Iparraldeko Eskualdeko Sobieten Biltzar Nagusia

Iparraldeko  Eskualdeko  Sobieten  Biltzar  Nagusia

Announcement Date: 11th urria 1917

Iparraldeko Sobieten Biltzar Nagusia 1917ko urriaren 11tik 13ra izan zen, eta bertan Petrogradeko eta Baltikoko (Rigako, Revaleko, Kronstadteko, Peterhofeko, Viborgeko, Helsingforseko, Baltikoko Itsas-armadako) Sobietak bildu ziren. Hasiera batean urriaren 8an hasi behar zen Helsignforsen, baina azkenean Petrograden egin zen, urriaren 11n hasita. 94 ordezkari gerturatu ziren, horietako 51 boltxebikeak zirelarik. Eseristek eta mentxebikeek ez zuten onartu Biltzar Nagusi honen  zilegitasuna eta “eskualde batetako Sobieten bilera eskumenduna” izan ordez “Sobiet batzuen bilera pribatua” zela esan zuten.

Biltzarraren lehendakaritza Ivar Smilga letoniar boltxebikearen eskuetan izan zen, bai Baltikoko Itsas-Armadaren Sobieten Komite Exekutiboko zein Finlandiako Sobieten Komite Exekutiboko lehendakaria zena.

Leninek Biltzar honek, bere matxinadarako proiektua babes zezan nahi zuen, eta are gehiago, matxinada Sobieten II Biltzarraren aurretik izan zedin nahi zuen. Matxinada prestatzeko asmo horiekin, Biltzar Nagusi honi begira, Ivar Smilgari irailaren 27an gutun bat idatzi zion, “Alderdiak matxinada armatuaren gaia egunean jarri behar du” esanez: “beldur naiz boltxebikeek, “eguneroko arazoen garrantziak” eramanik, iraultzaren arazo militarra ahaztuko ote duten”. Gutun horretan, Smilgari “finlandiar tropak eta Baltikoko Itsas-armada Kerenski uzkailtzeko berehalako matxinadarako presta zitzan” eskatu zion. “Ez ditugu zertan Kerenskiren “prestaketa kornilovtarren” beste hiru aste jasan behar”. Aldi berean, Finlandian eta Baltikoan agitazio iraultzailea egin zezan agindu zioen. Smilgari bidali zion gutuna, irailaren 29an Alderdiari bidali zion gutunarekin (Krisia heldu da izenburuarekin geroago aterako zenarekin) bat zetorren, matxinada berehalakoan prestatzekoa zen. Biltzar honek, boterea osoa berehala Sobieten eskuetara igarotzeak soilik salba zezakeela iraultza ebatzi zuen, eta nekazariei langileria babestea eskatzen zitzaien bete mozio bat aurrera atera zuen. Trotskiren arabera, hau “Leninen eta Smilgaren ateko konspirazioa izan zen (…) Leninek bazekien Smilga Alderdiaren ezker muturraren ildoan zegoela (…) bere tesiak ezartzeko gizon egokia zen”.

Urriaren 8an Leninek Iparraldeko Eskualdeko Sobieten Biltzar Nagusian parte hartzen zuten burkideei gutun berri bat bidali izen, euren eginkizuna matxinada iraultzailea prestatzea zela gogoraraziz. Leninek gogorarazi zuen alemaniar itsas-armadan, garaipena lortzeko aukera gutxiagorekin antolatu zutela matxinada bat, eta momentu horretan “errusiarrok soilik ebazpenak egingo bagenitu, iraultzarekiko traidoreak ginatekeen”. Gainera Kerenski Petrogradera “tropa kornilovistak” eramaten ari zela esan zuen, eta matxinada “Kerenskiri tropa kornilovista gehiago ekartzea alarazteko” ere beharrezkoa zela. Leninek gutunean laburtzen zuen moduan “hau ez da ezkerreko eseristak erakartzeari buruzko ezer, ez da probintziako beste Sobiet gehiago erakartzeari buruzko ezer, ez da Sobieten Biltzar Nagusia erakartzeari buruzko ezer; baizik eta matxinadari buruzko zerbait da”.

Biltzar honek Iparraldeko Sobieten Komite Exekutiboa aukeratu zuen: 17 kidetatik 11 boltxebikeak ziren. Biltzar Nagusi honek boltxebikeen eta kontziliatzaileen arteko haustura erabat islatu zuen, mentxebikeek biltzarra utzi baitzuten. Biltzar honetan Gobernu Sobietar baten aldeko ebazpen bat onartu zuten, baina huraxe Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusiak aldarrikatu behar zuela (urriaren 20ean biltzekoa zen) ere esan zuen, beraz, Leninen tesiak ez ziren guztiz garaile atera. Hala ere, Iparraldeko Eskualdeko Sobieten Komite Exekutiboak, urriaren 20an Errusia Osoko Sobieten Bigarren Biltzarra dei zedin bermatzeko indar osoa jarriko zuela agindu zuen (orduan eseristek eta mentxebikeek Biltzar Nagusi hori atzeratu nahi zutela esaten zen).

(Irudian, Biltzar Nagusiko momentu bat).