Greba orokorra Petrograden

Greba  orokorra  Petrograden

Announcement Date: 24th otsaila 1917

Otsailaren 24an, Petrograden greba orokorraren eguna izan zen. Bruce Lincoln historiagilearen kalkuluen arabera, 160.000 bat langilek grebara jo zuten, eta 200.000 bat pertsona bildu ziren protestetara. Gobernuaren indarrak ustekabean harrapatu zituzten, polizia batek esan zuen moduan “Inork ez zidan ohartarazi gaur iraultza izango zenaz”. Orlando Figes historiagilearen arabera, egun honetan manifestarien aldetik zakuraketak eta bortizkeria ere egon ziren, maila txikian bederen: “jaigiroan egin ziren manifestazioak” Figesen arabera.

Eguna, lainopean eta bare hasi zen. Hala ere, goizeko bederatzietarako lehen manifestazioak atera ziren Viborg barrutitik. Kasu honetan, aurreko egunean ez bezala, alderdi sozialistek buru-belari prestatu zituzten manifestazioak, eta hauek hasieratik izaera politikoa zuten. Egun horretan hasieratik izan ziren agitatzaile sozialistak mitinetan. Oihurik entzunena “Behera tsarra!” izan zen.

Ordenaren lehen arrakalak ikusi ziren egun honetan, izan ere, aurreko egunean ez bezala, kasu honetan Gobernuak manifestarien kontra jotzea agindu zuen. Kosakoek agindua betetzeari muzin egin zioten, eta manifestariak agurtu zituzten. Goizean, 40.000 langilek Viborg zubitik hiriaren erdigunerantz egiteko Liteini zubira iritsi zirenean, bera blokeatzen zuten kosakoek, une batu zen zalantzaren ondoren pasatzen utzi zieten, manifestazioaren buruan zeuden emakume batzuekin hizketaldi labur baten ostean. Horrek manifestari gehiago adoretu zituen hurrengo orduetan. Arratsaldean, Znamenskaia enparantzan izan ziren mitin iraultzaileen kontra kosakoek ez zuten kargatu, horretarako agindua zuten arren. (Hala ere, kosakoekiko anaitasun giro hau ez zen poliziarengana hedatu, polizia, soldaduek ez bezala, masek “etsaitzat” zuten, masek polizia batzuk atxilotu zituztelarik).

Manifestarien eta boterearen artean bitartekaritza lanak egitea eskaini zuen Aleksandr Gutxkov oktubristak, baina Gobernuak eskaera horri muzin egin zion. Gobernuak gauen egin zuen bilera batean, ogi gehiago banatzea, buruzagi iraultzaileak atxilotzea eta poliziaren ametrailagailu berriak jartzea erabaki zuten. Bilera horretara ez zen Barne Ministroa, Aleksandr Protopopov, agertu, istiluak laster bukatuko zirenaren ustea baitzuen.

(Argazkian: Langileak Petrograden Nevski Etorbidean, otsailaren 24an).