Kerenski, lehen ministro izendatua

Kerenski,  lehen  ministro  izendatua

Announcement Date: 8th uztaila 1917

Uztailaren 8an, Georgi Lvov lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta bere karguan Aleksandr Kerenski eseristak ordeztu zuen. Lvoven dimisiorako arrazoiak bi izan ziren: alde batetik bere alderdikideen babesa galtzea (uztailaren 2an dimisioa eman zuten Ukrainako afera zela eta), eta beste alde batetik “Uztaileko krisiari” aurreko egiteko ezintasuna. Gobernu berri hau izan zen Lenin eta beste boltxebikeak atxilotzeko agindua eman zuena (aginduak berez uztailaren 6an atera ziren, Gobernu berria sortu baino lehen, baina Gobernu honek jarri zituen indarrean).

Gobernu berria, aurrekoak bezalaxe, sozialisten eta ministro burgesen arteko koalizio bat izan zen (Kerenskik dimititzeko mehatxua egin zuen koalizioa osatzen ez bazen, azkenean uztailean Alderdi kdeteak Gobernua onartu zuen). Gobernu berrian, sozialistak gehiengoan baziren ere eta lehen ministroa sozialista bat bazen ere, praktikoki programa kadeteena izan zen.  Stalinek, Rabotxi i Soldat (“Langilea eta Soldadua”) egunkarian –Pravda legez kanpo zegoen- uztailaren 13an ateratako artikulu batean (“Gobernu berria”) esan zuen kadeteen “eskakizun guztiak onartuak” izan zirela eta Sobietaren Gobernuarekiko kontrola (otsailetik aurrera indarrean zegoena, teorian behintzat), deuseztatua izan zela, “Gobernuaren independentzia” bermatuz: Goobernuko sozialistak ez ziren “Sobietaren ordezkari” bezala Gobernuan sartzen, “norbanako” bezala baizik (jada Sobietek ez zuten Armadaren kontrolik izango). Beraz, “botere bikoitzaren” aroa bukatutzat ematen zen. Hain zuzen ere zirkunstantzia hau zian zen lehen ministro gisa Kerenski eta ez Tsereteli jartzeko, izan ere, nahiz eta Tsereteli koalizioaren aldeko sutsua izan, Sobietari oso lotuta baitzegoen. Tsereteli Barne Ministro izendatu zuten (uztailaren 24ko birmoldaketan Avksentievek ordeztu zuen), Txernovek Nekazaritza postuan jarraitzen zuen eta Terextxenkok, kanpo ministro moduan. Nekrasov liberala Finantza ministro eta Lehen ministro-orde izendatu zuten. Hasieran kadeteak ez ziren Gobernuan sartu, baina uztail bukaerako birmoldaketan berriz sartu ziren, Kerenskik Gobernua Sobietarengandik independentea izango zela adierazi zuenean. Bestalde, heriotz-zigorra berriz onartzen zen, eta kaleko manifestazioen eskubidea murriztu egiten zen. Gobernu honek, gudan jarraitzeko agindua eman zuen. Bestalde, Gobernu honek, Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak berriz atzeratu zituen, azarora atzeratu ere (beste alde batetik, uztailaren 20an hauteskunde horietarako emakumeen bozka –eskubidea onartu zuen). Uztailaren erdi-aldean, Gobernu honek, Finlandiako parlamentua itxi egin zuen, honen jarrera “matxinoa” zela argudiatuz (Finlandiaren kausa babesten zuen alderdi bakarra boltxebikeena zen).

Uztailaren bukaeran Gobernu hau berriz aldatu zen, Sobieteko ordezkariak Gobernutik kanpo geratu zirelarik. Beraz, Barne-ministro gisa Tseretelik kargua utzi eta Avksentievek hartu zuen. Bestalde, kadeteak berriz Gobernuan sartu ziren (aurretik Nekrasov eta Terextxenko liberalak bazeuden, baina ez ziren alderdikide): Oldenburg Hezkuntza ministro gisa, Jurenev Garraio ministro gisa, eta Prokopovitx Merkataritza ministro gisa.