Ezkerreko eseristak Sovnarkomen sartzen dira

Ezkerreko  eseristak  Sovnarkomen  sartzen  dira

Announcement Date: 24th azaroa 1917

Azaro eta abendu artean, orain arte alderdi bakarraren, Alderdi Boltxebikearen, esku zegoen Sovnarkomen ezkerreko eseristen alderdiko ordezkariak sartu ziren herri-komisario gisa.

Alderdi honek, Iraultzaren aurreko egunetan, nolabaiteko elkarlana egon zen ezkerreko eseristen eta boltxebikeen artean. Abuztu-irailean, pixkanaka boltxebikeen aldeko mozioak onartzen zituzten Sobietetan, hauek boltxebikeen pe ezarriz. Iraileko Konferentzia Demokratikoaren eta Aurre-parlamentuaren saioetan  boltxebikeengandik gertuago ezarri ziren, euren alderdiaren zuzendaritzarekin puskatuz. Urrian boltxebikeen ideiaz sortu zen Komite Militar Iraultzailearen parte izan ziren. Urriko Iraultza gertatu zehar, ezkerreko eseristek hein bateko babesa eman zioten Iraultzari (Sobieten II Biltzar Nagusitik atera zen VTsIKen parte izan ziren), nahiz eta egun horietan ere, nolabait, halako moderazioa eskatu zuten, eta ez zuten hain argi ikusten Botere Sobietarraren kontzeptutik (eta honek ernaldutako Estatutik) ordura arte Sobieten parte izan zirenak kanpoan uztea. Bestetik, langileriaren eta nekazalgoaren arteko kontraesanak boltxebikeek nola konpon ere hain garbi ez zuten.

Hasieran eseristak Gobernuan sartzeko oztoporik handiena, boltxebikeek alderdi guztiak Gobernuan ez sartzea izan zen. Ezkerreko eseristek jarri zuten arrazoia, Gobernuan boltxebikeekin bakarrik sartuz gero, “beste alderdi sozialistekiko zubiak hautsiko ziratekeela” izan zen. Hala ere, zenbait historiagileen arabera, ez sartzeko beste arrazoi batzuen artean, VTsIKek ateratako prentsaren gaineko dekretua (egunkari kontrairaultzaileak ixtea ahalbideratzen zuena), eta lehen egunetan, Sovnarkomen VTsIKen eztabaidatu gabe zenbait premiazko dekretu atera izana izan zen. Horiek, azaroaren 13an, ezkerreko eseristek Komite Militar Iraultzailea uztea ekarri zuen.

Hala ere, hurrengo egunetan joera hori aldatu egin zen. Hainbat arrazoi egon daitezke horretarako, batzuek ustez, boltxebikeek alderdi horrekin aliantza galdu nahi ez izatea (momentuz Sovnarkom “Langile eta Baserritarren Gobernua” zen, eta “langileriaren eta nekazalgoaren diktaduraz” hitz egiten zuten) izan zen, Leonard Schapirorentzat adibidez. Orlando Figesen arabera, ezkerreko eseristena izan zen koalizioa Gobernua osatzeko iniziatiba: “Gobernuan (eta Txekan) boltxebikeekin bat eginez, hasten ari zen boltxebikeen oldarraldi-kanpainaren gehiegikeriak leundu zitzaketela uste zuten”. Figesek, boltxebikeen aurkakoa denak, oso balorazio negatiboa du ezkerreko eseristen erabakiaz “ergelak izan ziren (…) baina euren zuzendariak hain gazte izanak xalotasun hori azaltzen du (…) uste zutenaren kontra ezkerreko eseristek ez zuten ezer leuntzeko inolako botererik (…) egia esan posturik garrantzitsuenak boltxebikeen esku jarraitzen zuten”. Figesen arabera, boltxebikeek ezkerreko eseristekin aliantza hori egin nahi zuten Asanblada Konstituziogilearen kontrako kanpainari zilegitasuna emateko. John Reed kazetariaren arabera, azaroaren 12 eta 19 artean izan zen Baserritarren Ohizkanpoko Kongresuan (Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusiaren aurretik burututakoa, berez II Kongresua izateko ordezkari gutxiago zuenez “Ohizkanpoko Kongresua” deitu zuten, erabaki betearazlerik ez zuelarik) boltxebikeen eta eseristen arteko giroa asko aldatu zen eta bi alderdien arteko aliantza ontzen hasi zen; batez ere boltxebikeek eta ezkerreko eseristek Sovnarkomaren Lurraren gaineko Dekretuaren inguruan topatu zuten adostasunagatik (eskuineko eseristak programa hori betetzeko Asanblada Konstituziogilea deitu nahi zutelarik). Alexander Rabinowitchek dioenez, azaroaren 16an Sverdlovek VTsIKen Baserritarren Sobieten ordezkariei ongi-etorria egin ostean proposatu zuen ezkerreko eseristak SOvnarkomen sartzea.  Richard Pipes historiagilearen arabera, abenduko Baserritarren II Kongresuaren ostean bi alderdien arteko akordio mota bat izango zen, non ezkerreko eseristek boltxebikeei Prentsaren gaineko dekretua ezabatzeko, beste sozialistek Herri-Komisarioen Biltzarrean sartzeko eta Txeka desegiteko eskatu zioten. Pipesi jarraituz, boltxebikeen erantzuna, Prentsaren gaineko Dekretua kendu ez, baina debekatutako egunkariak berriz baimendu zituzten, Sovnarkomerako ateak Urriko Iraultza onartzen zuten alderdi guztiei (ezkerreko eseristei, adibidez) irekita zeudela esan zuten, eta Txekari dagokionez, hau abolitu ez, baina honen zuzendaritzan ezkerreko eseristak sartu zituzten. Rabinowitch ez dator honekin bat, bere ustez ezkerreko eseristek ez zuten sekula ere Txeka desegiteko eskatu, baizik eta beren ordezkariak bertan sartzeko. Historiagile honen arabera, ezkerreko eseristek Gobernuarekin bat egiteko arrazoia, Petrogradeko langileen eta soldaduen artean koalizio sozialistako Gobernu baten aldeko iritzi publikoa izan zen: langile askok eskatzen zuten ezkerreko eseristak bertan sartzea (gainera, euren programaren puntu nagusia boltxebikeek euren egin zuten). Rabnowitchen arabera, ezkerreko eseristek Barne Arduretako Herri-Komisariotza, Gudarako Herri-Komisariotza, Justizia Herri-Komisariotza eta Trenbideetako Herri-Komisariotza eskatu zuten. Rabinowitchen arabera, negoziazioek gora-behera asko izan zituzten; adibidez boltxebikeek zuzendari kadeteak atxilotzerakoan negoziazioak puskatzear izan ziren.

Baserritarren Sobieten II Biltzar Nagusiaren ostean, Marija Spiridonova honen Komite Exekutiboko lehendakari zela, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboa eta Langile eta Soldaduen Komite Exekutiboaren VTsIK bat egitea erabaki zuten, eta hala, 1918ko urtarrileko Sobieten III Biltzar Nagusia “Langileen, Baserritarren eta Soldaduen” bezala aurkeztu zuten.

Herri Komisarioen Biltzarrean hainbat eserista sartu ziren. Lehenik, azaroaren 24an, azaroaren 4an Vladimir Miliutinek dimisioa eman zuenetik hutsik zegoen Nekazaritzarako Herri-Komisariotza bete zen, Andrei Kolegaiev buru zela. Gero aldaketa bi eman ziren: Azaroaren 26an Isaak Xteinbergek Justiziarako Herri-Komisariotzan Peteris Stucka ordeztu zuen eta abenduaren 9an Prox Proxian armeniarrak Posta eta Telegrafoetarako Herri-Komisariotzan Nikolai Glebov. Azkenik bi herri-komisariotza berri sortu ziren: abenduaren 4an, Estatu-Ondarearen Herri-Komisariotza, Vladimir Karelin komisario zela, eta abenduaren 19an Tokiko Autogobernuaren Herri-Komisariotza, Vladimir Trutovski komisario zela. Boris Kamkov eta Vladimir Algasov ordea, ardurarik gabe, herri-komisariotza berezirik gabe, sartu ziren Sovnarkomen. Herri-Komisarioen Biltzarrean sartu ez zena ezkerreko eseristen alderdiburu Marija Spiridonova izan zen, hauxe garai horretan Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboko lehendakari (beraz Errusiako baserritarren liderra) baitzen.

Ezkerreko eseristekin batera, Trenbideen Herri-Komisariotzan Vikzheleko kide boltxebikea zen Mark Jelizarov sartu zen.

Ezkerreko eseristak Sovnarkomen 1918ko martxoa arte egon ziren, orduan dimititu egin zuten Brest-Litovskeko Itunaren kontrako protesta moduan (alta, baten batek, Andrei Kolegaievek adibidez, Sovnarkomen jarraitu zuen eta gutxira Alderdi Boltxebikean sartzea eskatu zuen). Hala ere, ezkerreko eseristek beste instituzio batzuetan irautea lortu zuten: adibidez VTsIKen edo Txekan (Txekan zuten presentziak, 1918ko uztaileko Estatu-kolperako saiakeran lagundu zien).

(Goiko irudian, 1918 hasierako Sovnarkomaren irudi bat, boltxebikeak eta ezkerreko eseristak parte zirela).