Kameneven Pravdarako editorial polemikoa

Kameneven  Pravdarako  editorial  polemikoa

Announcement Date: 15th martxoa 1917

Martxoaren 15ean Pravda egunkarian artikulu harrigarri bat atera zen, editorial bezala atera gainera (beraz, Alderdiaren zuzendaritzak idatzitakoa zen artikulua). Editorial horretan, (Sekreturik gabeko diplomazia deitutakoan, nahiz eta, esaldirik ezagunenagatik Bala balaren kontra bezala ezaguna egindakoan) ordura arte boltxebikeek defendatutako zenbait posizioren errebisio erradikala eman zen: tartean Behin-behineko Gobernua berehala ez botatzeko eta gudaren aurkako posizioaren errebisioa eman zen. Editorial horretan Behin-behineko Gobernuari babesa eskaintzen zitzaion “lurjabeen interesen eta ondare tsaristaren kontra zihoan artean”. Editorialeko esaldirik dramatikoena: “ergela da uste izatea armada batek gudan jarraitzen duen artean besteak etxera joan behar duela pentsatzea eta horren aldeko politika egitea. Hori ez litzateke bakearen aldeko politika, esklabutzaren aldekoa baino (…) Herri askea bere postuetan mantenduko da, eta balari balaz erantzungo dio eta artilleria-kolpeari artilleria-kolpez”. Ikusten denez, bertan “defentsismo demokratikorako” hurbilketa bat ikusten dugu, hau da, Behin.behineko Gobernuak demokrazia ekarri zuela eta hauxe gudan (zeina lehia inperialista batek hasi zuen) defendatu beharra zegoela. Honek Alderdi Boltxebikearen ideologia bi puntutan hausten zuen: guda onargarri bezala hartzen zuen, eta Behin-behineko Gobernuarengan nolabaiteko konfidantza (eta baldintzapeko babesa) erakusten zuen, Leninek proposatu bezala Gobernua burges-inperialista bezala hartu gabe eta honen kontrako etengabeko borrokara deitu gabe (kontuan izan behar da martxoaren lehen egunetan Alderdi Boltxebikea Behin-behineko Gobernua osatzeko negoziazioen kontra egon zela). Praktikoki, Kamenven posizioak, defentsismoaz gain, martxoan mentxebikeek liberalekiko izan zuen posizioa gogorarazten zuen: “babesa eman… baldintzak betetzen dituzten heinean”.

Editorial hori idazteko orduan gauza batek eragin handia zuen: hain zuzen ere boltxebike askoren arabera ezinezkoa zen Behin-behineko Gobernua uzkailtzea, eta beraz mentxebikeen politikara hurbildu beharra zegoen. Gainera oraindik boltxebike askok ustez zuten iraultza sozialistarako baldintzak ez zeudela, eta beraz iraultza burges bat egin beharra zegoela. Boltxebike horiek posizioa indartu egin zen Siberian deportatuak zirenak itzuli zirenetik, eta Molotov eta Xliapnikov Petrogradeko burutzatik zokoratu zituztenean. Pravdaren kontrola Stalinen eta Kameneven eskuetara pasa zen martxoaren 15ean. Hala deskribatu zuen ordura arte arduradun zen Molotovek “Kalera bidali ninduten (…) baina normala zen, hamar urte zaharragoak ziren eta eskarmentua zuten”. Hala ere, Kameneven artikulua ildo horrek oso gaizki hartu zuen, Xliapnikovek esan zuen bezala: “lur jota geunden, eta defentsistak (mentxebike eta eserista gehienak) oso pozik zeuden (…) Sobieteko bileretan zirika-begiradak botatzen zizkiguten (…) artikulu horrek alderdikideak nahasi besterik ez zuen egin”.

Antza denez, editorial hori Kamenevek idatzi zuen, Stalinek onartu soilik egin zuelarik. Hauxe esaten digu Viatxeslav Molotovek: “Stalinek ez zuen idatzi, baina onartzea bere akatsa izan zen. Nik ez nuke onartuko”. Antza denez, Stalinek, akatsaz jabeturik, distantziak hartu nahi izan zituen: martxoaren 17an Behin-behineko Gobernua, bakea lortzeko “presionatu” beharra zegoela esan zuen, eta baita Sobieta “masak mobilizatzeko gai izan behar zen botere iraultzailearen organo bat bihurtu beharra” zegoela. Stalinek mentxebikeekin edozein akordio gudaren aurkako plataforma bat onartzearen menpe ezartzen zuen (editorialak ez zuen holakorik eskatzen). Robert Servicek esan zuen moduan “Stalinen posizioa ez zen gerora bere etsaiek, Trotskik batez ere, iradoki zuten bezain moderatua” (Trotskiz gain, Richard Pipes historiagileak ere Stalin Kameneven posizioarekin nahasten du. Simon Sebag Montefiorek tarteko posizioa bat adierazten du, garai horietan Kamenevek eta Stalinek alderdia eskuinerantz biratu zutela” dio baina “Stalini dagokionez, bere kritikoek bere posizioekiko gaitzespena hanizkatu egiten zuten”). Stalinek berak, martxoaren 16an Gerrari buruz deitutako artikulua idatzi zuen, Kameneven editorialarekin bat ez zetorrena. Azken artikulu horretan, Stalinek “Kornilovek alemaniarrek Errusiaren kontrako erasoaren alarma jo du (…) eta burgesiak bat egiten du “askatasuna arriskuan dago, gora guda!” esanez (…) Errusia 1792an Frantzia zegoen egoeran balitz legez, baina Errusia ez dago egoera horretan,, guk ez baitugu gure kontran errege kontrairaultzaileen koalizio bat (…) Hau guda inperialista bat da, anexio guda bat da (…) gure egoera Frantziak 1914an duenaren berdina da”. Stalinen arabera ““Behera guda!” kontsignak orain ez du ezer konpontzen (…) Sobietaren proposamena, herri guztiak Gobernu guztiek guda uztearen aldeko kanpaina egitearena “Mundu osoko proletarioak, elkartu zaitezte!” kontsignaren antzekoa da; baina ez da nahikoa, gudaren arrazoiak azaltzen ez dituelako, eta bakea soilik Alemaniako erregimena uzkailtzearekin lotzen duelako”. Stalinen arabera, “guda hau bukatzeko, herri bakoitzak guda uztearen eta autodeterminazioaren printzipioan oinarritutako bakearen aldeko kanpaina egitea datza (…) Gobernuren batek uko egingo balio, herriek argi ikusiko dute gudaren izaera anexionista”. Stalin, horretan Kameneven editorialetik urruntzen zen, bere bakearen aldeko kanpainan bere Gobernua presionatzearen alde agertu baitzen, eta ez zuen esplizituko Leninek altxatutako “guda inperialista guda zibil bihurtu” leloa aipatzen. Stalinek, nolabait, oraindik zubiren bat erakutsi zion Behin-behineko Gobernuari martxoaren 18an idatzitako Errusiar iraultzaren garaipen-baldintzen inguruan artikuluan. Artikulu horretan Behin-behineko Gobernua guztiz iraultzailea ez zela esaten ez bazuen ere, finean hau presionatzeko estrategia onartu zuen: “Burgesia inperialista eta noblezia egun ahulak dira, baina batera egiten badute, indartu daitezke (…) Behin-behineko Gobernua indar hauen beldur da (…) egoera honetan Behin-behineko Gobernua eta Sobietak ez dira nahiko, hiriburua eta landagunea orobat egingo dituen erakunde bat behar dugu: Errusia Osoko Langile eta Baserritarren Sobieta soilik izan daiteke erakunde hori (…) Iraultzetan Gobernua barrikadetan osatzen da, eta geroago, egoera lasaitzen denean Asanblada Konstituziogilea, horregatik hau Gobernu iraultzailea baino moderatuagoa izan ohi da; baina gurena Gobernua barrikadetatik hurbil sortu da, baina ez barrikadetan, beraz ez da iraultzailea (…) Asanblada Konstituziogilea, ziur nago, Gobernua baino demokratikoagoa izango da (…) Behin-behineko Gobernua kontrairaultzarantz joan dadin saihestu behar dugu”. Molotoven ustez, artikulu hauek “Stalinen beste akats bat izan ziren (…) ez dakit gero zergatik sartu zituzten bere lanen bildumetan”. Beraz, egia da Stalin momentu honetan Lenin baino posizio moderatuagoetan zegoela, baina ez Kamenevekin bat, nahiz eta gerora, Stalinen etsaiek hala saldu zuten.

Editorial honi Leninek arrapostu eman zion Urrutiko gutunak idatzi zituenean, eta gero Apirileko Tesiekin garatu zuelarik. Lenin momentu horretan Aleksandra Kollontaik babestu zuen. Kameneven ildo-markatzea eta Leninek eman zion erantzunak, alderdiaren bi ildo nabarmendu zuten. Momentu honetan agertu ziren bi ildo hauen eztabaidak markatu zuen 1917an zehar Alderdi Boltxebikearen eztabaida (honen adierazgarri izan zen Leninen Urrutiko gutunetatik Alderdiak lehena bakarrik argitaratua izana berehala, besteak askoz beranduago argitaratu ziren. Jada boltxebikeak boterean zeudenean).

(Irudian Kamenev Pravda irakurtzen. Irudi hau geroagokoa, 1921koa da).