Kharkoveko Ukrainako Sobieten Biltzar Nagusia eta Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionalaren aldarrikapena

Kharkoveko  Ukrainako  Sobieten  Biltzar  Nagusia  eta  Ukrainako  Sobieten  Errepublika  Nazionalaren  aldarrikapena

Announcement Date: 12th abendua 1917

1917ko abenduaren 12an, Kharkoven, Ukrainako Sobieten I Biltzar Nazionalean, Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionala (izen ofizialez Ukrainako Langileen, Baserritarren, Soldaduen eta Kosakoen Sobieten Errepublika Nazionala) aldarrikatu zuten. Beraz, Ukrainan bi Errepublika eta bi Gobernu ezarri ziren: Kharkoveko Gobernu Sobietarra (Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionala; Ukrajinska Narodna Radianska Respublika) eta Kievekoa, Radaren Gobernua (Ukrainako Errepublika Nazionala; Ukrajinska Narodna Respublika). Biltzar Sobietar honek eta bere aldarrikapena, Ukrainara guda zibila zabaldu baino, Ukrainara guda zibila zabaldu izanaren ondorio izan ziren (batez ere Ukrainako Rada Errusiako guda zibilean inplikatu izanagatik eta Sobietar Gobernua ez aintzatesteagatik). Ukrainan guda zibila Ukrainan (alemaniarrekiko frontea alde batera utziz) bigarren frontea ireki zen, Dongo frontearen ostean.

Ukrainan, momentu horretan Kieven boterean zegoen Radaren eta Sobieten arteko harremanak (bai ukrainar Sobietekin, zein Errusiako Gobernu Sobietarrarekin) oso txarrak ziren. Radak Urriko iraultza gertatu eta berehala esan zuen ez zuela Iraultza hori (ez eta hau eman zuten ez honek emandako instituzioak –VTsIK, Sovnarkom- aintzatesten, eta Errusiako oposizio “sozialista demokratikoarekin” lerratu zen).Gainera, azaroaren lehen egunetan igorritako ohar batetan, Radak, Petrograden “koalizio sozialista batetako Gobernuaren alde” egiten zuela esan zuen; gainera kontuan izan behar dugu momentu horietan eseristek eta mentxebikeek boltxebikeekin harremanak hautsi egin zituztela eta “koalizio sozialistazko Gobernua” leloa hauek erabiltzen zutela. Gainera Radak Kiev eskaini zuen Asanblada Konstituziogilea bertan eratzeko, eta Kaledinen Dongo Armadarekin tratuetan zebilen (Radak ez zuen uzten orain bere mugan zeuden lurraldeetan zeuden tropa boltxebikeak Ukrainatik ebakuatzerik). 1917ko azaroaren 30ean Radak Kieven boltxebike batzuk atxilotzeak ere komunistak haserrarazi egin zituen. 1917ko abenduaren 4an, Sovnarkomek, Ukrainako Radari dokumentu bat bidali zion, Ukrainatik tropa gorrien igarotzea baimentzeko, Kaledinekin harremanak eteteko, alemaniarren kontrako frontea ez desantolatzeko eta Ukrainako Sobietak aintzatesteko eta ez desarmatzeko eskatuz. Radaren erantzuna oso anbiguoa izan zen, eta beraz, Sovnarkomek bere burua Radaren kontrako gudan aldarrikatu zuen. Praktikan, Ukrainan (berezitasun nazionalak gora-behera), Errusian 1917ko uztailetik urrira doan epean izandako egoera errepikatzen zen: marko burgesa errespetatzen eta defendatzen zuen “koalizio sozialistako” Gobernu bat, Rada; eta bestetik Sobietak, bien artean aurkakotasun handia zelarik.

Ukrainan Sobietek ez zuten oraindik euren I Biltzar Nagusia egin. Gainera, kontuan izan behar dugu Radak, nolabait, klase sozial aldetik burgesak eta burges-ttipiak ziren alderdiak batzen bazituen ere, nolabait, 1917an zehar ukrainar masa nazionalek mahai gainean jarritako kexa batzuen bozeramaile lana egin zuela; eta horrez gain, Sobietar Errepublikak Errusiako herrian autodeterminazio eskubidea onartua zuen, beraz, ukrainar boltxebikeek hartu behar zuten iniziatiba. Ukrainar boltxebikeen taktika ezin izan zen soilik boltxebikeen indarrarengan (zeina Ukrainan ez zen Errusian bezain alderdi indartsua) Radaren kontra oinarritzea, baizik eta Rada bera “sobietartzea” (kontuan izanik nolabait Ukrainaren eskubide demokratikoen ordezkari bezala jokatu zuela). Stalinek ukrainarrei azaroaren 30ean gomendatu zien taktika, beste Idazkaritza bat aukeratzea, beraz hauteskunde berriak antolatzea izan zen, honen politika zuzendu zedin.

Juryj Borys historiagilearen arabera, ukrainar boltxebikeak, abenduaren 4ko konferentzian, ez ziren ados egon egun horretan Sovnarkomek Radari bidalitako dokumentuaren inguruan oso ados agertu. Jevgenija Box eta Juri Piatakov alde agertu ziren “guda gogorra baina atzeraezina da” argudiopean, Zatonski kontra agertu zen: Zatonskiren ustez ultimatuma “Ukrainako barne-antolaketari buruzko eskaerak biltzen dituenetik, atzerriko eskusartze moduan uler zitekeen (…) eta momentuz ez dirudi ukrainarren artean klase-zatiketa handia agertu denik; guda badator boltxebike batzuen eta ukrainarren artekoa izango da”. Zatonskiren arabera, ultimatuma Sovnarkomek “informazio txarra zuelako” idatzi zuen.

Ukrainako Sobieten Biltzar Nagusia deitzeko lehen saiakera 1917ko abenduaren 4an izan zen Kieven, Sadovski antzezlekuan (ideia hori Kieveko Sobietean bote zuten boltxebikeek). Hala ere, Biltzar Nagusi hori baliogabetua izan zen, azken orduan Radak bere aldetik baimenik gabeko ordezkarien kopuru handi bat gonbidatu zuen eta: 500 ordezkarik zuten aurkezteko aukera eta 2.000 bat batu ziren (gainera gehienak ez ziren langileak kulakak baizik –Skripniken hitzetan-, beraz klase-oreka ere puskatu zuten. Batu ziren 2.000 ordezkaritatik erdia Ukrainako Armadako ordezkariak ziren, eta beste 600 nekazari elkarte batetakoak; bietakoak Radaren gonbidapena jaso zutenak). Horrez gain, hiri industrial askotara (Jekaterinoslavera, Kharkovera eta Donbassera) ez zituzten gonbidapenik bidali. Biltzar Nagusi hori Radak dominatua zegoen (hitzaldi gehienak Ukrainako Gobernuaren kideek egin zituzten, eta Kongresuaren lehendakari Mikhailo Hruxevski Radaren lehendakaria aukeratu zuten), beraz boltxebikeek ez aintzatestea erabaki zuten (Biltzar horretan boltxebikeen ordezkariak txistukatuak izan ziren). Bertan izan zen Radak Sobietar Gobernuaren ultimatumari erantzun anbiguo hori eman zuenekoa. Boltxebikeek, abenduaren 4ko Asanblada hori soilik “topaketa” eta ez “biltzar” moduan aintzatetsiz gero zilegiztatuko zutela esan zuten, baina Radak zilegitasun osoa eman zion (Kieveko kongresuak bere aldeko ordezkariez lepo, Radaren politika osoa babestu zuen). Zilegizko ordezkari batzuk iritsi ezin zirela eta bertara agertutako “ordezkari” askok baimena ez zutela eta; Kongresu honek zuen zilegitasun urria zela eta, boltxebikeek, beste Bitzar Nagusi benetan sobietar bat deitzeko premia ikusi zuten. Jada garai horietarako, Guda Zibila Ukrainara zabaldua zegoen.

Abenduaren 8an Goardia Gorriek Kharkov askatu zuten, beraz, Sobietak hiri horretan euren biltzarra deitzeko aukera izan zuten. Gainera Kharkov hiri proletario eta industrial handi bat zen, eta faktore horrek ere Biltzar “alternatiboa” han egiteko ere balio izan zuen. Abenduaren 9an, Kharkoveko Komite Militar Iraultzaileak eta Alderdi Boltxebikeak, abenduaren 11rako Biltzar Nagusi Sobietar bat deitzeko erabakia hartu zuten. Abenduaren 11ko Kharkoven deitutako Ukrainako Sobieten Biltzar Nagusi berrian, 200 bat ordezkari bildu ziren, 66 Sobiet (Ukrainako Entziklopediaren arabera, 95 Sobiet) ordezkatuz. Ordezkari horietako 127 Kieven eginiko aurreko Sobieten Biltzarreko ordezkariak izan ziren, eta beste 73 Donetsk-Krivoi Rog eskualdeko Sobieten Biltzarraren ordezkariak. Biltzar horretan bost txosten eztabaidatu zituzten: egoera politikoari buruzkoa, Ukrainaren autodeterminazioari buruzkoa, Donbassen autodeterminazioari buruzkoa, Ukrainan boterea antolatzeari buruzkoa eta Ukrainako Sobieten Komite Exekutibo Zentralerako hauteskundeei buruzko eztabaidatu zituzten ordezkariek. Txosten horietan Urriko Iraultza Sozialista eta Sovnarkom aintzatestea, eta Ukrainaren autodeterminazioa soilik Ukrainan sobietar boterea ezarriz gauza datekeela zioen ebazpen bat onartu zuten. Donbassi dagokionez, Ukrainaren barruko autonomia proposatu zitzaion, eta Rada eta Don eskualdeko kosako zuriak kritikatu zituzten “Donbasseko aroa zatitzearren”. Bestetik, Ukrainan Botere Sobietarra berehala eraikitzeko beharrezkotasuna ere aipatu zuten. Horrez gain, Biltzar hau eta Ukrainako Sobietak Ukrainako botere bakarra direla aldarrikatu zuten.

Ukrianako Sobieten Errepublika Nazionalaren bandera, bandera gorriaren eta ukrainar nazionalisten koloreen bilbaketa izan zen.

Abenduaren 12an Biltzarrak Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionala aldarrikatu zuen. Errepublika berri honek; bere Ukrainako Sobieten Komite Exekutibo Zentrala (TsIKUk, edo “Tsikuka” modu arruntean ahoskatuz), bere Gobernua edo Herri Idazkaritza, bere Armada propioa (Kosako Gorriak; hala ere Antonov-Ovseienkok zuzendutako Errusiako Goardia Gorrien laguntza handia izan zuten hasieran), eta finean estruktura propioa izan zuten. Biltzar honetan eskema alderdianitza jarraitu zuten: mentxebikeak eta ukrainar nazionalismoaren ezker erradikalekoak ere bertaratu ziren hara. Abenduaren 17an (Kalinitxenko eta Ivan Ribalkaren arabera, 14an) sortu zen Idazkaritza Herrikoiaren kide Jevgenija Box (Gobernuburu eta Barne Arazoak), Mikola Skripnik (Lana), Artiom (Industria eta Merkataritza), Serhii Bakinski (Kanpo Arazoak), Volodimir Aussem (Finantzak), Volodimir Zatonski (Hezkunta), Volodimir Liuksemburg (Justizia), Vasil Xakhrai (Guda), Juri Kotsiubinski (Guda), Emmanuil Luhanovski (Elikadura), Jevhen Terletski (Lurraren Ereintza) eta Heorhi Laptxinski (Idazkari orokorra) izan ziren –Posta eta Errepideak momentuz hitsik utzi zituzten-. Beraz, emakume batek historian zuzentzen zuen lehen Gobernua izan zen.

Gobernu horretan denak ziren boltxebikeak Terletski ezkerreko eserista izan ezik. Gobernu hau osatzeko zenbait arazo egon ziren, bai etnia guztiak ordezkatuak egon behar zirelako (Ivan Ribalka eta Kalinitxenkok, okerbidez esan zuten Herri Idazkaritzako hiru kide soilik zirela ukrainarrak, baina datu hori okerra da), eta beste alde batetik Kieveko eta Donbasseko komunisten artean tentsioa izan zelako eta bien sektoreen arteko oreka mantendu behar zelako (Donbassi autoomia onartzea adostu zen Biltzar horretan). Tsikukaren buru (abenduaren 13an sortu zen hau) Jukhim Medvedev aukeratu zuten, boltxebikea ez zena (ukrainar nazionalismoaren ezkerreko ildotik zetorren). TsIKUk horrek 41 kide zituen, horietako 35 boltxebikeak zirelarik (4 ezkerreko eserista ukrainar, ukrainar sozialdemokrata 1 eta mentxebike bat; beste 20 eserleku baserritarrentzat gorde zituzten. 1919an Tsikukako kideak 89 izanen ziren, eta hurrengo urteetan kide kopurua handituz joan zen).

Ukrainar nazionalisten interpretazioaren arabera, hauxe Ukrainaren kontrako sobietar-errusiar eraso bat izan zen, eta Radaren eta Sobieten arteko gatazka nazionala izan zen. Hala ere, interpretazio horrek arazo batzuk aurkezten dizkigu. Lehenik eta behin, kontuan izan behar da 1917ko udazkenean eta 1918ko neguan Sovnarkomek Radari egin zizkion ihardesteen artean, ez zegoela inondik ere “autodeterminazio eskubidearekikoak”, Sovnarkomek hura defendatzen baitzuen. Sovnarkomek Radari leporatzen ziona, haren politika zen, Sobieten Boterearen aurkakoa eta boterea burgesiarekin elkarbanatzearen aldekoa (Radak Errusian mentxebikeen  eta eseristen antzeko politika egitea). Izan ere, hasieratik Sovnarkomek Ukrainaren autodeterminazio eskubidea defendatu zuen. Stalinek 1917ko azaroaren 30ean esan bezala “gatazka hau ez da ukrainar herriaren eta errusiar herriaren artekoa (…) gatazka hau Ukrainako Radaren Idazkaritzaren eta Herri-Komisarioen Biltzarraren artekoa da (…) Herri-Komisarioen Biltzarrak botere osoa ukrainar herriak, langileek eta baserritarrek, izan dezan nahi duelako; eta Radak ez duela lurjabeak eta kapitalistak baztertzerik nahi (…) Guk ukrainar herriaren independizatzeko eskubidea onartzen dugu (…) Guk Ukrainako Errepublika aintzatesten dugu”. Hainbat aldiz berretsi zuen posizio hori, adibidez, abenduaren 14an Rada ukrainarraren inguruan deitutako artikuluan esan zuenez; “Esten dutenez gatazka autodeterminazioaren ingurukoa da, eta hori ez da horrela: Radak federalismoa proposatzen du, eta guk independentziarako eskubidea defendatzen dugu (…) Radarekiko dugun gatazka klase-boterearen ingurukoa da”. Bestetik, Ukraina Ekialdeko (Donbass eta Kharkoveko) boltxebikeek auzi nazionala plazaratu eta Donetsk-Krivoi Rogeko Sobietar Errepublika sortu zutenean, hain zuzen ere, Ukrainako Errepublika Sobietar honetaz banatuz egin zuten (eta errusiar boltxebikeek azken mugimendu honen kontra jokatu zuten, Ukraina Sobietar batuaren alde eginez). Ukrainako Radaren buruzagietako batek, Volodimir Vinnitxenkok, esan zuenez: “errusiar boltxebikeen kontra ukrainarren babesa bildu nahi genuen (…) baina haiek izan ziren ukrainarren babesa izan zutenak. Guk lurrak hartzeko itxaroteko esan genien, baina masak lurrak berehalakoan hartzearen aldekoen aldera lerratu ziren”; beraz, adierazpen hauetan ere, klase faktorea radaren eta Sobieten arteko gatazkaren lehen faktorea zela aintzatesten dugu. Bestetik, esan beharra dago Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionalak ez zuela lortu Ukraina osoan eragina izatea: Krimean eta Odessan (1918ko martxoan alemaniarrak sartu aurretik) euren prozesu sobietartzaile propioak egin zituzten.

Herri Idazkaritzaren eta Tsikukaren politika, Errusian Sovnarkomen eta VTsIKen politikaren antzekoa zen: abenduaren 13 eta 17 artean, Ukrainan Estatu Sobietarra eraikitzeko legeak hartu zituzten; lurraren gaineko dekretua, langile kontrolaren gaineko dekretua, armadaren demokratizatzearen gaineko legea, herrien eskubideen gaineko dekretua eta abar. Hala ere, nahiz eta Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionalak bere Armada erregular propioa (Kosako Gorriak, Kuzma Bublik ataman gisa eta Vitali Primakov komandante gisa, abenduaren 27an sortua, eta urriaren 20an derrigorrezko errekrutatzea sartu zuena) sortu zuen, kurioski Errusia Sobietarrak baino lehenago, zeinak oraindik Goardia Gorria zuen. Hala ere, praktikan Kosako Gorriek Antonov-Ovseienko eta Muravioven Goardia Gorrien laguntzarekiko nolabaiteko dependentzia zuten (eta Muravioven antiukrainartasunarekin zenbait arazo izan zituzten, azkenean Ukrainatik lekualdatzeko eskatu zuten ukrainar komunistek). Errepublika Sobietar berri honek, Radak ezarritako Ukrainatik Errusiara garia esportatzeko debekua ere kendu zuen. Abenduaren 19an Sovnarkomek Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionalaren Herri idazkaritza Ukrainako gobernu bakar bezala antolatu zuten.

Interesgarria da “Ukrainako Errepublika Nazionala” adiera (Radak Gobernatutako errepublikaren izena) gordetzen zutela, eta Sobietak izendatzeko “Rada” hitza erabiltzen zutela ukraineraz. Errepublika honen Gobernua “Herri idazkaritza” deitzen zen, Radaren “Idazkaritzari” lehia eginez. Vitali Primakoven arabera, Ukrainako Sobietar Errepublika Nazionalaren “Kosako Gorriak”, Ukrainako Errepublika Nazionalaren “Kosako Askeak” kontzeptuari lehia egiteko ere jarri zuten. Honenbestez, Radaren esanahi guztia ukatu gabe, honi zilegitasuna disputatu egin nahi zioten; hau da, Kievko Rada burgesaren kontra zihoazen, ez Radaren eta honen esanahiaren kontra besterik gabe. Stalin berak, abenduaren 15ean, Zer da Rada ukrainarra? Deitutako artikuluan ideia hau plazaratu zuen: “soilik Rada berri batek, langile eta nekazarien Radak defendatuko ditu ukrainar herriaren interesak”. Gobernu honek Errusiako Gobernu Sobietarrarekin aliantza onartu zuen, eta ukrainar eta errusiar langile herrien arteko aliantza babestu zuen.

Urtarrilaren 27an ukrainar gorriek Kiev askatu zuten; barneko matxinada baten eta kanpotiko ekintza militarraren arteko bilbatzearen ostean. Otsailean Errepublika honen egoitza Kievera aldatu zen. Alemaniarrek aurrera egiten zutelarik, martxoan Poltavan eta Jekaterinoslaven (Dnipropetrovsken) biltzen ziren, eta apirilean Taganrogen. 1918ko martxoan Mikola Skripnikek Jevgenija Box ordeztu zuen Idazkaritza Herrikoiaren buru gisa.

Hala ere, komunista guztiak ez zeuden ados Errepublika honekin, ezta hiriburua tokiz aldatzearekin. 1918ko otsailaren 1ean, Donbasseko Sobieten Kongresuak, 74 ordezkaritik 50 aldeko bozkarekin, Donetsk-Krivoi Rogeko Sobietar Errepublika (Donetsko-Krivorozhkaia Sovietskaia Respublika) fundatu zuen, Ukrainatik kanpo, Fiodor Sergeiev “Artiom” langilearen gidaritzan, Jekaterinoslav eta Kharkov probintziak batuz, eta parte batean Kherson probintziako zein Errusiako Don Eskualdeko lur batzuk ere bertan sartuz (egun, Donetskeko Herri Errepublikak errepublika hori du bere aurrekari gisa, banderan baita). Errepublika berriaren hiriburua Kharkov zen; baina praktikan bere lurralde osoa Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionalaren peko lurraldeekin bat zetorren, beraz ez zegoen argi zein Estatu funtzio zituen, eta nolabaiteko bikoiztasun bat eman zen bi Estatuen artean. Donetsk-Krivoi Rogeko Errepublika Sobietarrak bere burua “Errusiarekin federazioan” ikusten zuen, eta bere Herri-Komisarioen Biltzarra alderdianitza zen (zazpi boltxebike, hiru mentxebike eta eserista bat). Errepublika berri honek aurrekari bat aipatzen zuen: 1917ko abuztuan Ukrainako Radak Behin-behineko Gobernuaren Autonomi-Araudia onartu izana, zeinaren arabera, Kharkov eta ekialdea Ukrainatik kanpo geratzen ziren (kontuan izan behar da 1917ko maiatzean, Donbasseko Sobietek Donbass eskualdea legalki sortzea eta autonomia ematea eskatu zuela). 1917ko azaroan, Radaren III Unibertsalaren (Ukrainak Sovnarkom onartzen ez zuela adierazten zuena) kontra, Donbasseko Sobietek ez zuten hura onartu eta Donbass Errusia Sobietarrera batzera deitu eta erreferenduma eskatu zuten. Beraz, nolabaiteko kontzientzia propioa bazegoen Donbassen. Hala ere, aurrekariak eta zilegitasunak alde batera, Ukraina Sobietarra zela honengatik urruntzeko, bestelako arrazoiak agertzen dira: zergati politiko askotarikoak eman izan dira kievtar eta donbasstar komunisten arteko dema hau ulertzeko: ekonomikoak, nazionalak eta kanpo-politikakoa, oraindik historiagileen atean eztabaida dagoelarik. Mikola Skripnik komunistaren ukrainarzalearen arabera, Errepublika hori sortzeko arrazoien artean, Donbasseko langileen lerrokatze nazionala (han “ukrainar” nortasuna ez da indartsua) eta langileen nekazal Ukraina sozialismoa eraikitzeko galga izan zitekeenaren ustean zetzaten (Skripniken arabera, Ekialdeko hirietako langile errusiarrek edo errusiartuek “Ukraina” baserritar eta lurjabe txikien munduarekin identifikatzen zuten; horregatik ez zuten uste Ukrainan sozialismoa eraiki zitekeenik. Skripniken ustez “langileak baserritarra gidatu behar du, eta bien arteko aliantza mantentzeko hobe zatekeen Donbass Ukraina barruan izatea”). Skripnikek Donets-Krivoi Rogeko Sobiten Biltzarrean esan zuenaren arabera, errepublika hau sortzea “separatista” zatekeen,eta fronte sobietarra ahultzea zekarren. Errepublika horren sortzaile izan zen Semion Vasiltxenkoren arabera, “sozialismoaren pe, mugak ekonomiak markatu behar ditu, ez nazionalitateak” eta hori dela eta ikatzaren industrian oinarritutako unitate politiko bat sortzea izan zuten helburu. Artiomek gauza bera esan zuen “aurreiritzi nazionalak jada ez daude. Beraz Errepublikak, oraindik aurrera ekonomiaren arabera sortu behar dira. Eskualde honek bai Kievekin zein Moskurekin du harremana, beraz, bien artean kokatu behar da”; hots, Donbassek Errusiako Don eskualdearekin duen jarraikortasun ekonomiko-geografikoa aipatzen zuten. Volodimir Zatonski Kieveko komunistaren arabera: “eurak Sobietak Donbassen babestu nahi zituzten, eta guk Ukraina osoarentzat Botere Sobietarra eraiki nahi genuen”. Bestelako ikuspegia eman zuen Rukhimovitx, Donetsk-Krivoi Rogeko Sobietar Errepublikako kideak: “Ukraina Sobietar Errusiatik bereizten bada, hau euren arazoa da, baina gu ez goaz eurekin”. Beste arrazoi bat izan zitekeen Brest-Litovskeko akordioetan alemaniarrek Ukrainaren ordezkari gisa Radaren Ukrainako Errepublika Nazionala aintzatestea, eta ez Sobieten Ukraina: hala, Donetsk-Krivoi Rogeko Errepublika Sobietarra aldarrikatuz Brest-Litovskeko Ukrainari buruzko akordioak ez ziratekeen Donbassen gainean ezarriko: apirilaren 4a bezalako data berantiar batean (errepublika hau jada disolbatua zenean) Donetskeko boltxebikeek alemaniarrek eta Radak Donbass “inbaditzen eta konkistatzen” ari zirela salatu zuten (hala ere, halako adierazpenek ez zuten eraginik alemaniarrengan: 1918ko apirilean alemaniarrek Donbass inbaditu eta Radaren pe ezarri zuten).

Kieveko eta Kharkoveko komunisten arteko borroka politiko bat piztu zen hemen. Hala ere, mugimendu hau ez zen boltxebikeek ere babestua izan, Moskuko Sovnarkom honen kontra eta kievtar komunisten alde egin zuen, Errepublika berri hau ez zuen aintzatetsi: 1918ko otsailaren 17an Jakov Sverdlovek telegrama batean “zuen mugimendua oso kaltegarria da” esan zien Donetsk-Krivoi Rogeko Errepublika Sobietarreko zuzendariei 1918ko urtarrilean burutu zen Errusia Osoko Langile, Baserritar eta Soldaduen Sobieten Biltzar Nagusiak Federazio Sobietarra errepublika nazional-izaerakoez eta ez ekonomi-izaerakoez osatu behar zela erabaki zuen. Biltzar Nagusi horretan, Leninek berak Artiomi esan zion ez zela komenigarria Ukraina Sobietarra zatitzea. Otsail bukaeran, Leninek Artiomi eta beste zuzendari bati (Mezhlauk) esan zien emandako urrats hori negatiboa izan zela. Sergo Ordzhonikidzek ere oso mingarri bezala epaitu zuen Artiomen erabakia. Jelena Stasova izan zen Artiom defendatu zuen errusiar zuzendari boltxebike bakarra, otsailaren 18an bidalitako telegrama baten bidez. Errusia Sobietarrak ez zuen Donetsk-Krivoi Rogeko Sobietar Errepublika aintzatetsi, nahiz eta hauen zuzendariekin, komunista bezala, komunikzioa mantendu. 1918ko martxoaren 15ean, akordio baten bidez, Donetsk-Krivoi Rog Ukraina Sobietarraren parte aintzatestea erabaki zuten bi sektore komunistek. Alemaniar okupazioaren ostean, 1918 bukaeran eta 1919 hasieran Ukrainaren sobietartzearen bigarren prozesua ematen ari zenean, boltxebikeek Donetsk-Krivoi Rog Ukrainan sartzea erabaki zuten; batez ere Leninek eta Stalinek bultzatu zuten erabaki hori.

Brest-Litovskeko Ituna Ukraina sobietartzeko planen kontrako kolpe latza izan zen, izan ere, Errusia Sobietarrak Ukrainako Errepublika Nazionala eta Radaren botera (Alemaniaren babestuak) aintzatetsi behar zituen, beraz, bere unitate armatuak Ukrainatik atera behar zituen. 1918ko martxoaren 17 eta 19 artean, alemaniarrek Brest-Litovsk Ituna dela (Itun horren 5. artikuluan esaten zuen Errusiak “Ukrainako Errepublika Nazionala aintzatetsi eta honekin bake-itun bat sinatu” behar zuela) eta Ukrainan aurrera egiten zutelarik, Jekaterinoslaven (Dnipropetrovsken) Ukrainako Sobieten II Biltzar Nagusia egin zuten; bertan gutxi gora behera (Juryj Borysen datuen arabera), 407 ordezkari boltxebike (eta 21 aldeko) eta 414 eserista zeudelarik. Biltzar honetan, Errusia Sobietarrak sinatutako Brest-Litovskeko Ituna onartu egin zuten, baina aldi berean, Ukraina independentea zenez, ukrainar gorriek Alemaniaren eta Radaren kontra borrokatzeko eskubidea zutela ere aintzatetsi zuten. Kongresu horretan ukrainar errepublika sobietar denek (Ukrainako Sobieten Errepublika Nazionala, Donetsk-Krivoi Rogeko Errepublika Sobietarra, Odessako Errepublika Sobietarra eta Tauridako Errepublika Sobietarra) Ukrainako Errepublika Sobietarrean (Ukrajinska Radianska Respublika) bat egitea adostu zuten (boltxebikeen ildoa jada bategite honen aldekoa zen), hala ere, alemaniarren aurrerapenaren aurka, gutxi iraun zuen Estatu berri honek (martxoan alemaniarrek Ukraina erdialdea konkistatu zuten, eta apirilean Donbass; Donetsk-Krivoi Rogeko Sobietar Errepublika ohia. Azken honekiko aipatu behar dugu honen buruek, nolabaiteko independentzia ideologiko-erretolikoa mantentzen zutela: apirilaren 7an “Alemaniak eta Radak Donbass inbaditu dute konkista-eskubidea erabiliz (…) ezin da bakerik egon Donetskeko Sobietar Errepublika aintzatetsi gabe” salatu zuten Kharkoveko komunistek). Bigaren biltzar honetan aukeratutako TsIKUk berriaren buru Volodimir Zatonski ezarri zuten, eta Gobernuaren buru Mikola Skripnik. Izan ere, Jevgenija Boxek kargua galtzeko arrazoi nagusia hau Brest-Litovskeko Itunaren aurka egotea izan zen. Kongresu honetan aukeratutako Tsikukak 49 kide eserista eta 47 kide boltxebike zituen. Apirilean, alemaniar erasoen aurrean, Gobernu hau Taganrog hirira erretiratu zen (Don Eskualdean), eta 1918ko apirilaren 18an, bai Tsikuka zein Herri Idazkaritza desagertu egin zuren, sobietarrek klandestinitatean aritu behar zen Matxinadarako Zuzendaritza bat osatu zutelarik.

(Goiko irudian, Ukrainako Sobieten I Biltzar Nagusiko irudi bat).