Iraultza Errusian zehar zabaltzen da eta Lehen Zenbakidun Ordena sinatua da

Iraultza  Errusian  zehar  zabaltzen  da  eta  Lehen  Zenbakidun  Ordena  sinatua  da

Announcement Date: 28th otsaila 1917

Otsailaren 28an, iraultzak Petrograden, geratzen ziren azken guneak hartzaz gain, beste hiri batzuek zipriztindu zituen, adibidez Mosku edo Baltikoko hiriak.

Otsailaren 28 honen geroztik esan dezakegu Errusian zegoen boterea iraultzailea zela (nahiz eta oraindik iraultzaren botere bakarra ez existitu). Honek ez du esan nahi jada 28rako Errusia osoan erregimen berri batean bizi zirenaren kontzientzia erabat hedatua zela; izan ere, herri batzuetan, batez ere probintziarik isolatuenetako baserriguneetako herrietan, martxo erdialdea arte, edo are apirila arte ez zuten izan tsarismoaren erorketaren berririk. Baina bada egia otsailaren 28tik aurrera jada Estatuaren funtzionarioak, tarteko botereak, tokiko edo maila-ertaineko agintariak, Estatu-aparailua hitz gutxitan, erregimen berria aintzatesten eta honen menpe jartzen hasi zirela, praktikoki batere erresistentziarik jarri gabe.

Petrograden, esan bezala, iraultzaileek erregimenaren eskuetan zeuden azken guneak hartu zituzten. Batez ere, sinbolismoaren garrantziagatik, esanguratsua izan zen Peio eta Paulo Gotorlekuko kartzela askatzea, “Errusiar Bastila” deitutakoa. Masen eta kartzela-zainen artean negoziatzera Sobietaren ordezkari Matvei Skobelev mentxebikea eta Dumaren ordezkari Vasili Xulgin eskuindarra joan ziren, baina masek euren bitartekaritza ukatu zuten, kartzela indarraren bidez askatuz. Bitxia bada ere, momentu hartan kartzela horretan soilik 19 preso politiko zeuden: otsailaren 26an matxinatutako eta atxilotuak izan ziren Pavlovski erregimentuko soldaduak. Horrez gain, geratzen ziren eraikin apurrak hartu zituzten iraultzaileek, borroka odoltsuak eman zirelarik: Neguko jauregia, Estatu Nagusiaren egoitza eta Almirantegoaren egoitza.

Trenbideen sareko arduradun berri Aleksandr Bublikov jartzeak iraultzaren hedapenera lagundu zuen. Bublikovek berehala agindu zuen trenbideetako administrazioko langileak erregimen berriaren alde jar daitezen, eta komunikabideak berriz martxan jar zitzaten. Bublikovek gainera esan zuen Petrogradera zihoazen tropen mugimendu guztiez informatu behar zela. Moskun, lehen protestak aurreko egunean eman ziren, baina jada otsailaren 28an hiria guztiz iraultzaileen menpe zegoen. Moskun erregimenaren erorketa Petrograden baino azkarragoa izan zen, bai jada faît accompli bat izan zelako, eta baita ere erregimena hemen gorrotatuagoa izan zitekeelako. Figesek aipatzen duen lekuko batek esan zuen moduan,  “Moskun inor ere ez zen saiatu erregimen zaharra defendatzen”; egunetik gauera polizia herri-miliziaz ordeztua izan zen. Horrez gain, Baltikoko hirietan ere iraultzak protagonismo handia izan zuen, Kronstadten, Revalen (egun Tallin), Viborgen, Rigan eta Helsingforsen (egun Helsinki). Otsailaren 28an Nizhni Novgorodera hedatu zen iraultza, eta hortik aurrera modu barez Errusia osoan barna hedatu zen. Nazio gutxituak bizi ziren hirietan (Kieven, Tbilisin), monarkiaren erorketa “nazioaren esnatzearekin” lotu zen.

Iraultzak Nikolai Ivanov jeneralarekin batera Petrogradeko matxinada zapaltzera zihoazen soldaduak ere kutsatu zituen: Bidean askok desertatu egin zuten, borroka honen aurrean euren neutraltasuna aldarrikatuz. Errusian barrena iraultzaren zabalkunde honek tsarrari berari ere eragin egin zion: trenbideak iraultzaileen esku geratu izanak bere trena Malaia Vixera herrian geldiarazi eta Tsarskoie Selorako bidea itxi egin baitzioten, eta hala, Pskovera mugitu behar izan zen.

Bitartean, Petrograden, botere-organo berriek lehen erabaki politikoak hartu zituzten; adibidez, Petrogradeko Sobietak Lehen Zenbakidun Ordena, edo “Lehen Ordena” sinatu zuen. Ordena honek soldaduei eskubide handiak ematen zizkien; adibidez, otsaileko iraultzan parte hartzearren zigor-gabetasuna heriotza-zigorra eta gorputz-zigor guztiak kentzea, soldaduen komiteak eratzea, ofizialen eta behe-mailako soldaduen arteko tratu-berdintasuna eta Petrogradeko goarnizioaren agintea Sobietean (eta ez Duman) egotea. Ordena hau erabakigarria izan zen Dumak emandako agindua, soldaduak euren koarteletara itzultzekoa,betea izan zedin; baina historiagile eta orduko politikari kontserbakorren arabera “errusiar armadaren desegitea” ekarri zuen, eta Armada eta azken neurrian, Estatua gobernaezin egin zituen. Lehen Zenbakidun Ordenak teorian Petrogradeko tropei soilik eragiten zien (sinatu zuen Sobieta Petrogradekoa baitzen), baina beste unitate batzuek ere bere egin zituzten han aurreikusitako eskubideak. Ordena idatzi zuena Nikolai Sokolov mentxebikea izan zen. Aleksandr Gutxkov Guda ministroa ez zegoen ados ordena horrekin eta abolitua izan zedin nahi zuen, baina bere presioak alferrikakoak izan ziren.

Bestalde, Dumako Kideen Komiteak Petrogradeko gobernadore militar berria, Lavr Kornilov, izendatu zuen, Sergei Khabaloven ordez.

Orlando Figesen aipatzen duenez, gerora Behin-behineko Gobernuak izendatutako ikerketa-batzorde baten arabera, Petrogradon soilik, hildako eta zaurituen artean 1.443 pertsona izan ziren. Baina Claude Anet frantziar kazetariak 1.5000 hildako eta 6.000 zauritu aipatu zituen.  Richard Pipesek “1.300 eta 1.450” artean jartzen du hildakoen kopurua.

(Argazkian: Moskuko manifestazio bat, otsailaren 28an).