Funtzionarioen greba mentxebike-eserista

Funtzionarioen  greba  mentxebike-eserista

Announcement Date: 26th urria 1917

Urriaren 26an hasi eta hurrengo egunetan, Aberriaren eta Iraultzaren Defentsarako Komiteak deituta edo honen babesarekin, Petrogradeko sektore publikoko enplegatuak, grebara joan ziren. Greba hau, batez ere sindikatu mentxebike eta eseristen babesarekin sortu zen, eta boltxebikeak isolatu eta hauen Gobernu lana oztopatu nahi zuen. Instituzio askotako langileak joan ziren grebara, bai Herri-Komisariotzetakoak (ministerioak) zein banketxeetakoak, zein komunikazioaren sektoretakoak, praktikan lehen asteetan Gobernu Sobietarrak ez dirurik ez pertsonal kualifikaturik izan ez zuelarik. Alde batetik langile kualifikatuen, demokrazia liberalaren aldeko jarrera politikoa zutenen, eta bestetik, langile industrialen, Botere Sobietarraren aldekoen arteko klase-guda bat izan zen; lehenek bigarrenen boterea onartzen ez zutelarik.

Greba, batez ere Aberriaren eta Iraultzaren Salbaziorako Komiteak bultzatu zuen, Sobietar Entziklopediaren arabera, urriaren 26an bertan sortu zen Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komiteak, Petrogradeko Udaletxean egindako bilera batean, Nikolai Avksentiev eta Abraham Gots bileraren buru zirelarik (Viktor Sergek ere bat egiten du bertsio honekin), eta erakunde honek egin zuen greba-deialdi hori. Komite antiboltxebike hau VTsIK zaharraren ordezkariek, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboaren ordezkariek, Aurre-parlamentuko kideek, eta kadeteek, enesistek, eseristek eta mentxebikeek osatzen zuten. Adierazpen honetan, boltxebikeak guda zibilaren hastaile bezala hartzen zituzten “Errusiako herri iraultzailearen borondatearen aurkako erasotzaile” bezala deskribatzen zituzten, eta Asanblada Konstituziogilerako deialdia galarazteko asmoak leporatzen zizkieten. Finean, Komite horren helburua, Behin-behineko Gobernua eta Aurre-parlamentua berrezartzea, eta Sobietetan VTsIK zaharra, I Biltzar Nagusian aukeratutako berrezartzea (beraz, Sobieten II Biltzar Nagusia ukatzea) ziren. Komite honek bere buruari “Behin-behineko Gobernu berri bat eratzeko” ardura ematen zion. Adierazpen honetan, boltxebikeen ordenak ez betetzera deitzen zuten herria. Kontuan izan behar da VTsIK zaharrak ez zuela II Biltzar Nagusia aintzatesten, eta egun horretan, Izvestia egunkariak (oraindik VTsIK zaharraren kontrolpean) ere antezko adierazpen bat egin zuela. Petrogradeko Udalak ere Aberriaren eta Iraultzaren Defentsarako Komitea aintzatetsi zuen, zinegotzi boltxebikeak erretiratu egin zirelarik. Udala grebaren zentru neuralgikoa bihurtu zen: Reeden arabera, urriaren 27an oposizio sozialista antiboltxebikearen bilera bat egin zen, Botere Sobietarraren fronte bateratu bat eratzeko. Urriaren 28an Alderdi Eseristak Aberria eta Iraultza Salbatzeko Komitea publikoki aintzatesteko deialdi bat egin zuen, beraz erabat grebaren alde agertu zen. Bestalde Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboak berdin  egin zuen, esanez boltxebikeek “ez zutela Baserritarren Sobieten partez hitz egiteko eskubiderik”. Richard Pipesek, “boltxebikeak vs demokrazia” narratibaren jarraitzaileak, greba hau “izugarrizko mugimendu espontaneo” bezala deskribatzen du, eta “alderdi sozialistak grebara batu zirela”; baina datuak eskuan, irakurketa honek ez dirudi zuzena denik. Hala ere, greba hau ez zen batere espontaneoa izan: Aberriaren eta Iraultzaren Salbaziorako Komiteak babestu zuen, urriaren 26an jada prentsa mentxebikeak greba “masa-mugimendu” moduan deskribatu zuen greba hau. Urriaren 29an, Udal Langileen Sindikatua batu zen greba hontara.

Greba honen aldekoak, formalki ez ziren Kerenskiren saiakeraren alde jarri (“kontrairaultza” gaitzesten zuten hitzez), baina hark bezalaxe Botere Sobietarra legez kanpoko moduan jotzen zuten. Hots, formalki harekin loturarik izan gabe, Kerenskiren aldeko jarrera zuten, hobe Kerenskik irabaztea boltxebikeek baino. John Reedek esaten duen moduan, greba honetan batez ere intelektualitateak parte hartu zuen, komunisten alde ez zegoenak (eta Pipesek babestu egiten du); izan ere ministerio askotan (Lanarenean eta Horniketarenean batez ere), soilik langilerik prekarioenak, atezainak adibidez, joan ziren lanera. John Reeden arabera, urriaren 28an, Kanpo Arazoetarako Ministerioko seiehun langilek dimisioa eman zuten. Greba honek, lehen egunetan, sektore publikoaren funtzionamendua kaltetu zuen, eta momentu kritiko batean Petrograd iraultzailea Errusiatik isolatu zuen (urriaren 27an eta hurrengo egunetan batez ere). Urriaren 27an John Reeden datuen arabera, 16 ministeriotako langileak zeuden greban. Bestetik Estatuaren Banketxeak Sovnarkomi dirurik ez mailegatzea ez erraztea erabaki zuen (urriaren 26 eta 27 artean banketxe pribatuak ere greban jarri ziren). Komunikazioetako (posta eta telegrafoak) sektoreko langile askok ere greba egin zuten, Boki deitutako boltxebike batek, Trotskik aipatuta, bazioen “iraultzaren aurrean sektore hauetan ez genuen aldeko egoerarik, sektore hauetako langile ia denak kadeteak ziren”. Greba hau, burgesiako kide batzuek emandako diru-kopuruz mantendu zen; adibidez, Riabuxinski familiak 5 milioi errublo eman zituen; eta Viktor Sergeren arabera, zenbait banketxek greban zeuden euren enplegatuei ere soldata ordaintzen zieten. VTsIK zaharrak ere, kontrolatzen zuen aurrekontutik grebalariei ordaintzen zien.

Greba hau, praktikoki, urriaren 27an hasi zen trenbideetako Vikzhelen grebarekin konektatuta zegoen; hala ere, ezberdintasun bat zegoen: greba honek Botere Sobietarraren legez-kanpokotasuna salatzen zuen (beraz aurreko legalitatea aintzatesten zuen), Vikzhelen grebak “koaliziozko Gobernu sozialista bat” eratu nahi zuen “botere sobietarra aintzatetsi” zezakeena. Honek frikzio batzuk piztu zituen Vikzhelen eta greba honen bultzatzaileen artean urriaren 27an bertan: alderdi sozialista guztien arteko koalizioaren aldekoen artean (boltxebikeak barne) eta aurreko koalizioaren aldekoen artean (boltxebikeak kanpoan utziz).

Gainera, aurreko Gobernuaren elementu batzuek sabotaia saiakera batzuekin batera etorri zen: Afera Sozialetarako Ministerioan, adibidez, Sofija Panina ministro-orde ohiak ministerioaren dirua eraman zuen, Afera Sozialetarako Herri Komisario berriak, Aleksandra Kollontaik, bere lana bete ez zezan. Kanpo Arazoetarako Herri Komisariotzatik Neratov izeneko funtzionario batek itun sekretuen dokumentuak eraman zituen, boltxebikeek hauek argitaratzeko, salatzeko eta baliogabetzeko aukerarik izan ez zezaten. Neratovek egun batzuk beranduago entregatu zizkion itunak Trotskiri, John Reeden arabera, “herriaren haserreaz jakitun baitzen”.

Greba honek urriaren 29an kolpea jasan zuen, junkerren matxinada garaitua izan baitzen. Izan ere, junkerrak greban zeuden eraikin batzuetan gorde ziren (telefonoen zentroan eta telegrafoen zentroan adibidez), eta berez boltxebikeek eraikin horiek indarrez hartu behar izan zituzten. Hala ere, beste eraikin batzuetan, junkerren matxinadan protagonismorik izan ez zutenetan (Herri Komisariotza askoren eraikinetan, adibidez), grebak jarraitu egin zuen.

Bai Giza Laguntzarako Herri Komisariotzan Aleksandr Kollontaik, zein Lanerako Herri Komisiariotzan Aleksandr Xliapnikovek, zein Kanpo Arazoetarako Herri Komisariotzan Lev Trotskiki arazoak izan zituzten: ez zieten giltzak edo ministerioen finantzak eman nahi, edota dokumentaziorik erraztu nahi (Kollontaik greban zeuden enplegatuak atxilotu behar izan zituen; eta Lanarenean Xliapnikovek lana eta jubilazio eskubideak kentzeaz mehatxatu zituen). Kollontaik soldaduen laguntza behar izan zuen eraikina zabaltzeko, eta lortu zuenean, lan guztiak utzita topatu zituen, hori dela eta, Smolni Institutuak jarri behar izan zuen bere bulegoa. Arazo txikiagoak gertatu ziren Nekazaritzaren, Horniketaren eta finantzen Herri Komisariotzetan. Armadaren eta Itsas-Armadaren komisariotzetan ez zen grebarik izan, baina sabotaia batzuk izan ziren.

Estatu-Banketxearen Petrogradeko eraikinaren irudi bat.

Estatuko Banketxeak 31n greban jarraitzen zuen, eta dirua soilik organo kontrairaultzaileetako ordezkariei ematen zien (Azaroaren 4an hori aitortu zuen), boltxebikeei ukatu egiten zielarik. Milrevkomek egindako adierazpen batean, azaroaren 2tik aurrera, banketxeak zabaltzea agintzen zuen, eta ordainketak egiten hastea agintzen zion; araudi zorrotz bati jarraituz (banketxeko langileek dirua banketxetik ateratzerik izan ez zezaten). Hau arazo larria izan zen boltxebikeentzat, soldatak ordaintzeko dirurik ez bazuten, funtzionario askok Sovnarkomen ordenak betetzeari uko egin ahal ziotelako, eta beraz Gobernu efektibo bat ezartzea ezinezkoa egin ahal zutelako. Azaroaren 7an Viatxeslav Menzhinski Finantzetako Herri Komisarioari berriz ukatu zioten banketxearen kontrola, baina ez zioten eman, eta gainera Banketxeko langileek 14an berriz greba jarraitzearen alde bozkatu zuten. Boltxebikeek azaroaren 17an soilik lortu zuten banketxea kontrolatzea; hala ere, banketxe pribatuek greban jarraitzen zuten (Richard Pipesen arabera, Txekaren sorrerak banketxeen grebarekin zuen zerikusia).

Hurrengo egunetan beste hainbat eraikin jarri ziren greban, adibidez azaroan 8an inprimategietako langileak Prentsa Dekretuaren kontra, eta azaroaren 18an Moskun bildutako Elikaduraren Biltzar Nagusi batek Petrogradera jakirik ez bidaltzea erabaki zuen.

Azaroaren 7an Leninek egindako proklama baten arabera, greba hau “herriaren gosearekin jolasean dabil” eta “goi-klaseek bultzatutako greba bat da”. Leninen proklama honen arabera “euren jarreran amore ematen ez badute, euren probokatutako egoeraren lehen kaltetuak eurak izango dira: goi-mailako klaseei janaria jasotzeko eskubidea kenduko diegu”. Azaroaren 9an Iparraldeko Fronteko armadak, grebaren ondorioz janaririk ez zuela esan zuen.

Orlando Figesen arabera, greba honen kausaz, azaro erdialdea arte, “benetako Gobernua Milrevkom izan zen”. Historiagile honen arabera, “boltxebikeek aste batzuk behar izan zituzten greba guztiz zanpatzeko”; Figesen arabera, funtzionario batzuk botaz, eta greba uzten zituztenak postuz igoz lortu zuten (Kanpo Arazoetako Ministerioa bezalako salbuespenekin). Guztira 40.000 bat langile batu ziren (banketxeetako 10.000 bat, posta-zerbitzuko 6.000 bat, telegrafoen zerbitzuko 4.700 bat, 3.000 bat dendari eta abar. Viktor Sergek Petrogradeko ualeko 16.000 bat langile gehitzen ditu). Greba honek, Herri-Komisariotza batzuetan (Kanpo Arazoak, Hezkuntza, Horniketa, Justizia) abendua arte jarraitu zuen, Richard Pipesen arabera, eta 1918ko hasiera arte, Sobietar Entziklopediaren arabera.

(Goiko irudian, Estatu-Banketxeko langileak “Asanblada Manifestazioaren alde” eta Botere Sobietarraren kontra manifestatzen).