Errusia Osoko Langileen Sobieten I Kongresua

Errusia  Osoko  Langileen  Sobieten  I  Kongresua

Announcement Date: 3rd ekaina 1917

Petrograden, 1917ko ekainaren 3tik 24ra burutu zen. 882 ordezkari zeuden bozka-eskubidearekin, eta datuen arabera, tokiko 305 Sobiet, probintzi-mailako 53 Sobiet eta 34 Sobiet militar ordezkatzen zituzten. horietatik 285 eseristak ziren, 248 mentxebikeak eta 105 boltxebikeak, 32 mentxebike internazionalistak, eta 10 Mezhraionkako kideak, eta 97 beste alderdi txikietako kideak, 45ek beren alderdia deklaratu ez zutelarik. (Trotskiren datuen arabera, boltxebikeak eta “beste alderdietako internazionalistak”, guztira ordezkarien %20 ziren). Kongresu honek 20,3 milioi pertsona ordezkatzen zituen.

Oso egoera zailean egin zen Biltzar hau, izan ere, gosearen zantzuak agertzen hasi ziren (askoren arabera, kapitalistek produkzioa saboteatzen zuten), Gobernuak ofentsiba bat hastea erabaki zuen eta Petrogradeko goarnizioa frontera bidaltzearekin mehatxu egin zuen, baserriguneetan, baserritarrek gero eta lur gehiago espropiatzen zuten, Finlandian eta Ukrainan autodeterminazio nahiak goruntz hasi ziren eta koaliziozko Gobernua langileen artean zilegitasuna galtzen zebilen: maiatzaren 31ren eta ekainaren 3an egin zen Lantegietako Komiteen Kongresuak boltxebikeei eman zien gehiengoa. Gainera, apirilean osatutako “koaliziozko Gobernuaren” emaitzak nahiko apalak izaten ari ziren, Lan Ministro Skobelev mentxebikeak ez zuen lortu zortzi orduko lan-eguna inposatzea, eta Nekazaritza Ministro Txernov eseristak ezta ere lur-banaketa sistema bat ezartzea.

Garai hartan, boltxebikeak Sobieten barruan gutxiengo bat ziren eta euren taktika politikoa Sobieten baitan pedagogia politikoa egitean zetzan, hau da, Sobietetako ordezkariak eta langile masak iraultzarantz hurbiltzean eta burgesiarekin kontziliatzearen aldeko alderdiak (eseristak eta mentxebikeak) isolatzean. Ekainaren 4an, Leninek Biltzar Nagusi honen aurrean hitzaldi bat egin zuen. Biltzar Nagusi honetan, boltxebikeek Gobernu inperialista eta honekiko eseristen eta mentxebikeen konplizitatea salatu zuten. Hala ere, gehiengo mentxebike eta eseristak euren ebazpenak aurrera atera zituen eta Behin-behineko Gobernuari eta guda inperialistan parte hartzen jarraitzeari (zehazki frontean egingo zen ofentsiba militarrari) babesa eman zioten. Ebazpenok, Botere Sobietarraren eta Gobernu Sobietarra sortzearen aurkakoak ziren. Eseristek eta mentxebikeek euren zuzendaritzapeko Sobietaren Komite Exekutibo Nagusi bat izendatu zuten, honen lehendakari Nikoloz Txkheidze mentxebikea (Petrogradeko Sobietaren lehendakari ere bazena) eta lehendakari orde Irakli Tsereteli, mentxebikea baita, izendatu zituztelarik. Komite Exekutibo Zentral bat (VTsIK) sortu zuten Sobietaren “iraunkor” moduan; bertan 123 mentxebike, 119 eserista, 58 boltxebike, Mezhraionkako 13 eta beste alderdietako 7 kide zeuden.. VTsIKen Lehendakaritzan ordea, sei mentxebike, bost eserista, lau boltxebike, Mezhraionkako bat eta enesista bat sartu ziren.

Boltxebikeen ikuspuntua Leninek Kongresuaren aurrean egin zituen bi hitzalditan azaldu zuen: ekainaren 4an eta ekainaren 9an. Lehen hitzaldian botere bikoiztasunaren funtsa eta salbuespen izaera azaldu zituen. Alde batetik, Errusiako “demokrazia iraultzailearen” oinarria Sobietak zirela esan zuen, Behin-Behineko Gobernuaren programa, izatez, edozein Gobernu burgesarenaren antzekoa baitzen, Sobietak ziren Errusian zegoen egoera iraultzailearen berme. Bestetik, egoera hori demokrazia burgesetan ohikoa ez zela eta Errusian salbuespen bat zela esan zuen, baina iragankorra izango zela ere azalduz, beraz, Sobietei edo boterea hartzea edo desagertzea geratzen zitzaiela. Leninen arabera, indarrean zegoen “koaliziozko” Behin-Behineko Gobernua otsail-apiril artean izan zen Behin-Behineko Gobernuaren antzekoa zen; beraz, Sobietei boterea hartzea besterik ez dagokie, ez Behin-Behineko Gobernuaren programa sostengatzea. Beraz, demokrazia iraultzailearen fase iragankor horretan, demokrazia horrek iraultzailea izan behar bazuen, Sobietak boterea hartzera joan behar ziren, bestela “demokrazia erreformista” izaten bukatuko zuten, eta beraz, izaera galduz eta azkenean soberan geratuz. Leninek esan zuenez, Alderdi Boltxebikeak boterea Sobietentzat lortzeko programa zuen (hitzaldi honetan Leninek zegokion baino denbora gehiago erabili zuen, baina ordezkariek Txkheidze Sobieten lehendakariari luzatzea utzi ziezaion eskatu zioten). Bigarren hitzaldian, gudaren arazoaz hitz egin zuen. Leninek hitzaldi honetan “anexiorik eta ordainik gabeko bakeaz” hitz egiterakoan, kapitalistek sinatutako itun sekretuak argitaratzea eta bestetik Errusiak bere barneko herriei autodeterminazio-eskubidea ematea beharrezkoa zela esan zuen, bestela hitzontzikeria zatekeela. Lenin statu quora itzultzean zetzan bakearen kontra ageri zen, horrek kapitalismoa mantentzea eta ex ante kolonizazioa zilegiztatzea esan nahi zuelako. Gainera, Errusiar Sobietek klase kapitalistari boterea “entregatzen” dioten artean, alemaniar eta austriar langileei “Guda anexiorik gabe bukatzeko” eskakizuna zinikoa zela ondorioztatzen zuen, Errusiar Sobietak Gobernuan guda piztu eta jarraitzen zuen klase bera, burgesia, boterean mantentzen zuelako. Beraz, “defentsismo demokratikoaren” argudio nagusia birrintzen zuen: ez dago gudaren justifikazio “demokratikorik”, beste Estatuetan errege absolutistak aspaldi bota baitzituzten, egoera “demokratikoa” inperialismoaren bat (eta ez antagonismoan) zetorrelarik, beraz Errusian ere inperialismoa indarrean dagoela (hitzaldi honetan ere, Txkheidzek zegokion denbora gainditu zuela esan zion Lenini, baina masek eskatu zuten denbora gehiago eman ziezaion). Bi auzien inguruko hitzaldiak ideia batek elkarlotzen zituen: Sobietek beren menpekotasun egoera puskatu arte ez zen benetako aldaketarik/aurrerapausurik egongo.

Biltzar honetan eztabaidatu zen beste puntu bat, manifestazioarena izan zen. Boltxebikeek, ekainaren 8an, Behin-Behineko Gobernuaren kontra ekainaren 10erako manifestazio baten deialdia (armatua, baina izaera baketsukoa) iragarri zuten. Manifestazioa, errusiar langile eta soldaduek nahi ez zuten Kerenski ofentsibaren kontrakotasuna baliatzeko deitu zuten, hala ofentsiba horrek utzitako garraztasuna Behin-Behineko Gobernuaren politika burgesaren kontra bideratzeko (izan ere Soldaduen Eskubideen Adierazpena, berez atzerapausu bat izan zen hauen eskubidean eta bestetik, Petrogradeko goarnizioa disolbatu eta frontera bidaliko zutenaren zurrumurruak zebiltzan). Hala ere, VTsIKek ez zuen proposamen hori onartu, eta manifestazioa debekatu egin zuen: adibidez, ekainaren 11n Tseretelik egindako hitzaldi batean boltxebikeek planteatutako manifestazioa “Gobernua uzkailtzeko eta boterea hartzeko konplot” bat zela esan zuen, eta Gobernuaren aldeko ordezkarien ahotan boltxebikeen kontrako kalumniak entzun ziren. Boltxebikeek azkenean auren manifestazio-deialdia bertan-behera utzi zuten, hala ere, ez zuten bat egin debekua erabakitzeko VTsIKek deitutako bilerarekin. Sobieten Kongresuak ekainaren 12an Alderdi Boltxebikearen jarrera “deitoratu” egin zuen, nahiz eta jada Alderdi Boltxebikeak manifestazio baketsurako deialdira alde batera utzia zuen (Kongresuak ez zion ordezkari boltxebikeari adierazpen hori irakurtzerik utzi). Azkenean manifestazio bat egin zen ekainaren 18an Sobieten Kongresuak deituta, “Sobieten alde” bezalako lelo anbiguo batekin.

Sobieten Biltzar Nagusi honek, berez soilik Langileak eta Soldaduak ordezkatzen zituen. Baserritarren Sobieten Kongresuaren Komite Zentrala eta Langileen Sobieten Kongresuaren Komite Zentralak ez zuten bat egin, Leninen arabera, lehenak eseristak zirelako eta bigarrenak mentxebikeak, beraz, interes alderdikoiengatik. Bi Sobietek 1917ko azaroan bat egin zuten: Langile eta Soldaduen Sobietean boltxebikeek eta Baserritarren Sobietean ezkerreko eseristek nagusigoa lortu ostean.