Iraultza geldiarazteko saiakerak

Iraultza  geldiarazteko  saiakerak

Announcement Date: 24th urria 1917

Aurreko egunetan, iraultza geratzeko saiakera batzuk eman ziren, bai militarrak edo ordenaren arlokoak eta bai politikoak, hots, azaleko emakida batzuk ematea konprometitzea.

Horietako bat, alemaniarrak iraultza geldiarazteko neurri batzuk hatzeko justifikagarri moduan erabiltzean zetzaten. Adibidez, urriaren 4an Nikolai Kixkin lehen-ministro orde kadeteak Petrograd “fronteko zonalde” bezala hartzea proposatu zuen, horrela hirian gudako legea ezarriko zelarik, baina Gobernuko sozialistak ez ziren ados agertu. Ez dago argi elementu batzuek Petrograd errenditzea eta alemaniarrei ematea edo alemaniarren arriskua Petrogradetik tropa iraultzaileak lekutzeko eta bertako erakunde politikoen marjina politikoa estutzeko erabili nahi bazuten. Izan ere, Dumako lehendakari ohi zen Mikhail Rodziankok urriaren 7an Petrograd lagatzea proposatu zuen. Urriaren 9an, Gobernuak Petrograden zeuden tropen herena frontera bidali zuen, Alexander Rabinowitchen arabera “arrazoi politikoengatik”, fronteko komandanteek ez baitzuten hiriburutik tropa berririk ekartzea nahi. Erabaki honek, soldaduak haserrarazi, eta Urriko iraultzaren bezperan Behin-behineko Gobernuaren agintea aintzatetsi orez Milrevkomen agintea aintzatestea ekarri zuen.

Junkerak urriaren 24an, Neguko Jauregitik gertu.

Gobernua bere aldetik ere neurri batzuk hartzen saiatu zen. Urriaren 17an, junkerren  –ofizialen eskoletako ikasleak- eskoletako tropei alerta eman zitzaien, Aleksandr Konovalov ministroaren aginduz. Urriaren 18an Kalugako Sobieta debekatu zuen Gobernuak eta Lenin atxilotzeko agindua berretsi zuen. Polkovnikov jeneralak, Petrogradeko gobernadore militarrak, hiriburuan manifestazioak egitea debekatu zuen. Urriaren 24an tropak koarteletatik ez ateratzeko agindu zuen eta “erakunde ezberdinen aginduak jarraitzea” debekatu zien. Gau horretan Kerenskik tropa batzuk jarri nahi izan zituen toki gako batzuetan (Neguko Jauregian, adibidez junkerrak eta Emakumeen Lehen Batailoia jarri zituzten), baina ezin izan zituen nahi beste jarri, izan ere goarnizioa Komite Militar Iraultzaileak kontrolatzen zuen. Junkerrek Petrogradeko zubiak altxatzea, hots bideak moztea, erabaki zuten (eguerdian zian zen erabaki hori); baina asmo hori ere ezin izan zuten bete, Milrevkomek zubiak berriz jaistea erabaki baitzuen. Trotskiren arabera, Viborgeko boltxebikeek autoak konfiskatu zituzten iraultzan erabil zitezen. Ez Gobernuak, ez mentxebikeen eta eseristen menpeko VTsIKek ez zuten tropen laguntza handirik lortu: Mikhail Alekseieven arabera, hiriburuan 15.000 ofizial zeuden eta horiekin Gobernuak kontatu zezakeen, baina ez zuen askoz ere aldeko tropa gehiagorik.

Orlando Figesen arabera, Kerenskik ez zuen gauza handirik egin ordena publikoa mantentzeko, eta bere ustez, hori “Kerenskik matxinada zapaltzeko gaitasuna zuela uste zuen, eta hori gertatuz gero boltxebikeek sinesgarritasuna galduko zutela”. Antza denez, halako zerbait esan zioen Kerenskik Buchanan britainiar enbaxadoreari, Richard Pipesek baieztatzen duenez. Figesen ustez arrazoiak daude matxinada probokatzeko saiakerak egin zituela pentsatzeko; “guda deklaratu zien boltxebikeei bere indarrak nahikoa zirela uste zuelako”, Figesek dioenez, Petrogradeko goarnizioko hainbat unitate Iparraldeko Frontera lekualdatu nahi zituen, alemaniarren kontra borrokatzeko, baina halaxe “aldi berean diziplinarik gabeko soldadu batzuk hiriburutik lekutu eta gaizki prestatutako matxinada boltxebike bat probokatuko zuelakoan zegoen”; baina agindu horrek soldadu gehienek ordena betetzeari uko egitea eta Komite Militar Iraultzailea aintzatestea ekarri zuen. Richard Pipesek beste bertsio bat ematen du: bere ustez boltxebikeak ziren “errepresioa” probokatu nahi zutenak, euren matxinada justifikatzeko asmoz. Pipesen ustez “Kerenski gehiago kezkatzen zuen eskuineko kontrairaultza batek boltxebikeen iraultzak baino”. Egun, irakurketa hau zalantzan dago.

Gobernuak zuen indarra geroz eta txikiagoa zen. Alde batetik, Petrograden gutxiengoak babesten zuen, eta euren artean asko ez ziren ezta armak hartzearen aldekoak: Trotskik zioenez, asko intelligentsijakoak eta goi klaseetakoak ziren, “armak hartzearen zale ez zirenak”. Bestetik, Komite Militar Iraultzaileak, Petrogradeko unitate ezberdinen  artean agitazioa egin zuen. Jada urriaren 17rako, Petrogradeko goarnizioko ordezkarien konferentziak “Behin-behineko Gobernua ez aintzatestea eta Petrogradeko Sobieta aintzatestea eta honen Komite Militar Iraultzailearen ordenak betetzeko borondatea erakustea” adostu zuen. Urriaren 22an Petrogradeko Sobietak manifestazioan bidez indar erakustaldi handia egin zuen. Komite Militar Iraultzaileak Petrogradeko Estatu Nagusiak bere boterea aintzatetsi zezan saiatu zen eta urriaren 23an Kerenskik berak honekin negoziatzeko keinu bat egin zuen. Urriaren 22an Petrogradeko Goardia Gorriaren konferentzia bat burutu zen. Urriaren 23an, Petrogradeko tropa gehienek eta baita ere Peio eta Pauloren Gotorklekuak Milrevkom aintzatestea erabaki zuten. Urriaren 24an, Milrevkomek adierazpen publiko bat egin zuen, “Kontrairaultzak burua altxatu zuela eta kornilovistek Sobieten Biltzar Nagusia zanpatu nahi zutela” ohartaraziz eta “Petrogradeko Sobietak ordena iraultzailea babesteko eginkizuna bere eskuetan hartu zuela plazaratuz”. Adierazpen hori  “Petrogradeko goarnizioak ez zuela bortizkeria ekintzarik egingo” esanez eta herritarrak “lasaitasuna mantentzera” deituz bukatu zen (kontuan izanik goizalde hartan Gobernuak bi egunkari boltxebike itxi zituela). Soldadu arrunten artean ez zegoen Kerenski defendatu nahi zuenik: asko boltxebikeen alde zeuden, eta beste batzuk albo batean egon nahi zuten; are Gobernuak frontetik ekarri nahi izan zituen tropa gehienak Milrevkomen aldera pasa ziren. Gobernuaren unitaterik fidagarrienak junkerrak ziren, hau da, elitezko ofizial eskoletako ikasleak, asko nobleziazko jatorrikoak (Petrograden zeuden kosakoek ere ez zuten borrokatzeko gogo handirik erakutsi), txosten batzuen arabera 5.000 junker zeuden Petrograden. Trotskik kontatzen zuenez, Kerenskik Alderdi Eseristaren indar armatu propioengana jo zuen, baina hauek ez zeuden, jada disolbatuta edo egoera pasiboan zeuden, Trotskik esaten duen moduan. Praktikoki, Behin-behineko Gobernuak aldeko edo aldekoak ziaz zitezkeen tropa gehiago zituen Petrogradeko aldirietan Petrograden bertan baino.

Iraultzaren bezperan (urriaren 24an), Gobernuak boltxebikeen (Rabotxi Put, Rabotxi i Soldat) eta ultraeskuindarren (Zhivoe Slovo, Novaia Rus) egunkariak debekatu egin zituen; eta Petrogradeko Sobieteko kideak eta Milrevkomeko kideak atxilotzea agindu zuen. Kerenskik agindu horiek Aurre-parlamentuaren bilera batean azaldu zituen, Alderdi Boltxebikeak matxinadara deitzen zuela eta “Errusia askearen borondatearen aurka jotzen” zuela esanez. Goizaldean junkerrek itxi zituzten egunkari boltxebikeak, militanteek Alderdiaren egoitzara jo zutelarik; erantzuteko neurri bezala, Milrevkomek bere tropen mobilizazioa deitu zuten (Alexander Rabinowitchen arabera, Milrevkomen gutxiengo batek egun horretan matxinatzea nahi zuen, baina oso arriskatua zenez, ez zen hala erabaki). Trotskik dionaren arabera, Polkovnikov koronelak, urriaren 24an Smolni Institutua erasotzea ere agindu zuen, baina Gobernuak ez zuen horretarako indarrik. Hala ere, urriaren 24an Behin-behineko Gobernuan krisi bat zabaldu zen, izan ere, eseristek eta mentxebikeek Kerenskirengan gero eta konfidantza gutxiago zuten, eta boltxebikeen matxinadak oinarri sozialak zituela, hauek inarrosi behar zirela (herri-eskaerak planteatzen zituztela eta Gobernuak ez zituela eskaera hauek asetzen) esaten baitzuten. Orlando Figesen arabera, “Aurre-parlamentuak Kerenskiren kontrako zentsura-mozio bat aurkeztu zuen”. Eseristek eta mentxebikeek Kerenskiri konfidantza kendu zioten eta “Salbazio Publikorako Komitea” sortzea, lurra birbanatzeko neurriak, eta bake-negoziazioak hastea proposatu zuten. Gau horretan, Petrogradeko Udalak “Segurtasun Publikorako Komite” bat eratu zuen, (oraindik) indarrean zeuden instituzio sobietarrekin bat eginik.

Gauez, Sobietaren VTsIK batu zen, II Biltzar Nagusia hasi aurretik. Abram Gots eseristak Petrogradeko goarnizioak Gobernuaren aginduak betetzeko ukoa gaitzetsi zuen eta ““Botere osoa Sobietentzat” leloa heriotza da” esan zuen. Fiodor Dan mentxebikeak, lelo hori krimen batekin konparatu zuen, eta bilera horretan aurreko egunean mentxebikeek eta eseristek proposatutako “trantsizio formula” azaltzen saiatu zen, baina Trotski Petrogradeko Sobietaren buruak erantzun zuen neurri horiek boltxebikeek aspaldi proposatzen zituztela, eta orduan Gobernuaren aldekoek jaramonik ez zutela egin, beraz orain proposatzen badituzte desesperazioagatik eta Sobieten boterea ekiditeko zirela.

Egian esan, oso babes gutxi zuen Behin-behineko Gobernuak. Zinaida Gippius filosofo oso kerenskizalearen arabera, “inork ez ditu boltxebikeak nahi, baina inork ere ez du Kerenskiren alde borrokatuko “ (boltxebikeak inork nahi ez zitueneko hori oso zalantzagarria zen; baina argigarria da kerenskizale batek Kerenskiren Gobernuaz zuen iritzia). Orlando Figesen arabera ez eseristak ez mentxebikeak ez ziren izan gai boltxebikeen kontrako errepresio neurriak ezartzeko “eurekiko gertukotzat zituztelako euren buruak”. Figesen ustez, Kerenskik “ezinikusiarena” egin zuen “mehatxu iraultzailearen aurrean, eta tsarrak Otsaileko iraultzaren aurrean izan zuen jarrerarekin konparatzen du Kerenskiren jarrera. Figesek esan zuen moduan “edozein iraultzaren helburu nagusia, hiriburuko tropak kontrolatzea, iraultza gertatu baino bi egun lehenago lortu zuten boltxebikeek (…) ordurako Behin-behineko Gobernua oso behin-behinekoa zen eta Gobernutik gutxi zuen”.

(Goiko irudian, Aurre-parlamentuaren bilera, urriaren 24an).