Iraultzaren hedapena Petrogradetik Errusia osora

Iraultzaren  hedapena  Petrogradetik  Errusia  osora

Announcement Date: 4th azaroa 1917

Urriko iraultza normalean Petrograden gertatutako jazokizunekin lotzen badugu, hau Errusian barrena nola hedatu zenaren eta beraz Estatu boltxebikea Errusian nola eraiki zen azaldu behar dugu. Hau ez da bazterreko kontuan, kontutan izanik Uztaileko Egunetan zehar, boltxebikeek boterea orduan hartzearekiko mesfidantza arrazoi nagusia “Petrograden gai ginen, baina Errusiako probintzietan ezin izango genuen” izan zela. Iraultzaren hedapena, kasu honetan ere bai, nahiko baketsua izan zen Errusia “nuklearrean”; baina otsaileko iraultzarekin izan zuen ezberdintasuna, Estatuaren lurralde guztietara ez hedatzea izan zen. Kasu honetan, hedapena oro har baketsua izan bazen ere (Mosku bezalako gune batzuetan izan ezik), Otsaileko iraultzarena baino geldoagoa izan zen, izan ere, urrian, bai komunikazioko sektoreko enplegatuek eta bai trenbideetako langileek (sindikatu eseristak eta mentxebikeak nagusi ziren sektore horietan) botere boltxebikearen kontra deitu zuten greba baten ondorioz Petrograd nukleo iraultzailea isolatuta geratu zelako (batez ere urriaren 27tik aurrera. Oskar Anweilerren arabera, Petrograden gertatutakoaren berri-emailerik onenak Biltzarreko ordezkariak euren kabuz izan ziren. Anweilerrek gainera, Petrogradeko Komite Militar Iraultzaileak beste hirietara “1.000 agitatzaile baino gehiago” bidali zituela aipatzen du). Richard Pipesen arabera, lehen asteetan Sovnarkomek, greba horren ondorioz “ez zuen ez pertsonalik ez dirurik”; beraz, zaila da halako hedapen bat zuzendu ahal izatea. Beraz, hedapen hau, tokiko ekimenen fruitua izan zen. Gainera, kontuan izan behar da otsaileko iraultzaren ondoren sortutako tokiko botereen aniztasunak; Estatua bera ahuldu egin bazuen ere, Estatu berri baten sorkuntza (botere berriaren hedapena) oztopatu egiten zuela. Azken faktore bat badugu 1917ko otsaileko iraultzak kontsentsu ia osoa zuela errusiar herrian (jada inork ez zuen tsarra onartzen, ezta eskuinean ere), eta 1917ko Urriko Iraultzak ez zuela hainbesterainokoa. Petrograden bildutako Errusia Osoko Sobieten II Biltzarrak, tokiko Sobietei boterea hartzera eta Petrogradeko eredua jarraitzera deitzen zien; baina “eredua jarraitze” (edo saiatze) hori, lehen asteetan ez zen modu homogeneoan gertatu. Hori dela eta, zenbait tokitan boterea hartzeko formula ezberdinak erabaki zituzten tokian tokiko Sobiet ezberdinek: batzuetan Sobietek aurretik gehiengo boltxebikea zuten eta beraz Botere Sobietarra onartzea azkar gertatu zen, beste batzuetan II Bitzarra onartu zuen Sobietak baina “alderdi sozialista guztien tokiko koalizioa” eratuz, beste toki batzuetan onarpen baldintzatuak izan ziren, beste batzuetan Sobietak lehen unean Botere Sobietarra onartu ez zuelarik hauteskunde berriak egin ziren, eta beste toki batzuetan, nahiz eta Sobietak Petrograden jazotakoa onetsi, ez zuen bere hirian boterea lortzerik izan (eta honek azaltzen du Guda Zibilaren hasiera).

Moskun, Petrogradetik datozen berriak zabaltzen.

Lehen egunetan, Sobiet batzuk, modu baketsuan batu ziren Urriko Iraultzaren programara. Batez, ere, Oskar Anweilerren arabera, Petrograd inguruko zonaldea (marinelak eta ontzioletako langileak zeuden tokia, sektore hauek oso erradikalak baitziren), eta Errusiako erdialdeko industri-zonaldea izan ziren, azkar eta nahiko baketsu sobietartu ziren zonaldeak. Petrograd ingurukoen artean, artean, Kronstadt izan zen ezagunena, eta bestela Finlandiako (Helsingfors eta Viborg) eta Estoniako Sobietak zein Letoniako Sobietak, Reval eta Riga batez ere (nahiz eta herri hauetan, azkenean, Sobietek boterea lortzerik ez izan). Pskoven ere Urriko Iraultzaren alde jarri ziren, baina tokiko formula baten azpian, alderdi sozialista guztiek osatutako “Ipar-mendebaldeko Fronteko Komite Iraultzailea” sortu zuten. Hauekin batera, Baltikoko Itsas-Armadako Sobiet (Tsentrobalt) indartsua ere, boltxebikeen nagusigopean zegoenez, Urriko Iraultzaren alde paratu zen. Petrograd inguruan, Luga izan zen boltxebikeen kontra ezarri zen hiri bakarra. Errusia erdialdeko zenbait hiritan, batez ere Sobiet boltxebikeak zituzten hirietan, sobietartzea berehalakoa izan zen; adibidez, Kazanen, Samaran, Tsaritsinen eta Saratoven. Uraletako zonalde industrialean ere sobietartzea baketsua eta azkarra ian zen, Jekaterinburgen, Permen, Nizhni Tagilsk eta Votkinsk hirietan botere sobietarra onartu zen; kasu gehienetan, eskualde honetan boltxebikeen kontrola hain handia zen ezen hasieran mentxebikeek eta eseristek ere boltxebikeen programa onartu zuten. Tula eta Nizhni Novgorod ere segituan sobietartu ziren, Jaroslavl bezala, nahiz eta hiru hauek urriaren 25ean gehiengo boltxebikedun Sobietak ez izan. Bielorrusian, Minskeko Sobietean boltxebikeek gehiengoa zuten. Siberian, boltxebikeen alde jarritako hiririk garrantzitsuena Irkutsk izan zen, non Siberia Osoko Biltzar Nagusi Sobietarra eratu zen, Krasnoiarsk ere Siberia gorriaren gune bilakatu zen. Vladivostoken ere Urriko Iraultza onartu zuten, baina une batez, hiri horretan alderdi sozialista guztien koalizio bat eratu zen. Ukrainako hirietako Sobiet gehienek boltxebikeen gehiagoa izan zuten (Kiev, Kharkov, Juzovka (Donetsk), Kherson, Jekaterinoslav (Dnipropetrovsk), Odessa), hala ere, Ukrainako egoera berezia izan zen, han Sobietek Rada nazionalistarekin lehiatu behar izan baitzuten, eta honek Ukrainako baserritarren artean, baserritarrak Ukrainako populazioaren gehiengoa izanik, babes handia zuen (gainera, Behin-behineko errusiar gobernuak boterea Radaren eskuetan utzi zuen). Ukrainan, Guda Zibilaren hasiera prozesua Errusiarekiko ezberdina izan zen, parrafo batzuk beherago hitz egiten dugu horretaz.

Barrikadak Moskun.

Hedapen baketsu honekiko salbuespen bat dugu: Mosku. Moskun borroka gogorrak izan ziren Moskuko Milrevkom (Sobieta boltxebikeen hegemoniapean zegoen) eta Gobernuaren tropen artean. Oskar Anweilerren arabera, Moskun urriaren 25ean, Viktor Noginen lehendakaritzapean (beste iturri batzuen arabera, Usievitx boltxebikea izan zen buru), Milrevkom bat osatu zuten, baina mentxebikeak ere barne ziren (Sobieten 340 bat ordezkarik Milrevkom osatzearen alde bozkatu zuten, eta 120 batek aurka); eseristek “Segurtasun Publikorako Komitea” osatu zutelarik (Viktor Sergeren arabera, Moskun ere mentxebikeak matxinadaren kontra zeuden, baina “matxinada bideratzeko” Milrevkomarekin bat egin zuten). Boltxebikeek eta aliatuek, soldaduen Sobietetako hauteskunde berriak antolatu nahi zituzten, soldaduen Sobietetan baitzuten eseristek gehiengoa (Zeintzuek, jakina, ez zituzten hauteskunde berri hauek onartu). Urriaren 26an Moskuko Milrevkomeko tropek Kremlina eta bertako Armategia kontrolatzen zuten, kontrako indarrak Aleksandrov Ofizialen Eskolan bildu zirelarik. Esan beharra dago, Moskuko Behin-behineko Gobernuaren aldekoek lehen aldiz “goardia zuria” terminoa erabili zutela. Urriaren 26an, Moskuko Kremlinaren Mendebaldea (Moskuko Unibertsitatea eta Trubetskoi Bulebarra) kontrolatzen zuten antiboltxebikeek, urriaren 27an ia hiria erdialde osoa kontrolatzen zuten, eta urriaren 28ko goizaldean berriz egin ziren Kremlinen jabe (Kremlinen zeuden tropa gorrien buru Berzinek Moskuko Milrevkomekin kontakturik gabe, hiria uztea erabaki zuen). Anweilerren arabera, “bi aldeek, hasiera batean ez zuten borrokarik egin nahi, eta Moskuko goarnizioak jarrera pasiboa izan zuen”. Orlando Figesen arabera “Moskuko boltxebikeak ez ziren oso borrokalari onak, azaroaren 27an Kremlinetik kanporatuak izan ziren, eta 29an soilik Moskuko zonalde industrialak kontrolatzen zituzten”. Richard Pipesen arabera “Behin-behineko Gobernuaren aldeko tropek determinazio handiagoa erakutsi balute, Mosku kontrolatuko zuten (…) urriaren 28an hiriaren erdialdea kontrolatzen zuten eta orduan Milrevkomeko kideak atxilotzeko agindua eman zezaketen”. Pipesek dioenez “Moskun, boltxebike gehienak Kamenev eta Zinovieven aldekoak ziren eta ez zuten matxinatu nahi”. Kremlinen sartzerakoan, zenbait gorri esarmatu eta hil egin zituzten, Viktor Sergeren arabera, “Izu Zuriaren lehen ekintza izan zen hori”. Urriaren 28an, hiriaren erdialdea “zurien” menpe zegoen, eta gorriek soilik aldirietako auzo batzuk kontrolatzen zituzten. Hala ere gauzak azkar aldatu ziren: azaroaren 28an bertan gorriek Moskun greba deitu zuten, urriaren 29an, borrokak berrik hasi ziren eta gorriak Tverskaia kaleraino iritsi ziren (hiri erdian); arratsaldean Taganskaia enparantza, Alekseiev Eskola Militarra eta

Moskuko Metropol hotela, borroken ondorioza hautsita.

Metropol Hotela hartu zuten, Kremlin berriz inguratuz. Gauean, Petrograden eman ziren Vikzhel negoziazioen ondoren Moskun bi alden suetena deklaratu zuten, baina baldintzak azkenean ez ziren bete, eta azaroaren 30ean berriz borrokatzen hasi ziren. Azaroaren 30ean tropa boltxebikeek Gobernuaren tropak gordetzen ziren Kremlin inguratuta zuten, eta Lefortovo auzoa. Bestalde, behin iraultzak Petrograden kontrola bermatuta, Moskura tropak bidali zitzazkeen. Azaroaren 30 eta 31 artean, Moskun kalez-kaleko borroka handiak eman ziren. Azaroaren 2an (Anweilerren arabera, 1ean), Gobernuaren aldeko tropek Kremlin utzi egin zuten, preso kontrairaultzaileak aske uzten zituen itun baten ostean (itun horrek asko haserrarazi zituen Goardia Gorriko kideak, junker kontrairaultzaileak aske uztearen kontra baitzeuden). Azken borrokak azaroaren 3an izan ziren, Moskuko aldirietan, eta egun horretan Milrevkomek Moskuko kontrola ziurtatu zuen. Azaroaren 4an, langile Sobietak (boltxebikeen aldekoak) eta soldaduen komiteak gehienbat eseristen aldekoak) batu egin ziren; boltxebikeen gehiengoak Sobieteko lehendakari berri gisa Mikhail Pokrovski historiagile boltxebikea aukeratu zuen. Eraikin batzuk izan ziren kaltetuak: Nikolas jauregia batez ere (John Reeden arabera, eraikin hau ez zen baliorik handiena zuena). Beetik, Berri Onaren Basilikako fresko batzuk, Asuntzioaren Basilikaren kupula bat eta Salbatzailearen dorrearen erlojua izan ziren kaltetuak. Trinitatearen atea puskatu egin zen, baina konpontzeko moduan egon zen. Hala ere, Orlando Figesen arabera, “suntsiketak handiak eta kalkulaezinak izan ziren”. Ziur aski suntsiketa batzuk izan ziren (Moskuko gotzainak esan zuen moduan), baina egia da prentsa antiboltxebikeak handizkatu egin zituela. Guztira mila bat borrokalari gorri hil ziren Moskun, eta zuriak ere ehundaka izan zirela kalkulatzen da. Vikor Sergeren arabera, “Moskuko mugimendua ez zen izan Petrogradokoaren eredu berdinekoa (…) Petrograden ondo planifikatutako mugimendu bat izan genuen, Moskun ordean, mugimendu espontaneo bat (…) Moskukoa matxinada proletarioen eredu zaharren antzeko matxinada bat izna zen, eta han eknomi-faktoreek pisu handi bat zuten (…) Oetrogradeko eredu berriko matxinada bat izan zen, masak eta Alderdia plangintza zehatz baten ostena elkarlanean kalera atera zirelarik”.

Moskuko kalean, borrokaren ostean.

Izan ziren II Biltzarraren alde egon ez ziren Sobietak, eta berez, beranduago “boltxebizatu” edo botere sobietarraren alde paratu zirenak. Adibidez, Vologdakoa eta Viatkakoa kontrakoak izan, edota Iparraldean Arkhangelskekoa (mentxebikeek kontrolatuta) neutral mantendu zen hasieran. Lugako eta Mogilev/Mahialau hiriko Sobietak hasiera batean boltxebikeen kontra agertu ziren. Iparraldean, Murmanskeko Sobieta ere ez zen oso boltxebikezalea izan: nahiz eta hasiera batean Petrogradeko erabakiak onetsi, 1918ko ekainean  zurien aldera pasatu zen. Uraletako aldean, Penza eta Simbirsk mentxebikeen pe geratu ziren abendua arte. Siberian, eseristen gune nagusia Tomsk izan zen, eta Ekialde Urrunean Khabarovsk. Hala ere, halako hiri gehienak, beranduago edo pixkanaka sobietartu ziren, kasu batzuetan Sobietetarako hauteskunde berriak izan zirelarik, eta beste batzuetan, boltxebikeak ez ziren hiri gehienek “ezarritako boterea” onartu zuten.

Baserriguneen “sobietartzea” (Botere Sobietarraren onarpena), 1917ko azaroaren 26an hasi zen Errusia Osoko Baserritarren Sobietan II Biltzar Nagusiak azkartu zuen, Biltzar Nagusi horretan ezkerreko eseristek gehiengoa irabazi zuten, Marija Spiridonova Komite Exekutiboko lehendakari gisa jarriz. Ordura arte, Baserritarren Sobietak oso antiboltxebikeak ziren, “botere osoa Asanblada Konstituziogilearentzat” leloa aintzineratu zuten, eta Petrograden “Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea” deitutako erakunde klandestino antiboltxebikearekin bat egin zuten. Baserritarren Sobietak, hasera batean “Boltxebikerik gabeko Gobernu sozialista bat” eskatzen zuen.

Armadako fronteen boltxebizazoa bestelakoa izan zen. Izan ere, abuztu-irailean emandako Sobieten boltxebizazio prozesuan, Armada langileak baino atzerago joan zen, oraindik eseristak baitziren nagusi armadako komite askotan. Oskar Anweilerren arabera, berez, armadak neutral mantendu nahi zuen, bertako komite gehienak ez baitziren boltxebikeak, baina Kerenskiren alde ere ez zuten jarri nahi, hau oso inpopularra baitzen. Oro har, Petrogradetik gertu zeuden fronteak boltxebizatu egin ziren, ez hainbeste urruti zeudenak. Iparraldeko frontean eta Ekialdeko frontean azaro-abenduan boltxebikeen aldeko erresoluzioak atera zituzten (azken hau gainera garrantzitsua izan zen Mogilev hiriko Sobieta boltxebizatzeko eta hiri horretatik zuzentzen zituzten zenbait konspirazio agerian uzteko). Hegoaldeko frontean eta Errumaniako frontean ordea, Radak planteatutako lehia oso gogorra izan zen, Radaren programa “Armadaren ukrainartzea” izan zen, eta Radaren Idazkari Militar Simon Petliuraren programa, ukrainar unitate eta soldaduen kontzentratu eta bere kontrolpean ezartzea izan zen. Honek, fronteen boltxebizazioa zaildu egin zuen. Hala ere, Hegoaldeko fronteak Odessa hiria boltxebizatzen lagundu zuen.

1917ko abendurako, “Errusia zentral” osoa sobietartua zegoen. 1918ko urtarrilaren 5ean, Sovnarkomek Errusia osoan Sobietei “Botere hartzeko deia” egin zien, eta Sobietak elkarlotzeko araudi bat atera zen; honek Estatu sobietarraren eraikuntza erraztu zuelarik. Data horretatik aurrera, pixkanaka, aurreko erregimenetik zetozen instituzioak, hiretako Dumak edo Zemstvoak, desagertuz joan ziren. Honez gain, 1917ko azaroaren 14ko dekretu batek, lantegiak langileen esku uzten zituela iragarri zuen, 1917ko abenduko 8ko beste batek Armadako fronteen boterea Armadako komiteen esku uzten zuela, eta 1918ko urtarrilaren 10ko beste batek trenbideen kontrola trenbideetako langileen esku utzi zuen. Hala ere, Oskar Anweilerren arabera, lehen fase honetan, guda hasi baino lehenagoko fasean, botere sobietarraren onarpenak gehiago izan zuen tokiko botere sobietar baten eraikuntza Estatu sobietar indartsu bat sortzea baino, batez ere ezkerreko eseristak, tokiko autonomiaren aldeko sutsuak zirenak, indartsu ziren tokietan. Kasu batzuetan Petrogradeko Gobernua gehiago zen “zilegiztatzaile” bat, “agintari” bat baino. Guda Zibilak, azken joera hori, Estatu sobietarraren eraikuntzarena, indartuko zuen (eta boltxebikeen eta ezkerreko eseristen arteko frikzioa eragin zuen). 1917ko bukaerako eta 1918ko hasierako boterearen deszentralizazio hori, Urriko Iraultzak azkartu bazuen ere, parte batean Otsaileko Iraultzaren ondorioz gertatu zen tokiko botere aniztasunaren ondorio ere izan zen.

Sobieten boteretik at geratzen ziren guneak Don eskualdea, Kuban eskualdea, Ukraina, Krimea, Moldavia, Transkaukasia, Finlandia (zeina guda zibil propio batean murgildu zen) eta alemaniarrek okupatutako lurrak izan ziren. Lur horiek Botere Sobietar berritik at geratu ziren, eta parte batean honek azaltzen du Guda Zibilaren hasiera. Egia baita Guda Zibila ezin zitekeela luzatu atzerriko potentzia inperialisten laguntzarik gabe, baina litekeena ere bada interbentzio hau ez zela emango edo asko murriztuko zela hasieran botere sobietarrik gabeko zonalde fisikoak, edo botere alternatibo bezala ikusarazteko gai ziren “Gobernu” fisikoak egon izan ez balira.

Don eta Kuban eskualde kosakoetan, eta Orenburg hirian, militar kontrairaultzaileek euren boterea aldarrikatu zuten, eta “Bolondresen Armada” (Armada Zuriaren nukleoa) antolatzen hasi ziren (hala ere, hemen apurketa bat baino jarraipena izan zen, udatik aurrera han gotortutako militar atzerakoiek, Aleksei Kaledinek adibidez, lur horietan euren agintea Behin-behineko Gobernuaren gainetik zegoela aldarrikatu baitzuten). Errusiako Hegoalde kosako horretan, 1917ko bukaeran eta 1918ko hasieran, Orlando Figesek “trenbideetako guda” deitzen ziona eman zen; hau da, guda fronte egonkorren bidez egin baino, tropa txikiak trenbideen bidez mugitu eta hiri batetako geltoki batetara iristerakoan bere boterea bertan aldarrikatuz. Tropa “mugikor” horiek hiria uzten zutenean, agian tropa etsaiak etortzen ziren , aurreko boterea “uzkailitzat” jotzen zuten, eta beste botere politiko bat aldarrikatzen zuten. Ez Armada Gorria ez Armada Zuria ez zeuden guztiz egituratuta, eta garai horietan bolondresen formazioak ziren batez ere, horrek gudaren fase hau oso nahasgarri eta aldakor egiten zuelarik. Zuriak hasieran Don Eskualdetik Donbassera hedatzen saiatu ziren, baina huts egin zuen hedapen horrek. Hala ere, aste batzuen Donbass kontrolatzea lortu zuten, Petrograd erregairik gabe utziz. Fase honetan, gorrien eta zurien arteko guda Errusia hegoaldean fokalizaturik zegoen. Zurien hedapena, hala ere, 1918ko maiatzean hasi zen, txekoslovakiarren eta britainiarren interbentzioarekin, Uraletan, Siberia hurbilean eta Iparraldean hiri batzuk hartu zituztenean (lehen neurri moduan, Gobernu “zuri demokratikoak” ezarri zituzten, ez monarkikoak edo diktadurazkoak. Azken mota horretakoak, Koltxak almirantearen pe, 1918ko bukaeran ezarri ziren). 1918ko udan, beraz, Errusiako Guda Zibila beste fase batean sartu zen, bi armada handi eta frontea egonkorrak aurrez-aurre egongo zirelarik. Zuriek bi frontea osatu zituzten honela (Errusiako Hegoaldean bat eta Siberian beste bat; 1919an hirugarren bat osatu zuten Baltikoan), guda Errusia osora zabalduz.

Ukrainan, Kieven, matxinada bat izan zen Behin-behineko boterearen aurka, baina kasu horretan Sobietarekin batera Rada asanblada nazionalista ere matxinatu zen. Tropa errusiarrek, ezin eutsirik, boterea Radaren esku utzi zuten, ez Sobietaren esku. Radak, ez zuen botere sobietarra aintzatetsi, Ukraina federal gisa aldarrikatzerakoan “Errusiako anabasa egoera (…) eta Gobernu zilegi bat eratzea (zegoen Gobernua zilegi ez balitz bezala)” aipatzen baitzuen. Ukrainan Radak ez zuen boterea ukrainar Sobieten esku utzi, eta botere Sobietarraren hedapena Kharkov hiritik hasi zen, han abenduaren erdialdean Ukraina Osoko Sobieten I Biltzar Nagusia egin zenean. 1918ko urtarrilean, Kieven matxinada boltxebike bat gertatu zen (Arsenal matxinada) eta Goardia Gorriaren laguntzaz, botere sobietarra Ukraina erdialderantz, hedatu zen; baina laster, Brest-Litovskeko ituna zela eta, alemaniar tropak sartu ziren, botere sobietarra abolituz. Honek, fakzio ezberdinen arteko guda zibil konplexu bati hasiera eman zion Ukrainan, botere anitzen borroka-zelai bihurtu zelarik eta botere sobietarraren zein botere antisobietar ezberdinen denbora-tarteak bata bestearen atean etorri zirelarik, 1921an botere sobietarra erabat finkatu zen arte.

Ukrainaren hegoaldean, Odessan ordea, botere sobietarra aldarrikatu zen, baina hemen prozesua Ukrainakoaz ezberdina izan zen. Odessa Hegoaldeko frontetik gertuko hiria izanik, bertako soldaduek (Errumaniako frontean eta Itsaso Beltzeko itsas-armadan borrokatzen zutenek) eragina izan zuten prozesu honetan. Hiriak, 1917ko abenduan “hiri aske” gisa aldarrikatu zuen bere burua, soldaduen kontseilua bat Gobernu bezala ezarri zuelarik. 1918ko urtarrilean (oraindik gorriek Kiev askatu gabe), Ukrainako Radak hiria Ukrainako Errepublika Nazionalaren barne aldarrikatu zuenean (Laugarren Unibertsala), bertako Gobernua Radaren aurka matxinatu zen, Odessako Errepublika Sobietarra aldarrikatu zuten, errepublika sobietar honen eta Ukrainako Errepublika Nazionalaren egun batzuetako guda izan zelarik. Odessako Errepublika Sobietarra ere, Brest-Litovsk Itunaren ostea, 1918ko martxoan, alemaniarrek desegin zuten, hiria Ukrainako Errepublika Nazionalaren pe jarriz. Errumaniar Fronteko soldaduek, una batez Moldaviako hiri batzuk hartzen saiatu baziren arren, ez zuten lortu han nagusitzerik, eta “Moldaviako Errepublika Demokratikoa”, 1918an Errumaniari anexionatu zitzaion.

Krimean ere ez zen botere sobietarra aldarrikatu, han Krimeako Errepublika Nazionala egon zelarik. Krimeara ontziz iritsi ziren gorriak 1918ko urtarrilean, hara botere sobietarra eraman zutelarik (Krimeako Errepublika Sobietarra). Bala ere, alemaniarrak Ukrainan sartzerakoan, Krimeako botere sobietarra ere eraitsi egin zuten. Gerora, alemaniarrak erori ondoren, frantziar interbentzio bat ego zen Odesan eta frantziarrek Krimea mugimendu zuriarentzat “ziurtatu” zuten. Armada Zuriaren azken gotorlekua izan zen, 1920an alde egin behar izan zuten arte.

Finlandiako Sobietak ere, iraultzarekin bat egin zuten lehenen artean zeuden, baina ez zuten Finlandia autonomoko Gobernua botatzerik izan, besteak beste, Finlandiako Alderdi Sozialdemokratak estrategia hori jarraitu ez zuelako. Finlandia, Errusiako Inperioaren garaietan oso autonomia zabala zuen herrialde bat izaki, 1917an zehar Finlandiako Alderdi Sozialdemokratak gobernatua zen, baina alderdi honek, bere kide proboltxebikeen nahien kontra (berez errusiar alderdiekiko ezberdina zen, nahiz eta kide batzuek errusiar alderdiekin lotura izan) ez zuen sobietar boterea aldarrikatu; eta jada urrirako Gobernua kontserbadoreen esku (Per Ewind Svinhufvud lehen ministro) eskuetara pasa zen. Azaroaren 14an finlandiar sozialistek “greba orokorra” deitu zuten, baina ez botere hartzea, eta are azaroaren 16an Helsingforseko Sobietak boterea hartzeko deia egin zuenean, Alderdi Sozialdemokrata kontra agertu zen, Sobietari atzera eginaraziz. Finlandiak 1917ko abenduan bere independentzia aldarrikatu zuen, eta Errusiako Errepublika Sobietarrak onartu egin zuen. 1918ko urtarrilean saiatu ziren berriz sozialistak “boltxebizatuak” boterea lortzen, Finlandiako Hegoaldeko hainbat hiritan (Helsingorsen, Viborgen eta Tamperen barne) botere sobietarra aldarrikatuz et Finlandiako Langileen Errepublika Sozialista eratuz. 1918ko otsailetik aurrera, herrialdea guda zibil odoltsu batean murgildu zen, Gobernu “zuriaren” (Alemaniaren laguntza izan zuten) eta Sobietek kontrolatutako Finlandiako Langileen Errepublika Sozialista “gorriaren” artean.

Transkaukasian (egungo Armenia, Georgia eta Azerbaijan) ere botere sobietarra ez zen hedatu. 1918ko apirilean Transkaukasiako Errepublika Federal Demokratikoa sortu zen. Transkaukasian botere sobietarraren gune bakarra Baku hiria zen, bana han botere sobietarra koalizio alderdianitz baten bidez osatu zen (Bakuko Komuna). Bakuko Komunak 1918ko uztaila arte iraun zuen, orduan britainiar inperialistek eta koalizio antiboltxebike batek abolitu zuen arte. Transkaukasian botere sobietarra 1920 eta 1922 artean hedatu zen.

Taxkenteko Sobieta

Turkestan “errusiarrean” Tashkent izan zen gorrien gune nagusia, han ere matxinada gorria izan baitzen, Petrogradeko eta Moskuko eredua jarraituz. Han boltxebikeak eta ezkerreko eseristak urriaren 28an matxinatu ziren. Tashkenteko Sobietak ezker iraultzailearen aldeko fama zuen, eta irailaren 12an, Korniloven kolpearen porrotaren ondoren, botere osoa Sobietei pasatzearen aldeko adierazpen bat egin zuen, hala Behin-behineko Gobernuaren kontra ezarriz eta Tashkenten botere bikoitzaren egoera bat ezarriz. Tashkenteko Komite Militar Iraultzailea urriaren 25ean bildu zen, boltxebikeek eta ezkerreko eseristek osatuta. Urriaren 27-28 arteko gauean, Gobernuaren aldeko tropek Tashkenteko Milrevkomeko kideak atxilotu zituzten, langileen matxinada probokatuz. Urriaren 28an bi aldeen arteko borroka armatuak izan ziren. Hasieran Gobernuaren tropek nagusitasun militarra zuten, baina urriaren 29anegoera aldatu zen, batez ere iraultzaileek beste hiri batzuetatik laguntza izan zutelako. Urriaren 31 eta azaroaren 1aren artean, Tashkent osoa iraultzaileen alde zegoen, Gobernuaren aldeko komandantea atxilotua izan zelarik. Hala ere, nahiz eta hirian botere sobietarra aldarrikatu, Tashkent eta Turkestan geografikoki Errusiarengandik isolatuak zeuden Orenburgen Aleksandr Dutoven menpean zuriak nagusitu zirelako.

Polonia, 1917an alemaniarrek okupatutako lurraldea zen. Botere sobietarra ez zen hara hedatu.

(Goiko irudian, Moskuko borroken irudi bat).