Kerenski-Krasnov matxinada

Kerenski-Krasnov  matxinada

Announcement Date: 26th urria 1917

Kerenski-Krasnov matxinada, urriaren 25ean Kerenskik, uzkailia izatear zegoela Petrogradetik alde egin ostean, hiriaren kanpoan bera berriz boterean jartzeko helburuarekin Petrograd berriki gorriaren aurka tropak biltzeko eta bidaltzeko saiakera izan zen. Kerenskiren asmo hauen alde jarri zen jeneral bakarra Piotr Krasnov kosakoa izan zen, horregatik “Kerenski-Krasnov matxinada” moduan ezaguna izan zen. Kerenski-Krasnov matxinada, kontrairaultzak Botere Sobietarraren burututako lehen matxinada armatua dugu. Matxinada urriaren 26an hasi zen, eta irakurketen arabera, praktikoki urriaren 30ean edo 31n bukatu zen (ofizialki azaroaren 1ean).

Kerenskik urriaren 25ean bertan (hainbat iturriren arabera, gaueko 9etan), Pskov hirira heldu ostean bildu zuen Krasnoven laguntza (Orlando Figesen arabera “hamazortzi konpainia kosako”), baina ez Iparraldeko Fronteko komandante zen Txeremisov jeneralarena. Joffe historiagilearen arabera, Iparraldeko Fronteko komisario Voitinski (boltxebike ohia bera) izan zen Krasnoven eta Kerenskiren arteko negoziazioak bultzatu zituena. Gainera, Gatxinatik pasa zenean, hango tropek ia-ia atxilotu egin zuten, Robert Daniel eta William Chamberlinen arabera. Kontuan izan behar dugu hiri hauek Petrogradetik gertu zeudelarik, han gertatutakoaren berri zian zutela, eta beraz, bertako Sobietek ere boltxebikeak aintzatetsi zituztela.

Urriaren 26an bertan, Volia naroda (“Herriaren borondatea”) egunkari eseristak Kerenskiren adierazpen bat zekarren, oraindik bere burua “Gobernuburu” bezala aldarrikatzen zuena eta “Armadaren borrokarako gaitasunari eustea (…) eta soldadu bakoitzak bere postuan, Aberriaren defentsan jarrai dezala” agintzen zuela zekarrena. Urriaren 27an, Kerenskik Gatxinatik “Aberriari leial zaizkion tropengana heldu naizela adierazten dut” esan zuen eta “Petrogradeko eskualdeko tropa guztiak euren betebeharrak betetzen jarraitzera” deitu zituen. Kerenskiren arabera “Kronstadteko tropak eta Izmailovski eta Semionovski erregimentuek amore eman eta Gobernuaren aldera (Bere Gobernuaren aldera) pasatu ziren”. Hala ere, Reedek esaten duenaren arabera, Gatxinako tropek amore eman bai, baina ez ziren Gobernuaren aldera pasa, Gatxina ustekabean hartua izan baitzen (hala ere, gerora telegramaz komunikatu zutelarik, badirudi Semionovski erregimentuak Alderdi Eseristari men egin ziola, ez zuzenean Kerenskiri). Gatxinan, Txeremisov jeneralak uko egin zion Kerenskiren alde jartzeari “Behin-behineko Gobernurik jada ez zegoela” argudiatuz (hala ere, Alexander Rabinowitch eta William Chamberlinen arabera, bere menpeko tropak “boltxebizatuak” zeudelako egin zion uko). Joffe historiagileak dionaren arabera, Txeremisov neutral agertu zen, “berak ezin zuelako frontea puskatu”. Richard Pipesen arabera “zalditeria Kornilovi lotua zegoen eta ez zuen nahi Kerenskiren alde borrokatu, honek Kornilov iraindu baitzuen”. Startsev sobietar historiagilearen arabera, Revalgo (Tallinngo) Komite Militar Iraultzaileak ez zuen utzi bertan zeuden kosakoek Kerenskirekin bat egiterik.

Urriaren 26ko goizean (5etan gutxi gora behera) Sobietaren Biltzar Nagusiak boterea hartzen duela esateko egin zuen adierazpenean jada esan badio “Kornilovistek; Kerenskik, Kaledinek eta besteek, hiriburuaren kontra tropak bidali nahi dituztela”.

Boltxebikeen kontrako erakundeen aldetik ez zen matxinadarako dei bakarra izan. Hiriburu barruan Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea sortu zen aberriaren 26an bertan; VTsIK zaharraren ordezkariek (VTsIK zaharrak ez zuen II Biltzar Nagusiaren legitimitatea onartzen), Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboaren ordezkariek, Aurre-parlamentuko kideek, eta kadeteek, enesistek, eseristek eta mentxebikeek osatutakoa. Komite honek hurrengo egunetan funtzionarioen greba bat eta urriaren 29ko junkerren matxinada prestatu zituen. Buligin sobietar historiagilearen ustez, Kerenskiren artean eta Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitearen artean kontaktu estua zegoen. Urriaren 27an, Dongo kasakoen buru Aleksei Kaledinek Behin-behineko Gobernuari laguntza ematen ziola eta “saiakera boltxebike kriminala” gaitzesten zuela adierazi zuen, Don eskualdean boterea “Gobernu Kosako” baten eskuetan uzten zuelarik. Urriaren 27an ere bai, Kerenskik Piotr Krasnov ezarri zuen Petrogradeko tropen buru gisa. Krasnovek kosako guztiak Petrogradera deitu zituen “Behin-Behineko Gobernua defendatzera”.

Aurrean, Milrevkomen indarrak zeuden. Urriaren 25ean, Tsarskoie Selon zegoen goarnizioak Botere Sobietarra eta Komite Militar Iraultzailearen boterea aintzatetsi zuen (hala ere Kerenski hiri horretan sartzerakoan ez zion erresistentzia handirik jarri). Urriaren 25etik 26ra zihoan goizaldean (John Reeden arabera goizaldeko 5:17etan), Nikolai Krilenko boltxebikeak Iparraldeko Fronteak Komite Militar Iraultzailearen boterea onartzen zuela esan zuen, telegrama bidez. Bestalde, urriaren 26an, ezkerreko eseristek (oraindik Gobernu sobietarrean sartzeari uko egin ziotenek), Milrevkomen sartzea erabaki zutela esan zuten. Urriaren 27an Leninek Petrograd defendatzeko agindua eman zuen eta boltxebikeek Petrogradeko defentsarako arduradun Mikhail Muraviov, ezkerreko eserista bat, ezarri zuten; baina Buliginen arabera, Muraviov Petrograden aldiriak defendatzeko arduradun gisa jarri zuten, hiri barruko tropen kontrola Mikola Podvoiskiren esku geratzen zelarik. Antonov-Ovseienko atxiki bezala izendatu zuten, eta Tsarskoie Seloko tropen buru, Valden. Viktor Sergek dioenez, Muraviov “Alderdi Eseristaren kide zen, eta “boltxebikeen maniobrak” behin baino gehiagotan zanpatu zituen. Bera postu horretan jarri bazen, beste ofizialik ez zegoelako izan zen; hori bai, bera zaintzeko komite bat ere izendatu zuten boltxebikeek”. Orlando Figesen arabera, “boltxebikeek ez zuten tropa askorik (…) Urriko iraultzaren ostean Petrogradeko goarnizioa disolbatu egin zen, askok euren herrietara egin zuten ihes”. Buliginek dioenez, batez ere, marinelak izan ziren defentsaren oinarria.

Matxinada kontrairaultzaile honek benetako forma urriaren 27an hartu zuen. Egun hartan Reeden arabera, “Petrograderen hegoalderako hiri txikietako goarnizio guztiak zatitu egin ziren: ofizialak Kerenskirekin, tropa Sobietekin”. Gainera, kontuan izan behar da bai Vikzhelen grebak zein hiriburuko enplegatuen grebak (teorian Kerenskiren indarrekin bat egiten ez bazuten ere), hiriburu boltxebikea gainontzeko errusiar lurrengandik isolatu zutela. Kerenskiren tropak, urriaren 27an “Hego-ekialdetik” Petrogradera hurbiltzen ari zirela dio John Reedek: Gatxina hartu zuten, hiri hori, “Petrograderen hego-mendebaldean dago, 30 bat kilometrotara”. Urriaren 27an bertan, boltxebikeek matxinadaren aldeko egunkariak debekatu zituzten. Urriaren 27an, gorriek Krasnoie Seloren gaineko kontrola ziurtatzea lortu zuten Levensonen agindupean.

Urriaren 27ko arratsaldean, ibilgailu blindatuen unitateek (broneviki), bilkura batetan botere boltxebikea aintzatestea eta honen alde borrokatzea erabaki zuten. Unitate hauek, Reeden arabera “Petrograd kontrolatzeko giltzarria” ziren. Reedek esan zuenaren arabera “bazirudien Errusiaren, munduaren eta sozialismoaren patua auto blindatu haien eskuetan zegoela”. Boltxebikeen kontrakoek, unitateak parte hartzearen aurka eta “neutraltasunaren alde” hitz egin zuten, Khamzanov izeneko bat eledun  zutelarik. Boltxebikeen postura Nikolai Krilenkok defendatu zuen. Krilenkoren argudioa izan zen “nik soldadu bezala, badakit soldaduek bakea nahi duzuela (…) baina bakea proposatu duen Gobernu bakarra Gobernu boltxebikea izan da (…) neutraltasunera deitzen zaituztete, baina gure aurka bidali dituzten tropak ez dira neutralak (…) Guda Zibila ekiditera deitzen zaituztete, baina eurak dira uztailetik hona guda zibilaren bidez boterean mantendu direnak”. John Reeden arabera, “Krilenkok akituta zirudien”. Azkenean bronevikiek boltxebikeen alde bozkatu zuten. Reedek kontatzen duenez “imajinatzekoa da Krilenko guzti horiek kuartelez kuartel unitateak lerratu zitezen saiatzen; eta kuartelez gain, sindikatuetan Sobietetan (…) Horrela egin zen Errusiar Iraultza!”.

Urriaren 28an bertan, Milrevkomek Podvoiskik eta Trotskik sinatutako agindu bat banatu zuen, herritarrei lubakiak eta barrikadak egiteko aginduz. Egun horretan, Kerenskiren indarrak Tsarskoie Selora, Petrogradetik zortzi bat kilometrora zegoen herrira, heldu ziren. Honek zurrumurru handiak piztu zituen, agian boltxebikeen artean zalantza izpiak pizteko itxaropenarekin: zurrumurruen arabera, boltxebikeen aldeko tropa asko eta asko Behin-behineko Gobernuaren aldera pasatu ziren. Egun horretan, zuriek Moskun Kremlinaren kontrola bereganatu zuten eta Kaledinen kosako zuriek aurrera egin zuten Donbass arroan, beraz Petrograd isolatuta zegoela ematen zuen. Petrogradeko Udaletxean hurrengo egunean Kerenski tren-geltokian hartzeko komisio bat ere eratu omen zen. Petrograden eta inguruetan (Baltikoan) Sobiet gehienek, berriak iritsi orduko, botere sobietar iraultzailearen aldeko joera hartu zuten: Leninek agindu zuenez, Iparraldeko, Baltikoko eta Finlandiako tropa guztiek bat egin behar zuten matxinada zapaltzeko. Urriaren 28an Sindikatuen Komite Zentrala ere boltxebikeen alde jarri zen. Bestalde, Milrevkomen telegrama oso ondo hartua omen zen, herritarrak Petrograd defendatzeko altxatu baitziren, John Reeden arabera “Hiriak sekula ez zuen halako giza olderik ikusi”.

John Reeden arabera, “Guda Zibila” aipatzen bazen ere, ezin zen esan egun horietako giroa Guda Zibileko giroa zenik. Reeden arabera, “frontera zihoazen trenetan baserritarrak zeuden, elkarrekin hitz egiten, eta hiriaren eta baserrigunearen arteko fluxua ez zen geratu”. Frantziar ofizial baten lekukotza ere jaso zuen Reedek “Errusiarrek zein guda zibil arraroak egiten dituzten! Borrokatu ezik edozer gauza!”. Izan ere, tropa askok ez zuten borrokatu nahi, “demokrazia iraultzailea” nahi zuten, edozein aldaeratan.

Hala ere, arazo honek bestelako itxura bat hartu zuen urriaren 29aren goizaldean, izan ere, egun horretan hiriaren barruan junkerrak matxinatu ziren botere sobietarraren aurka (eta gainera Moskun egoera gorrientzat zela ematen zuen). Mikola Podvoiski Milrevkomeko zuzendariak Petrograden guda-egoera ezarri zuen. Reeden arabera Kerenskik akats bat egin zuen; Tsarskoie Seloko soldaduek borrokatu nahi ez izanagatik herriaren ateak zabaldu bazizkioten, bere alde borrokatzera behartu nahi zituen (Chamberlinen arabera, irakurketa bestelakoa zen: “Krasnoven tropek egun horretan ez zuten Petrograd eraso eta ez zioten matxinatuei lagundu”). Egun horretan Vikzhelek negoziazioei hasiera eman zien.

Urriaren 30ean Tsarskoie Selotik Pulkovora egin zuten aurrera Kerenskiren tropek, baina bertan garaituak izan ziren, Valden koronelak eta Khaustov eta Sakharov boltxebikeek gidatutako tropa gorriek, zein Dibenkok gidatutako marinel gorriek garaitu zituzten. Orlando Figesen arabera “Baltikoko marinelek Kerenskiren tropak erraz garaitu zituzten Pulkovoko gailurretan”. Mikhail Muraviovek esan zuen moduan, urriaren 30ean Tsarskoie Selo eta Pavlovsk hartu zituzten boltxebikeek. Arratsalde horretan Kerenskik suetena agindu zuen, “negoziazioak jarraitzeko”. Kerenski eta Krasnoven tropek atzera egin behar zina zuten eta Tsarskoie Selo ere utzi behar zuten, han inguratuak izateko arriskua ere bazuten, Gatxinara heldu zirelarik, eta beren tropak dispertsatzen hasi ziren. Urriaren 31n egoera okerragoa izan zen Kerenskirentzat, izan ere, eserista batzuek bere erasoarekiko desadostasunak erakutsi zioten, Txernovek adibidez (Txernoven ustez, boltxebikeak uzkailtzeko modurik onena Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak irabaztea zen). Boltxebikeek suetena itundu zuten kosakoekin, baina ez Kerenskirekin, hau atxilotzeko agindua eman zutelarik.

Azaroaren 1ean bukatu zen matxinada. Egun horretan, Kerenskik alde egin zuen Gatxinatik, antza denez, Piotr Krasnovi, Petrogradera errendizioa onartzera joango zela hitz eman ondoren. Kerenskik babes osoa galdu zuen bai Alderdi Eseristaren aldetik (1918ko urtarrilean klandestinitatean Petrogradera Asanblada Konstituziogilearen aurrean hitz egitera joan bazen ere, eseristek debekatu egin zioten), zein beste mugimendu kontrairaultzaileen aldetik (Dongo kosakoen aldetik, adibidez), eta azkenean, 1918ko ekainean Errusia utzi zuen, erbestera joz. Krasnov atxilotu egin  zuten, baina askatu egin zuten, honek berriz matxinatuko ez zenaren hitza eman zuelarik. Hala ere, hitza jan egin zuen eta Dongo kosakoen mugimendu kontrairaultzailearen buru ezarri zuen bere burua.

Honela bukatu zen Kerenski-Krasnov matxinada, eta Petrograden gorrien boterea finkatua geratu zen. Matxinada honen porroterako kausen artean, herriaren eta tropen babes falta (egia esan, matxinadaren aldetik, arrisku handiagoa zuten boltxebikeek tropa matxinoez egindako handiesteak tropa matxinoen benetako indarrak baino) eta matxinadaren komandanteen arteko elkarrekiko konfidantza falta izan ziren (urriaren 29an Kerenskiren eta Krasnoven tropek eta hiri barruko junkerren arteko harremana elkarrrekko komunikaziora mugatu ziren), boltxebikeen antolaketa eta mobilizazio azkarraz gain.

(Irudian, Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra abiatu ziren tropa gorriak).