Kerenski ofentsiba

Kerenski  ofentsiba

Announcement Date: 16th ekaina 1917

Ekainean, Lehen Mundu Gudaren kontestuan, Behin-Behineko Gobernua alemaniar frontea puskatzen saiatu zen, ofentsiba baten ondorioz. Ofentsiba honen ideologo nagusia Kerenski Guda Ministroa izan zen, horregatik ezagutzen dugu “Kerenski Ofentsiba” bezala.

Ofentsibaren asmo nagusiak politikoak izan ziren, hau da, koaliziozko Gobernuaren politika (zeina Guda jarraitzearen aldekoa zen) eta batez ere “defentsismo demokratikoa” (eseristen eta mentxebikeen politika, Errusia “demokratikoa” zenez gero guda jada “zilegitzat” hartzean zetzana) zurkaiztea. Eseristek eta mentxebikeek eman zuten argudiotako baten arabera, errusiar soldaduek, orain “demokrazia” defendatzen zutelarik, gudarako beste grina bat zuten, eta ofentsiba horrek uste hau frogatu behar zuen, “armada demokratiko askea” eta armada tsarista ezberdinak bailiran. Honenbestez,  halako eraso batek beste ondorio bat izan zezakeen, errusiarrengan izpiritu “patriotikoa” handituz zatiketa politikoak ahanztaraztea eta horrela Gobernuaren (“Errusiaren”) aldeko leialtasuna hedatzea. Baina beste alde batetik kontuan hartu behar da mendebaldeko potentzia inperialistek 1915ko azaroan ospatu zuten “Aliatuen Konferentziatik” aurrera Errusiari presioa egiten ziotela honek ofentsiba bat egin zezan (Errusiar Armadak ofentsiba atzeratu zuen prestakuntza nahikorik ez zuelako, eta 1917an ere ez zuen). Gobernuak “Askatasunaren Kredituak” ere jaulki zituen ofentsiba hau finantzatzeko. Ekainaren 15ean Sobieten Biltzar Nagusiak ofentsiba babestu zuen, eta ekainaren 20an ofentsiba hau goratu zuen.

Maiatzean, Guda Ministro kargua hartu bezain pronto, Kerenskik Armadaren buru berria izendatu zuen, Aleksei Brusilov jenerala (itxura “demokratikoko” jeneral populista, soldaduen gertukoa eta Otsaileko Iraultzak ekarri zuten erreforma militarren, adibidez soldaduen komiteen aldekoa). Brusilov zen errusiar goi-jeneraletan Otsailarekin erabat identifikatu zen bakanetakoa eta aldi berean ofentsiba bat egitearen aldekoa. Ofentsibarako ordena Kerenski Guda-ministroak eman zuen ekainaren 16an, eta kainoikada handiak izan ziren egun horretan. Oinezko tropek ekainaren 18an egin zuten aurrera, batez ere hego-mendebaldeko frontean, Galitzia eskualdean, austriarren aurka (Kornilov jenerala zen fronte horretako arduraduna). Lehen egunetan, egia bazen ere nolabaiteko garaipen txikiak eta aurrerapenak lortu zituztela (Gobernuaren aldeko prentsak baikortasun handiz hartu zituenak), gerora, batez ere uztailaren 6a pasatuta, atzera egin behar izan zuten. Hamar egunetan errusiar tropek 60.000 soldadu galdu zituzten. Ofentsiba honen porrotak langile eta soldaduen haserrea piztu zuen, eta Behin-Behineko Probisionalaren babes galera ekarri zuen, Sobieten konposizio politikoa aldatuz hasi zen; adibidez Viborg auzoko Sobietak ekainaren 24an ofentsiba gogor kritikatu zuen.

Egia esan, errusiar tropek ez zuten borrokatzeko asmo handirik erakutsi, gehienek, momentu horietan (Sobietaren agintarien baimenik gabe, baina hauen “etorkizunerako hitz-ematearen” zilegitasunarekin), euren baserrietako lur-banaketan parte hartu nahi egin zuten, eta askok desertatu egin zuten. Brusilovek berak, bere memoria-liburuetan esan zuen momentu horietan soldaduen aurrean hitzaldiak eman behar zituenean “ofentsiba” edo “eraso” bezalako hitzak saihestu behar zituela, guda jarraitzearen kontrako soldaduen bera fisikoki erasotu ez zezaten. Adibidez Halitx hiriko tropek (XXXIII Gorputza) euren aldetik sueten bat egin zuten alemaniarrekin. XI  armadan, gau bakar batean 12.000 soldaduk guda utzi zuten. Iparraldeko fronteko V armadan 23.000 soldadu edo unitatez aldatu edo epaitu egin behar izan zituzten. Bestetik, jeneral askok ez zuten ofentsiban sinesten, eta errusiar armadaren antolakuntza-maila ez zen halako operazio bat egiteko nahikoa (Anton Denikin jeneralaren arabera, ofentsiban zehar, momentu batean, fronte bakoitzeko komandanteari utzi zitzaion bere frontean nolako aurrerapenak egin erabakitzea).

Ofentsibaren porrotaren ondorioz etorri zen langile suminaren eraginik handiena, Uztaileko Egunak eta Georgi Lvov lehen ministroaren dimisioa izan ziren.

(Argazkia: Errusiar tropak erasoan Kerenski ofentsiban zehar)