Koalizio-Gobernuaren eraketa

Koalizio-Gobernuaren  eraketa

Announcement Date: 5th maiatza 1917

Apirileko egunen ostean eta Miliukoven dimisioaren ostean, Behin-Behineko Gobernuaren barne eztabaida bat sortu zen, hau da, Sobietetako ordezkariak Gobernuarekin bat egitera gonbidatzea eztabaidatu zuten (ordura arte Sobietetako ordezkari sozialista bakarra Aleksandr Kerenski zen). Mugimendu honen bidez, Behin-Behineko Gobernuak eta burgesiak, egoerari irteera bat eman nahi izan zion: “Botere bikoitzaren” egoera hartan, burgesiak bakarrik Gobernua izan zezakeela ezinezkoa zenez, 1917ko apirilaren 26an Sobietetan oinarritutako Gobernua bat osatzea galarazteko, “burgesiaren eta Sobieten” arteko Gobernu bat eratzea proposatu zuten. Kontuan izan behar da orduan Sobiet gehienak burgesiarekin koalizioa egitearen alde zeuden mentxebike eta eseristen kontrolpean zeudela. Hala ere, hauek ez zuten hain argi ikusten Gobernuan sartzea, hala gertatuz gero “masak boltxebikeen esku uzteko arriskua baitugu” (tartean, Moskuko, Odessako, Nizhni-Novgorodeko eta Tbilisiko Sobietak kontra zeuden). Hala ere, apirilaren 29an beste eskuindar batek, Aleksandr Gutxkov “oktubristak” ere dimisioa emateak jazokizunak azkartu egin zituen. 1917ko maiatzaren 1ean Sobietik garrantzitsuenak, Petrogradekoak, Gobernuan sartzea erabaki zuen. 1917ko maiatzaren 5ean Petrogradeko Sobietak beren “Ministrogaiak” onartu zituen. Sei ministro sozialista izan ziren: Kerenski (eserista, orain Guda ministroa), Txernov (eserista, Nekazaritza), Tsereteli (mentxebikea, Posta eta Telegrafoak), Skobelev (mentxebikea, Lana), Pereverzev (independentea, Justizia) eta Pexekhonov (enesista, Hornikuntza). Koalizio-Gobernu honen eraketaren ondorioz, Sobieten eta Gobernuaren arteko “Lotura Komisioa” (martxo-apirilean bi erakundeen ateko harremanak garatzeko ardura zuena) abolitu egin zen, orain Sobieta Gobernuarekin bat eginda zegoela ulertzen baitzen. Beraz, Gobernu osaketa hau “Botere bikoitzaren” mugarainoko larriagotzearen isla izan zen: Gobernuak, osatua izan zedin, Sobietaren baimena izan behar baitzuen, hau da Sobietaren boterearen aintzatespena onartu zuen burgesiak (hala ere, maiatza horretan, oraindik indar erreformistak ziren nagusi Sobietean). Beste ondorio bat, momentuz behintzat, Tsereteli (Petrogradeko Sobietaren lehendakariordearen) papera indartzea izan zen, Sobieteko Exekutiban eta Gobernuan baitzegoen mentxebikeen burua. Gobernu berriaren programa “Asanblada Konstituziogilea ahalik eta azkarren deitzea” zen (ekainean, irailaren 17rako deitu zituzten hauteskundeak), baina deitu arte langileriaren eta Sobietetan ordezkatutako beste herri klaseen eskaerak (lurraren banaketa eta hau ereitea edo bakea, adibidez) atzeratzean zetzan.