaren aldeko ahotsak (hurrengo egunetan, gertaeran poderioz, matxinadaren gehiengoa are handiagoa egin zen). Ildo honi kontzesioa egitea arrazoi bat izan zitekeen.

Beste alde batetik, data idatziz zehaztu ez bazen ere, antza denez, ahoz Sobieten II Biltzar Nagusia baino lehenago eta are urriaren 15a baino lehenago izan behar zela ados zuten (Trotskik 1924an idatzitako liburuxka batean urriaren 15erako adostu zutela esan zuen, baina 1932an “hurbilketa data” bat zela esan zuen). Trotskiren arabera, klandestinitatea zela eta ez zuten data idatziz jarri (berak dioenez “garai horietan Leninek bere gutunetan ere ez zuen datarik jartzen”). Beste alde batetik Iparraldeko Sobieten Biltzar Nagusiak zer esaten zuenaren zain geratu ziren, baina honek ere “Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusiaren esku” utzi zuen afera. Honen ostean Alderdi Boltxebikeak beste bilera bat deitu zuen urriaren 16rako. Laster, urriaren 17a iritsi zen, eta egun honetan VTsIKk II Biltzarra urriaren 25era atzeratu zuen, eta 18an Kamenevek eta Zinovievek Novaia Zhizn egunkarian Alderdi Boltxebikearen planak argitaratu eta salatu zituzten. Guzti honek data praktikoki atzeratzea ekarri zuen eta azkenean Sobieten II Biltzar Nagusiarekin bat izan zen matxinada (hala ere, hau inguruabarreko gertakariak zela eta gertatu zen, ez Alderdiak hala nahi zuelako).

Bileraren ostean “Matxinada prestatzeko buro” delako bat osatu zuten zazpi pertsonen artean, alfabetoaren arabera, hauek: Bubnov, Kamenev, Lenin, Sokolnikov, Stalin, Trotski eta Zinoviev. Ikusten den moduan “eskuineko ildoko” bi liderrak, Kamenev eta Zinoviev ere bertan zeuden. Hala ere, buro honek ez zuen paperik izango, hiru arrazoi zirela eta: Lenin eta Zinoviev oraindik klandestinitatean zeudelako, Kamenev eta Zinovievek urriaren 18an Novaia Zhizn egunkarian akordioa salatu zuen artikulu bat idatzi zutelako (Alderdiaren haserrea piztuz) eta matxinada prestatzeko Komite Militar Iraultzailea deitutako organoa (Petrogradeko Sobietaren pekoa) sortu zelako.

(Irudian, bilera horretako akta)