Junkerren matxinada

Junkerren  matxinada

Announcement Date: 29th urria 1917

Junkerren matxinada, 1917ko urriaren 29an Petrograd barruan eman zen matxinada kontrairaultzaile bat izan zen, junkerrek (ofizialen eskola elitista batetako ikasleek, ofizial gazteek) eginikoa, eta Oliver Radkey historiagilearen arabera, Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komiteak, batez ere Alderdi Eseristak, prestatutakoa (badirudi Abraham Gots eta Vladimir Zenzinov izan zirela matxinadaren prestatzaileak). Radkeyren arabera, iraultzaren biharamunean, urriaren 26an (Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea fundatu zen egunean) onartu zuten eskuineko eseristek matxinada antiboltxebike bat egiteko plana. Matxinadaren prestatzaileek eskuin muturreko Vladimir Purixkevitx monarkikoarekin kontaktatu zuten, junker asko honen jarraitzaileak baitziren (Robert Danielsen arabera, eseristek militar arruntak junker atzerakoiak baino nahiago zituzten, baina militar arruntak boltxebikeen alde jarri zirenez, junkerrei laguntza eskatu beste erremediorik ez zuten. Oliver Radkeyren arabera, eskuineko eseristak kosakoen laguntza lortzen saiatu ziren, baina hauek ez omen zuten gehiago borrokatu nahi, eta etxera itzultzeko gogoa adierazi zuten). Matxinada hau, Petrogradeko aldirietako Kerenski-Krasnov matxinadarekin elkar zitekeen (Reed kazetariaren arabera, matxinada honek eta Kerenskik Tsarskoie Selon zuen koartelak elkarrekin komunikatzen zuten, eta Orlando Figesen arabera, junkerrak Kerenskiren tropak “iristearekin batera” matxinatu behar ziren. Viktor Sergek ere interpretazio horrekin bat egiten du). Matxinada hau egin zenean, urriaren 29an, Moskun oraindik “zuriak” ziren nagusi, beraz, matxinada honek oso zaila egin zuen langile botereak irautea. John Reeden arabera ofizial frantziarrak eta ingelesak matxinadaren buruan zeuden (tiroketa batzuetan halako ofizialak hiltzen edo atxilotzen ikusi zituela dio Reedek). Matxinadaren zentro neuralgikoa Nikolaievski Ingeniaritza Eskola izan zen.

Junkerrak lehen momentutik egon ziren Urriko Iraultzaren aurka, urriaren 25ean Neguko Jauregian Behin-behineko Gobernua defendatu zuten. Atxilotutako junker gehienak boltxebikeek urriaren 27 eta 28 artean aske utzi zituzten, hori akats handia izan zelarik. Urriaren 28 eta 29 arteko goizaldean matxinatu ziren junkerrak, Aberria eta Iraultzaren Salbazio Komitearen izenean, hala ere, historiagile batzuen arabera, behar baino lehenago matxinatu ziren, goardia gorriek matxinadaren buru bat atxilotu zutenean. Junkerren adierazpena Abraham Gots eseristak eta Polkovnikov koronelak idatzi zuten eta “Petrograd iraultzaileko langile,soldadu eta hiritarrei” zuzenduta “Boltxebikeek frontean bakea zabaltzen dutelarik, atzegoardian ahaideen arteko guda zabaltzen dute. Ez egin jaramon euren probokazioei! Jaitsi armak! Soldaduok, itzuli zaitezte zuen kuarteletara! Batu zaitezte Aberria eta Iraultza Salbatzeko  Komiteari!” zioen. Matxinada honek Kerenski-Krasnov matxinadarekin kontaktu militarra bazuen ere, matxinada honetan zehar Aberriaren eta Iraultzaren Salbaziorako Komiteak sekula ez zuen Behin-behineko Gobernuaren berrezarkuntzaren izenean hitz egin, Kerenskirekiko erretxazoa zela eta. Hala ere, marinel boltxebikeek Abraham Gots eta Vladimir Zenzinov eseristak atzeman eta jipoitu zituztenean, komunikazio hau eten egin zen. Georgi Polkovnikov koronelak “salbazio tropa” matxinoen buru ezarri zuen bere burua. Horri erantzunez Komite Militar Iraultzaileko Mikola Podvoiski zuzendariak Petrograd setio-egoeran ezarri zuen eta mitinak debekatuta geratu ziren. Boltxebikeak laguntzen marinelak etorri ziren, batez ere Kronstadtekoak. Matxinada hau oso gaizki hartua izan zen boltxebikeen artean, hiru arrazoirengatik: a) bitartean Kerenskiren tropen kontra borrokatzen ari zirelako (John Reed kazetariaren arabera, Kerenskik aginduak ematen zien hiri barruan zeuden matxinoei, beraz, koordinazio militarra eman zen); b) junker asko hasieran erakinetan eta abar kokatu zirelako, abantaila posizioetan, hala goardia gorri asko hiltzeko aukera izan zutelarik; eta d) junker askok aurreko bi egunetan aske geratu zirelarik “herriaren kontra altxatuko ez zirenaren hitza eman zutelako”.

Junkerren Vladimir Eskola, matxinadaren ostean.

Matxinoek, matxinadaren hasierako une batean Vladimir Antonov-Ovseienko zuzendari boltxebikea, urriaren 25ean paper han garrantzitsua izan zuena bahitzea lortu zuten; John Reeden arabera, Telefonoen Zentroan izan zen, infiltrazioaren bidez. Segituen, beste junkerren eskolak hartu zituzten matxinoek, Vladimir Eskola, adibidez. Junkerrek goardia aldaketan infiltratzea lortu zuten “Boltxebikeen klabe aldaketa bazekitelako”, eta horik gutxira kasualitatez Antonov-Ovseienko agertu zen “ikuskaritza egiten”. Orduan izan zen atxilotua eta bera askatzera joan ziren tropa boltxebikeak tiroz erretxazatuak izan ziren.

Hurrengo orduetan, junkerrek Telegrafoen Zentroa eta Hotel Militarra hartu zituzten, handik borroka gogor baten ondoren kanporatuak izan zirelarik. Hala ere euren planak askoz eta handinahiagoak ziren: Peio eta Pauloren Gotorlekua eta Smolni Institutua hartu eta sobietar zuzendaritza atxilotu ere nahi zuten. Momentu horietan matxinoek hiri ia osoa hartua zutela esan zuten, hala ere ez zen egia (eta Petrogradeko langileak ere ez zitzaien batu). Isaak Deunaren Plazan marinel boltxebikeak bilduz joan ziren, Telefonoen Zentroan zeuden junkerrak erasotzeko asmoz. hiri osoan zabaldu ziren eraikin ezberdinen  inguruan junker matxinoen eta goardia gorrien arteko borrokak; adibidez marinelak Pavlovsk Ofizialen Eskola eta Vladimir Ofizialen Eskola asaltatzen saiatu zirenean. Vladimir Eskolan 200 bat pertsona hil ziren borroketan.

Urriaren 29ko eguerdiko ordu bi eta erdiak aldera, junkerrek hartutako eraikin ia denetan zeuden tropek amore eman zuten, boltxebikeek bonbaketa gogor bat egin ondoren. Gainera ordurako argi geratu zen Kerenskiren tropak ez zirela Petrogradera iritsiko. Gehien iraun zuen eraikina Telefonoen Zentrala izan zen, zeina “iluntze arte” iraun zuen, Reedek kontatzen duenaren arabera. Junkerrek Albert Rhys Williams estatubatuar kazetariari beren bizitzen aldeko bitartekaritza egin zezan eskatu zioten, bitartekaritzaren ondoren Antonov-Ovseienko aske geratu zen. Urriaren 29an bertan, Aberriaren eta Iraultzaren Salbaziorako Komitea legez kanpo  utzi zuen Gobernu sobietarrak.

John Reeden arabera, hurrengo egunetan, beste alderdi batzuek konspirazio saiakera batzuk egin zituzten; adibidez kadeteek edo monarkikoek. Halako konspirazioek ez zuten arrakastarik izan eta matxinada fasera pasatzerik ere ez zuten izan. Horietako konspirazio bat, frontea zegoen tokian, Mogilev edo Mahialau (Bielorrusia) hirian, armadaren inguruan fronte antiboltxebike berri bat zabaltzea izan zen (Mogilevko Sobieta hasieran ez zen boltxebikeen alde jarri), Dukhonin jeneralak bere burua “nazioartearen aurrean Errusiaren ordezkari” bezala jokatzen zuelarik; baina horrek ere porrot egin zuen, tropek, formalki Estatu Nagusiaren buru zen Dukhonin jenerala azaroaren 19an atxilotu zutelako.

(Goiko irudian, Mikhailovski Eskolako junkerrak)