Finlandiaren independentzia aldarrikapena eta Sobietar Gobernuaren onarpena

Finlandiaren  independentzia  aldarrikapena  eta  Sobietar  Gobernuaren  onarpena

Announcement Date: 6th abendua 1917

1917ko abenduaren 6an Finlandiak independentzia aldarrikatu zuen, Sobietar Gobernuak ofizialki abenduaren 18an onartu zuelarik. Paradoxikoki, independentzia hau Petrograden eta Helsinkin politikoki guztiz aurkakoak ziren bi Gobernu zeuden (boltxebikeak Errusian eta kontserbakorrak Helsinkin) hain modu baketsuan gertatu eta onartu zen; eta ez hilabete batzuk lehenago ideologikoki oso baterakoiak ziren bi Gobernu –Petrograden eseristak eta mentxebikeak eta Finlandiako Alderdi Sozialdemokrata Helsinkin- zeudenean. Paradoxekin jarraituz, kontuan izan behar dugu kontserbakorrak ez zirela bereziki independentzia zaleak, bai ordea jada Gobernuan ez zegoen Finlandiako Alderdi Sozialdemokrata. Finlandiaren naziotasunerako eta are independentziarako eskaerak zabalak baziren ere, independentzia lortzeko modu paradoxikoan finlandiar barne-politikaren eta Errusiako gertakizunek zerikusi handia izan zuten.

1917an independentziarako aukerak zabaldu egin ziren finlandiar herriarengan, batez ere langile klaseak eta Alderdia Sozialistak bultzatuta (orduan, suomiera langileen nekazarien eta burgesia ttipiaren hizkuntza zen, eliteek suedieraz egiten zutelarik). Independentzia aurretik, Finlandiak autonomia zabala zuen, Errusiara “batasun pertsonal” baten bidez atxiki baitzen, Errusiak Suediari irabazitako guda baten ostean (Finlandiak bere parlamentua, bere boto sistema -1906tik emakumeen bozka onartua-, Errusiarekin muga eta abar zituen). 1916ean, Finlandiako Alderdi Sozialdemokratak hauteskundeetan gehiengoa lortu zuen, eta 1917ko Otsaileko iraultzaren ostean, Oskari Tokoi sozialistaren pean Gobernu bat osatu zuen (historian parlamentuzko bideak erabiliz boterera heltzen zuen lehen Gobernu sozialista). Independentzia nahiak areagotu egin ziren, batez ere Alderdi Sozialdemokratak bultzatuta.

Finlandian erradikalizazioa Errusian baino azkarrago hazi zen, han ere Sobietak nonahi zeuden. Izan ere marinelak eta ontzioletako langileak ugari ziren Finlandian, eta gainera, Errusiar Armadaren destakamenduek erradikalizazioari lagundu zioten (eta gainera, finlandiar burgesiak ez zuen finlandiar armada propio bat). Hennig Söderhjelm finlandiar idazlearen arabera, “ez dut uste langilea klaseak 1917ko Finlandian baino norbere buruarengan ziurtasun handiagorik inon edo inoiz izan duenik”. Hala ere, finlandiar sozialistek ez zuten izan 1917an zehar euren boterea inposatzerik izan. Kontuan izan behar dugu Finlandiako Alderdi Sozialdemokratan estrategia bakarra ere ez zegoela: Oskari Tokoi lehen ministro moderatuaren estrategia “legalistaren” eta oinarri geroz eta boltxebizatu baten estrategia iraultzailearen artean banatuta zegoen. Horrek momentu erabakigarrienetan iraultza sozialistarantz ekintza erabakigarriak hartzerakoan geldiarazi zituen. Kullervo Manner finlandir komunistak esan zuen moduan: “ezin genuen iraultza hainbeste denboraz itxoin (…) langile-klaseak bere indarrarengan soilik konfida zezakeen”.

Uztailean, Finlandiako Gobernuak burujabetasun-adierazpen (valtalaki) bat egin zuen. Honek Finlandian klase-zatiketa handitu zuen: Finlandiako koalizioa-Gobernua hautsi egin zen (eskuina valtalaki aldarrikatzearen aurka zegoen) eta Errusiako Behin-behineko Gobernuak Finlandiako parlamentua itxi egin zuen. Urrian egin ziren hauteskunde berriak (sozialisten irregulartasun protesten ostean), alderdi ez sozialistek, Finlandiako Alderdi Gaztea buru (liberal-kontserbakorra) irabazi zituzten, hasieran independentzia baino nazionalismo moderatu bat bultzatzen zutela (gehiengo ez-sozialistaren lehen erabaki bat, XVIII mendeko Finlandiako Oinarrizko Legeak aurreikusten zuen hiru kidetako erregentzia-konseilu bat aukeratzean izan zen, errege berri bat aukeratzeko asmoz; beraz, indarrean zegoen statusari atxikitzen zitzaien). Kontserbakorren gehiengo berriaren garaian, istiluak eta bortizkeria handitu egin ziren Finlandian, Goardia Ziriak eta Goardia Gorriak sortzen eta ugaltzen ari zirelarik (Goardia Gorriak Errusia osoan eman zen prozesu bati jarraiki sortu ziren, baina lehen esan bezala Finlandiak armada propiorik ez zuenez, finlandiar burgesiak bere “Polizia” propioa, hau da, Goardia Zuria sortu zuen –Errusian, Finlandian ez bezala, halako milizia zuriak boltxebikeek boterea lortzeari erantzuteko sortu ziren, ez hauek boterea lortu aurretik-.

Azaroaren 15ean (Sobietar Errusiako Gobernuak Nazioen Eskubideen Adierazpena atera zuen, nazio ezberdinei autodeterminazio eskubidea onartuz. Adierazpen honek gauzak aldatu zituen, izan ere, Finlandiako sozialistei berriz ere kausa independentistara lotzeko aukera ematen bazion, berriz ere Finlandian hegemonia lortzeko aukera eman ahal zien. Honek, Svinhufvud eta Finlandiako Alderdi Gaztea gertakariei aurre hartzera bultzatu zuen.

Azaroaren 14an Finlandiako Sobietek eta langileek greba orokorra deitu zuten Finlandia osoan. 1917ko azaroaren 16rako, Greba Kontseilu Gorenak Finlandian boterea hartzeko erabakia hartu zuen, baina Alderdi Sozialdemokrataren buruzagiek ez zuten garbi ikusten, eta azkenean Greba Kontseilu gorenak erabakia atzera bota zuen “gutxiengo hain esanguratsu baten kontrako botoarekin halako erabakirik hartu ezin delako” (errusiar boltxebikeen aholkuaren aurka). Aukera hau galtzea tragedia bat izan zen finlandiar langile mugimenduarentzat. Anthony Upton historiagileak, Finlandiako iraultzaileak “historiako iraultzailerik koldarrenak” deitu zituen oso hitz gogorrez. Otto Ville Kuusinen finlandiar komunistaren arabera (gero Kominterneko zuzendaria izan zen): “Guk, finlandiar sozialistok, erabakimenik gabe, alde batetik bestera egin genuen, azkenean toki berera itzultzeko”. Leninek finlandiar sozialistak “iraultzaile ezkorrak” zirela esan zuen, eta boltxebikeen eta finlandiar sozialdemokraten arteko harremana murriztu egin zen, boltxebikeek finlandiar sozialdemokraten ezker aldeko oinarriko militanteei babesa zuzenean ematera pasa zirelarik (Finlandia Hegoaldeko hiri industrialetako Langile Kontseiluetan ziren indartsuak militante hauek).

Greba honen ondorioz, Finlandiako burgesiak nolabaiteko “itun” bat proposatu zuen: zortzi orduko laneguna, sozialistek uztailean proposatutako valtalaki berriz indarrean jartzea eta Finlandiako parlamentua berriz irekitzea. Baina ondorioz, sozialistek aukera garbi bat galdu zuten, eta iniziatiba politikoa beren etsaien eskuetara pasa zen. Hannu Soikkanen finlandiar historiagilearen arabera: “Ez dago zalantzarik langile mugimenduak inoizko aukerari onena azaroan izan zuela. Sekulako presioa zegoen beheko klaseen aldetik. Hala ere, botererik hartu ez zuten baina burgesia sozialisten arriskuaz konbentzitu zuten, burgesiak bere burua antolatzeko denbora izan zuelarik”. Azaroaren 27an, Per Evind Svinhufvudek Gobernua sortu zuen, alderdi ez-sozialista denak batuz. Hala ere, Alderdi Sozialista Finlandiako Hegoaldeko hainbat hiritan indartsua izateak eta goardia armatu ezberdinen indarrak, Errusia aurre-iraultzailean bezala, botere bikoiztasun sistema bat eta tokiko indarren aniztasun fenomeno bat sorrarazi zuten, Finlandiako Gobernuaren ekimen-eremua nabarmen murriztuz.

Finlandiar Gobernuaren independentziaren aldarrikapena, suomierazko bertsioan (suedierazko bertsioa ere bazuen aldarrikapenak).

Svinhufvuden gobernuak abenduaren 4an Independentzia Adierazpena idatzi zuen. Adierazpen horretan “Finlandiako Estatu Aginteak, Finlandiaren botere osoa bere eskuetan hartu du, Finlandia Estatu independente gisa gauzatu eta segurtatu dadin” adieraziz; “Finlandiako herriak badaki burujabetza osoa beharrezkoa duela beren betebehar nazionala eta gizaki bezala beren duintasuna betetzeko” jarraitzen zuen. “Askatasunerako mendeetako guraria gaur egun egia da, Finlandiar Herriak beste munduko nazio independenteen artean paratzeko aurrerako urratsa eman du”. Errusiarekiko, “Errusiar herriak, tsarismoa uzkailita, Finlandia herri aske moduan eratzearen aldeko iritzia eman du”, eta “benetan sinesten dugu errusiar herriak ez duela Finlandiak herri askeen komunitatearekin bat egiterik oztopatuko” zekarren (azaroaren 15eko Sovnarkomen adierazpenari eginiko erreferentziak). Abenduaren 6an Finlandiako parlamentuak, aldeko 100 botorekin eta kontrako 88rekin, Svinhufvuden eta Gobernuaren independentzia proposamena onartu zuen. Kontra bozkatu zutenak, ironikoki, ordura arte independentistak izandako Alderdi Sozialistako kideak ziren. Kontra bozkatzeko arrazoia ez zen independentziaren aurka egotea (independentziaren aldeko mozio propioa aurkeztu zuten), baizik eta Svinhufvuden asmoak independentziaren pean eskuinaren nagusitasuna finkatzea (Sobieten eta Langile Kontseiluen indarra murriztea) eta Finlandia Alemaniari lotzea zirela uste zutelako.

Finlandiako Gobernua, bai eta finlandiar oposizio sozialistak Errusiako Sovnarkomi ordezkaritza bana bidali zioten, independentzia ziurtatzeko asmoz (Gobernuaren ordezkaritza Svinhufvudek zuzentzen zuen). Sovnarkomen sinatutako dokumentua abenduaren 18ean entregatu zitzaion Svinhufvud lehendakariari. Lenin eta boltxebikeak autodeterminazio eskubidearen alde egonagatik ere, ez zeuden oso pozik Finlandiako Gobernuarekin, Leninek antza denez “nik zer esan behar diet burges horiei?” esan zien bere kideei Svinhufvudekin bildu aurretik. Hala ere, Sobietar onarpena erabakigarria izan zen, Finlandia indpendentea beste edozein potentziak onartzen ez zuelako, eta gerta zitekeen blokeoa hautsi zuelako (Veijo Meri historiagilearen ustez). Sobietar Gobernuak onartu ondoren, abenduaren 22an, Sobieten Exekutibak (VTsIKk) onartu zuen. 1918ko urtarrilean, beste Estatuak Finlandiaren independentzia aintzatesten hasi ziren: Frantzia, Suedia Alemania eta Grezia izan ziren lehenak.

Finlandiaren independentzia dela eta izandako ospakizunen irudi bat.

Independentzia Finlandiako sektore zabalen nahia eta eskaera bazen ere, independentzia adierazteak ez zuen Finlandiako polarizazioa ezabatu, eta bai burgesiaren zein langileen bortizkeriak gora egin zuen. Heikki Yllipangas, Perti Haapala eta Anthony Upton historiagileen arabera, Guda Zibila pizteko arrazoi bat, finlandiar gizartean adostasun bat bazegoenean (1917ko lehen hilabeteetan) botere politiko subiranorik ez izatean, eta botere subiranoa izatean botere bakar “adostu” edo “kontsentsuaturik” ez izatean zetzan. 1918ko urtarrilaren 12an, Finlandiako Gobernuak Finlandiako Armada berria Goardia Zurien oinarrian eratzea erabaki zuen, Mannerheim ofiziala buru zelarik; gorriek, jakina, erabaki hau inposizio bezala hartu zuten. 1918ko urtarrilaren 26an Finlandiako Sobietek matxinatu eta Finlandiako Langileen Errepublika Sozialista aldarrikatu zuten, arrakasta nahikoarekin, baina ez azaroan izan zezakeen indarrarekin. Errepublika horrek batez ere Finlandiako hegoaldeko hirietan izan zuen aintzatespena. Finlandiako Gobernuak honen kontrako erasoa hasi zuen. Hala, Finlandiako Guda Zibila gertatu zen 1918ko urtarril bukaera eta maiatza artean, Finlandian zurien garaipenarekin bukatu zelarik. Zurien garaipenerako gako bat Alemaniaren aldetik jaso zuten itzelezko laguntza izan zen (Suediak eta errusiar zuriek eta finlandiar zuriei lagundu zioten), beste aldean Errusia Sobietarrak Finlandiako Langileen Errepublika Sobietarrari emaniko laguntza oso txikia izan zen. Zuriek gudan zehar zein guda irabazi ostean Izu Zuria ezarri zuten, masa-hilketen (7.000 hildako baino gehiago) zein kontzentrazio eremuen bidez (kontzentrazio-eremu zurietan 11.500 baino gehiago hil ziren).

(Goiko irudian Sovnarkomen Finlandiaren independentzia aintzatestespenaren dekretua)